2026-01-12
Blog Page 221

Enplegu Zentro Berezietako langileentzako baldintza duinak bermatzeko inplika daitezela eskatu diegu instituzioei

Jose Sanchez (Gureak Industria) eta Mar BartolomƩ (Indesa) LABeko ordezkariek Gasteizko Legebiltzarrean azaldu dituzte beren aldarrikapenak, eta kanpoaldean elkarretaratzea egin dute langileek. Izan ere, gaur egun patronalaren etekin ekonomikoak lehenesten dira mota horretako lantegietan, miseriazko lan-baldintzak nagusitzen diren bitartean.

LAB sindikatua hainbatetan mobilizatu izan da Enplegu Zentro Berezietako langileen egoera salatu eta enplegua gainerako langileen baldintza berberetan lortu ahal izatea exijitzeko asmoz.

Administrazio publikoak aniztasun funtzionala duten pertsonen esplotazioa ahalbidetzen du, eta eskulan merkea izatera bultzatzen ditu pertsona horiek. Erritmo jasangaitzetan lan egiten duten bitartean, enpresek irabaziak lortzen dituzte. Hala, errealitatean ez da betetzen Enplegu Zentro Berezien ustezko funtzioa, hau da, aniztasun funtzionala duten pertsonek beren autonomia garatzeko gunea izatea enplegu arrunta lortzeko aukera izan bitartean.

Erakundeek ez dute inolako jarraipenik egiten, eta ez dituzte kontrolatzen lan-baldintzak. Hala, diru publikoz finantzatutako enpresa horiek miseriazko lan-baldintzetara kondenatzen dituzte langileak, gutxi batzuen negozioaren mesedetan. Izan ere, patronalen etekin ekonomikoei ematen zaie lehentasuna, eta ez dago, oro har, enplegu arrunterako benetako trantsiziorik.

Hori guztia dela eta, honako eskakizun hauek helarazi nahi izan dizkiegu erakunde eta alderdi politikoei:

  • Aniztasun funtzionala duten langileentzako lan-baldintza duinak bermatzeko neurri erreal eta eraginkorrak hartzea, indarrean dagoen legeria diskriminatzailea da eta.
  • Sektorerako hitzarmen kolektibo orokorra garatu eta lortzeko konpromisoa eta benetako inplikazioa.
  • Enplegu Zentro Berezien finantzaketa gehiago kontrolatzea.
  • Laneko arriskuen eta arrisku psikosozialen etengabeko ebaluazioa enpresa guztietan. Kolektibo zaurgarria izaki, ezinbestekoa da aniztasun funtzionala duten pertsonek jasaten dituzten arriskuak behar bezala ebaluatu eta horiei aurre egiteko neurri eraginkorrak ezartzea.
  • Aniztasun funtzionala duten pertsonen errealitatera benetan egokitutako prestakuntza. Hala, benetako garapena eta sustapena bermatuko duten prestakuntza-planak beharrezkoak dira.

Zuzendaritzak aldebakarrez erabakitako murrizketen gainetik, Euskadi Irratian informazioa euskaraz eta kalitatez emateko baliabideak exijitzen ditugu

Miramongo Euskadi Irratiko Langile Batzordeak eta Euskadi Irratiko Erredakzio Kontseiluak Euskadi Irratiaren udako programazioan murrizketak egiteko zuzendaritzaren erabakia eta erabilitako irizpideak gaitzesten ditu.

Zuzendaritzak aurrekaririk gabeko erabakiak hartu ditu, alde bakarrez. Besteak beste:
• Uztailaren 3tik irailaren 3ra, Euskadi Irratiak ez du gaueko albiste emankizunik eskainiko, 01:00-04:00 bitartean.
• Astegunetan, 14:00etako eta 19:00etako albistegien iraupena murriztuko da eta baita asteburuko albistegien iraupena ere.
• Eguerdiko kultura albistegiaren bigarren emisioa eskainiko da arratsaldez (berremisioa).

Zuzendaritzak plantillaren kontratazio-mugei eta erredakzioko barne-antolaketari egotzi die programazio-murrizketa.

Hori horrela, Langile Batzordeak eta Erredakzio Kontseiluak adierazi nahi dute:
• Gaueko albistegi laburrei dagokienez, nabarmendu nahi dugu Euskadi Irratiaren trinkotzean eta euskararen normalizazioan ezinbesteko urratsa izan zela, duela lau hamarkada, euskal gizarteari 24 orduko euskarazko informazio-zerbitzua eskaintzea.
• Irrati publiko, jeneralista eta euskaldun bakarra garen heinean, nahitaez behar dugu orduz orduko informazio-zerbitzua ━baita gauez ere━, eta zuzendaritzaren erabakiak helburu horretan atzera egitea dakar.
• Erredakzioaren barne-funtzionamenduan oinarrizko egitekoa dute albiste emankizun laburrek eta neurriak etena dakar informazioaren katean zein lan produkzioan, batez ere asteburuetan.
• Hartutako erabaki horiek beste urrats bat dira azken urteetan irratiak jasan duen murrizketen eta zeregin-aldaketen bidean. Eta deigarria da eskaintzaren prekarizazioak bat egitea inoiz lortutako audientzia-emaitzarik onenekin.
• 40 urteko eskarmentuak erakutsi digu behin galtzen duguna ez dela sekula berreskuratzen.

Ondorioz, Miramongo Euskadi Irratiko Langile Batzordeak eta Euskadi Irratiko Erredakzio Kontseiluak zuzendaritzari zein EITBren Administrazio Kontseiluari 24 orduko informazio-zerbitzuari eustea eskatzen dio, zein beste edozein programazio ez murrizteko behar den plantilla bermatzea. Oinarrizko zerbitzuari eutsi eta hura handitzea bateragarria da Euskadi Irratiak dituen eginkizun, erronka eta birmoldatze-premia berriekin.

Langileek mobilizazioa egin dute Portugaleteko Udalaren aurrean, bilera egitea eskatuz

Portugaleteko Udalaren aurrean kontzentrazioa egin dute gaur bertako langileek, Komitea eta Langileen Batzordeak deituta. Mobilizazio honekin, negoziazio mahaia deitzea, egonkortze prozesuen inguruko informazioa (ezarpena, epeak…), ordezkapenak betearaztea eta kategoria guztietako lan-poltsak sortzea eskatu diote Udalari.

Langileek salatzen dute Komitea eta Langileen Batzorde berriak osatu zirenetik Udalak ez dituela bilera bakar batere ere deitu. Euren ustez, kontraste teknikoko edo informazio bilerak izatea lagungarria izango zen jarrerak hurbildu eta bizi duten erabateko informazio gabezia gainditzeko.

Nabarmendu dute sail askotan langilerik ez egoteak eta hainbat arrazoirengatik ordezkapenak atzeratzeak zaurgarritasun bereziko egoerak sortzen dituela langileen artean, gainkarga eta eskubide-murrizketak eraginez. ā€œBeharrezkoa da existitzen ez diren lan-poltsa guztiak sortzea eta agortuta daudenak handitzea; horretarako, ordezkapen-zailtasun handiena dutenei lehentasuna eman behar zaieā€, gaineratu dute.

Ekainaren 14 eta 15ean, asteazken eta ostegunean, berriz mobilizatuko dira

Beste murrizketa bat Arabako osasungintza publikoan, oraingoan ere osasun mentalean

Jakin dugu Arabako ospitale psikiatrikoko arlo gerontopsikiatrikoan birmoldaketak egingo direla eta horrek lanpostuak desagertzea ekarriko duela.

Otsailaren 7an jakitera eman zen ospital horretako 43 ohe desagertu zirela, hau da, edukieraren ia laurdena. Gainera, eremuetako bat, Errehabilitazio Intentsibokoa, desagertu egin da, eta langileek ere jasan dituzte murrizketak, erizaintzako laguntzaileen kategoria izan delarik kaltetuena.

Komunikabideetan arreta mentalaren beharra areagotzen ari dela etengabe entzutea ohikoa den une honetan, eta duela bi hilabete zuzendaritzak berak aurkeztutako datuen arabera 35 urtetik beherakoetan arreta mentala %40 areagotu dela dakigun honetan, argi dago murrizketa-neurri horiek ezartzea pribatizazio-estrategiarekin baino ezin daitekeela lotu. Horixe da osasun sailak osasun mentalerako duen eskaintza bakarra: murrizketak, desegitea eta pazienteak enpresa pribatuetara bideratzea.

Ekainaren 7an, Arabako osasun mentaleko sarearen zuzendaritzak jakinarazi zuen arlo bat birmoldatuko zela, kasu honetan gerontopsikiatriakoa, eta jarduera horren ondoren, erizaintza-laguntzako hiru tekniko desagertuko direla.

Bestalde, autokontzertazioari bide emango zaiola jakinarazi zuten. Horrek esan nahi du psikiatriako profesionalek ohiko lanaldiaz harago lan egingo dutela. Osasun Mentaleko Sarea profesional gehiagoz hornitu beharrean, aparteko orduetan oinarritutako aldi baterako neurriak hartzen dituzte.

Unitate horretako paziente batzuentzat dagoeneko hasiak dira egoitza pribatuetara lekualdatzeko kudeaketak. Itxura guztien arabera, ondo antolatutako estrategia da osasun arreta mentala desegiten eta pribatizatzen jarraitzeko.

Osasun mentalaren ustezko modernizazio baten mesedetan, arreta hori pribatizatzen ari da, enpresa pribatuen eskuetan pazienteak erabateko babesgabetasunean utzi eta enplegu publikoa suntsitzearen bidez. Hori dela eta, berriro ere animatu nahi ditugu pazienteak, senideak nahiz langileak mobilizazioekin jarraitzera, EAJk eta PSEk bultzatutako osasun-politiken ardatz den pribatizazio grina geldiarazteko.

Salatu dugu BM supermerkatuetako garbitzaileek bi nomina kobratu gabe dituztela

BM kateko Nafarroako supermerkatuetan ari diren garbitzaileen egoeraz ohartarazi nahi dugu, DAI 96 enpresak bi hilabete baitaramatza haien nominak ordaindu gabe. LABek uste du BM supermerkatuek esku hartu beharko luketela eta behar diren urratsak egin beharko lituzketela langile horiek garaiz eta formaz kobratzea lor dezaten.

DAI 96 enpresak bere langileen salaketa batzuk pilatuak ditu dagoeneko, sindikatu honek jarritako salaketak, berandu eta gaizki ordaindu ohi dielako —hurrengo hilaren 15ean— eta nominak ere bidaltzen ez dizkielako. Jokabide txar horri orain gehitu zaio apirileko eta maiatzeko soldatak oraindik ordaindu gabe dituela. Langileek kobratu zuten azken nomina —hogeita hamar inguru dira Nafarroan— martxokoa izan zen, apirilaren 15ean kobratua.

DAI 96 enpresa ere salatu izan dute lan-harremanen arloan, langileei Nafarroako eraikin eta lokaletako garbiketa sektoreko hitzarmen kolektiboa aplika dakien, eta ez Bizkaikoa. Izan ere, nahiz eta enpresaren zuzendaritza-egitura Getxon dagoen, langileek Nafarroan egiten dute lan, eta ez Bizkaian.

DAI 96ren bezeroak —hau da, BM supermerkatuak— erantzukizun subsidiarioa du langile horiekin. Ondorioz, LABetik dei egiten diogu BMri neurri egokiak har ditzan, langileek egindako lanagatik dagokiena kobratu dezaten, eta, gainera, enpresa honekin duen kontratua bertan behera utz dezan, denbora eta moduetan ordainduko dien bertze batek subrogatu ditzan.

Gasteizko tranbiako lanuzteak bertan behera

Ostiral goizean eta arratsaldean egindako batzarretan, Gasteizko tranbian datorren asterako deitutako lanuzteak bertan behera uztea erabaki da.

Positiboki baloratu dira enpresaren azken eskaintza eta azken bileran azaldutako negoziatzeko jarrera. Hori dela eta, lanuzteak kentzea erabaki da, eta enpresari negoziazio-mahaia lehenbailehen deitzeko eskatu zaio, oraindik dauden desadostasunak negoziatu ahal izateko eta, horrela, gatazka alderdi guztientzat modu egokian amaitzeko.

Berriro ere, sentitzen dugu herritarrei eragindako eragozpenak, baina kalitatezko zerbitzu seguru bat bermatzeko ezinbestekoak izan dira.

Oso ontzat jotzen dugu Nafarroako zahar egoitzen negoziazioa desblokeatu izana; hurrengo bilera ekainaren 29an eginen dugu

Gaur goizean, LAB sindikatuak deituta, Nafarroako zahar egoitzen sektoreko lehen hitzarmena izanen denaren negoziazio mahaiaren bilera egin da IruƱean; bi patronalek eta gainontzeko sindikatuek hartu dute bertan. LABen oso positibotzat jo dugu gaurko bileraren emaitza, patronalak heldu den ekainaren 29rako bertze proposamen bat aurkezteko konpromisoa hartu baitu, egun horretan hurrengo bilera eginen baita.

Aurreko asteazkenean egin prentsaurrekoan informatu genuen negoziazio mahaia aldebakartasunez deitu genuela, ortzirale honetarako, hitzarmenaren edukietan aurrera egiteko asmoz eta benetako negoziazioa bulkatzeko asmoz, aurtengo urtarriletik blokeaturik baitzegoen. Helburua bete da, hau da, patronalak bertze proposamen bat egin du eta, hurrengo bilerarako, data hurbil bat ezarri da.

Zahar egoitzetako langileek urteak daramatzate hitzarmen hau eskatzen, mobilizatzen eta grebak egiten, eta gaur da eguna, beren inplikazioari eta LABek negoziazioan aurrera egiteko bulkadari esker, patronalak konpromisoa hartu duela sektoreko lehen hitzarmena lortzeko urratsak egiten joateko.

Gure aburuz, hauek dira negoziazioaren funtsezko puntu batzuk:

  • Aldi baterako ezintasunen konpentsazioa, lehen egunetik hasita: Patronalak dio sektorean absentismo handia dagoela, baina kontuan hartu behar da osasun sektore horretan arrisku biologikoak, ergonomikoak eta psikosozialak dituztela langileek. Langileak beren lanpostuetan gaixotzen dira, baina haien bajak ez dira lanekotzat hartzen. Gure ustez, funtsezkoa da baja lehenengo egunetik aurrera konpentsatzea.
  • Hitzarmena ez aplikatzeko klausula: Patronalak proposatzen du, alde bakarrez eta hainbat egoeratan, enpresek hitzarmen kolektiboa bertan behera utz dezaketela. LABen ustez, klausula hori gehiegizkoa da, ez baita onartzen ahal langileen lan-baldintzak ez egonkortzea.
  • Lan egutegiak: Oso beharrezkoa da sektore honetan, askotan ez baitira errespetatzen atseden-orduak, eta enpresa askotan astean behin edo gehiagotan aldatzen baitituzte egutegiak. Egoera honetan ezinezkoa da bizi-kalitatea eta familia-kontziliazioa izatea.
  • KPIari loturiko soldatak: Ezin da ahaztu sektorearen zati bat milakoak ere ez diren soldatekin dagoela. Eta, gainera, oso kontuan hartzekoa da KPIari loturiko soldata igoera ez dela igoera bat, parekatze bat baizik. Beraz, KPIari lotuta ez dagoen ā€œigoeraā€ orok erran nahi du langileek dirua galtzen jarraituko dutela.

Gaurkoa bertze urrats bat izan da Nafarroako zahar egoitzetako lehenbiziko hitzarmen kolektiboa lortzeko borrokan. Baina borroka ez da bukatu, eta nahitaezkoa izanen da berriz kalean eta lantokietan elkarrekin egotea.

Lehen greba egunari ekin diogu Bizkaiko eraikuntzan

Gaurkoan Eraikuntza sektorean 2023 eta 2024 soldata-igoera lortzeko lehen greba egin da. Patronalak eutsi dio bere jarrerari, eta, horregatik, sektoreko langileei mobilizatzea beste erremediorik ez zaie geratu, erosteko ahalmenari eutsiko dioten soldata-igoerak ziurtatzeko.

Oraindik daturik ez daukagu baina aipatzekoak dira, besteak beste, Ansareo saneamenduak lantokia, greba % 100ekoa izan baita, eta Egoin enpresa ere bai, zeinetan langile gehienek greba egin duten. Gainera, langileek goizean elkarretaratzea egin dute enpresaren aurrean, beren eskubideen alde.

Aurrekoa esanda, LABetik sektoreko sindikatu guztiei dei egiten diegu mobilizazioak koordinatzeko, sektoreko langileei proposamen bakarra egiteko, gutxienez KPIaren soldata-igoera lortzeko.

[IRITZIA] GarbiƱe Aranburu: “Hauteskunde osteko Urkulluren irakaspena: langileok bagara nor”

GarbiƱe Aranburu Koordinatzaile Orokorrak iritzi-artikulua idatzi du, IƱigo Urkullu EAEko Lehendakariak maiatzaren 28ko hauteskundeetako emaitzen inguruan egindako adierazpenen harira.

Urkulluk udal eta foru hauteskunde emaitzen inguruko adierazpenak egin ditu. Bere tesia, honako hau: langileon greba eta mobilizazioek EAJri kalte egin diote. Ematen du orain konturatu dela Urkullu langileok badugula zer esana eta badugula eragina esparru politiko-instituzionalean. Orain arte langileon greba eta mobilizazioak gutxietsi ditu; orain, kontutan hartu beharreko aldagai politikoa da beretzat. Poza eman digu horrek, aurtengo Maiatzaren lehenean genion moduan, langileok eremu guztietan, lantokietan, kalean eta instituzioetan ere gure indarra baliatu behar baitugu.

Euskal Autonomia Erkidegoan egiten diren politika publikoen arduradun gorena izanik, bere kezka nagusia, herritarren ongizatea zaintzea izan beharko luke eta galdetu beharko lioke Urkulluk bere buruari zer dagoen langileen ondoezaren atzean; zeintzuk diren langileen aldarrikapenak eta zer egin dezakeen langileen lan eta bizi baldintzak hobetzeko.

Urkullu ez dago prest horrelako galderei heltzeko. Udazkenean egin genuen alde bikoan —urteetan gurekin biltzeari uko egin ondotik lehenengoz— patronalaren lehendakari izateari utz ziezaiola eskatu genion. Prezioek gora egin duten bitartean, patronalak soldatak tamaina berean igotzeari uko egin dio eta jarrera horri erantzunez euskal langileok greba eta mobilizazioetara jo dugu. Urkulluk ez du langileon eros-ahalmena defendatu, aitzitik, Patronalaren bidelagun izan da soldaten aurkako erasoan. Gogora dezagun langileon pobretzea ekarriko lukeen Errenta Itunaren aldeko jarrera adierazi eta langileoi esfortzuak eskatu izan dizkigula.

Beste adibide bat: 2020ko urtarrilean Greba Orokor arrakastatsua egin zen Euskal Herrian, besteak beste, 1.200 euroko gutxieneko soldata eta 1.080 euroko gutxieneko pentsioa eskatzeko. Eusko Legebiltzarrak Jaurlaritzari eskatu zion EAEko gutxieneko soldata ezarriko lukeen lanbide arteko akordioa lortzeko kudeaketak egin ditzan. Eta pentsiodunen mugimenduak behin eta berriz eskatu dio pentsioak 1080 eurotaraino osatzeko. Aldarrikapen horiek milaka langileren egunerokoa hobetuko lukete, bidezkoak eta egingarriak dira. Hala ere, kasu bietan Urkulluk beste alde batera begiratu du, adierazpen edo mezu bakar batean ere ez die tarterik eman.

Entzungor egin du eta lan gatazketan geroz eta oldarkorrago agertzen da, enpresarien mezuak ontzat emanez eta askotan, gehiegitan, Ertzantza interes patronalen zerbitzura ipiniz. Polizia ereduan aldaketa beharra ez da oraingoa, orain arte Lehendakari jaunari kezkarik ez diola sortu badirudi ere.

Bada besterik ere. Urkulluren Gobernuak lan baldintzen inguruko ardurak dituen esparruetan, hala nola, administrazio publikoko langileen kasuan, eros-ahalmenaren galera ontzat eman du. Pedro Sanchezen Gobernuak Iberdrola eta Petronor moduko enpresen interesak apur bat kaltetu ditzakeen zerga erreforma egin eta berehala altxa zuten ahotsa. Ez da horrelakorik gertatzen langile publikoen soldatarekin, ontzat ematen da Estatuko inposateka, beste hainbat gaietan bezala.

Jaurlaritzak CONFEBASKekiko duen menpekotasunaren adierazle gorena da zerga politikarekin gertatzen dena. Uko egiten dio zerga erreforma progresiboari, aberastasunaren birbanaketari. Autogobernuaren ikuskera mugatua du, autogobernua elite ekonomiko baten mesedetarako bakarrik dela ulertzen du.

Zerbitzu ugari pribatizatu ditu eta azpikontratatuko enpresei klausula sozialak eskatzeari uko egin dio Urkulluren Gobernuak. Osakidetza eraisten ari da, ez jendartearen kontrakotasunik eta erantzunik gabe, ikusi besterik ez dago Osasun Plataformek deituriko mobilizazioen arrakasta, baita sindikatuko deituriko grebena ere.

Zaintzaren eremua EAJrentzat negozio iturri da, uko egiten dio Zaintza Sistema Publiko Komunitario baten eraikuntzari. Zaintza duina ez dugu bermatua eta zaintzaileak prekarietatean lan egitera kondenatu nahi ditu. Sindikatuekin hitz egin eta negoziatzeari uko egin dio, hezkuntza sailaren salbuespena salbuespen. Hezkuntza Sailak, greba eta mobilizazioei kasu egin eta sindikatuok aintzat hartu behar izan gaitu. Gure sindikatuak baditu langileen lan baldintzak hobetzeko proposamenak eta, beste aldean negoziatzen duen bat topatzen dugunean, akordioetarako borondatea ere bai.

Gauzak horrela, ez da harrigarria langile ugarik hauteskundeetan EAJri bizkar eman izana. Baina Urkulluk bere ildoa berrikusi baino nahiago du etxetik kanpo errudunak bilatu. Ez omen dago motiborik hainbeste greba egiteko, hemen lan baldintzak hobeak omen dira. Noski, sindikalismo borrokalari sendoa dagoelako herri honetan, ez politika publiko aurrerakoiak ditugulako edo ez enpresariak eskuzabalagoak direlako. Langileen antolakuntza eta borroka dira bizi baldintza duinagoak izateko arrazoia.

Urkulluk greben atzean interes alderdikoiak daudela iradoki du. Ari liteke fede txarrez, baina izan liteke ere grebalari gutxi ezagutzen dituela. Edozein kasutan ere, EAEko lehendakariak langile jendearengandik urrun jarraitzen du. Eta langile jendeak erakutsi du badela nor lantokietan, kaleetan eta hautes-ontzietan. Badela nor eraldaketa soziala eta aldaketa politikoak bultzatzeko.