Atzo jakin bezala, Nafarroako Ustelkeriaren Aurkako eta Jardunbide Egokien Bulegoak egiaztatu du Osasunbideko esklusibotasunean zenbait praktika txarren “zantzu argiak” daudela. Praktika txar horiek, adibidez, Garcia Orcoyen Ospitaleko zerbitzuburu bati eragiten diote zuzenean, baina ospitaleko gerenteak, Yolanda Montenegrok, ez ikusiarena egin du eta, horregatik, eskatu dugu hura berehala kentzeko kargutik.
Legegintzaldiaren hasieratik salatu dugu Lizarrako osasun barrutian egiten ari den kudeaketa txarra: zerbitzuburuen dimisio orokorrak, bat-bateko obrak, etxeko ospitalizazioa ixteko ahalegina, Tuterako espezialistengana bideratzea… Eta arazo horien guztien aurrean Osasun Departamentuak ez du inolako ekintza zuzentzailerik egin, eta Lizarrako osasun barrutiko profesionalen lan-baldintzen prekarizazioa ekarri du, eta, horrekin batera, herritarrentzako arretaren eta irisgarritasunaren kalitatea okertu da.
LAB sindikatuan oso argi daukagu gerentzia honen helburua arreta publikoa kentzea eta oztopatzea dela, interes pribatizatzaileak sustatuz eta Lizarrako osasun barrutiak behar bezala funtziona ez dezan lan giro deserosoa sortuz.
Behin baino gehiagotan eskatu diogu zuzendaritzari zerbitzuburuaren egoera zuzentzeko, esklusibotasunaren kobrantza, zerbitzuburutzarekin eta kontsulta pribatuko jarduerarekin bateratzen baitzuen. Jakina, zaku zulatuan erori izan da eskaera hori. Arlo guztietan eragina duten praktika txar horiek Sindikatu Medikoak esklusibotasuna kentzeko eta praktika horiek arautzeko egindako eskaeraren ondorio dira.
LABetik, Lizarrako osasun barrutiko lehen indar sindikal gisa, berehalako neurriak eskatzen ditugu pribatizazioa sustatzen duten, “praktika txarrak” ezkutatu eta errazten dituzten eta lan-egoera onartezinak sortzen dituzten agenteak kentzeko. Arlo publikoaren defentsan langileok, herritarrek eta eragile politikoek fronte argi eta komuna egin behar dugu.
LAB sindikatuak irmo kritikatu du Carlos Gimenok gidatzen duen Hezkuntza Departamentuak ez duela legealdi honetan inolako interesik izan Hezkuntzaren Kalitatea Hobetzeko Ituna betetzeko eta horretan aurrera egiteko. Departamentuak berandu deitu zuen lehen bilera, sindikatuon mobilizazioen bezperatan deitu izan ditu bilerak, eta bilera horietan inoiz ez ditu bete gabeko puntuak betetzeko konpromisorik hartu nahi izan Ituna aurreko Gobernuak sinatu zuelako aitzakia erabilita.
Sindikatuok behin eta berriz Hezkuntza Itunaren Jarraipen Batzordea elkartzea eskatu ondoren, joan den otsailaren 8an Hezkuntza Departamentuak dei egin zien, lehen aldiz 2022-2023 ikasturtean, otsailaren 13an -Nafarroako Foru Administrazio osoan deitutako grebaren bezperan- bilera batera joateko. Batzorde horretan ez zen ezustekorik izan, Nafarroako Gobernuak eta, zehazki, Hezkuntza Departamentuak berriz ere adierazi zuen itun hori ez zela berea, aurreko Nafarroako Gobernuak sinatu zuela eta ez zegoela aurrekontuan jasota. Beraz, haren ustez eta erabakiz, ezin ziren aplikatu irakaskuntza publikoan kalitate hobeko zerbitzua ematea ahalbidetuko zuten hobekuntzak.
Martxoaren 27an, Hezkuntza Departamentuak jokaldi bera errepikatu zuen. Hezkuntza Itunaren Jarraipen Batzordea deitu zuen apirilaren 3ko Hezkuntzako grebaren bezperan. Orduko hartan puntu bakarra egon zen gai-zerrendan, “ANPE aferak” izenekoa; lotsagarria, tratatuko ziren puntuak Itunak jasotzen dituen bete gabeko puntuak izanik. Deialdiari erantsitako dokumentuak 13 puntu zituen, eta ia bat ere ezin zen negoziatu aurrekonturik ez omen zegoelako. Hezkuntza Departamentuak lantalde batzuk sortzeko aukera baino ez zuen proposatu. Edukirik gabeko bilera hori Hezkuntza Departamentuak prentsari sindikatuokin lortutako lorpen eta ustezko itun gisa saldu zion, maiatzaren 28an egingo diren hauteskundeei begira, noski.
Maiatzean, Foru Administrazioko hauteskunde sindikalen eta Parlamentuko hauteskundeen garaian, sindikatuok hiru lantaldetara deitu gaitu Departamentuak. Hala, Hezkuntzaren kalitatea hobetzeko akordioak negoziatzen eta horietan aurrera egiten ari diren itxura egiten dute, baina errealitatea da benetan ez dutela Hezkuntzan inbertitu nahi, horretarako Nafarroako Gobernuaren etorkizuneko osaeraren ziurgabetasunean babestuta.
Ikusteko dago datorren legegintzaldian Gobernuan eta Hezkuntza Departamentuan nor egongo den talde horietan egindako lanari jarraipena emateko. Baina ziurta daitekeen gauza bakarra da legegintzaldi honetan Hezkuntza Departamentuak ez duela inolako interesik agertu Hezkuntzaren Kalitatea Hobetzeko Ituna betetzeko eta horretan aurrera egiteko, eta, beraz, segur aski, lantalde horietan ematen ari den denbora alferrikakoa izango dela eta, beraz, baieztatuko da Gobernuak igande honetan egingo diren Parlamenturako hauteskundeen aurrean aurpegia zuritzeko baino ez dituela baliatu.
Atzo, maiatzak 25, goizeko eta arratsaldeko asanbladatan bildu ziren langileak eta, kontrako botorik gabe, negoziazioekin jarraitzeko, enpresako zuzendaritzari azken proposamen bat bidaltzea erabaki zuten. Baina Euskotreneko zuzendaritzak ez dio proposamen horri erantzun ere egin. Eta hori EuskoTrenen egungo zuzendaritzak negoziatzeko duen gaitasun hutsaren erakusgarri bat besterik ez da.
Negoziazioak 2022ko irailean hasi ziren, baina ez dira bizkortu maiatzaren 26ko greba deitu arte. Bitartean, zuzendaritza honek trabak baino ez ditu jarri, apirilaren 11rako deitutako greba bat legez kanpoko greba gisa salatuz edo langileen batzarra egitea eragotziz.
Apirilaren 11n tranbia Salburuararte hedatu zenetik, Gasteizko tranbiaren gidariek zuzendaritzak inposatutako lan-txandak dituzte. Lan-txanda horiek iraupen luzea, lan-karga handia eta denbora gutxiko etenak dituztenez, estresa eta segurtasunik eza eragiten dute.
Horregatik guztiagatik, LABek babestu egiten du langileek hilaren 26ko grebari eusteko hartutako erabakia, eta etorkizuneko mobilizazioetan egoten jarraituko dugu lan-txanda duinak lortu arte, zeintzuen bidez segurtasuna bermatuko den eta, horrela, kalitatezko zerbitzua emango den.
AsunciĂłn klinikako langileek 3 eguneko lanuzteak eta 7 greba egun egin dituzte orain arte maiatzean, euren lan baldintzak hobetuko dituen hitzarmenaren alde borrokan.
Langileek 2021etik berritu gabe dute hitzarmena, eta urte hauetako KPIa kontuan hartuta, eros-ahalmena %12,2an galdu dute. Hitzarmen berriaren bidez lortu nahiko lukete, besteak beste, galdutako eros-ahalmena berreskuratzea, KPIari erreferentzia egingo dioten soldata igoerak eta 35 orduko lan astea.
Asuncion klinikak Tolosaldeko herritarrei zerbitzu publikoa ematen die, eskualdeko ospitale bezala funtzionatzen du, eta langileek lan baldintza duinak izan behar dituzte.
Enpresak orain arte ez du erakutsi negoziatzeko benetako borondaterik, eta berriki sindikatu eta langileoi epaileak arrazoi eman digun bezala, neurrigabeko zerbitzu minimoak ezartzeko ahalegin guztiak egin ditu, greba zapuztu nahian.
Oraingo egoeran, langileak gero eta pobreagoak dira, eta honek, ezinbestean, zerbitzuaren okertzea dakar. Izan ere, langileen eta herritarren urte askotako aldarrikapenei esker Tolosan eraikiko den ospitale berriaren Plan Funtzionala ezagutu berri dugu.
Plan funtzional honek ezartzen du eraikiko den ospitalea eta eskualdean emango den osasun zerbitzua nolakoa izango den, eta azterketa zorrotzago baten faltan, honakoa salatzen dugu:
Ospitale berriko langileen beharrak ezartzen dituzten taulan, agertzen diren kategoria ezberdinen artean, sukalde edo garbitasuneko langilerik ez da agertzen
Asuncion ospitalean 333 langile daude gaur lanean, eta ospitale berriak 320,5 langile behar dituela diote, dagoeneko OSIan dauden 56 langileri beste 264,5 gehituta. Ez da esaten zer gertatuko den Asuncionekin, ezta bertan dauden langileekin ere.
Gaur egun AsunciĂłn klinikan ematen diren zerbitzu guztiak emateko asmorik ez daukate, plan funtzionalak ingresoa izan dezaken edozein zirujia ezabatzen baitu, besteak beste. Ez da kirofanoetaz ezer esaten. Inguruko beste eskualdetako ospitaleek dituzten zerbitzuak ere ez dira agertzen, obstetrizia eta larrialdi pediatrikoak adibidez.
LAB eta ELA sindikatuok salatu nahi dugu ospitale berrirako aldarrikatzen ari garen hiru ezaugarrietatik bat bera ere ez duela betetzen, eta beraz, Eusko Jaurlaritzari plana aldatu dezala eskatzen diogu. Horrez gain, igande honetako hauteskundeetatik eratorrita Tolosan eta eskualdean osatuko diren udal gobernuei ospitale berriak izan behar dituen ezaugarrien alde lan egiteko konpromisoa eskatzen diegu: – %100ean publikoa izatea – Zerbitzu guztiak dituena – Gaur egun Asuncionen dauden langile guztiak bertan egotea
Joan den apirilaren 25ean, LABetik lan-ikuskaritzaren aurrean salatu genuen trenak ekoizten dituen Beasaingo CAF enpresa iruzurrezko erabilera egiten ari zela ekoizpen gorabeherengatiko behin-behineko kontratuekin.
Une honetan CAFen egiten diren behin-behineko kontratuak guztiz aurreikus daitezkeen lanak gauzatzeko dira. Hori horrela, behin-behinekotasun horren iraupena gehienez hiru hilabetekoa izan beharko litzateke (90 egun). Baina enpresak, modu arruntean, urtebeteko behin-behineko kontratuak aplikatzen ditu.
Enpresarekin gaia landu arren, ateak itxi zizkion egoera bideratzeko aukerari. Hori dela eta, CAFeko LABen sail sindikaletik lan-ikuskaritzara jo eta salaketa jarri genuen.
Azkenik, arrazoia ematen digun ebazpena jaso berri dugu. Azken egun hauetan enpresak gutxienez 130 langile finko egin behar izan ditu, eta horretaz gain, beste langile batzuen egoera ere zuzendu beharko du, horiek ere finko eginez. Horrez gain, aurrerantzean ere behin-behinekotasuna mugatuta geratuko da.
Hurrengo asteetan enpresa hitzarmenaren negoziaketari ekingo diogu CAFen. Bada, LAB sindikatuan argi daukagu ebazpen honek hurrengo hitzarmeneko enplegu politikaren negoziaketa markatuko duela.
Nafarroako Ustelkeriaren Aurkako eta Jardunbide Egokien Bulegoak egiaztatu du, bai Funtzio Publikoaren ondorioetan, baita Osasun Departamentuak aurkeztutako dokumentazioan ere, Osasunbideko zazpi atal-burutza daudela gutxienez, erregelamenduz hornitu ez direnak, eta horietako batzuk arduraldi esklusiboan beteko ez lituzketela. Beraz, Ustelkeriaren Aurkako Bulegoak ondorioztatu du LABek jakinarazitako gertakariak egiazkoak direla erakusten duten zantzu argiak daudela, eta, gainera, ohartarazi du zantzuak daudela esateko ez dela kasu bakar bat, baizik eta mediku fakultatiboen beste kasu batzuk badaudela, izendapen formalik gabe asistentzia-burutzei dagozkien funtzioak betetzen ari direnak, eta, aldi berean, horietako batzuek sektore pribatuan egiten duten beren jardueraren berri publiko egiten dutela.
LABen iritziz, termino juridiko eta politikoetan, sindikatu honek jarritako salaketa ikertzeko prozedura hastea gizartearekin partekatu beharreko lorpena da. Funtsezko lehen urratsa da osasun publikoaren defentsan, eta erabakigarria da argitzeko ea diru eta zerbitzu publikoaren kontura eginiko praktika txarra ote den, Nafarroako Sindikatu Medikoak (NSM) ordezkatutako profesional mediko batzuek urteetan garatua eta Nafarroako Gobernuak onartua. Hala badagokio, egon daitezkeen erantzukizunak ere argitzeko urratsa da.
Era berean, Ustelkeriaren Aurkako Bulegoaren ebazpenak zalantzan jartzen du Nafarroako Gobernuaren jarrera eta bertsioa, zehazki Santos Indurain kontseilariarena eta Carlos Artundo Osasuneko zuzendari nagusiarena, biek ala biek aipatu baitzuten bi kasutan bakarrik egon zitekeela Nafarroan esklusibotasuna bidegabe kobratzea; LABen salaketa kritikatu zuten, errealitatea ukatuz, bere ekintzarik ezari eusteko eta a posteriori jokatzen jarraitzeko.
Ebazpenaren edukia gogorra da Sindikatu Medikoarentzat eta Nafarroako Gobernuarentzat. Ildo horretan, uste dugu beraiek sortutako egoera baten erantzukizun osoa bere gain hartzea dagokiela orain. Alde batetik, NSM dago, lobby erreakzionario eta kontserbadorea; hau guztia joko bat balitz bezala, eta eskuinaren estrategiari jarraituz, bere interes ekonomikoak eta osasun-negozio pribatuena jarri ditu aurrez aurre, osasun publikoa, Osasunbideko langile guztien baldintzak eta herritarrentzako zerbitzua hobetzeko beharraren gainetik. Eta bestetik Nafarroako Gobernua dago, joko horretan parte hartzea erabaki zuena, bai eta Sindikatu Medikoa hazten laguntzea ere.
“Ez da kasu bakarra”
LABek ohartarazi zuen bezala, kontratazioan ingeniaritza bat dagoela berresten da, eta horrek, arau ororen aurka, aukera ematen du burutzaren berezko funtzioak aldi berean egiteko, produktibitate-osagarriaren bidez burutzaren berezko ordainsaria kobratzeko eta klinika pribatuetan lan egiteko. Gainera, ebazpenak agerian uzten du badaudela Osasunbidean esklusibotasunaren praxi txarra adierazten duten zantzuak, eta iruzurrezko praktika hori orokorturik eta normalizaturik dagoela.
LAB sindikatuaren ustez, egitearen edo ez-egitearen ondorioz praktika horiek gauzatzen lagundu duten pertsonek berehala utzi behar dituzte beraien ardurak, eta, jakina, etorkizunean halako ardurarik ez izan.
LAB: “Ez dizuegu osasun publikoa pribatizatzen utziko”
Gaurko prentsaurrekoan, Imanol Karrera Nafarroako bozeramailearen bitartez, LABek mezu bat helarazi nahi izan dio hauteskundeen ostean sortuko den hurrengo gobernuari:”Ez dizuegu esklusibotasuna ezabatzen utziko osasun publikoa ahultzeko, zalantzarik gabe indarrean dagoen legeriatik kanpo dagoen ohiko jardunari segurtasun juridikoa emateko, praktikatzen ez bada ere kobratzeko. Ez dizuegu osasun publikoa pribatizatzen utziko. Pribatizazio estrategiak gelditu egin behar du, eta norabide horretan ematen den urrats bakoitza salatuko dugu”.
Gogoratuko denez, pribatizazio-estrategia horiei dagokienez, LABek, azkenaldian, esklusibotasunean praxi txarrak salatzeaz gain, osasun ikerketaren pribatizazioa ere salatu du. Azken horri dagokionez, Karrerak Carlos Artundori eta Alfredo Martinezi, osasun zuzendari orokorra eta Nafarroako Unibertsitate Ospitaleko gerentea hurrenez hurren, zuzendu nahi izan die ondoko mezua: “Osasun Departamentuak Navarrabiomed pribatizatzeko urratsak egiten jarraitzen du, arriskuen gaineko hausnarketa eta baloraziorik gabe. Utzi bide hori eta egin apustu Nafarroarako erabat publikoa den osasun ikerketako institutu baten alde”.
LABek eskuratu ahal izan ditu ikerketa-institutuak egiaztatzen adituak diren bi aholkularitza-enpresari alde publikotik eskatutako bi txosten objektibo, Nafarroako testuinguruan IdiSNArentzat kudeaketa eredurik onena zein izanen litzatekeen identifikatzeko eskatuak. Biek ala biek ez dute gomendatzen IdiSNAk (Opus Dei barnean duen aukera pribatua) kudeatzea proiektuak, saiakuntza klinikoak eta teknologiaren berrikuntzaren eta transferentziaren kudeaketa. Are gehiago, bi txostenek Miguel Servet-Navarrabiomed fundazio publikoak kudeatzearen alde egiten dute, beharrezkoak ez diren bikoiztasunak eragotziz eta fundazio publiko horren deskapitalizazioa eragotziz.
Gaur, maiatzak 25, greban dauden Osakidetzako zentroetako garbiketa-zerbitzuko zein beste sektore batzuetako lankideez osatutako Gora Garbitzaileak kolektiboaren ordezkaritza batek, Gotzone Sagardui Osasun sailburuaren Lakuako bulegoa okupatu du.
Osakidetzako garbiketa-zerbitzuko langileek 5 urte daramatzate Hitzarmen Kolektiboa enpresa esleipendunekin negoziatzen, baina enpresa horiek jarrera itxia agertzen dute. Bi hilabete daramatzate greban, eta maiz jo dute bezeroaren atea, Osakidetzarena, baina erakunde publiko horren zuzendaritzak beste alde batera begiratzen du eta ez du erantzuten, erabateko edukazio falta erakutsiz.
Horregatik, gaur, Gora Garbitzaileak ekimenak, Osakidetzako zuzendaritzak interesik agertzen ez duela ikusita eta bere erantzun faltaren aurrean, erakunde horretako arduradun politiko gorenarengana jotzea erabaki du, Gotzone Sagardui osasun sailburuarengana hain zuzen, eta bere bulegoan sartu dira.
Sailburua ez zegoen bertan une horretan, baina idazkariari idatzi bat eman diote, Osakidetzako garbitzaileen eskaerak eta aldarrikapenak jasotzen dituena. Era berean, gatazka honen konponbidean duen erantzukizuna aurpegiratu diote.
Joan den maiatzaren 5ean Bilboko sarrera nagusietako bat moztuz egin zuten bezala, gaur Gasteizen elkartasuna adierazi diete berriz ere Greban dauden kideei.
Gora Garbitzaileak ekimenak lan baldintzak duintzeko borrokan ari den langile guztiei elkartasuna zabaltzen jarraituko du.
Langileekin batzarrak egin ondoren, hilabeteko grebaren ostean lortutako akordioa berretsi dugu, EAEko Justizia Administrazioaren baldintzak Administrazio Orokorrarekin parekatzea dakarrena. Hala ere, mediku forentseen eta indarkeria-epaitegien plantillari buruz jasotakoa ez da nahikoa, eta haien aldarrikapenen inguruan lanean jarraitzeko beharra nabarmendu dugu.
Orain arte egiten ari ziren mobilizazioei eta grebei amaiera ematen dien akordioak jasotzen du kolektiboak historikoki aldarrikatu duena, hau da, Justizia Administrazioko soldatak Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorreko langile homologatuen taulekin parekatzea eta ordainsarietan %13ko igoera izatea. Halaber, lan-baldintzak lurraldean bertan finkatzeari dagokionez esparru propioa indartzea lortu izana ospatu dugu.
Hala ere, uste du albiste ona litzatekeela mediku forentseen eta indarkeria-epaitegien eskaerei jaramon egin izana, langile horientzat aurreikusitako hobekuntzak anekdotikoak baitira. Forentseen kasuan, parekatzea ez da lortu; izan ere, langile horientzat ehuneko 5 eta 6 arteko igoera aurreikusten da, eta %10ekoa zuzendarientzat. Horregatik, beren aldarrikapenei jarraipena eman nahi die LAB sindikatuak, eta Osakidetzako langileekiko parekatzea exijitzeko borrokan segitzeko konpromisoa hartu dugu.
Emakumeen aurkako indarkeriaren arloko epaitegiei dagokienez, soldata-plus bat aitortzen zaie langileei, gutxiegitzat jo duguna; izan ere, epaitegi mistoen kasuan, soilik 60 euroko igoera jasotzen da 200 kasu baino gutxiago artatzen dituzten eta bi langile dituzten epaitegietan. 200 kasu baino gehiago dituztenen kasuan, 3 langilerekin, igoera 90 eurokoa izango litzateke.
Era berean, lan egin behar da klase pasiboen erregimenean dauden langileek Gizarte Segurantzarekin alderatuta pentsio bera jasotzeko aukera izan dezaten.
Donostiako, Bilboko eta Gasteizko Justizia Jauregietan egin diren hiru batzarrak giltzarri izan dira, eta LABek eta ELAk osatutako Greba Batzordeak Berdintasun eta Justizia Sailarekin adostutako aurre-akordioa babestu dute langileek. Akordioak honako puntu hauek jasotzen ditu:
Eusko Jaurlaritzari transferitutako Justizia Administrazioko 2400 langile baino gehiagorentzako parekatzea, Euskal Administrazio Orokorraren ordainsari-taulak aplikatuz. Horrek esan nahi du Justizia Administrazioko langileen ordainsariak % 13 igoko direla.
Era berean, justiziako langileen lanaldiaren modalitatea errespetatuko litzateke, bere berezitasun guztiekin, gehiegizko lanalditik eratorritako egunak barne.
Kopuruen ordainketa % 50ekoa izango litzateke akordioa sinatzen denean, eta beste % 50ekoa 2024ko urtarrilaren 1ean, orduan erdietsiko litzatekeelarik soldata-parekatzea.
Era berean, karrera profesionalaren osagarria negoziazio honetatik kanpo geratu da, eta geroago negoziatuko dela jaso da.
LABetikk eskerrak eman nahi dizkiogu langileen kolektiboari mobilizazioetan eta grebetan emandako babesagatik. Zuek gabe akordio hau ez litzateke egi bihurtuko.
Mobilizazioa egin dute gaur, langileen batzorde osoaren babesarekin, funtsezkoa baiteritzote argitara ateratza Juan Mari Aburtoren gobernuak erabat bazter uzten dituela suhiltzaileak eta beren aldarrikapenak.
Hainbat dira udalak langile horien eskakizunei entzungor egiteko duen joeraren adibideak. Honako hauek zerrendatu dituzte: • Lanpostuen balorazioa: Hainbat negoziazio-bilera egin ondoren, ukatu egin zaigu. • Hitzarmena: 2019tik ez dugu berritu. Negoziatzen hasi ginen, baina bileraek ez dute jarraikortasunik. • Enplegu Plana, erretiro aurreratuak: Dekretuz indargabetu da eta ez da ezer berririk negoziatu; beste administrazio batzuk, ordea, denbora daramate horretan lanean. • Erosteko ahalmenaren galera: oraindik ez dute bete berreskuratzeko bideak bilatzeko konpromisoa. • Egutegi aldaketa Udaltzaingoan: Hilabeteetako negoziazioak, non guk egindako proposamen guztiak baztertu egin baitziren, ia aztertu gabe, eta dekretuz egutegi berri bat ezarri zen. • Pribatizazioak: Aukera izan bezain laster, zerbitzuak pribatizatzen dituzte. SAMUR, liburutegi-zerbitzuak. Zer zerbitzu izan daiteke hurrengoa? • Suhiltzaileak: Mobilizazioen ondoren, lan-foroak ireki zituzten konpromisoak lortzeko. Ez dituzte bete. Berriz biltzeko eta konpromiso horietan lanean jarraitzeko epeak ere ez dituzte betetzen. • Hautaketa-prozesuak: Hautaketa-prozesuak kanpora ateratzeko joera: Udaltzaingoaren oinarrizko eskala, suhiltzaileen plazekin ere saiatuz. Orain Udaltzaingoaren barne sustapenak. Zein plaza izango dira hurrengoak? • Karrera profesionala: Oraindik ez dute karrera profesionala garatu.
Azken lau urteotan ikusten ari garen jarrera argia da: negoziazio asko irekita, baina bat ere ez itxita. Eta itxi direnak, dekretuz eta ez dakigu noren onurarako; ez zerbitzu publikoen eta plantillaren onurarako, jakina.
Alkateari gogorarazi nahi diogu plantillaren ondoezak arriskuan jartzen duela hurrengo egunetarako programatutako ekitaldi handien funtzionamendu egokia. Ez dezala ahaztu langileak direla horiek garatzea ahalbidetzen dutenak, eta langile horiek direla herritarrei eskaintzen zaizkien zerbitzu publikoen kalitatea mantentzeaz arduratzen direnak.