2026-09-18
HomeEkintza SindikalaPozik agertu gara Osasunbidea ari delako sinaturiko akordioak betetzen, baina mobilizatzen jarraituko...

Pozik agertu gara Osasunbidea ari delako sinaturiko akordioak betetzen, baina mobilizatzen jarraituko dugu itundutako guztia ezar dezaten

Atzo, urriak 24, Osasun Mahai Sektorialaren lehen bilera egin zen Osasunbideko zuzendaritza talde berriarekin eta bertan Gobernuak adierazi zuen, bertzeak bertze, oraindik ez duten osasun langileentzako karrera profesionaleko legea datorren urtean garatuko dela, urtarrilaren 1eko atzeraeraginarekin. LAB, akordio hau lortu zuen grebaren buru izan zen sindikatua, pozten da Gobernua ari delako sinaturikoa betetzen, baina jakinarazten du bere lana kontrolatzen jarraituko duela eta mobilizatzen segituko duela dena bete dezaten.

LABek elkarretaratzea eginen du azaroaren 10ean, Iruñean, Vianako Printzea Espezialitate Zentroaren ondoan, grebari esker lorturiko akordioa osorik bete dezaten eskatzeko eta zerbitzu publikoen alde. Izan ere, atzoko bileraren ondoren, LABek uste du aurrerapauso nabarmenak egin direla Osasunbideko karrera profesionala ezartzeko, Lehen Arretako zein Arreta Espezializatuko lan gainkargak aztertzeko lantaldeak sortzeko, eta esklusibotasuna betetzen dela kontrolatzeko taldea sortzeko; baina zehaztasun gehiago eskatzen du, bai denborari dagokionez, bai aurrekontuari dagokionez.

LAB Osasunbideko lan estamentu guztietan dago eta, sindikatu korporatibistak ez bezala, bertan lan egiten duten profesional guzti-guztien eskubideak defendatzen ditu eta guztion lan baldintzak hobetzearen alde egiten du, bazterketarik gabe. Ildo horretan, LABek begi onez ikusten du karrera profesionala Osasunbideko osasun langile guztiei aplikatzea, baina borrokatuko da langile ez sanitarioei ere aplikatzeko. LABek eskua luzatzen die gainontzeko sindikatuei sortuko diren lan mahaietan parte har dezaten; eskua luzatzen die, baita ere, Osasunbideko 6.000 pertsona baino gehiagori eragiten dien araudi honen sortzea sinatzeari uko egin zioten sindikatuei.

Jakina, LAB Lehen Arretako eta Arreta Espezializatuko lan gainkargako taldeetako kide izanen da. Sindikatu honek uste du Osasunbideko langileak une kritikoan daudela, eta orain arte sindikatu korporatibistek, elkargo ofizialek eta burutzek erabiltzen zituzten talde horietan egon behar dela. LABek ez du onartuko gutxi batzuen interesek gehiengoaren eskubide eta lan baldintzetan eragina izatea eta, horregatik, plantillako langile guztientzako neurriak aurkeztu eta eskatuko ditu.

Azkenik, esklusibotasunari dagokionez, LABek txalotu egiten du hori betetzen dela kontrolatzeko lantaldea sortzea, eta espero du talde horretatik esklusibotasuna blindatzea eta berrikustea profesional batzuek osasun publikoaren kontura egiten dituzten negozioen bateraezintasun kasuak.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Sidenorren akordio markoaren negoziazioaren eratzea eten dadila eskatzen dugu, langileoi hitza emateko

Basauriko lan zentroan erreferenduma egitea eskatu dugu, marko horretan jarraitu beharko litzatekeen edo ez erabakitzeko.

Voestalpine Railway Systems JEZ-en langile baten diziplinazko kaleratzea salatzen dugu eta beldurra kudeaketa-tresna gisa erabiltzeaz ohartarazten dugu

Sindikatuaren ustez, erabakia justifikaziorik gabea eta neurriz kanpokoa da, eta ohartarazi du horrelako erabakiek presio giroa eta segurtasunik eza sortzen dutela langileen artean.

Ekialdebuseko lankide batek jasandako erasoa salatzen dugu

Ez da halako zerbait gertatzen den aldia, eta segurtasun arazoa salatu du Oarsoaldeko eta Bidasoaldeko autobus zerbitzuko LABek. Oraingoan E05 linean gertatu da, Errenteriako Beraungo anbulatorioaren parean.