2025-12-31
Blog Page 238

Prebentzioaren aldeko borroka indartuko dugu

Gaur, Lan Osasunaren Nazioarteko Egunaren bezperan, aurten hildako 18 langileak lore eskaintza batekin omendu ditugu. Horrez gain, Bilboko Euskalduna Jauregian gauzatzen ari den kongresua zuriketa ariketatzat baino ez dela azpimarratu dugu, eta arazoari benetan aurre egiteko neurriak hartzeko premia nabarmendu du Garbiñe Aranburu koordinatzaile orokorrak.

LAB sindikatuko Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako delegatuen asanblada egin da gaur goizean Bilbon kokatutako EHUren Paraninfoan, lan osasuna izan duelarik berbagai. Izan ere, bihar, apirilak 28, Lan Osasunaren Nazioarteko Eguna da, eta LABek argi dauka, arlo honetan prebentzioa hil ala bizikoa denez, gai horri merezi duen garrantzia eman behar zaiola. Hala, batzarrean azaldu dugu aurrerantzean lan osasunaren eta prebentzioaren aldeko borroka areagotuko dugula, eta nekaezin jardungo dugula erantzuleak seinalatu eta patronalari nahiz instituzioei dagokien erantzukizuna bete dezaten exijitzeko lanean.

Ildo horretan, batzarraren ostean mobilizazioa egin dugu, Euskadi plazan hasi eta Euskalduna Jauregiraino, tartean Lan Ikuskaritzatik zein Eusko Jaurlaritzaren egoitzatik pasatu garelarik, laneko gaixotasun nahiz istripuen erantzule baitira erakundeok.

Gogorarazi beharrekoa da 2023an dagoeneko 18 direla lanean hil diren euskal herritarrak, eta iaz, berriz, 69 izan zirela guztira. Bada, Euskalduna Jauregiaren aurrealdera iristean, lore eskaintza egin dugu hildako kide horiek gogoan izan eta halakorik gehiago gerta ez dadin eskatzeko. Jauregi horrek, hain zuzen ere, Lan Osasunari buruzko kongresua hartu du egunotan, eta bertan parte hartzen ari dira enpresak, instituzioak, mutualitateen ordezkariak eta abar. Hortaz, erantzule zuzenengana jo dugu gaurkoan.

Zuriketaren eta inpunitatearen aurrean, langile duintasuna

Lan osasun eskubidea egunero urratzen da, atzera egiten ari gara. Patronalak eta instituzioek hartzen dituzten erabakiek edo hartzen ez dituzten prebentzio neurriek gaixotzen eta hiltzen gaituzte. Langileok bizi dugun krisi ekosozialaren aurpegi gordina dira lan istripuak, laneko gaixotasunak, hildakoak.

Euskaldunakoa omen da mundu mailako prebentzio jardunaldirik garrantzitsuena. Bada, parte-hartzaileen zerrenda aztertu besterik ez dago, berriketa asko bai, baina prebentzioa erdigunean ez dela egongo jabetzeko. Lan osasuna bost axola zaie jardunaldietan parte hartzen ari direnei.

Izan ere, patronalaren interesak ongi zainduak daude barruan. Enpresa ordezkari ugari daude bertan. Poltsikoak betetzeko laneko gaixotasunak eta laneko heriotzak asumitu beharreko albo kaltea direla uste dutenei alfonbra gorria jartzen zaie jardunaldi hauetan.

Kongresuan parte hartzeko gonbidapena iritsi zitzaion LABi. Bada, formatua eta parte-hartzaileak ikusita, ez zen eztabaidarik edo kontrasterik behar izan. Ez da gure tokia; izan ere, jardunaldiotan prebentzioaz hitz egingo dela esatea irain hutsa da. Euskaldunan daudenak laneko heriotzen eta gaixotasunen erantzuleak dira, eta lan osasuna ez dago inondik ere beren kezka nagusien artean.

Ez dago osasun galera etengabea justifikatuko duen ezer, ondo ezagutzen baititugu halakoak ekiditeko prebentzio neurriak. Horri buruz hitz egitea saihesten den bitartean, kongresuak antolatzen dira justifikaezina zuritzeko asmoz.

Osasun galera eragiten dutenak, arazoaren jatorri direnak, ezin dira arazoaren konponbide izan. Patronalarekin batera, mutuen ordezkariak edo arduradun instituzionalak, beste aldera begiratzen dutenak, enpresarien zigorgabetasuna zaintzen eta babesten dutenak, ari dira kongresu honetan parte hartzen. Gailur hau inpunitatearen argazkia da.

Jasangaitza da egoera. Honi aurre egiteko neurriak eta konponbideak mahai gainean jartzea, prebentzioaren aldeko borroka indartzea, dagokigu.

Ekintza sindikalean lan osasunaren aferari garrantzi handiagoa emango diogu, osasun galeren atzean dauden arrazoiak azaleratu eta benetako prebentzio planak eskatuko ditugu, patronala eta instituzioak interpelatzen jarraituko dugu. Osasuntsu eta bizirik itzuli behar dugu etxera.

Eta konfrontazio hori esparru guztietara eramango dugu; lantokietara, gure ekintza sindikalaren bitartez, lan istripuei erantzuteko protokoloa aktibatuz, eta Osalanera ere bai.

Aitzakiak amaitu dira. Ez dugu diskurtsorik behar, prebentzio neurri zehatzak baizik. Lekuko deserosoak izango gara, gobernuaren eta Confebasken arteko sintonia are begibistakoagoa izatea eragingo dugulako, eta horrek arrazoiak eta indarra emango dizkigu lan osasunaren defentsan borroka sindikalak aktibatzen jarraitzeko.

Instituzioen utzikeria

Hildako bakar bat gehiegi da. Egungo argazkia ezin dugu ontzat eman, ezin da naturalizatzen utzi. Langileen aurkako indarkeria honi amaiera eman behar zaio.

Ez dago borondate politikorik lantokietako osasun galerak dakarren gaitz sozialari amaiera emateko. Trafiko istripuetan eta lanekoetan hildako pertsonen kopurua antzekoa da. Istripuen guztizko kopurua askoz ere handiagoa da laneko istripuen eta gaixotasun profesionalen kasuan. Bada, lan osasunari loturiko isunen kopurua askoz ere txikiagoa da: 687 baino ez. Trafikokoak, berriz, 292.000 dira. Hitzak soberan daude; enpresaburuen inpunitatearen datuak dira.

Interpretazio eszenikoen sektorerako EAEko lehen hitzarmen autonomikoa sinatzea #LortuDugu

LAB, ELA, CCOO eta UGT sindikatuok, Euskal Aktoreen Batasuna sindikatuarekin batera, Euskal Autonomia Erkidegoko Interpretazio Eszenikoaren sektorerako lehen hitzarmena sinatu dugu. Hitzarmen berri hau sinatuta, orain arte araututa ez zegoen sektorea erregularizatzea lortu da.

Hauek dira hitzarmen kolektiboaren eduki nagusiak:

  • Indarraldia: 2023/04/26tik 2025/06/30era. Indarraldia amaitutakoan, hitzarmenak indarrean jarraituko du ordezkatzen duen beste batek berritzen duen arte.
  • Soldata-igoerak: hitzarmena indarrean dagoen urte bakoitzerako KPIa.
  • Ez aplikatzeko klausula: Enpresaren batek hitzarmena aplikatu nahi ez badu, langileen baimenarekin bakarrik egin ahal izango du.

LABentzat oso garrantzitsua da hitzarmen hau sinatzea, izan ere, orain arte, sektoreko langileek zituzten erreferentzia bakarrak estatu mailako akordioak ziren, eta hitzarmen berri honekin, sektorean lan egiten duten pertsonek dituzten aldarrikapenak negoziatzeko esparru bat sortzeaz gain, egonkortasun ekonomikoa sortzen du bizitzaren garestitzea inoiz baino handiagoa denean, langileen erosteko ahalmena bermatzen baitu hitzarmenaren indarraldi osoan.

LAB sindikatuan, Euskal Herriko ondasun ezinbesteko eta babestu beharrekotzat ulertzen dugu kultura. Kultura bere espresio zabalenean ulertuta, kultura egin eta kontsumitzeko eredu guztiz berri bat bultzatzen dugu, kultur sortzaile eta kontsumitzaile eskubideak babestuz.

Bide horretan, LABen Programa Sozioekonomikoan, sortzaileak langile eskubide ororen jabe izatearen alde kokatu gara, sortze prozesu osoa barnebilduz, gutxieneko soldata bermatuarekin. Aldi berean, espazio publikoen doaneko erabilpena bultzatzen dugu kultura sortu eta kontsumitzea oinarrizko eskubidea izan dadin.

Trantsizio horretan ordea, gaurko hitzarmen hau berri oso on bat da, aktoreen lan baldintzak Euskal Herriko egoerara egokitu eta arautzea lortu dugulako.

Bukatzeko, eskerrak eman nahi dizkiogu Euskal Aktoreen Batasunari, izan ere, egin duten ahaleginik, temarik eta lanik gabe ezinezkoa izango zen hitzarmen berri eta on hau lortzea.

Jazarpenagatik eta langile baten osotasun fisiko eta moralerako eskubidea urratzeagatik 28.533,67€ ordaintzera kondenatu dute Superberriak #LortuDugu

Supermerkatu katearen Bilboko Alde Zaharreko dendako langile batek nagusiaren eta bertako arduradunen partetik laneko jazarpena jasan zuen, eta epaiak dioen bezala, “ez zen portaera episodiko hutsa, baizik eta, duten garrantziagatik, langilearen baliabide psikiko eta psikologikoak urra ditzaketen jarduerak.

Hain zuzen ere, dendaburuak, bere botere-egoera baliatuta, langileari zehapena ezarri zion, eta zigor hori ondoriorik gabe utzi da judizialki orain, zehapena neurrigabea eta justifikaziorik gabea baitzen, argi eta garbi. Baina gertakari horiek guztiak direla-eta, langilea aldi baterako ezintasun-egoeran egon da, antsietate erreaktiboagatik (tratamendu psikologikoa jaso izan du). Eta epaiak berak jasotzen duenez, kaltetu egin da “langilearen osotasuna, zeina, fisikoki ez bada ere, erasotua izan den, aldi baterako ezintasun-prozesua hastea ekarri duen presio-jardueraren bitartez.”

Enpresa jazarpenaren parte izan zen, eta, gainera, egoera salatu ondoren, beste alde batera begiratu zuen, gertakariak atzean utzi nahian. Ez zuen gatazka-, jazarpen- edo indarkeria-egoeretarako jarduera-protokolorik, ez eta arrisku psikosozialaren ebaluaziorik ere. Eta halakorik ez edukitzeak kaltea dakarkio langilearen osotasun fisikoari; izan ere, enpresak protokolo edo jarduera hori ez izateak langilearen alderdi psikikoa larriagotzen duten portaeretan eragiten du.

Horregatik guztiagatik, Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiaren Lan-Arloko Salak uste du langilearen osotasun fisiko eta moralerako eskubidea lan-harremanean kontuan hartu beharreko elementua dela, ez dela enpresatik edo lan-kontratutik kanpo geratzen, baizik eta horietan integratzen dela, eta integrazio hori osotasun fisikorako eskubidearen edukiak bere osotasunean baloratuz egiten dela. Gainera, enpresak langilearen babes-betebeharrak ez betetzeak lan-kontratua urratzea ekarri du, eta horrek langilearen osasunerako eskubideari eragiten dio.

LAB sindikatutik prebentziozko lanean jarraituko dugu arrisku psikosozialak eta lanpostuetako indarkeria zein jazarpen mota guztiak ezabatzeko edo murrizteko, gure osasunak haien diruak baino gehiago balio duelako. Baina enpresek betetzen ez dutenean ekintza sindikal nahiz judizialeko bitarteko guztiak erabiliko ditugu erantzuleak direnek ordain dezaten. Gaur egun, prebentzio eza, indarkeria edo jazarpenak oso merke ateratzen zaizkie, gehienetan soilik langileok ordaintzen dugu gure osasunarekin, baina ikusten hasten badira prebentzioa ez egitea, lanean jokabide jakin batzuk ahalbidetzea garestiago ateratzen zaiela (hori besterik ez dute ulertzen), agian norabide onean hasiko dira urratsak ematen.

Gipuzkoako metalgintzan hitzarmen duina eta mugarik gabeko negoziaketa aldarrikatzeko ekintza egin dugu ADEGIren egoitzan

Gaur ADEGIren Donostiako egoitzara sartu gara patronalari, behingoz, Gipuzkoako metalgintzan proposamen oso bat egiteko exijitzera. Negoziaketako sei bilera egin ditugu eta ADEGIk oraindik ez du proposamen osorik ekarri. Haiek erabakitzen dute negoziaketan zertaz eta noiz hitz egin behar den eta hau onartezina da. Bada garaia behingoz benetako negoziaketari ekiteko eta beraien proposamena mahai gainera ekartzeko.

Gipuzkoan metalgintza sektoreko datuak onak dira, enpresek irabaziak izan dituzte eta dibidendu banaketak ere egon dira. Sortutako aberastasunaren banaketa bermatuko duen akordioa behar dugu, KPIa bermatuko duena, lanaldi murrizketa, aldi baterako ezgaitasunen osagarriak eta baimenetan aurrera pausoak jasoko dituena eta malgutasunari mugak jarriko dizkiona, beste gauza batzuen artean, eta lortu arte borrokan jarraituko dugu. Bide horretan beste sindikatuei ere borrokarako deia luzatuko diegu.

Ekin diete Osakidetzako garbiketako langileek homologazioaren aldeko greba egunei

Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan mobilizatuz ekin diete Osakidetzako garbiketako langileek homologazioaren aldeko hiru asteko greba ziklo berriari. Araban, Gasteizen mobilizatu dira, Arabako Unibertsitea Ospitaleko kanpo-kontsulten aurrean; Bizkaian, martxa bat egin dute Barakaldoko Herriko plazatik Gurutzetako ospitaleraino, eta bertan kontzentrazioa, eta Gipuzkoan, manifestazio bana egin dute Donostia eta Zumarragako ospitaleetan. Bihar, Gasteizko Parlamentuaren aurrean mobilizatuko dira 8:45ean. 

Osakidetzak azpikontratatutako garbiketa-zerbitzuko langileek 5 urte daramatzate hitzarmenik gabe. Alegia, lan-baldintzak Osakidetzako langileen baldintzekin homologatzea helburu duen hitzarmena.

Horiek izan dira, hain zuzen ere, bere garaian inplikatutako hiru alderdiok (enpresak, langileok eta Osakidetza) onartu genituen joko-arauak, eta horien arabera jardun dute urteetan eta urteetan.

Hala ere, enpresak eta Osakidetzako zuzendaritza homologazio-printzipioa hausten ari dira, uko egin baitiote Osakidetzako langileei aplikatutako gaiak egokitzeari eta aplikatzeari.

Ez dira ari homologaziotik haratago doazen gaiak aldarrikatzen ari. Besterik gabe, Osakidetzako langileen baldintzen homologazioari eustea eskatzen ari dira: garapen profesionalaren deialdietara sarbidea izatea; txanda-kontratuari lotutako erretiro partziala hartzea; lanpostu hutsak betetzeko sistema bidezkoagoa eta objektiboagoa… Azken batean, eskatzen ari dira lan berdina egiten dutenean, baldintza berdinak izatea.

Enpresa esleipendunek eta Osakidetzako zuzendaritzak pilota elkarri botatzen diote, eta garbiketa-zerbitzuko langileek, berriz, beharrik gabe luzatzen ari den bidegabekeria handia jasaten ari dira.

Oztopo guztien gainetik; Sagardui andreak buru duen Osasun Sailaren inplikazio ezaren gainetik; gehiegizko gutxieneko zerbitzuen gainetik, eta poliziaren presioa gorabehera, Osakidetzako garbiketa-zerbitzuko langileok dagokiena defendatzeko erabakia hartu dute: Osakidetzako langileekiko lan baldintzak homologatzea.

Saltoki Logistika Arabako delegatu bat kaleratu ondoren, mobilizazioa egin dugu jazarpen sindikala salatzeko

Gaur, hilak 26, sindikatuak Saltoki Logistika Araba enpresan duen ordezkari baten kaleratzearen aurkako epaiketa egin da Gasteizko epaitegietan. Honen aurretik, elkarretaratzea egin dugu jazarpen sindikala salatzeko.

Langileak LAB sindikatuaren eskutik antolatu eta hauteskundeak deitu zirenetik, 2021eko urrian, ikusi dugu enpresak uko egiten diola oinarrizko eskubideak onartzeari, hala nola askatasun sindikala, antolaketa edo lan-baldintza duinak,…

Hauteskunde sindikalen ondoren, enpresak, diziplina araubideaz baliatuta, hainbat langile kaleratu ditu, euren artean, LABeko ordezkaria. Kasu honetan, enpresak, atzerritarren bizileku- eta lan-baimena berritzeko araudiak zehazten dituen epeak urratuz, gure ordezkaria kaleratu zuen, nahiz eta jakinarazi hiru hilabete zituela bere egoera erregularizatzeko lan-errotzea kontuan hartuz. Beraz, lege-trikimailu bat erabili nahi izan zuen berau kaleratzeko.

Dirudienez, Saltoki Logistika Arabak ez du nahi enpresan egunero bizi diren lan-baldintzak zalantzan jartzen edo zabaltzen dituen langilerik, eta, horregatik, eskura dituen tresna guztiak erabiltzen ditu langileen arteko edozein antolaketa-zantzu saihesteko.

Horregatik guztiagatik, dinamika bat garatzen ari gara enpresa honetan, lan-baldintza duinekin batera, askatasun sindikala defendatzeko: salaketak aurkeztu ditugu Lan Ikuskaritzan, mobilizazioak egiten ari gara, propaganda… eta, jakina, arlo judizialean enpresaren gehiegikerien aurka borrokatuko gara.

Gure borrokan berresten gara, Saltoki Logistika Araban eskubideak defendatzeko eta dauden lan-baldintza negargarriak hobetzeko.

“Lesbiana izatea sistema Kapitalistari ezetz esateko modu bat da”

Gaur, apirilak 26, Ikusgarritasun Lesbikoaren Eguna dugu. LABek aldarrikapen eta konpromiso zehatzekin heltzen dio sexualitatea eta zehazki lesbiana izateko hautua askatasunez bizitzeko defentsari. Gaiaren inguruan sakondu dugu Izaskun Guarrotxena, Idazkaritza Feministako kidearekin.

-Ikusgarritasun lesbikoaren eguna dugu gaur. Oraindik orain, lantokietan ere badago zer egina, heterosexualak ez diren bestelako hautuak ikusgarri egin eta askatasunez bizi ahal izateko.

Oraindik ere lesbiana asko lesbiana izateagatik jazartuak eta zigortuak dira. Lesbiana izateko hautua sexualitatea askatasunez bizitzeko hautu zilegia da, eta hori baino gehiago ere bai, Kapitalismo heteropatriarkalak emakumeoi inposatutako leku eta roletatik askatzen gaituen hautua da. Hori aldarrikatu egin nahi dugu.

Lesbiana izateagatik jazartuak eta zigortuak izatea oraindik orain emakume askok bizi duten egoera izan arren, sexualitatea askatasun osoz bizitzeko hautu zilegia baino gehiago dela aldarrikatu nahi dugu.

-Familiak instituzio izaten jarraitzen du, funtsezkoa, egungo produkzio eta erreprodukzio sistema betikotzeko?

Bikote heterosexualean oinarritzen den familia nuklearrak egiten du posible sexuaren araberako lan banaketa.

Garaiak aldatu ahala familiaren iruditegia ere asko aldatu da, baina familiaren instituzioak bere horretan jarraitzen du, gizon eta emakumeen arteko rol banaketak bere horretan jarraitzen du eta emakumeok lan merkatura inkorporatu garenean ere ez da egoera aldatu, kontrakoa, zaintza lanen zama eta lan merkatuan egiten dugun lana, biekin bete zaigu motxila.

-Sistemak ezartzen duen marko horretatik kanpo bizitzeak zer dakar?

Heteroarauetatik kanpo heterosexualitatea ez den beste hautu bat egitea ezarritako familia eredua ez den bestelako forma eta formulak bilatzea da, elkarbizitzarako sistemak auzitan jarri eta birpentsatzea. Hori guztia da lesbiana izatea.

-Badago oraindik zer aldarrikatu.

Apirilaren 26a guztion sexu askatasuna aldarrikatzeko eguna da. Lesbiana denak bere hautua askatasun osoz bizitzeko eskubidea duela aldarrikatzen dugu LABetik, eta areago, lesbiana izatearen hautuak duen balio eta garrantzi politikoa ikusgarri egiteko eguna ere bada sindikatuarentzat.

-Lantokietan ere jendartean ematen diren egoerak erreproduzitzen dira.

Indarkeria matxista presente dago lantokietan, egiturazkoa da lan munduan, eta gainera, lantokiak indarkerien kontrako politika eta estrategietatik kanpo geratzen dira askotan.

Gaur, bihar, etzi,… ozen salatu eta borrokatzen jarraituko dugu indarkeria matxista dela lesbianen kontrako indarkeria eta lantokietan aske izateko neurri zehatzak eta politika eraginkorrak behar direla.

Aldarrikapen zehatzak egiten ditu LABek.

Aldarrikapenak egin eta konpromisoak hartu. Lehena, lesbiana izateagatik ez dugula ez zigorrik ez diskriminaziorik onartuko. Indarkeria matxistaren kontrako protokoloetan, estrategietan, neurrietan espreski landu beharreko errealitatea da.

Bigarrenik, diskurtso eta politika publiko eraginkorrak eskatzen ditugu sexu askatasuna lantokietan bermatzeko. Neurri zehatzak behar dira, zigortuak diren enpresak edota protokolorik ez dutenak kontratu publikoetatik kanpo uztea etab. Auzia agenda politiko eta laboralean txertatu behar da, lesbiana izateagatik jazarpena eta diskriminazioa ematen dela bistaratu eta arrazoietara jo.

Azkenik, eta konpromisoei dagokienean, lantokietan aske izan eta aritzeko borroka lan munduan zabaltzeko konpromisoa hartzen dugu. Gure ordezkari sindikalen agendetan dagokion tokia izan behar du, lesbiana dela esan nahi duen orori babesa bermatu, beretzat gorde nahi duenari errespetua adierazi eta diskurtso feministan guzti-guztientzat aitortza jaso. Lesbiana izatea sistema kapitalistari ezetz esateko modu bat da eta horrela defendatuko dugu.

LABek ohartarazi du Osakidetzako biltegien sarea desegiten saiatuko dela Sagardui eta horrek ehunka lanpostu publiko suntsituko dituela

EAJk Osasun Kontseilaritzaren eta Osakidetzako zuzendaritzaren laguntzaz aurrera daraman pribatizazio estrategiaren baitan eman asmo duten hurrengo urratsa Osakidetzako biltegiak desegitea da

Sagarduik aurrekaririk gabeko erasoa egiten dio osasungintza publikoari. Hala, desegiteko planen garapenaren baitan begiz jotako hurrengo helburua ospitaleentzako horniduren kudeaketa izango litzateke. Hornidurok kudeatzeko zentro logistiko baten sorrerak mahai gainean jarri du sare osoko biltegien desegitea.

Zeregin horien desegiteak ehunka langile publikori eragingo lieke, eta langile guztien erantzun irmoa behar du. Kontseilaritzak osasun publikoa begiz jota duten enpresekin duen harremana ez da duina bere funtzioak egikaritzen diharduen kargu publikodun pertsona batentzat.

Sagarduik herritarrak engainatzen ditu publikoki Osakidetzan pribatizaziorik ez dagoela errepikatzera azaltzen den bakoitzean. LAB sindikatuak azken urtean zerbitzuen pribatizazioetarako bideratutako 180 milioi euro geldiarazi ditu guztira, pleguen idazketan egondako irregulartasunak tarteko. Honako zerbitzu hauei lotutako pleguak daude tartean: joskintzari, elektro-medikuntzari, mantentze-lanei, informatikari, eta abar. Horrez gain, urteak daramatzagu lehen arretarekiko erasoaren atzean dagoen pribatizazioranzko joera salatzen.

Iurretan egin nahi den logistika gunea Osakidetzaren aspaldiko asmoa da, zeinak EAJren osasungintza ereduak bazterrekotzat jotzen dituen profil profesional guztiak desegitea baitu helburu. Urteak daramatzate mantentze-lanen zerbitzuak, osasungintzako garraioa, sukaldeak, garbiketa, informatika eta bestelako zerbitzuak jazartzen. Horrez gain, osasungintzari hertsiki lotutako zerbitzuei ere eragiten die joera honek, larrialdizko gaueko etxez etxeko arretari eta diagnostiko erradiologikoko probei, kasurako, baita ospitale pribatuekin egiten diren bestelako deribazio eta itunak ere.

Erosketak bateratzeko aitzakiarekin biltegi zerbitzuei azken kolpea eman nahi diete, beste behin ere osasungintzaren pastelaren zati bat EAJri lotutako botere ekonomikoen eskutik doazen eta osasungintza publikoa mehatxatzen duten enpresa sateliteei salduta.

Osakidetzak beharrezko azalpen guztiak eman behar ditu, eta obskurantismoa eta inposaketa alboratu bere lan -moldeetan. Hala, herritarrei proiektua bere horretan azaldu behar die.

LAB beharrezko salaketa ekintzak proposatzen hasiko da, Osakidetzan zerbitzua ematen dutenen lanpostu publikoak defendatzen jarraitzeko eta kontseilaritzaren planak geldiarazteko. Kasu honetan, biltegietan lan egiten duten pertsonen gain dagoen pribatizazio mehatxuari jarriko zaio arreta berezia.

Hezkuntza Lege-aurreproiektuan LABen ekarpen batzuk onartu ostean, legea hobetzeko eragiten jarraituko dugu

EAEn hezkuntza lege berri bat egiteko prozesua martxan jarri zenean, LABek prozesuan eta legean eragin eta hezkuntza eraldatzeko aukera hori baliatzeko apustua egin zuen, jakinda borroka eta presio biderik gabe ezinezkoa izango zela Euskal Eskola Publiko Komunitariorako bidea egitea. Hau da, presiorik gabe nekez lor daitekeela sare publiko bakar deszentralizatu eta burujabean antolaturiko hezkuntza sistemak behar dituen eraldaketa horiek aurrera ateratzea.

LABek hasieratik esan izan du Hezkuntza Lege batek, ezinbestez, eremu politikoan egin beharreko akordioez gain, eremu sindikal eta sozialarekin ere adostasunak eskatzen dituela. Horretarako, LABek eskatu izan duen Mahai Sindikala eratuko da datozen egunetan. Mahai sindikal horretan langileen lan baldintzak eta hezkuntza eraldatzeko beharrezkoak diren edukiak landu behar direla uste dugu.

Hezkuntza Sailarekin izaniko elkarrizketek eman dute beren fruitua. Hezkuntza legea garatzeko, langile guztiak, hau da, langile publikoak (haurreskoletakoak, heziketa berezikoak, sukalde eta garbiketakoak zein irakasleak), itundutako eremuan ari diren ikastoletako eta gizarte ekimeneko ikastetxeetako langileak zein azpikontrataturiko langileak aintzat hartuko dituen akordio laboralerako oinarriak jartzea lortu dugu.

LABek adostu dituen oinarri hauek gainerako sindikatuekin batera mahai sindikalean landu, sakondu eta zabaldu nahi ditugu, ondoren, dagokion negoziazio-mahai bakoitzean garapena izango dutelarik.

Zentzu horretan, mobilizazio eta grebak egiteaz gain, ekarpenak egin genizkion irailean publiko egin zen lege-aurreproiektu zirriborroari. Eta gaur publiko egin den behin-betiko hezkuntza lege aurreproiektua aztertuta, LABek egindako ekarpen batzuk jaso ditu testuak:

  • Funts publikoak jasoko dituzten ikastetxeei ezarri beharreko betekizunak zehaztu dira.
  • Doakotasuna bermatzeko, hau da, kuotak ez kobratzea kontrolatzeko, administrazio-unitatea sortzea.
  • Doktrinamendurik eza legez jaso da funts publikoak jasotzen dituzten ikastetxeetan.
  • Udal Hezkuntza Kontseiluek izan beharreko funtzioak gehitu dira, besteak beste, honako gaiei buruzko aholkuak emango dituzte: ikasleen banaketa orekatuari, planifikazioak dakarren eskola-maparen egokitzapenari, ikasleak arrazoi sozioekonomikoengatik edo beste izaera batekoengatik ez bereizteari edota udal partzuergoak sortzeko aukerei buruzkoak.
  • Titularitate pribatuko ikastetxeen publifikazio prozesuak ikastetxeekin adostasunez egingo direla jaso du legeak.
  • Ikastetxeen parte-hartzeari dagokionez, irakasleez gain, gainerako langileen parte-hartzea.
  • Hizkuntza proiektuak lortzeko eta ikas-eredu orokortuan sakontzeko hezkuntzaren eskumena duen sailak eman beharreko baliabide gehigarriak jaso dira.

Badira, oraindik ere, garapen eta zehaztasun maila handiagoa eskatzen duten gaiak:

  • Euskalduntzearen atalean, hizkuntza ereduak gainditu eta euskararen ikas-eredu orokortu eta inklusiboa progresiboki ezartzeko planifikazioa.
  • Eskola publikoa erdigunean jartzeko neurriak, bereziki planifikazioari loturikoak.
  • Inklusioaren aldeko eta segregazioaren kontrako neurrien inplementazioa eta araubideen berrikusketa, hauek kohesio soziala izanik printzipio nagusitzat. Eskola-segregazioaren kontra egingo den akordioak, akordio soziala barnebiltzea.

Ereduari loturiko beste gai batzuetan, berriz, gabeziak ikusten ditugu. Batetik, Euskal Hezkuntza Zerbitzuari dagokionez, ez dugu partekatzen Euskal Hezkuntza Zerbitzuari publiko abizena jarri izana. Gure ustez, Euskal Hezkuntza Zerbitzua ezin da amaierako geltokia izan, sare publiko, bakar eta deszentralizatu baterako, konfluentziarako tarteko eskenatokia baizik. Ildo horretan, positiboki baloratzen dugu funts publikoak jasotzeko ikastetxeen betebeharrak definitu izana. Aldiz, betebehar horiek betetzen ez direnean, ituna galtzeko aukera esplizituki jaso behar dela uste dugu.

Bestetik, Lege-aurreproiektuaren zioetan ez da jasotzen ez Euskal Herriak bere hezkuntza-sistema burujabe eta propioa eratzeko duen eskubidea, ez Euskal Herriko gainontzeko lurraldeekin egiturazko harremana izateko prestutasunik, ez eta egiturazko neurritzat Euskal Herriko ondare linguistiko, kultural eta soziala aintzat hartzen duen Euskal Curriculuma eratzeko prozesurik ere.

Hezkuntza eraldatzeko lege on baten aukera parez pare irekia dago eta jarraituko dugu hori lortzeko eragiten. Hori guztia esanda, datozen egunotan hezkuntza lege-aurreproiektuaren balorazio sakonago bat plazaratuko du sindikatuak.