2026-05-01
Blog Page 225

EAEko Gizarte Ekimeneko ikastetxeetako aste honetako bigarren greba egunak ere jarraipena zabala izan du

Patronal nagusiak elkarrizketaren alde egiten duela dioen arren, ez da sindikatuokin harremanetan jarri ere egin azken zortzi hilabetetan.

Gaurkoa, EAEko Gizarte Ekimeneko ikastetxeetako langileek lan hitzarmena berritzeko helburuarekin egiten duen hirugarren greba eguna da. Lehenengoa pasa den apirilaren 25ean egin zuten eta bigarrena atzo, urriaren 17an. Gaurko grebak ere oso jarraipen zabala izan du, atzokoaren oso antzekoa. Langileen ia %70 ingururen babesa izan du beraz. Milaka izan dira Gasteizen egin den manifestaziora gerturatu direnak.

Bihar ere greba egingo dute, eta manifestazioa Donostian, 11:00etan Aldapeta Maria ikastetxetik abiatuta. Gainera, abenduaren 11tik 15era bitarte beste bost eguneko greba deialdia dago erregistratua. Sektore honetan nagusi den Kristau Eskola patronalak elkarrizketaren eta negoziazioaren alde egiten duela adierazi du atzo argitaratuta prentsa ohar baten bidez.

Azken negoziazio mahaia orain dela zortzi hilabete baino gehiago izan genuen ordea, eta apirilaren 25ean lehen greba eguna egin genuenetik urriko grebetara bost hilabete baino gehiago pasa dira. Eta denbora guzti honetan mahaian ordezkaritza duten Kristau Eskola eta AICE-IZEI patronalak ez dira sindikatuokin harremanetan jarri ere egin.

Ikasturtea hastearekin bat LAB, ELA, STEILAS, CCOO eta UGT sindikatuok, Kristau Eskola eta AICE-IZEA patronalei negoziaketa eskaera berri bat ere helarazi diegu; eta Eusko Jaurlaritzari ere bilera eskaera bat luzatu, negoziaketaren blokeo egoeraren berri emateko. Ez dugu ez bata ez bestearen erantzunik jaso gaur gaurkoz.

Sindikatuon helburua 2021etik iraungita dagoen hitzarmena lehenbailehen berritzea da. Ez genuke aurreko hitzarmena lortzeko beharrezkoak izan ziren 29 greba egun luze barnebildu zituen dinamika errepikatu nahi.

Aurreko hitzarmenaren aldeko prozesuan argi geratu zen edukiak daudenean adostasunak lortzen direla. Sindikatu eta patronal nagusi berdinen artean posible izan zen orduan.

Hau horrela, sindikatuok Kristau Eskola eta AICE-IZEA patronalei negoziazio erreala ahalbidetuko duten edukiak mahai gainean jartzeko eskatzen diegu. Hitzarmena berritzea posible egingo duten proposamenak landu eta mahai gaineratzeko ere bai.

9.000 langile inguru dira grebara deituak. 200 ikastetxe baino gehiagotan 130.000 ikasle ingururi eskolak ematen dizkiotenak. Aldarrikapen nagusiak lan zamak arintzeko neurrietan, sektore feminizatu eta prekarizatuenentzat hobekuntzetan, KPIa bermatuko duten soldata igoeretan, lanpostuak mantentzeko neurrietan eta Lanbide Heziketako edukietan oinarritzen dira. Euskara eta berdintasun planak, eta lan osasuna eta bereziki arrisku psikosozialei aurre egiteko planak ere badaude gure aldarrikapenen artean.

Osasunbideko akordioa bete dadila exijitzen dugu

Urte hasieran izandako grebaren ondoren, Nafarroako Osasun Departamentuarekin akordio batera iritsi zen LAB sindikatua lanbide karreraren, esklusibotasunaren eta Lehen Arretaren arloetan zenbait hobekuntza aurrera eramateko. Laster Mahai Sektoriala deituko dutela aurreikusita, LABek exijitzen du bilera horretan berehala ekin diezaiotela akordioa betetzeari eta gai horiek garatzen aurrera egin dadila.

Besteak beste, Departamentuak konpromisoa hartu zuen lanbide karrera Osasunbideko langile guztiei zabaltzeko prozedura bat hasteko eta horretarako behar diren aurrekontu baliabideak eta arau esparrua onartzeko.

Esklusibotasunari dagokionez, akordioan adostutakoa betetzeko konpromiso argia eskatzen du LABek. Izan ere, sindikatu honek hainbatetan salatu izan du badirela pertsonak esklusibotasuna kobratu arren sektore pribatuan ere lan egiten dutenak, baina Departamentuak ez die oraindik salaketa horiei erantzun egokirik eman.

Azkenik, LABek eskatzen du Lehen Arretan eta Arreta Espezializatuan dagoen lan gainkargari heltzeko lantaldeei buruz hitz egitea mahaian.

LAB talde parlamentarioekin bilerak egiten ari da bere jarrera azaltzeko, osasun publikoa blindatzea beste helbururik ez duela, lan baldintza onekin Nafarroako herritar guztiei kalitatezko zerbitzua eskaintzeko.

Gasteizko Michelineko enpresa-batzordeak lantokiartekotik ateratzeko eskatuko du

Gaur, 2023ko urriaren 17an, enpresa-batzordeak ezohiko bilera bat egin du lantokiarteko batzordearen irteerari buruzko erreferendum loteslearen emaitza aztertzeko. Horrela, batzordeak langileen erabakia bermatu du.

Hala eta guztiz ere, LABen oso larria iruditzen zaigu atal sindikal batzuk abstenitu izana, edota ezezkoa bozkatu izana lantegiartekotik irteteari. Zehazki, LAB, CGT, ELA, ESK, CCOO eta CCM sindikatuek eman dute aldeko botoa. UGT abstenitu egin da, eta CSIFek aurka bozkatu du. LABen ustez, emaitza posible bakarra bozketa aho batez onartzea izan behar zen, horretara konprometitu baitziren guztiak. Horrenbestez, irailaren 27an izandako bileran, zeinetan sindikatu guztiak ordezkatuta egon baitziren, aho batez erabaki zen bai data, bai galdera, baita erreferendumaren izaera loteslea ere. Hala, tamalgarria da orain, behin emaitza ezagututa, sindikatu batzuk beste batzuei erasotzen aritzea, aitzakiak bilatzen eta adostutakoa bihurritzen, plantillaren borondatea ez betetzeko.

Urrunago joan gabe, CSIFek ohar bat igorri du, bere sindikatuak ere erreferenduma egitea onartu zuela alde batera utzita. Sindikatu batzuentzat, erreferendumaren “lotesle” hitzak erreferendumaren emaitzarekin lotzen dituela kritikatu du idatzi horretan. Zer espero zuten? Haiek azaldu beharko dute zergatik onartzen duten erreferendum bat egitea, eta gero, emaitza gustuko ez dutenean, bertatik aldentzea. Gainera, Arandan eta Valladoliden kontuan har dezaten ohartarazpen bat egiten du CSIFek bere oharrean; bururatu ere ez egiteko langileei beren iritzia galdetzea.

Bestalde, UGTren jarrera ere gaitzesten dugu, erreferendumaren bezperetatik zalantzak sortzen hasi baitzen haiek lotesletzat jotzen zutenari buruz, lantokiarteko batzordea tartean sartu baitzuen erabakian, etab. Horrek esan nahi du ez dutela babestuko Gasteizko lantegia lantokien artekotik irtetea?

Horregatik, LABen ustez, aurkako botoa eman dutenek beren postuetatik dimititu beharko lukete plantilaren ordezkari gisa. Izan ere, badirudi ahaztu egiten zaiela ez dituztela “berenak” bakarrik ordezkatzen. Bestela, haien sinesgarritasuna lokatzaren parean geratuko da; izan ere, zer espero daiteke kontsulta bat onartu eta gero kontsulta horren emaitza onartuko ez badu?

LABen zentroartekotik ateratzeko urratsak ematen jarraituko dugu, plantilak adierazi duen bezala. Espero dugu lantokiarteko batzordean ordezkaritza duten sindikatuek emaitza errespetatzea, eta Gasteizen irtetearen aurka agertu ez direnak ez saiatzea, modu koldarrean, beste esparru batean hori egiten, beren erantzukizunak beren gain ez hartzearren.

Hemen ez da ezer amaitzen, kontrakoa baizik: orain hasten da dena.

CETEST enpresan lan-baldintzak erregulariza daitezela exigitu dugu

Lan-egoera arautzeko eskaria egiteagatik kaleratua izan zen azpikontratatutako langileari babesa adierazi eta egoera larri hau berriz ez gertatzeko helburuarekin elkartu gara gaur Beasainen eskualdeko delegatuak.

NEREALOR enpresa azpikontratatuaren bidez urtebetez lan egin ondoren, CETEST lantegiko langile bat kaleratu dute. Horretarako arrazoia izan da CETESTekin zuzenean kontratua egiteko eskaria egin zuela langile horrek.

Pertsona horrek egoera arautzeko egin zuen eskaera, enpresarekin Mexikora programatuta zeukan bidaia baino bost ordu lehenago Jerusalemera joateko eman zioten aginduaren ondorioz etorri zen. Hau da, langile honi azken momentuan munduaren beste puntara joateko agindua eman zioten, eta hori egiteko bere lan egoera erregulatzea eskatu zuenean, kaleratua izan zen.

NEREALOR eta ALTRAN bezalako enpresak ohiko azpikontratak dira CAFeko ingeniaritza-lanetan, baina, aldi berean, konplizeak ere badira taldearen filialetan lana prekarizatzeko. Horregatik, CAFekin batera, egoera hauen erantzuletzat jotzen ditugu.

Hala, kaleratutako langilea berehala lanera itzultzea eskatu dugu, baita langileen legez kanpoko lagapen gisa iruzurrezko kontratazioak amaitzea ere. Dirudienez, LABen salaketaren ondoren, enpresak egoera horretan zeuden hamalau langile sartu ditu jada bere plantillan.

Horrez gain, nabarmendu dugu CETESTeko lan-erregulazioa antolatu behar dela, eta hori behartzeko bide bakarra langileen antolaketa dela.

Langileen %70aren babesa izan du EAEko Gizarte Ekimeneko ikastetxeetako gaurko grebak

Apirilaren 25ekoak izandako jarraipena gainditu du gaurkoak. Honek agerian uzten du langileriaren kezka eta arazoak errealak direla. Biharko eta etzirako eta abenduak 11 eta 15 bitarte ere grebak daude deituta esparru honetan.

Gizarte Ekimeneko itunpeko ikastetxeetako 9.000 langile inguru zauden gaurko grebara deituak. 200 ikastetxe baino gehiagotan 130.000 ikasle ingururi ematen dizkiete eskolak.

Greba egunak oso jarraipen zabala izan du; apirilaren 25ekoak izandako jarraipena gainditu du. Lan zuzendaritzak gehiegizko zerbitzu minimoak ezarri dituen arren, sindikatuok batu ahal izan ditugun datuen arabera %70 ingurukoa izan da jarraipena. Bilboko manifestazioan 5.000 langile inguru batu dira. Honek, egindako aldarrikapenekiko langileen atxikimendua erakusten du. Baita beraien kezka eta arazoak errealak direla ere.

Helburua 2021ko abendutik iraungita dagoen hitzarmena lehenbailehen berritzea da. Aurreko Hitzarmena 10 urtez berritu gabe egon zen eta 29 greba egun egin behar izan zituzten langileek hitzarmen berria lortzeko.

Ikasturtea hastearekin bat LAB, ELA, STEILAS, CCOO eta UGT sindikatuok, Kristau Eskola eta AICE-IZEA patronalei negoziaketa eskaera helarazi genien; eta Eusko Jaurlaritzari ere bilera eskaera bat luzatu, negoziaketaren blokeo egoeraren berri emateko. Ez dugu ez bata ez bestearen erantzunik jaso gaur gaurkoz.

Sindikatuok gogorarazi dugu abian jarri dugu mobilizazio dinamikaren barruan beste zazpi greba egun deituak ditugula, zehazki bihar eta etzirako eta abenduaren 11 eta 15 bitarterako. Hitzarmen berria sinatzea ahalbideratuko duten edukiak izan ezean, greba hauekin jarraitu eta dinamika indartu beste biderik ez dugula izango jakinarazi diegu patronalei.

Aldarrikapen nagusiak lan zamak arintzeko neurrietan, sektore feminizatu eta prekarizatuenentzat hobekuntzetan, KPIa bermatuko duten soldata igoeretan, lanpostuak mantentzeko neurrietan eta Lanbide Heziketako edukietan oinarritzen dira. Euskara planak, berdintasun planak eta lan osasuna eta bereziki arrisku psikosozialen aurreko planak ere jomugan ditugu sindikatuok.

Okupazioari ez, Palestina libre!

LAB sindikatuak, CCOO Euskadi, CCOO Nafarroa, LKN-CGT, EHNE, ESK, Etxalde, HIRU, eta Steilasekin batera, palestinar herriari babesa adierazi eta suntsiketa amaitzeko eskatzen duen manifestua osatu du, hilaren 19rako elkarretaratzeak deitzearekin batera. Jarraian irakur daiteke manifestua osorik:

“Joan den larunbatetik hona, indarkeriak gora egin du lehendik gerra egoera etengabean murgilduta zegoen Palestinako lurraldean. Israelgo Estatu Sionistak Palestinaren aurkako erabateko gerra deklaratu izanak Gaza erabat suntsitzea, gerra-krimen kontaezinak, langile palestinarren hilketak (baita Israelgo estatuaren baitan ere) eta gizateriaren aurkako hamaika urraketa dakartza.

Indarkeriaren zurrunbiloa ez da gauza berria Palestinan, eta azken 75 urteetan, bere lurraldearen kolonizazioaren eta bere herritarrei apartheid sistema inposatzearen ondorioz, etengabekoa izan da. Gatazkaren zifrek bere horretan hitz egiten dute: 5,9 milioi Palestinar errefuxiatu bizi baldintza ankerretara eta erbestera kondenatuak, 5.000 preso politiko baino behiago, horietarik ehunka haurrak direlarik, de facto zeru zabaleko kontzentrazio eremu handiena den Gazaren kontrako 16 urtetako blokeoa eta bonbardaketa etengabeak, langile palestinarrentzat checkpoint gizagabeak eta lan baldintza prekarioak nahiz esplotazio orokorra, palestinarren lurren lapurreta, eguneroko razziak palestinarren etxeetan, emakume palestinarren bortxaketak nahiz haurren kontrako jazarpenak, eta herri oso baten umiliazioa. Hau da gerra espirala etengabe elikatzeak dakarren errealitate gordina.

Palestinak elkartasuna behar du, baina batez ere konponbideak behar ditu. Ezin dugu Palestina bakarrik utzi. Palestinako herriak amesteko, bere etorkizuna erabakitzeko, aske izateko eta duintasunez bizitzeko eskubidea du. Horregatik da hain garrantzitsua denbora gehiegi irauten ari den gatazkari konponbidea bilatzea. Zentzu honetan, ireki daitezkeen bide diplomatikoek lehenengo pausu bezala Palestinarren genozidioarekin bukatzea eta bahitutako pertsonen askatasuna lortzea behar-beharrezkoa da.

Horregatik, sindikatuok Israeli bere hondamendi politika eta Palestinarren lurren okupazioari behingoagatik bukaera ematea exijitzen dugu. Baldintza honetatik abiatuta, nazioarteko komunitatearen babesarekin elkarrizketa eta negozio bati bide ematea eskatzen dugu, Nazio Batuen ebazpenen errespetuan oinarrituko dena, eskualdean bakea eta egonkortasuna bermatuko duen irtenbide integral bat bermatuko duena eta Palestinar estatu baten zilegitasuna aitortuko duena, zeinak palestinarren bizitza duin baterako eskubidea bermatuko duen.

Ankerkeria honekin bukatu beharra dago, eta hortaz giza eskubideen urraketekiko konplizitate oro desagertzea eskatzen dugu. Langile klaseari Israel presionatzeko eskura dituen mekanismoak aktibatzea eskatzen diegu, Nazio Batuen ebazpenak onartu ditzan eta eskualdean bake nahiz egonkortasun agertokia lortu dadin.

Horrez gain, erakundeei apartheidarekin, gizateriaren kontrako krimenekin eta Palestinak pairatzen duen genozidioarekin konplizeak izateari utz diezaiotela exijitzen diegu.

Bukatzeko, manifestu hau sinatzen dugun sindikatuok, langile klasea deitzen dugu ostegun honetan, urriaren 19an, eguerdiko 12:30ean Iruñeko Udaletxe Plazan eta 12:00etan Bilboko Eliptika Plazan egingo ditugun elkarretaratzeetan eta hemendik aurrera parametro hauetan eta palestinar herriarekin elkartasunez deitu daitezkeen mobilizazioetan parte hartzera.”

Lan harremanetarako eta babes sozialerako esparru propioa eratzeko urratsak eskatu dizkiogu EAJri

Espainiako gobernuko inbestidura eta legegintzaldiko negoziazioetan aintzat hartu beharreko Agenda Soziolaborala aurkeztu dio LABek gaur EAJri, euskal langileok, bertan inolako esku hartzerik gabe soldata eta bizi baldintzak negoziatzeko eta erabaki ahal izateko dugun eskubidea bermatu dadin. Duela egun batzuk proposamen bera aurkeztu zion sindikatuak EH Bilduri.

Jarraian ikus daiteke LABek bileran aurkeztutako txostena: LABen ekarpena aldaketa sozial eta politikoari.

EAJri bertako negoziazio kolektiboa blindatu eta pentsio sistema propiorantz urratsak emateko eskatu dio LABek. Funtzio Publikoan bi greba egun deituak daude eta bertako langileen soldatak eta lan baldintzak hemen erabaki ahal izatea lehentasunen artean kokatu dute sindikatuko ordezkariek bilkuran. Aldi berean, adierazi dute autogobernua defendatzen duen alderdi zein Gobernu batentzat espainiar Estatutik eratorritako mugak ez liratekeela aitzakia izan behar langile publikoen aldarrikapenei bizkar emateko. Zentzu horretan, eskaera zuzenean egin dio LABek EAJri, urriaren 25erako eta Abenduaren 19rako deituak dauden greben aldarrikapenei bide eman diezaien, borondate politiko kontua baita.

Hala Hego Euskal Herrian nola Estatu mailan dagoen eskenatoki politikoa hizpide izan dute LABek eta EAJk gaur Bilbon egin duten bileran. Sindikatuaren ordezkaritzaren buru Garbiñe Aranburu koordinatzaile orokorra izan da; alderdi jeltzalearena, berriz, Andoni Ortuzar.

Euskal Herritik Euskal Herrira sortu behar da lan harreman eta babes sozialeko eredu berri bat, langile jendeari lan eta bizi baldintza duinak bermatuko dizkiena. Eta ibilbide hori garatu ahal izateko, Estatuak jarritako mugak gainditzeko lan egin beharra dago Madrilen. Ikuspegi horretatik, LABek bi lehentasun nagusi jarri ditu mahai gainean.

Lehena, Espainiako Langile Estatutua ordezkatuko lukeen Euskal Lan Kodea garatzea, lan harremanen estatalizazioarekin amaitu eta bertako negoziazio kolektiborako esparrua blindatzeko premiari erantzun ahal izateko. Horretarako, herrialde eta komunitate autonomo mailako hitzarmenen lehentasuna bermatu beharra dago Estatukoen gainetik, 2012an Zapateroren Gobernuak egindako lege aldaketa bertan behera utziz. EAE mailan eragile guztiok bat gatoz horretan, sindikatuek eta Patronalak sinatutako lanbide arteko akordioak erakusten duenez. Euskal Herrian negoziatu eta adosten dena errespetatzea da gakoa.

Estatutik ezartzen diren mugak gainditzeko Madrilen eragitearekin batera, Estatuan lortu ezin dena Euskal Herrian posible egin behar dela adierazi du LABek, eta gogoratu, langileen aldarrikapenei erantzun egokia emateko borondate politikoa besterik ez dela behar. Eta borondate hori bera eskatu du Funtzio Publikoko langileen egoera aldatzeko. 2008 ostean zerbitzu publikoen garapenari ezarritako mugak kentzeko beharra adierazi dio LABek EAJri, eta horrekin batera, langile publikoen soldata edota erreposizio tasak Estatuko Aurrekontuen bidez arautuak ez izatea beharrezkotzat jo du sindikatuak. Bestela esanda, Funtzio Publikoa arautzeko eskumena EAEn izatea eskatzen du LABek eta horrela helarazi dio EAJri. EAEko Funtzio Publikoan bi greba egun deituak daude, zerbitzu publikoen gainbehera salatu eta langile publikoen soldata eta lan baldintzak hobetzeko.

Funtzio publikoko langileez gain beste hainbat kolektiboren egoera ere hizpide izan dute: etxeko langileei nahiz banaketa lanetan “rider” gisa diharduten langileei negoziazio kolektiborako eskubidea bermatu eta komunitate autonomo mailako hitzarmenak ahalbidetzeak duen garrantziari azpimarra egin dio sindikatuak.

Beste lehentasunari dagokionez, EAEko Estatutuan aurreikusita dagoen (eta Nafarroa Garairako ere aldarrikatzen dugun) gizarte segurantzaren kudeaketaren transferentzia eta 1.080 euroko gutxieneko pentsioa bermatuko duen sistema publiko osagarri bat sortzeko aukera aldarrikatu du LABek. Horren bidez milaka pentsiodunen bizi baldintzak hobetzeaz gain, etorkizuneko Euskal Gizarte Segurantza sortzeko oinarrizko kanpalekua ezar daiteke.

CAFen enpresa batzordeak amiantoaren inguruan zuzendaritzak erakutsitako erantzunkizun eza salatzen du

Azken asteetan amianto kutsatzeak ekarri duen ziurgabetasunaren ondoren, CAF Beasaingo 4. Dibisioko akabera nabeetako ehunka langile lanera itzuliko dira aste honetan.

Enpresa-batzordearen arabera, zuzendaritzak erakutsitako erantzukizunik ezak eta ekoizpena langileen osasunaren aurretik lehenesteak markatu dute prozesu osoa. Sindikatuen presioa funtsezkoa izan da berriro langileen osasuna babesteko, baita hasieratik erreflexu falta nabaria erakutsi duen administrazio pasibo baten aurrean ere.

Hala ere, langileen ordezkariek ez dute gaia amaitutzat ematen, oraindik erantzukizunak argitu gabe daudelako eta amiantoaren eraginpean egon daitezkeen zerrenda berriak zehaztu gabe daudelako. Horrez gain, kutsadura hori jasan duten eta lanpostura joan ezin izan duten langileek soldataren zati bat galdu dute.

Egoera honen aurrean, prentsaurrekoa egingo dute urriaren 19an, 11:00etan, CAFeko Beasaingo bitegi nagusiko sarreran (Beasain-Lazkao arteko errepidea, N1eko zubi azpian). Bertan, manifestaldi baten ondoren, egoera hau jasan duten langileek ere parte hartuko dute.

Elorritxueta-Vivero adingabeen zentroa ixteko arrazoiak ez dira bidezkoak

15 egun dira zentroko ateak itxi zituztela. Eta gaur, urriak 16, Emankor taldearen parte den Landalaneko 19 hezitzaileren kaleratzea gauzatu da. Kaleratuak izan diren langileak ez dira geldirik egon egun hauetan, eta hainbat bilera egin dituzte egoera argitu nahian.

Batetik, kontsultaldiaren epea bukatu da eta bertan Landalanek adierazi du zentroa ixtearen arrazoia Inoren kargura Ez dauden Adingabeen etorrera jaistea dela. Bada, LABek eta ELAk hori horrela ez dela argudiatu dugu; izan ere, gainerako zentroen okupazioa gainezka dago, eta langileek azken urteotan egiaztatu dute udazkena adin txikikoen joan-etorri handiko garaia dela.

Bestetik, Amaia Antxustegi Bizkaiko Foru Aldundiko Gizarte Ekintzako diputatuarekin elkartu dira, eta honek onartu du adingabeen sarean saturazioa dagoela. Gaineratu du Foru Aldundiak denbora behar duela alternatiba bat topatzeko, baina momentuz ezer ez duela. Hala, egoera ulertezintzat jotzen dugu.

Eta azkenik, ikuskaritzarekin elkartu dira, zeinak elkarrizketan zehar hainbat zalantza agertu dituen prozedurarekiko. Hala ere, orain txostenaren zain egon behar dira.

Beraz, argi gelditzen ari da Elorritxueta-Vivero adingabeen zentroa ixteko Emankor taldearen parte den Landalan elkarteak emandako arrazoiak ez direla nahikoa, eta 19 langile kaleratu izanak ez duela justifikaziorik.