2025-12-29
Blog Page 220

Gasteizko Michelinen lan-hitzarmen duinaren alde borrokan dihardugu

Maiatzaren 17an egin ziren langileen asanbladetan langileriak eskatutakoari kasu egin zion LABeko sail sindikalak.

Egun horretan langileek lan baldintza duinen alde borrokatu behar genuela azalarazi zuten, eta LABeko sail sindikalak hori lortzeko bidea borrokarena dela oso argi dauka.

Asanbladetan langileek enpresari aurka egiteko unea zela uste zuten; enpresaren azken eskaintzari ezetz esan eta mobilizazioak antolatzekoa. Hori entzunda, sindikatu batzuek langileei hitza eman eta kontzentrazio bat eta lau greba egun deitu zituzten.

Langileen babesari esker, borroka egun hauek oso ongi atera dira eta enpresari negoziatzeko unea dela oso argi utzi diogu. Hala, erakutsi dugu mehatxuez baliatzea ez dela onargarria eta lan-baldintzak finkatzeko bertako langileen ahotsak ere kontuan hartu behar dituztela.

LABeko sail sindikalak Gasteizko lantegia zentroarteko hitzarmenetik kanpo egon behar dela aldarrikatzen jarraitzen du, hemengo lan baldintzak hemen negoziatzeko. Hortaz, aldarrikapenak oso argiak dira:

– KPI bermatuta

Team building delakorik ez

– Lanaldia murriztea

– Sarrera-soldatari ez

– Bulegoko langileen soldata-mailen erregularizazioa

Langileon mobilizazioak lan hitzarmenaren negoziazioa baldintzatzen ari dira eta enpresa berriro mahaian esertzera behartu dute. Hori dela eta, lan baldintza duinak lortu arte borrokan jarraitzeko asmo irmoa daukagu.

Navarrabiomedeko Enpresa Batzordeak berriz eskatu dio Gobernuari Nafarroako ikerketa biomediko publikoa erabat publikoa den entitate batek kudeatzen jarraitzea

Santos Induráin Osasun kontseilariaren adierazpenei dagokienez, Navarrabiomedeko Enpresa Batzordeak funtsezkotzat jotzen du Nafarroako Gobernuak bere mezua ongi ulertzea. Azpimarratu behar da langileen aldarrikapena argia dela: osasun ikerketa orain arte bezala kudeatzen jarraitzea, hau da, Osasun Ikerketarako Institutua (Carlos III.a Osasun Institutuak egiaztagarria) Nafarroan kudeatzen duen entitatea izatea.

Hala, ez du zentzurik erabat publikoa ez den egitura berri bat sortzea, 1986az geroztik modu oso eraginkorrean Miguel Servet-Navarrabiomed Fundazioak kudeatzen duen lan bera egin dezan.

Miguel Servet-Navarrabiomed Fundazioa IdiSNAren erakunde kudeatzailea izan daiteke, eta horrek ez du inolako arazorik sortzen. Batzordeak ekainaren 8ko agerraldian azaldu zuenez —zeinetan 75 langile kontzentratu baitziren—, institutuen kreditazioan espezializatuta dauden bi aholkulariren txosten bana dago, eta hori horrela dela bermatzen dute.

Beraz, ulertezina da kontseilari andrea, Miguel Servet-Navarrabiomed Fundazioaren patronatuko lehendakaria ere badena eta txosten horiek badirela dakiena, ez ulertzea eta publikoki ez defendatzea Miguel Servet Fundazioa IdiSNAren erakunde kudeatzailea dela, izatea, hala, egiturak ez bikoizteko, lanpostuak ez galtzeko, fundazioa ez deskapitalizatzeko eta herritar guztientzako gastu publikoa ez areagotzeko.

Kontseilaria kontrakoa sinestarazten saiatu arren, IdiSNA fundazio pribatua da, eta halaxe dago islaturik bere estatutetan. Aukera galdua litzateke kontseilariak eta jarduneko Nafarroako Gobernuak akats handi hau ez zuzentzea eta Nafarroako iritzi publikoa engainatzen segitzea. Garaiz dabiltza, dena dela.

Nafarroako Enpresa Batzordeak eskatzen du, eta ezin da bertze modu batean izan, institutu bat, zeinetan Miguel Servet-Navarrabiomed Fundazioak jarraituko baitu kudeatzen IdiSNAren bidez eginen den ikerketa publikoa.

Bertzela erranda, honek guztiak ez du zerikusirik institutuan lankidetza pribatua izatearekin; eskatzen ari dena da institutu horren kudeaketa guztiz publikoa izatea Miguel Servert-Navarrabiomed Fundazioaren bidez.

Enplegu Zentro Berezietako langileentzako baldintza duinak bermatzeko inplika daitezela eskatu diegu instituzioei

Jose Sanchez (Gureak Industria) eta Mar Bartolomé (Indesa) LABeko ordezkariek Gasteizko Legebiltzarrean azaldu dituzte beren aldarrikapenak, eta kanpoaldean elkarretaratzea egin dute langileek. Izan ere, gaur egun patronalaren etekin ekonomikoak lehenesten dira mota horretako lantegietan, miseriazko lan-baldintzak nagusitzen diren bitartean.

LAB sindikatua hainbatetan mobilizatu izan da Enplegu Zentro Berezietako langileen egoera salatu eta enplegua gainerako langileen baldintza berberetan lortu ahal izatea exijitzeko asmoz.

Administrazio publikoak aniztasun funtzionala duten pertsonen esplotazioa ahalbidetzen du, eta eskulan merkea izatera bultzatzen ditu pertsona horiek. Erritmo jasangaitzetan lan egiten duten bitartean, enpresek irabaziak lortzen dituzte. Hala, errealitatean ez da betetzen Enplegu Zentro Berezien ustezko funtzioa, hau da, aniztasun funtzionala duten pertsonek beren autonomia garatzeko gunea izatea enplegu arrunta lortzeko aukera izan bitartean.

Erakundeek ez dute inolako jarraipenik egiten, eta ez dituzte kontrolatzen lan-baldintzak. Hala, diru publikoz finantzatutako enpresa horiek miseriazko lan-baldintzetara kondenatzen dituzte langileak, gutxi batzuen negozioaren mesedetan. Izan ere, patronalen etekin ekonomikoei ematen zaie lehentasuna, eta ez dago, oro har, enplegu arrunterako benetako trantsiziorik.

Hori guztia dela eta, honako eskakizun hauek helarazi nahi izan dizkiegu erakunde eta alderdi politikoei:

  • Aniztasun funtzionala duten langileentzako lan-baldintza duinak bermatzeko neurri erreal eta eraginkorrak hartzea, indarrean dagoen legeria diskriminatzailea da eta.
  • Sektorerako hitzarmen kolektibo orokorra garatu eta lortzeko konpromisoa eta benetako inplikazioa.
  • Enplegu Zentro Berezien finantzaketa gehiago kontrolatzea.
  • Laneko arriskuen eta arrisku psikosozialen etengabeko ebaluazioa enpresa guztietan. Kolektibo zaurgarria izaki, ezinbestekoa da aniztasun funtzionala duten pertsonek jasaten dituzten arriskuak behar bezala ebaluatu eta horiei aurre egiteko neurri eraginkorrak ezartzea.
  • Aniztasun funtzionala duten pertsonen errealitatera benetan egokitutako prestakuntza. Hala, benetako garapena eta sustapena bermatuko duten prestakuntza-planak beharrezkoak dira.

Zuzendaritzak aldebakarrez erabakitako murrizketen gainetik, Euskadi Irratian informazioa euskaraz eta kalitatez emateko baliabideak exijitzen ditugu

Miramongo Euskadi Irratiko Langile Batzordeak eta Euskadi Irratiko Erredakzio Kontseiluak Euskadi Irratiaren udako programazioan murrizketak egiteko zuzendaritzaren erabakia eta erabilitako irizpideak gaitzesten ditu.

Zuzendaritzak aurrekaririk gabeko erabakiak hartu ditu, alde bakarrez. Besteak beste:
• Uztailaren 3tik irailaren 3ra, Euskadi Irratiak ez du gaueko albiste emankizunik eskainiko, 01:00-04:00 bitartean.
• Astegunetan, 14:00etako eta 19:00etako albistegien iraupena murriztuko da eta baita asteburuko albistegien iraupena ere.
• Eguerdiko kultura albistegiaren bigarren emisioa eskainiko da arratsaldez (berremisioa).

Zuzendaritzak plantillaren kontratazio-mugei eta erredakzioko barne-antolaketari egotzi die programazio-murrizketa.

Hori horrela, Langile Batzordeak eta Erredakzio Kontseiluak adierazi nahi dute:
• Gaueko albistegi laburrei dagokienez, nabarmendu nahi dugu Euskadi Irratiaren trinkotzean eta euskararen normalizazioan ezinbesteko urratsa izan zela, duela lau hamarkada, euskal gizarteari 24 orduko euskarazko informazio-zerbitzua eskaintzea.
• Irrati publiko, jeneralista eta euskaldun bakarra garen heinean, nahitaez behar dugu orduz orduko informazio-zerbitzua ━baita gauez ere━, eta zuzendaritzaren erabakiak helburu horretan atzera egitea dakar.
• Erredakzioaren barne-funtzionamenduan oinarrizko egitekoa dute albiste emankizun laburrek eta neurriak etena dakar informazioaren katean zein lan produkzioan, batez ere asteburuetan.
• Hartutako erabaki horiek beste urrats bat dira azken urteetan irratiak jasan duen murrizketen eta zeregin-aldaketen bidean. Eta deigarria da eskaintzaren prekarizazioak bat egitea inoiz lortutako audientzia-emaitzarik onenekin.
• 40 urteko eskarmentuak erakutsi digu behin galtzen duguna ez dela sekula berreskuratzen.

Ondorioz, Miramongo Euskadi Irratiko Langile Batzordeak eta Euskadi Irratiko Erredakzio Kontseiluak zuzendaritzari zein EITBren Administrazio Kontseiluari 24 orduko informazio-zerbitzuari eustea eskatzen dio, zein beste edozein programazio ez murrizteko behar den plantilla bermatzea. Oinarrizko zerbitzuari eutsi eta hura handitzea bateragarria da Euskadi Irratiak dituen eginkizun, erronka eta birmoldatze-premia berriekin.

Langileek mobilizazioa egin dute Portugaleteko Udalaren aurrean, bilera egitea eskatuz

Portugaleteko Udalaren aurrean kontzentrazioa egin dute gaur bertako langileek, Komitea eta Langileen Batzordeak deituta. Mobilizazio honekin, negoziazio mahaia deitzea, egonkortze prozesuen inguruko informazioa (ezarpena, epeak…), ordezkapenak betearaztea eta kategoria guztietako lan-poltsak sortzea eskatu diote Udalari.

Langileek salatzen dute Komitea eta Langileen Batzorde berriak osatu zirenetik Udalak ez dituela bilera bakar batere ere deitu. Euren ustez, kontraste teknikoko edo informazio bilerak izatea lagungarria izango zen jarrerak hurbildu eta bizi duten erabateko informazio gabezia gainditzeko.

Nabarmendu dute sail askotan langilerik ez egoteak eta hainbat arrazoirengatik ordezkapenak atzeratzeak zaurgarritasun bereziko egoerak sortzen dituela langileen artean, gainkarga eta eskubide-murrizketak eraginez. “Beharrezkoa da existitzen ez diren lan-poltsa guztiak sortzea eta agortuta daudenak handitzea; horretarako, ordezkapen-zailtasun handiena dutenei lehentasuna eman behar zaie”, gaineratu dute.

Ekainaren 14 eta 15ean, asteazken eta ostegunean, berriz mobilizatuko dira

Beste murrizketa bat Arabako osasungintza publikoan, oraingoan ere osasun mentalean

Jakin dugu Arabako ospitale psikiatrikoko arlo gerontopsikiatrikoan birmoldaketak egingo direla eta horrek lanpostuak desagertzea ekarriko duela.

Otsailaren 7an jakitera eman zen ospital horretako 43 ohe desagertu zirela, hau da, edukieraren ia laurdena. Gainera, eremuetako bat, Errehabilitazio Intentsibokoa, desagertu egin da, eta langileek ere jasan dituzte murrizketak, erizaintzako laguntzaileen kategoria izan delarik kaltetuena.

Komunikabideetan arreta mentalaren beharra areagotzen ari dela etengabe entzutea ohikoa den une honetan, eta duela bi hilabete zuzendaritzak berak aurkeztutako datuen arabera 35 urtetik beherakoetan arreta mentala %40 areagotu dela dakigun honetan, argi dago murrizketa-neurri horiek ezartzea pribatizazio-estrategiarekin baino ezin daitekeela lotu. Horixe da osasun sailak osasun mentalerako duen eskaintza bakarra: murrizketak, desegitea eta pazienteak enpresa pribatuetara bideratzea.

Ekainaren 7an, Arabako osasun mentaleko sarearen zuzendaritzak jakinarazi zuen arlo bat birmoldatuko zela, kasu honetan gerontopsikiatriakoa, eta jarduera horren ondoren, erizaintza-laguntzako hiru tekniko desagertuko direla.

Bestalde, autokontzertazioari bide emango zaiola jakinarazi zuten. Horrek esan nahi du psikiatriako profesionalek ohiko lanaldiaz harago lan egingo dutela. Osasun Mentaleko Sarea profesional gehiagoz hornitu beharrean, aparteko orduetan oinarritutako aldi baterako neurriak hartzen dituzte.

Unitate horretako paziente batzuentzat dagoeneko hasiak dira egoitza pribatuetara lekualdatzeko kudeaketak. Itxura guztien arabera, ondo antolatutako estrategia da osasun arreta mentala desegiten eta pribatizatzen jarraitzeko.

Osasun mentalaren ustezko modernizazio baten mesedetan, arreta hori pribatizatzen ari da, enpresa pribatuen eskuetan pazienteak erabateko babesgabetasunean utzi eta enplegu publikoa suntsitzearen bidez. Hori dela eta, berriro ere animatu nahi ditugu pazienteak, senideak nahiz langileak mobilizazioekin jarraitzera, EAJk eta PSEk bultzatutako osasun-politiken ardatz den pribatizazio grina geldiarazteko.

Salatu dugu BM supermerkatuetako garbitzaileek bi nomina kobratu gabe dituztela

BM kateko Nafarroako supermerkatuetan ari diren garbitzaileen egoeraz ohartarazi nahi dugu, DAI 96 enpresak bi hilabete baitaramatza haien nominak ordaindu gabe. LABek uste du BM supermerkatuek esku hartu beharko luketela eta behar diren urratsak egin beharko lituzketela langile horiek garaiz eta formaz kobratzea lor dezaten.

DAI 96 enpresak bere langileen salaketa batzuk pilatuak ditu dagoeneko, sindikatu honek jarritako salaketak, berandu eta gaizki ordaindu ohi dielako —hurrengo hilaren 15ean— eta nominak ere bidaltzen ez dizkielako. Jokabide txar horri orain gehitu zaio apirileko eta maiatzeko soldatak oraindik ordaindu gabe dituela. Langileek kobratu zuten azken nomina —hogeita hamar inguru dira Nafarroan— martxokoa izan zen, apirilaren 15ean kobratua.

DAI 96 enpresa ere salatu izan dute lan-harremanen arloan, langileei Nafarroako eraikin eta lokaletako garbiketa sektoreko hitzarmen kolektiboa aplika dakien, eta ez Bizkaikoa. Izan ere, nahiz eta enpresaren zuzendaritza-egitura Getxon dagoen, langileek Nafarroan egiten dute lan, eta ez Bizkaian.

DAI 96ren bezeroak —hau da, BM supermerkatuak— erantzukizun subsidiarioa du langile horiekin. Ondorioz, LABetik dei egiten diogu BMri neurri egokiak har ditzan, langileek egindako lanagatik dagokiena kobratu dezaten, eta, gainera, enpresa honekin duen kontratua bertan behera utz dezan, denbora eta moduetan ordainduko dien bertze batek subrogatu ditzan.

Gasteizko tranbiako lanuzteak bertan behera

Ostiral goizean eta arratsaldean egindako batzarretan, Gasteizko tranbian datorren asterako deitutako lanuzteak bertan behera uztea erabaki da.

Positiboki baloratu dira enpresaren azken eskaintza eta azken bileran azaldutako negoziatzeko jarrera. Hori dela eta, lanuzteak kentzea erabaki da, eta enpresari negoziazio-mahaia lehenbailehen deitzeko eskatu zaio, oraindik dauden desadostasunak negoziatu ahal izateko eta, horrela, gatazka alderdi guztientzat modu egokian amaitzeko.

Berriro ere, sentitzen dugu herritarrei eragindako eragozpenak, baina kalitatezko zerbitzu seguru bat bermatzeko ezinbestekoak izan dira.

Oso ontzat jotzen dugu Nafarroako zahar egoitzen negoziazioa desblokeatu izana; hurrengo bilera ekainaren 29an eginen dugu

Gaur goizean, LAB sindikatuak deituta, Nafarroako zahar egoitzen sektoreko lehen hitzarmena izanen denaren negoziazio mahaiaren bilera egin da Iruñean; bi patronalek eta gainontzeko sindikatuek hartu dute bertan. LABen oso positibotzat jo dugu gaurko bileraren emaitza, patronalak heldu den ekainaren 29rako bertze proposamen bat aurkezteko konpromisoa hartu baitu, egun horretan hurrengo bilera eginen baita.

Aurreko asteazkenean egin prentsaurrekoan informatu genuen negoziazio mahaia aldebakartasunez deitu genuela, ortzirale honetarako, hitzarmenaren edukietan aurrera egiteko asmoz eta benetako negoziazioa bulkatzeko asmoz, aurtengo urtarriletik blokeaturik baitzegoen. Helburua bete da, hau da, patronalak bertze proposamen bat egin du eta, hurrengo bilerarako, data hurbil bat ezarri da.

Zahar egoitzetako langileek urteak daramatzate hitzarmen hau eskatzen, mobilizatzen eta grebak egiten, eta gaur da eguna, beren inplikazioari eta LABek negoziazioan aurrera egiteko bulkadari esker, patronalak konpromisoa hartu duela sektoreko lehen hitzarmena lortzeko urratsak egiten joateko.

Gure aburuz, hauek dira negoziazioaren funtsezko puntu batzuk:

  • Aldi baterako ezintasunen konpentsazioa, lehen egunetik hasita: Patronalak dio sektorean absentismo handia dagoela, baina kontuan hartu behar da osasun sektore horretan arrisku biologikoak, ergonomikoak eta psikosozialak dituztela langileek. Langileak beren lanpostuetan gaixotzen dira, baina haien bajak ez dira lanekotzat hartzen. Gure ustez, funtsezkoa da baja lehenengo egunetik aurrera konpentsatzea.
  • Hitzarmena ez aplikatzeko klausula: Patronalak proposatzen du, alde bakarrez eta hainbat egoeratan, enpresek hitzarmen kolektiboa bertan behera utz dezaketela. LABen ustez, klausula hori gehiegizkoa da, ez baita onartzen ahal langileen lan-baldintzak ez egonkortzea.
  • Lan egutegiak: Oso beharrezkoa da sektore honetan, askotan ez baitira errespetatzen atseden-orduak, eta enpresa askotan astean behin edo gehiagotan aldatzen baitituzte egutegiak. Egoera honetan ezinezkoa da bizi-kalitatea eta familia-kontziliazioa izatea.
  • KPIari loturiko soldatak: Ezin da ahaztu sektorearen zati bat milakoak ere ez diren soldatekin dagoela. Eta, gainera, oso kontuan hartzekoa da KPIari loturiko soldata igoera ez dela igoera bat, parekatze bat baizik. Beraz, KPIari lotuta ez dagoen “igoera” orok erran nahi du langileek dirua galtzen jarraituko dutela.

Gaurkoa bertze urrats bat izan da Nafarroako zahar egoitzetako lehenbiziko hitzarmen kolektiboa lortzeko borrokan. Baina borroka ez da bukatu, eta nahitaezkoa izanen da berriz kalean eta lantokietan elkarrekin egotea.