2025-12-31
Blog Page 247

Zerbitzuaren kalitatea eta lan baldintza duinak defendatzera atera dira kalera GUFEko langileak

Enpresa-batzordearen ustez, Gizarte Urgazpenerako Foru Erakundeak (GUFE) ematen duen zerbitzuan eragin oso negatiboa duten hainbat erabaki hartzen ari dira. Horren guztiaren berri emateko, GUFEko Enpresa-batzordeak agerraldia egin du Bizkaiko Batzar Nagusietan.

Zaintza-eredua aldatzeko eta bizikidetza-unitateak sortzeko aitzakiarekin eginiko moldaketak salatu dituzte. Jarraian zerrendatuta daude neurri horiek:

Adinekoei zuzendutako kudeaketa publikoko 110 plaza murriztuko dituzte:

Oso gutxi dira kolektibo horri zuzendutako egoitza publikoko plazak, eta Sailaren asmoa ildo horretatik jarraitzea da. Zerbitzu publikoen murrizketa bat gehiago da, eta Aldundiak eta hura sostengatzen eta defendatzen duten alderdi politikoek duten titulartasun publikoaren eta kudeaketa pribatuaren eredua bultzatzen du.

Asistentziaren kalitatea larriki kaltetzen dute, gaueko erizaintza ezabatuz.

Lanpostuak desagertzen dira zerbitzari garbitzaileen eta ordenantzen kategorietan.

Langileen lan-baldintzak kaltetzen dituzte. Txanda finkoak ezarriz.


Batzarkide-taldeei eskatu diegu zerbitzu publikoen alde egin dezatela, itunpeko sarearen alde egin beharrean, eta zabaltzen diren zentroak, oro har, zuzeneko kudeaketa publikokoak izan daitezela, GUFEren bidez.

Beharrezkoa da kudeaketa zuzeneko zerbitzu publikoen sare sendoa izatea, bai gizarte-zerbitzuetan, baita beste zerbitzu askotan ere, osasungintzan, kasurako.

Mutualitate patronalen bidez osasun sistema pribatizatzeko estatu mailako egitasmo baten berri eman dugu

Eusko Jaurlaritzari eta Nafarroako Gobernuari eskatu diegu egitasmo horren kontra azaldu daitezen

  • Jarraian ikus daiteke LABek eskuratutako dokumentua:

Gaixotasun arrunten kudeaketa mutualitate patronalen esku uzteko hitzarmen zirriborro bat eskuratu du LABek. Zirriborroa Espainiako Gizarte Segurantzak eta AMAT mutualitate patronalen elkarteak adostu dute eta erkidego bakoitzari pasa diote, dagokion osasun sailaren eta mutualitate patronalen artean gauzatzeko. Eusko Jaurlaritzaren eta Nafarroako Gobernuaren mahai gainean dago, beraz.

Inko Iriarte Lan Osasuneko idazkariak azaldu duenez, “Osasun Sistema Publikoa eta, horrekin batera, langile eta herritarren osasunaren zatirik handiena enpresen esku geratuko litzatekeela” erakusten du dokumentuak. Ondorioz, “ezagutu dugun pribatizazio prozesu bortitzena” litzateke.

Akordioak jasotzen dituenak

Iriartek azaldu du akordio horren arabera, mutualitate patronalekin zerbitzuak kontratatuta dituzten enpresetako langileen kasuan, bajan daudenean, mutualitate horien esku geratuko liratekeela gertakizun arruntak eta horiei lotutako frogak, tratamenduak, interbentzioak, errehabilitazioak eta bestelakoak. Gaineratu du horrek ekarriko lukeela, besteak beste, mutualitateek irizpide produktibo eta ekonomizistak baliatzea eta, ondorioz, altak lehenbailehen eman nahi izatea, langileen osasuna bigarren planoan geratuko litzatekeelarik, gizarte segurantzaren kontura, gainera. Aipatutako neurriak langileria aktiboaren %80-90i eragingo lioke.

Bestalde, mutualitateak alta proposamena ematean, akordioak boterea emango lioke Osakidetzako edo Osasunbideko medikua fiskalizatu eta bost eguneko epe laburrean beharrezko txosten teknikoak eskatzeko, mutualitatearen aurrean azalpen zabalak eskaini behar izanik: “Honek orain arteko logika aldatzen du eta Osasun Sistema Publikoko medikua enpresa pribatu bateko medikuaren aginduetara jartzen du”. Egoera horretan, isiltasun administratibo deritzonak mutualitateen alde jokatuko luke, eta beren esku jarri Osasun Sistema Publikoaren lan karga, Iriartek zehaztu duenez.

Aldi baterako ezintasunen lehenengo egunetik, mutualitateak tratamendu, froga edo interbentzio bat proposatzen badu eta osasungintza publikoko medikuak garaiz erantzuten ez badu, baimena izango luke nahi dituen esku-hartzeak egiteko, “beti enpresaren interes produktiboen mesedetan, baja murrizteko”.

Akordioak inolako kontrol publikorik gabeko proba pilotua ere jasotzen duela salatu du Iriartek, baita historia klinikoetarako sarbidea ere.

Azkenik, Lan Osasuneko idazkariak azpimarratu nahi izan du depresio nahasmenduen, tendinitisaren edota ornoarteko diskoei eragiten dieten arazoen kasuan, 15 egunean behin jarraipena egin behar dela eta bajan jarraitzea justifikatu behar dela.

Pribatizaziorako urratsa

Igor Arroyo koordinatzaile orokorraren iritziz, osasun sistema publikoa pribatizatzeko saiakera bat dago kolaborazio hitzarmen gisa aurkeztutako dokumentu honen atzean: “1995tik hona Espainiako estatuan gero eta botere handiagoa eman zaie mutuei, EAJ eta UPNren laguntzaz. Oraingoan Mutualitate Patronalak populazio aktiboaren osasun zerbitzua bereganatzea da asmoa, Osasun Sistema Publikoa hustuz. Honela, dotrina neoliberalari jarraikiz, honako hau da dokumentuaren egileen planteamendua: sistemarentzat produktiboak diren horientzat mutua patronalen bidezko arreta, ahalik eta lasterren lanera bueltatu daitezen lortzeko; produktibotzat jotzen ez diren horientzat, berriz, baliabidez hustutako osasun sistema publikoa”.

Arroyoren esanetan, osasun sistema publikoaren itxaron zerrendak arintzea da erabiltzen den aitzakia. “Baina horretarako bidea ez da pribatizazioa, kontrakoa baizik: sektore publikoan inbertitzea. Mutualitate patronalak langileon kotizazioen kontura bizi dira. Bada, bideratu ditzagun kotizazio horiek sistema publikora, publifikatu ditzagun mutuak eta osa dezagun sistema publiko sendo bat. Badaude horretarako bide legalak, borondate politikoa besterik ez da behar”.

Arroyok Eusko Jaurlaritza eta Nafarroako Gobernuak interpelatu ditu: “Lehenik eta behin, saiakera pribatizatzaile honi ezezko borobila eman diezaioten eskatzen diogu Urkullu eta Chiviteri. Konpromiso argia har dezatela, langileon gaixotasun arrunten arreta ez dela mutua patronalen esku utziko. Bigarrenik, sustatu dezatela kontrako norabidea, alegia, enpresek gaixotasun profesionalen arreta Gizarte Segurantzarekin hitzartzea eta ondorioz osasun sistema publikotik kudeatzea. Langileon osasunerako bermerik onena sistema publiko indartsua da”.

Bizkaiko metalgintzako hitzarmena sinatu dugu

Gaur osteguna, martxoak 23, Bilboko Lan Harremanen Kontseiluaren egoitzan, LAB, CCOO eta UGT sindikatuok 2022-2025 aldirako Bizkaiko metalgintzaren hitzarmena sinatu dugu.

Sinadura hori FVEM patronalarekin 2003ko otsailaren 3an lortutako aurreakordioaren ondorioa da. Orain erregistratzea eta sektorean aplikatzea dagokigu.

Hitzarmen honen edukiek nabarmen hobetzen dituzte 2019. urterako sinatutako hitzarmenean jasotako hainbat aspektu, eta, gainera, inolako atzerapenik gabe. Konpromiso hori hartu zuen LABek negoziazioaren hasieran, eta bete egin dugu. Hitzarmen hau sinatzeak, kolpean, publikatzen den momentuan, %10etik gorako igoera suposatuko du, atzerapenak jasotzeko eskubidearekin. 2024. eta 2025. urteetarako soldata igoera finko batzuk izango dira, beti ere KPIaren igoeren zenbatekoak bermatuz, beraz erosahalmena bermatuz hitzarmenaren bukaeran. Eta hori guztia, neurrigabeko inflazioa eta goranzko euriborraren testuinguru batean.

Soldataren kapituluari dagokionez, metalaren gutxieneko tauletan ezarritakoak baino soldata handiagoak dituzten enpresentzako gutxieneko bermeari eustea nabarmendu nahi dugu. Horrela, gutxieneko igoera bat edo oinarrizko igoera bat bermatzen da, enpresetan hura hobetu edo jaso dezaten, azken hau enpresaren aurrean negoziatzeko gaitasunik ez dutenek batipat. Aipatutakoaz gain, hitzarmenak aurreikusten du sektoreko enpresa guztiei lanaldia murriztea norberaren aukerako ordu gisa (2025etik aurrera 4 orduraino), ordaindutako lizentzietan aurrerapen nabarmena egitea, subrogazioa kolektibo jakin batzuetara zabaltzea, LGTBIQ kolektiboko pertsonak sexu-jazarpenaren eta sexuan oinarritutako jazarpenaren aurkako protokoloan sartzea… Bizkaiko metaleko langileentzako akordio oso positiboa osatuz.

Hori guztia sektoreko milaka langileren borrokaren eta konpromisoaren emaitza izan da. Patronalaren lehen asmoa hitzarmena berriro lurperatzea zen. Ezin izan zuen halakorik egin, eta, ondorioz, FVEMn negoziazioan elementu atzerakoiak sartzen saiatu zen (malgutasuna handitzea, gutxieneko bermea kentzea, bajen soldata osagarriak okertzea…), bai eta Bizkaiko metaleko langile-klasea pobrezia egoerara kondenatzen zuten soldata-igoerak ere. Grebalarien borrokak, beste behin ere, patronalaren planak zapuztu ditu, eta patronala akordio batera behartu duen egoera ahalbidetu du.

Oso harro gaude sektorean egindako borrokaz zein lortutako akordioaz, eta borrokak beti merezi duela azpimarratu nahi izan du.

Gogor salatzen dugu gas lakrimogenoaren erabilpena gaurko Baionako manifestaldiaren bukaeran

Frantziako poliziak Macronen erretretaren erreforma bidegabearen aurka mobilizatu diren manifestariak gasatu ditu Baionan. Manifestazioan haur, adindun edo mugikortasun urriko persona asko presente ziren.

LABen ustez onartezina da gertatutakoa: “Gure karriketan segurtasun eta lasaitasun osoz, lankideen eta lagunen artean, familian manifestatzearen eskubidea defendatzen dugu, poliziaren aldetik gero eta gehiegizkoagoa den indarkeria jasan gabe”.

Manifestazioaren ondoren, polizia frantsesak hainbat atxiloketa egin ditu bortizkeria handia erabiliz. Gainera, Baionako AEKren lokalan sartu eta miatu dute manifestarien bila. Hori ere onartezintzat jo du sindikatuak.

Horregatik guztiagatik, LABek sostengua adierazi die gasatuak eta atxilotuak izan direnei, baita AEKko langileei ere.

Gaur, arratsaldeko 18:30tan, Baionako komisaldegiaren aurrean izanen den elkarretaratzera dei egin du LABek: “Macronen munduaren aurka mobilizatzen segi dezagun! Segi dezagun borrokan!”

Salatzen dugu patronalaren proposamena sinatzeak Bizkaiko Etxez Etxeko Laguntza Zerbitzuko langileak pobretzea dakarrela

Gaur, patronalak eta CCOO eta UGT sindikatuek Bizkaiko Etxez Etxeko Laguntza Zerbitzuko (EELZ) langileen erosteko ahalmenaren galera historikoa adostu dute. LABek baztertu egiten du akordio hau, eta iragarri du borrokarako eta mobilizaziorako espazioak irekiko dituela sektoreko 1.200 langileek beren lan-baldintzak hobetu ditzaten eta egiten duten lan publikoa aitor dakien.

Sinatutako akordioa oinarrizko soldatarekiko

2016- 2022

EELZko langile baten erosteko ahalmenaren galera, 2022ko abendura arte, hilean, 289,1 eurokoa da gutxienez. Sinatutako akordioak, hilean, 0 €-ko igoera dakar. Hau da, akordio horrek hileko 289,1 euroko soldata pobretzea ezartzen du. Sinatutakoaren arabera, galera hori ez litzateke inoiz berreskuratuko.

2023-2027

Aldi horretako erosahalmenaren galera kalkulaezina da, datuak ezagutzen ez direlako; hala ere, 2023an soldaten pobretzea are gehiago handituko dela ikus daiteke:

– Ez da egia, ezta aldi horretan ere (2023-2027), berrikuspen-klausularen bidez langileen hauen eros ahalmena bermatzen denik, klausula horrek % 2,5eko erregularizazioa baino ez baitu bere gain hartzen.

– Soldata-igoeraz gain, akordioak, 5. puntuan, hilabete dinamikoa aztertzeko asmoa jasotzen du, eta, zehaztera ausartu ez badira ere, beldur gara sinatzaileen batzorde horrek ez ote duen langileen egoera okertuko duen neurriren bat ezarriko.

Sinatutakoaren azterketa amaitzeko, salatzen dugu ez duela kontuan hartzen langileek lan-osasunari dagokionez pairatzen duten egoera larria, eta ez dela horri buruzko neurririk jasotzen.

LABen balorazioa

Akordio horrek prekarizatu egiten ditu Etxez Etxeko Laguntza Zerbitzuko 1.200 langileak. Langileei pobretzea inposatzearen erantzule egiten dugu patronala. Gogoan izan enpresa horiek, batez beste, % 20 gehiago kobratzen dietela erakunde publikoei orduko prezioa. Diru hori non dagoen galdetzen diogu geure buruari.

Sindikatu sinatzaileei eskatzen diegu ez dezatela patronalaren proposamena babestu eta atzera egin dezatela. Bizkaiko ELZko langileek 70 greba egun inguru egin dituzte. Duintasun handia erakutsi dute eta ez zuten enpresen inposaketetara makurtzen den akordiorik merezi. Lan-baldintzak larriki okertzen dituen akordioa da hau.

Prekarizazio horren erantzule egiten ditugu udalak eta mankomunitateak, zerbitzu publiko hori pribatizatuz, enpresei poltsikoak betetzea ahalbidetzen baitiete, langileak pobretzearen truke.

Azkenik, LABek, akordio hori arbuiatzeaz gain, borrokarako eta mobilizaziorako espazioak irekiko dituela iragarri nahi du, langileek beren lan-baldintzak hobetu ditzaten eta egiten duten lan publikoa aitor dakien.

Jundizko Mercadonako langileak lan baldintza duinak aldarrikatzen ari dira

Enpresaren bloke logistikoaren atean kontzentrazioa egin dute gaur eguerdian, eta iluntzean beste bat egingo dute, 21:00etatik 23:00etara.

Honako hauek dira mobilizazioak deitzeko arrazoi nagusiak:

– Lan baldintza duinen alde; lan ordu gutxiago, asteburu libre gehiago.
– Sei urte hauetan plantillan izandako errotazio handia.
– Konpromiso-aktei ez.
– Justifikaezintzat jotzen dituzten kaleratzeak

Batzordearen parte diren CCOO eta UGT sindikatuek ez dute mobilizazioa babestu.

LAB, ELA, STEILAS, CCOO eta UGT sindikatuok apirilaren 25eko greban parte hartzeko deia luzatu diegu Gizarte Ekimeneko langileei

Hala adierazi dugu gaur Bilboko Jesuitak ikastetxearen aurrean lan hitzarmen berrirako edukiak eskatzeko egindako
ordezkarien elkarretaratzean. LAB,ELA, STEILAS, CCOO eta UGT sindikatuok elkarretaratzea egin dugu gaur Bilboko Jesuitak ikastetxearen aurrean. Bertan ehundik gora ordezkari bildu gara.

Lan Hitzarmen berriaren negoziazio mahaia bloketatuta dagoela salatu dugu, patronalek edukien gaineko proposamenik ez dutelako mahai gainean jartzen.

Beraz, patronalen inmobilismoaren aurrean, mobilizazioei ekiteko erabakia hartu dugu. Gaurkoa mobilizazio hauen aurrenekoa izan da. Eta apirilaren 25ean greba deitu dugu. Lan hitzarmen berriaren negoziaketa prozesuan, 13 negoziazio bilera gauzatu ditugu
jadanik. 2022ko maiatzean hasi ziren negoziaketak, ia urte bete pasa da beraz.

Patronalek, ordea, ez dute inolako negoziaketarako borondaterik erakutsi. Are gehiago, jadanik aurreko Lan hitzarmenean lortutako eduki batzuen inguruan atzerapausoak planteatu dizkigute.

Azken negoziaketa mahaia otsailaren 2an izan zen. Bilera hura, hurrengo mahai baterako datarik gabe amaitu zen. Izan ere, Kristau Eskola eta AICE-IZEA patronalek oso argi adierazi zuten ez zutela edukien inguruko proposamenik egingo.

Aldarrikapen nagusiak lan zamak arintzeko neurrietan, sektore feminizatu eta prekarizatuenentzat hobekuntzetan, KPIaren araberako soldata igoeretan, lanpostuak mantentzeko neurrietan eta Lanbide Heziketako edukietan oinarritzen dira. Euskara
planak, berdintasun planak eta lan osasuna eta bereziki arrisku psikosozialak abordatzeko planak ere jomugan ditugu sindikatuok.

Gizarte Ekimeneko aurreko lan hitzarmenaren aldeko prozesuan sektore honetako langileek argi erakutsi genuen gure mobilizazio gaitasuna. Sindikatuok beraz, Lan Hitzarmen berriaren alde mobilizatzera eta borrokatzera deitzen ditugu langileak.

Gaurkoan, apirilaren 25eko greba egunean eta mobilizazioetan parte hartzera animatu ditugu sektoreko langileak.

Positiboki baloratzen dugu EAEn lanbidearteko gutxieneko soldata propioa bultzatzearen inguruan Gasteizko Parlamentuak hartutako konpromisoa

Oihana Lopetegik, LAB sindikatuko Ekintza Sindikala eta Negoziazio Kolektiboko arduradunak, positiboki baloratu du gaur goizean Gasteizko Parlamentuaren osoko bilkuran hartutako konpromisoa, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan lanbidearteko gutxieneko soldata propioa bultzatzeari dagokiona.

EH Bilduren mozioaren bueltan akordioa erdietsi da, eta Lopetegik Parlamentuko prentsa aretoan eginiko balorazioan nabarmendu du urrats garrantzitsua eman dela, sindikatuak aspalditik defendatzen duenaren ildotik. “Lanbide Arteko Gutxieneko Soldatak lurralde bateko errealitatearen araberakoa izan behar du”, nabarmendu du LABen ordezkariak. Hala, Europako Karta Sozialak gomendatzen duenari jarraikiz, gutxienez lurraldeko batezbesteko soldataren %60koa izan beharko litzateke gutxieneko soldata, eta horren araberakoa da LABek eskatu izan duen 1.400 euroko zenbatekoa: “Euskal Herriko herritarrok lan eta bizi baldintza duinak nahi baditugu, beste LGS bat behar dugu. Horrelako neurri batek genero arrakalak murriztuko lituzke, soldata baxuenen eta altuenen arteko aldea gutxitu, gazteriaren prekaritatea leundu”.

Gaurko urratsak Lan Harremanen Euskal Esparruari bultzada emateko balio dezakeela ere adierazi du Lopetegik, Estatuaren menpekoa izango ez den akordio bat erdiesteko aukera emango lukeelako: “Bertako errealitateari erantzungo dion Lanbidearteko Akordio bat bultzatzeko behartzen duelako Eusko Jaurlaritza, eta horrekin Confebask bera interpelatzen duelako 1.400 euroko gutxieneko soldata ezarriko duen akordio bat sinatzera”. Izan ere, LABen iritziz urriegia da espainiar estatuan Gobernuak CCOO eta UGTrekin ezarritako LGS, 1.080 eurokoa.

Lopetegik gogorarazi du bertako gutxieneko soldataren aldarria aspalditik egin duela LABek, eta langileak ere horren alde mobilizatu direla; hain zuzen ere, horixe izan zen gehiengo sindikalak deitutako 2020ko greba orokorreko eskakizun nagusietako bat. Horrez gain, LABek idatziz ere eskatu izan dio Confebaski 1.400 euroko LGS barne hartuko lukeen lanbidearteko akordioa, baina erantzun positiborik jaso gabe.

LABek gutxieneko soldata propioaren bidean lan egiten segitzeko asmoa berretsi du eta, Lopetegik azaldu duenez, Enplegu Saioari nahiz Confebaski bilera eskatuko die gaia jorratzeko. “Eta orain arte bezala, lantokietan eta kalean ere borrokak pizten eta elikatzen jarraituko dugu, horrela lortuko baitugu patronala bere posiziotik mugiaraztea”, amaitu du.

Lan istripuen protokolo intersindikalak martxan jarraitzen du eta inoiz baino beharrezkoagoa da

2000ko hamarkadaren hasieratik abian dagoen laneko ezbeharren inguruko akordio intersindikalak bere horretan jarraitzen du. Berriki ELAk jakinarazi du bere burua akordiotik kanpo kokatzen duela eta bide berri bat arakatuko omen duela, oraindik ezagutzen ez duguna.

LAB, STEILAS, ESK, EHNE eta Hiruk adierazi nahi dugu, akordioa lan istripuei erantzuteko tresna egokia dela eta bere potentziala aurrera eraman behar dugula indar gehiago ipiniaz. Lan osasunaren galera hain da nabarmena, elkarlan sindikala bestelako eskenatokirik ez dela onargarria, adostasunerako jarrera eta ariketa zintzoa dela izurrite honen aurrean erakutsi behar duguna, ez besterik. Honela, adierazi nahi dugu akordioko ateak beti zabalik izango direla.

Hau esanda, ostiral honetan, martxoaren 24an, goizeko 11:00tan Gasteizko Telefonicaren egoitzaren aurrean (Loreto de Arriola, 1) elkarretaratzea deitu nahi dugu aurten enpresa honen ardurapean eman diren altueretako bi istripu salatzeko, bata hilgarria eta azkena oso larria.