2024-12-03
HomeEkintza SindikalaLangabeziak gora egin du, bereziki emakumeen artean

Langabeziak gora egin du, bereziki emakumeen artean

Aurreko hiruhilekoan baino 13.600 emakume gehiago daude lan bila, bizi baldintza prekarioek lanaldi bikoitzera behartuta.

Hego Euskal Herrian langabeziak gora egin du aurreko hiruhilekoarekin alderatuz, eta Biztanleria Aktiboaren Inkestaren arabera, 2023.urteko 3. hiruhilekoan langabezia tasa %8,6 da.

Emakumeen langabeziak egin du gora gehien

Nabarmendu behar dugu emakumeen langabezia tasak egin duela gora gehien, %9,6ean kokatuz (pasa den hiruhilekoan baino 1,9 puntu altuago, hain zuzen ere). Emakumeen langabezia tasarik altuena 16-24 urte artean kokatu bada ere, pasa den urtetik hona 55 urtetik gorako emakumeen langabezia tasa da gehien igo dena, 3,6 puntu gora eginez (pasa den urtean baino 55 urtetik gorako 5.900 emakume gehiago daude langabezian).

Emakumeen %23ak du behin-behineko kontratua eta %23a jardunaldi partzialean dihardu

Kontratu mugagabeak %79,9a dira Hego Euskal Herrian, pasa den hiruhilabeteko zein urtetik ia aldaketarik gabe mantentzen dena. Emakumeen %77ak kontratu mugagabea duen bitartean, gizonen artean kontratu mota hau %82,8koa da. Jardunaldi partziala duten emakumeak %23a diren bitartean, gizonezkoak %5,7a dira. Hedatzen jarraitzen duen errealitatea, pasa den urtetik hona, emakumeen kontratu partzialak %1a igo baitira.

Lan merkatu gero eta prekarioagoan lan bila dabiltzan emakumeen kopuruak gora egin du

Langabeziaren gorakada honen atzean, lan bila dabiltzan emakumeen kopuruak (biztanleria aktibo gisa kontabilizatua Biztanleria Aktiboaren Inkestan) gora egin izana dago. Oro har, lan bila dabiltzan langileen kopuruak gora egin badu ere, modu nabarmenean egin dute gora lan bila dabiltzan emakumeen kopuruak (pasa den hiruhilekotik 13.600 gehiago eta pasa den urtetik 21.000 emakume gehiago) eta proportzionalki ere altuagoa da igoera (pasa den urtetik %3,27 gora egin dute lan bila dabiltzan emakumeak, gizonezkoen artean %0,51 igo da multzo hau).

Gero eta emakume gehiago lan bila aritzeak ez dio lan merkatuaren egonkortze edota lan baldintzen hobekuntzari erantzuten, baizik eta egoera sozioekonomiko prekario zein ezegonkorrak behartutako bizi egoera bati. Izan ere, KPI-aren igoerak oinarrizko elikagaien garestitzea ekarri du, soldata igoerak modu proportzionalean igo gabe, erosahalmenean galera suposatuz. Zentzu horretan, bizi unitateetako diru-sarrerak ez dira nahikoa eguneroko bizitzako gastuei aurre egiteko, eta pandemia garaian lan merkatuan lana bilatzeari utzi zioten emakumeek, bizi unitatearen sostengu ekonomikoa bermatzeko lan merkatura bueltatzen ari dira. Hau guztia emakumearentzat are eta prekarioagoa den eta sektore feminizatuetako lan baldintzak kaxkarragoak diren lan merkatuan. Zerbitzuen sektorean langabeziak gora egin izana (aurreko hiruhilabetean baino %41,88 langabetu gehiago eta pasa den urtean baino %21,39 gehiago) lotuta egon daiteke sektore honetan lana bilatzen dutenak gehienbat emakumeak izatearekin.

Testuinguru honetan, gogoratu behar dugu zaintza eta etxeko lanen ardura nagusia emakumeen gain dagoela oraindik ere (EUSTAT-en 2018ko etxeko lanen kontu satelitearen arabera, eremu pribatuan egiten diren etxeko eta zaintza lanen %67,2 emakumeek egiten dute). Beraz, prekarizaturiko lan merkatuak eta zaintza lanek zamatuta, lanaldi bikoitza handitzen ari da emakumeen artean.

Azaroaren 30ean Greba Orokor Feminista

Aberastasuna gutxi batzuen poltsikoetan metatzen jarraitzeko langileon lan eta bizi baldintzak prekarizatzen dituen eredua ez da bizigarria, desiragarria ezta bideragarria den aukera bakarra. Erabaki politikoa da.

LAB sindikatuak zaintza eskubide objektiboa eta unibertsala aldarrikatzen du. Beraz, egungo zaintza erregimena irauli eta sistema publikoa garatu behar da. Horretarako, zaintzak negozio izateari utzi eta pribatizazioarekin amaitu behar da. Zerbitzua hobetu eta zaintza erdigunean jar dadin, ezinbestekoa da zaintza sektoreko lan baldintzak duintzea eta babestea. Horregatik guztiagatik, azaroaren 30ean Zaintza Sistema Publiko Komunitarioaren alde greba egingo du LABek.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Bizkaiko Metalaren Merkataritzako hitzarmena lortzeko mobilizatu gara Bilbon

Hitzarmena iraungita dago 2019ko abenduaren 31tik.

Sortzen ari den enplegua prekarioa da

Langabeziaren beherakada ez da erregimen orokorreko afiliazioaren igoerarekiko proportzionala.

Enplegu Zentro Berezien EAEko lehen lan hitzarmena negoziatzeko mahaia deitu dugu

Langileek mobilizazioa egin dute Bilbon, Plaza Eliptikotik abiatuta, eta mobilizazioaren amaieran erregistratu dute deialdia, Lan Harremanen Kontseiluan.