2024-11-10
HomeEkintza SozialaMarrakexen izan gara, mugimendu sozialen kontragailurrean

Marrakexen izan gara, mugimendu sozialen kontragailurrean

Urriaren 12tik 15era bitartean, LAB sindikatuko Alaitz Ajuriagerra eta Amanda Verrone kideak mugimendu sozialen Kontragailurrean parte hartu zuten Marrakexen. Topaketa horretan 60 erakunde sozial, ekologista, feminista, sindikatu, nekazari eta herri indigena baino gehiagok parte hartu zuten, Munduko Bankuaren (BM) eta Nazioarteko Diru Funtsaren (NDF) urteko bilera bertan izan zela baliatuz.

Kontragailurrari mobilizazio batekin eman zitzaion hasiera, 1945ean sortu zenetik BMk eta NDFk egindako zor ez-legitimoa kitatzeko aldarrikapenarekin. Ez ziren falta izan ere Palestinarekiko elkartasun keinuak.

Hurrengo egunetan 4 mahai inguru nagusi eta 50 tailer baino gehiago antolatu ziren, non hazkunde ekonomikoaren paradigma kapitalista kolokan jarri zen. Hego globaleko herrialdeen ahotsa ozen eta lehen eskutik entzuteko aukera izan genuen; ipar globaletik eragindako zor koloniala, ekologikoa eta klimatikoa aintzat hartu eta aldarrikatzeko beta izan zuten.

Herrialde guztien arteko sinergiak eta elkarlana sustatzearen beharra azpimarratu zen mahai inguru eta tailer guztietan. Ipar eta Hego globalaren artean zubiak indartu Iparraldeko herrien aurka ezarritako austeritate-politikei eta Hego globaleko egitura-doikuntzen politikei aurre egiteko, egungo sistema kapitalista elkarrekin eraisteko eta beste berri bat eraikitzeko premia islatuz.

Aldi berean antolatutako askotariko tailerrak finantza sistema koloniala, politika neoliberalak, justizia fiskala, soziala eta klimatikoa, izan zuten ardatz eta gutxi batzuetan parte hartzeko aukera izan genuen.

Esate baterako, “Trantsizio berde” faltsu baten izenean krisi klimatikoa larriagotzen ari diren mailegu-politika neoliberalak zalantzan jartzeko antolatutako tailerrean parte hartu genuen. Helburua politika eta paradigma sozioekonomiko alternatiboak elkarrekin diseinatzea izan zen, langileak protagonista hartuta eta justizia soziala eta justizia klimatikoa ardatz izan zuena.

Beste batean, ordea, zor publikoaren eta mineralen eta energiaren erauzketa-industrien arteko loturari buruzko esperientziak partekatzeko aukera izan genuen. Batez ere Afrikako herrialde ezberdinetako emakumeen aldetik entzun genituen industria horien inpaktu sozial, ekologiko eta ekonomikoak zeintzuk ari diren izaten eta zeintzuk diren aldarrikatzen dituzten eskakizun zehatzak: zorra kitatzea, eragindako kalteak (sozialak, ingurumenekoak, ekonomikoak…) konpontzea edo erreparatzea, justizia soziala bermatzea egungo eta etorkizuneko biztanleentzat.

Mahai inguru zentraletako lerroburuak ere elkarbanatu nahi ditugu hemen hausnarketarako:

Rachel Keke (Boli Kostakoa, sindikalista eta Frantziako Asanblea Nazionaleko diputatua):

Zorraren auzia egiturazkoa da eta kapitalaren krisi bakoitzean erreformak egiteko oso funtzionala.

Thomas Sankararen hitzei berriro helduz, zorra inperialismoaren beso armatua da. Zorra ordaintzen ez badugu, haiek ez dira hilko. Baina zorra ordaintzen badugu, gu hilko gara. Gure bizitzek zorrak baino gehiago balio dute.

Fadhel Kaboub (Ekialdi Ertainako irakaslea):

Ezin dugu sistema bat deskarbonizatu eta/edo demokratizatu oraindik deskolonizatu ez badute.

Bizi dugun krisi konplexu eta anizkoitz honen aurrean ez dago diskurtso sozial bateraturik.

Munduko finantza-sistemaren erabateko aldaketa behar dugu.

Lidy Nacpil (Filipinakoa eta Asian People’s Movement on Debt and Developmenteko kidea):

Paradigma aldaketa baterako elkarlana eta aliantzak sustatu behar dira. Gehiago eta indartsuago egin behar dugu lan sistema hau eraitsi eta beste bat eraikitzeko, berandu izan baino lehen. Izan ere, klima aldaketak eragindako tenperaturen gorakadaren ondorioz ezingo baikara planeta honetan bizi.

Hamza Hamouchene (Aljeriakoa etaTransnational Instituteko kidea):

Amerikarren eta mendebaldarren bizimodua ez da zalantzan jartzen ari eta erdigunean egon beharko luke.

Fatima Ouassak (Rifeko idazlea eta Front de Mèreseko kidea):

Europatik egin beharreko erreparazioa ekologista eta antikoloniala izan behar du. Egun Europako mugimendu ekologista ez dago egoerak eskatzen duen mailan. Konponbideak proposatzerako orduan, ez dira hegoaldera iristen, soilik iparralderako planteatzen dituzte alternatibak.

Erreparazioari eta konpentsazioari dagokienez, “migratzaile ekologikoak” integratu behar ditugu aldarrikapen edota eskakizunetan: klima-aldaketaren ondorioengatik mugitzeko eta zirkulatzeko askatasuna funtsezko eskubide gisa.

Aberastasuna banatzeko ATTAC Europak 3 zerga aplikatzeko proposamena planteatu zuen:

  • Finantza-transakzioen zerga;
  • Aberastasunaren gaineko zerga orokorra;
  • Nazioarteko korporazioen gaineko zerga erreala.

Marrakexeko Kontragailurrean parte hartzeak kulturarteko ikaskuntza baliotsuak ahalbidetu zizkigun, zorpetzea — finantzarioa ez ezik, klimatikoa ere badena — kapitalismoaren egiturazko problematika da. Mekanismo horrek ingurumenaren arpilatzea, gerra-eskaladak, emakumeen aurkako indarkeriak, langileen pobretzea, funtsezko zerbitzuen pribatizazioa, gizarte-eskubideen murrizketak eta herrien subiranotasunaren jazarpena eragiten ditu.

Asko dira ditugun erronkak Euskal Herrian nahi dugun trantsizio ekosoziala eraikitzeko. Horretarako, klase, subiranotasun eta kontra-botere sindikalismoaren rola zentrala da, indarrak bildu eta borroketako banderak batzeko, langileen protagonismoa munduko bazter guztietan sendotzen. Bide horretan, LABetik baieztatzen dugu herri gisa dugun erantzukizuna egungo eredua ez errepikatzeko; eta bide eman nahi diegu kontragailurrean jasotako aldarrikapen eta eskakizunei.

Adierazpena irakurtzeko esteka: Declaración de Marrakech: 79 años de explotación y destrucción neocolonial por parte del BM y del FMI, ¡basta ya!

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Patronalak absentismoari buruz egindako jardunaldien hurrengo egunean hil da urteko 52. langilea

Gaur goizean, A.S.O. 57 urteko langilea hil da Tubacexeko Amurrioko Aceralava enpresan, istripu ez traumatikoan. Hildakoa Construcciones Jagoba Zamalloa SL enpresako langilea zen. Gaurkoarekin, gutxienez 52 dira urte hasieratik Euskal Herrian hildako langileak. LABek bere elkartasuna adierazi nahi die hildakoaren senide, inguruko eta lankideei.

Osasunari buruzko Foru Legearen aurreproiektua: bidea zabalik pribatizatzeko

LAB sindikatutik, Osasunari buruzko Foru Legearen aurreproiektua zehatz-mehatz aztertu ondoren (une honetan ekarpenak egiteko fasean dago), egiaztatu dugu ezen, onetsiz gero, zailtasun asko egon daitezkeela osasun zerbitzu publikoari eusteko eta herritar guztiei osasun arreta egokia emateko, bai eta langileek gaur egun dituzten lan baldintzak eta eskubideak mantentzeko ere.