2026-11-13
HomeEkintza SindikalaElorritxueta-Vivero adingabeen zentroa ixteko arrazoiak ez dira bidezkoak

Elorritxueta-Vivero adingabeen zentroa ixteko arrazoiak ez dira bidezkoak

15 egun dira zentroko ateak itxi zituztela. Eta gaur, urriak 16, Emankor taldearen parte den Landalaneko 19 hezitzaileren kaleratzea gauzatu da. Kaleratuak izan diren langileak ez dira geldirik egon egun hauetan, eta hainbat bilera egin dituzte egoera argitu nahian.

Batetik, kontsultaldiaren epea bukatu da eta bertan Landalanek adierazi du zentroa ixtearen arrazoia Inoren kargura Ez dauden Adingabeen etorrera jaistea dela. Bada, LABek eta ELAk hori horrela ez dela argudiatu dugu; izan ere, gainerako zentroen okupazioa gainezka dago, eta langileek azken urteotan egiaztatu dute udazkena adin txikikoen joan-etorri handiko garaia dela.

Bestetik, Amaia Antxustegi Bizkaiko Foru Aldundiko Gizarte Ekintzako diputatuarekin elkartu dira, eta honek onartu du adingabeen sarean saturazioa dagoela. Gaineratu du Foru Aldundiak denbora behar duela alternatiba bat topatzeko, baina momentuz ezer ez duela. Hala, egoera ulertezintzat jotzen dugu.

Eta azkenik, ikuskaritzarekin elkartu dira, zeinak elkarrizketan zehar hainbat zalantza agertu dituen prozedurarekiko. Hala ere, orain txostenaren zain egon behar dira.

Beraz, argi gelditzen ari da Elorritxueta-Vivero adingabeen zentroa ixteko Emankor taldearen parte den Landalan elkarteak emandako arrazoiak ez direla nahikoa, eta 19 langile kaleratu izanak ez duela justifikaziorik.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Leioako Foru Egoitzako langileak grebara doaz lankide falta eta baldintzen okertzea salatzeko

Azaroaren 16an deitu dute greba; izan ere, zuzendaritzak planteatutako langile-kopurua ez da nahikoa, lan-baldintzak okertu egin dira eta zuzendaritzak ez du zentroaren benetako beharrei erantzungo dien lanpostu-zerrenda negoziatu nahi.

Mobilizazioaren indarrak mugitzera behartu du Osakidetza, baina proposamenak oraindik ez dira nahikoa

LAB, SATSE, ELA, CCOO eta UGT sindikatuok balioetsi dugu urriaren 30eko greban profesionalek emandako erantzun irmoak Mahai Sektorialean posizioak mugitzen hastera behartu duela Osakidetzako...

Nafarroako Industria Foru Lege berriak inbertitzaile pribatuak lehenesten dituela kritikatzen dugu, baina ontzat jotzen ditugu jabetza publikoa, deslokalizazioa eta lanaldiarekiko aurrerapenak

Parlamentuak atzo onartutako Industria Foru Lege berriak inbertsio pribatua erraztera bideratuta dago, pizgarri, sinplifikazio administratibo eta kanpoko inbertitzaileak erakartzera bideratutako bestelako neurrien bidez. Hala...