2026-10-15
HomeEkintza SindikalaSektore publikoko greba erantzun oso zabala izaten ari da

Sektore publikoko greba erantzun oso zabala izaten ari da

Langile askok egin dute bat EAEko sektore publikoan gaur deitutako grebarekin, lehen orduko datuek baieztatu dutenez. Komunikabideetan eta garraio publikoan, esaterako, greba ia erabatekoa izaten ari da lehen orduetan; horren erakusle, irrati eta telebista publikoan gutxieneko zerbitzuak ezarri izana.

Hezkuntzan ere askok egin dute bat deialdiarekin, eremu ez unibertsitarioan zein unibertsitarioan. Grebarako eskubidea dueenen artean jarraipen handia izaten ari dela diote lehen zantzuek. Udal eta foru erakundeetan ere gaurko egunaren aurretik genituen datuak berresten ari dira, eta, beraz, jarraipen oso zabala izaten ari dela baieztatu daiteke.

Osakidetzan, aldiz, gutxieneko zerbitzuek erabat baldintzatuko dute grebaren jarraipena. Izan ere, milaka langileri ukatu zaio greba egiteko eskubidea, eta eremu askotan gutxieneko zerbitzuak %100ekoak dira. Gaueko txandan, adibidez, ia langile bakar batek ere ez du greba egiteko aukerarik izan.

Administrazio orokorrean eta justizian jarraipena zabala izaten ari den arren, aldakorra da herrialdearen eta esparruaren arabera. Datuek erakusten dute Espainiako Estatuko administrazio esparruan jarraipena apalagoa izaten ari dela EAEkoan baino.

Grebalariak kalean daude goizean goizetik, eta zutabeak egin dituzte Bilbon, Donostian eta Gasteizen, hirigune horietako sarrera-irteera nagusietan. 11:30ean, berriz, manifestazioak egingo dituzte; Bilbon, Eusko Jaurlaritzatik; Donostian, Bulebarretik; eta Gasteizen, Eusko Legebiltzarretik.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Ospitaleetan mobilizatu gara Osakidetzari eskatzeko gure aldarrikapenei eta langileen beharrei erantzun diezaiela

Osakidetzak sindikatuei bidalitako akordioaren lehen zirriborroak ez du soldata-hobekuntzarik jasotzen, eta hori Eusko Jaurlaritzak 2027. urterako aurrekontuak ixten dagoen bitartean; azpimarratu behar da arau horrek osasun publikorako partidak zehaztuko dituela. LAB, SATSE, ELA, CCOO eta UGT sindikatuok berresten dugu ezinbestekoa dela mobilizazio dinamikarekin jarraitzea.

Maiatzetik gaur arte izan diren 14 lan heriotza berri azaleratu ditugu, datu ofizialetan ezkutatuta zeudenak

Azaleratutako datu berriek 60 hildakotan kokatu dute 2026ko kontagailua, eta, hala, azken urteetako datu lazgarriak berretsi dira.

Enplegu Publikoko Zuzendaritzak bazter utzi du hitzarmenaren negoziazioa: 16 urte hitzarmenik gabe eta egutegirik ez

Gaur, urriak 13, Eusko Jaurlaritzako eta Organismo Autonomoetako langileen ordezkaritzaren eta Funtzio Publikoko Zuzendaritzaren arteko alorreko mahaia bildu da. LAB sindikatuan oso larritzat jotzen dugu Lan Harremanetako zuzendari berriak bertan azaldu duen jarrera.