2025-12-29
Blog Page 217

Bizkaiko esku-hartze sozialean ekaineko azken bi greba egunak egiten ari dira, eta blokeoa ikusita, aurrerantzean ere borrokan jarraitzeko hautua egingo dute

Patronalak egindako azken proposamena ez dute begi onez ikusten beharginen ordezkariek. Besteak beste, indarraldi luzeegia hartuko luke bere baitan (2026ra artekoa), eta jasotzen dituen ordainsarien igoerak urriegiak izateaz gain, beste hainbat alorretan ere ez dira behar besteko hobekuntzak jasotzen.

Urte eta erdi darama sektoreak hitzarmena berritu gabe, eta, blokeo horren aurrean, esku-hartze sozialeko langileek premiazkotzat dute Bizkaiko Foru Aldundiaren inplikazioa, eta halaxe exijitzen ari dira azken asteotako grebetan, guztira bost egunez egin baitituzte lanuzteak. Gaur bertan, Foru Jauregia inguratu dute, mezu hori bertatik bertara helarazteko asmoz.

Izan ere, gogorarazi behar da zaintzaren sektoreko langileak direla esku-hartze sozialekoak, bereziki pandemian zehar funtsezkotzat jo zirenak, badirudien arren orain erakundeek ez dituztela aintzat hartzen.

Greba Feminista Orokorrera

Greba Feminista Orokorrak badu data: azaroaren 30ean izango da, ostegunez. Joan den martxoan Nazio Biltzarrak —Biltzar Nagusien artean LABen zuzendaritza organo gorena dena— onartu bezala, LABek parte hartuko du Greba Feminista Orokorrean.

Zaintzarena eskubide kolektiboa da, baina zaintza lanak pribatizatuta daude, negozio bihurtu dituzte. Pertsona guztiok ditugu zaintza beharrak, baina ez zaintza duinerako eskubidea bermatua. Eremu pribatuan eta familia nuklearretan sostengatu dira zaintza lanak, emakumeen* bizkar, beti. Halaber, zaintza lanetan diharduten langileek jasaten duten prekarietatea eta esplotazioaren aurrean —etxeko langileena da egoerarik muturrekoena—, lan horiek aitortu, demokratizatu eta duindu egin behar dira.

Egungo gure jendarteak duen arazorik larrienetarikoa da zaintza krisia, erantzunak eskatzen ditu. LABetik zaintza sistema publiko komunitarioa aldarrikatzen dugu eta zaintzaren errealitatea iraultzeko borrokan jarraitzen dugu, orain, azaroaren 30eko Greba Feminista Orokorra ortzimugan hartuta.

DAI 96k bere langileen nominak ordain ditzan exijitzen dugu

Astearte honetan LABetik salatu dugunez, Servicios Integrales de Limpieza Grupo DAI 96 S.L. enpresako langileek bi hilabete daramatzate apirileko eta maiatzeko nominei dagokien soldata jaso gabe, eta egun gutxitan ekaineko nomina ere ordaindu gabe izango dute.

Enpresa hori Gipuzkoako UVESCO eta BM supermerkatuek kontratatzen dute, besteak beste, beren supermerkatuetan garbiketa zerbitzua emateko.

LABetik enpresarekin harremanetan jarri gara soldatak ez ordaintzearen arrazoiari buruzko azalpenak eskatzeko, eta enpresaren erantzuna izan da beharrezkotzat jotzen dituzten neurriak hartzen ari direla lanpostuak mantentzeko eta nominak garaiz eta modu egokian ordainduko direla bermatzeko. Limpiezas DAI enpresari eta UVESCO eta BM supermerkatuen zuzendaritzei dei egin diegu soldatak ordaindu ez izanaren arazoari berehalako irtenbidea eman diezaieten.

Salbuespen neurriak behingoz bertan behera gera daitezen eskatzeko mobilizatu gara Bilbon, Donostian eta Gasteizen

Euskal gehiengo sindikalak elkarretaratzeak egin ditu Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako hiriburuetan, Sare antolakundearekin batera. Etzidamu, hilak 23, LABek beste mobilizazio bat gauzatuko du Iruñean. Berandu baino lehen euskal preso guztiak etxera ekartzea lortuko dugu presio sozialari esker.

Sarek Izan Bidea dinamika abiatu zuenetik hamaika izan dira sindikalgintzatik aurrera eraman ditugun mobilizazioak. Dinamika hura lantegietaraino eraman genuen, eta gaur salbuespen legediak dakartzan urraketak salatu eta egungo espetxe politika aldatzearen beharra aldarrikatu dugu.

LABeko koordinatzaile orokorrak, Garbiñe Aranburuk, Donostiako hitzorduan parte hartu du, eta bertan nabarmendu nahi izan du azkenaldian presoen eskubideen alorrean eman diren aurrerapausoak adostasun instituzional, politiko, sindikal eta sozialek nahiz mobilizazioen bidez eginiko presio sozialak ekarri dituztela. Horiei esker, presoen Euskal Herriratzea lortu da, baita lehen graduarekin amaitzea ere.

Oraindik, dena den, salbuespenezko neurriekin behingoz amaitu behar dela aldarrikatu dugu gaurko elkarretaratzeetan. “Ziur gaude bai presoak beraiek egiten ari diren bideari esker eta bai presio sozialari eta mobilizazioari esker berandu baino lehen guztiak etxera ekartzea lortuko dugula”, baieztatu du Garbiñe Aranburuk.

Osakidetzako zerbitzuen beste lau pribatizatze-saiakera geldiarazi ditugu

LAB sindikatuak beste 4 kanporatze-espediente geldiarazi ditu, eta dagoeneko hamar plegu baino gehiago daude geldirik, 160 milioi eurotik gorako balioarekin, hau da, 2023rako Osakidetzara bideratutako 3.733 milioi euroen %4,28.

Informatika zerbitzuetako zein elektromedikuntzako teknikarien arloan geldiarazitako pleguez gain, azken asteetan pribatizazio estrategian sakondu eta osasun zerbitzu publikoko beste hainbat kategoriatako lana kanpora ateratzeko pleguak geldiarazi ditugu, honako alor hauei eragingo lieketenak: zerbitzuetako langileak, joskintzako lanak, ospitaleko mantentze-lanak eta erradiofisika.

1.- Santa Marina Ospitaleko sukaldeko ostalaritza-makinetarako laguntza teknikoa eta berrikuspenak; 2.430.540€ (mantentze-lanetako ofiziala)

2.- Santa Marina Ospitalerako ikuztegi eta joskintza zerbitzua; 3.026.700€ (zerbitzuetako eta joskintzako langileak).

3.-Ikuzketa zerbitzua Ezkerraldea-Enkarterri Gurutzeta Erakunde Sanitario Integratuaren lehen mailako arretan; (544.242,78 €) (zerbitzuetako langileak)

4.- Osakidetzako laguntza-sareko zentroetako erradiodiagnostikoko instalazioen segurtasunaren eta kalitate-irizpide normalizatuen arloko ebaluazioetarako zerbitzuak; 1.094.400 € (Ospitaleko erradiofisikoa).

Sagarduik eta Urkulluk jarraitzen duten bitartean herritarrei esaten Osakidetzan pribatizaziorik ez dagoela, LAB sindikatuak 160 milioi euro gerarazi ditu azken urtean. Hala, hainbat profesional erakunde horretan egotea eta bertan jarraitzea arriskuan jartzen zuten kanporatzeak ekidin ditu.

LABen esanetan, Osakidetzan asko pribatizatzen ari da, eta, gainera, kontratazio publikoaren legeak ezartzen dituen gutxienekoak bete gabe egiten saiatzen dira askotan. Horrek agerian uzten du sailak dituen baliabide ekonomikoak kudeatzeko orduan arretarik ez dagoela.

Osakidetzako zuzendaritza justifikaziorik gabeko gastuak egiten ari da pribatizazioa bultzatzeko; esaterako, LAB inpugnatzen ari den pleguak aurrera ateratzeko aholkularitza juridikoaren kontratatzea. Kontratazio horrek, halaber, mespretxatu egiten ditu orain arte zeregin horietaz arduratzen ziren Osakidetzako profesionalak, eta, gainera, Osakidetzaz kanpoko erakunde batean inpugnatzeko aukera ematen duen atalasera iristen ez den prezioarekin egiten du. Hala ere, sindikatu honek, berraztertzeko errekurtso baten bidez ere errekurritu du.

Hau da, Osakidetzan asko pribatizatzen da, eta Osakidetzako zuzendaritzak ez du inolako asmorik erakusten pribatizatu beharrean zerbitzuak bere gain hartzeko. Aldiz, LAB ari da pribatizazio horiek geldiarazten, plantillari kalte baino ez diote egiten eta. Bada, zuzendaritzak kanpoko aholkulari juridikoak kontratatzen ditu, Osakidetzak LABen ekintza sindikala saihesteko nahikoa baliabide juridiko ez balu bezala.

Ahalegin handia egiten dute osasun publikoa suntsitzeko, eta baliabide guztiak erabiltzen dituzte enpresa pribatuetara bideratzeko lanok Osakidetzako lankideek primeran egin ditzaketenean.

Premiazkoa da Osakidetzaren kudeaketa aldatzea, hura indartzeko asmoarekin, dituen baliabideen eraginkortasuna eta optimizazioa handitzeko. Osakidetzako zuzendaritzak pribatizazioaren bidea utzi behar du eta kontratazioa sustatu behar du kanpora ateratzen saiatzen ari diren zeregin horiek Osakidetzako langile publikoek egiteko.

Sindikatuok mobilizatzen hasiko gara Nafarroako Optiken Merkataritzako hitzarmenean eros-ahalmena bermatu eta lanaldia murritz dezaten

Nafarroako Optiken Merkataritzako hitzarmenari buruzko azken bileran, iragan maiatzaren 30ean egina, LAB, ELA eta UGT sindikatuok ultimatuma eman genion patronalari, hau da, mobilizazioei ekinen geniela abisatu genuen, baldin eta enpresek egungo proposamenari eutsiz gero. Bada, patronala mugitu ez denez, ortzegun honetan, ekainaren 22an, eguerdian, bi elkarretaratze eginen ditugu Iruñean, erreferentziazko bi optikaren aurrean.

12:30ean Optika Rouzaut-en aitzinean, Txapitela 21ean, eta 12:45ean Optika Alforjaren parean, Udaletxeko plazan. Horiek dira LAB, ELA eta UGT sindikatuok KPIri lotutako soldata igoerak bermatuko dituen eta lanaldia murriztuko duen hitzarmen duina eskatzeko eginen ditugun lehenengo bi mobilizazioak.

Optiken Merkataritzako lan hitzarmena negoziatzen duen mahaia hainbat aldiz elkartu ondoren, bertan parte hartzen ari garen hiru sindikatuok patronalari proposamen bateratu bat egin genion, jakinarazteko akordioa sinatzeko gure gutxieneko puntuak zein diren.

Soldatetan KPI bermatzea da gure helburua, gutxienez iraunaldian. Beraz, maiatzaren 9an egin ziguten proposamen ekonomikoari gehitu behar zaio soldata erregularizazio bat, 2021ean eta 2022an galdutako eros-ahalmena konpentsatzeko. Sindikatuok hitzarmena sinatzeko proposamena hau litzateke:

• 2022. urtea: %3,5

• 2023. urtea: %5

• 2024. urtea: 2023ko KPI

• 2025. urtea: 2024ko KPI

• 2026ko urtarrilaren 1ean soldata tauletan %3,2ko igoera aplikatuko litzateke (soldata igoeren eta 2021- 2025 bitarteko KPIen baturaren arteko aldea)

Bertze puntu garrantzitsu bat da lanaldiaren murrizketa; azken hamabortz urteetan ez da ordu bakar bat gutxitu. Orain zortzi orduko jaitsiera nahi dugu. Langile bakoitzak urtean jaiegun bat gehiago izateak enpresendako ez du zuzeneko kostu ekonomikorik eragiten, ez baitute ordezkapenik eginen.

Azkenik, soldatarik apalenak dituzten kategoriak (I. eta II. Taldeak) desagertzea proposatzen dugu; horrela sektoreko gutxieneko soldata hilean 1.400 euro gordinekoa izanen litzateke; larunbat arratsaldeko plusa hobetu behar da; eta hitzarmenaren aurreraeragin mugagabea ezarri.

Gipuzkoako Odol Bankuan karrera profesionalaren inguruan adostutakoa betetzea eskatzen dugu

2009an, Gipuzkoako Odol Bankuko langileek, Transfusio eta Giza Ehunen Euskal Zentroaren Fundazioa, akordio bat sinatu zuten enpresako zuzendaritzarekin, garapen edo karrera profesionala aitortzen ziena (zituzten hirurteko batzuen truke), gainera, gerora Osakidetzan egingo ziren ziren deialdi bakoitzarekin lotzen zen.

Harrezkero, Osakidetzak bi deialdi egin ditu, eta, gaur egun, Fundazioko patronatukideek (Osakidetza, EAEko Administrazio Orokorra, Gipuzkoako Foru Aldundia eta Odol Emaileen Elkartea) ez diete langileei deialdirik egin, eta bere garaian sinatu zutena ordaindu gabe jarraitzen dute.

Langileek diote nazkatuta daudela egoera honetaz. Hala eta guztiz ere, erantzukizunarekin eta erantzukizunetik lan egiten jarraitzen dute, ulertzen dutelako lan publikoa eta funtsezkoa egiten ari diren langileak direla.

Beraz, Fundazioko kide eta nagusiei eskatzen diete gatazka hau konpontzeko euren aldetik behar dena jar dezatela, eta behingoz bete dadila bere garaian bi aldeek adostutakoa.

Politika eta jarduera instituzional arrazistarik ez. Mantero izatea ez da delitua, lana baizik

Ekainaren 18ko igande eguerdian, Bilboko Alde Zaharrean, bide publikoan kalez kaleko salmenta egiten zuten langileen aurka Udaltzaingoak eta Ertzaintzak prestatutako neurriz kanpoko aktuazio baten lekuko izan ziren hainbat auzokide eta bertatik pasatzen ziren oinezko.

Top-manta milaka migratu eta pertsona arrazializaturen biziraupen-estrategia bat da. Espainiar estatuko atzerritartasun legeak pertsona hauei enplegua baldintza duinetan lortzea ukatzen die eta ezkutuko ekonomian bizitzera kondenatzen ditu.

Guretzat, pertsona manterak langileak dira, eta eskatzen dugu administrazioak eta toki-erakundeek guztiontzako eskubide, aukera eta baldintza duinak berma ditzatela.

LAB sindikatutik egungo erakundeen politika arrazista eta indarkeria instituzionala gaitzesten ditugu. Politika instituzional horiek polizia-jardunbide desegokietarako baldintzak sortzen dituzte, hala nola neurriz kanpoko operatiboak, gehiegizko indarra erabiltzea edo etnia- eta arraza-profileko kontrolak, Arartekoak berak behin baino gehiagotan salatu duen bezala.

Halaber, operatibo horiek polizia demokratikoaren eta hurbileko poliziaren eredutik aldentzen gaituzte. Sindikatu eta polizia-elementu batzuen mezu segurokrata eta errepresiboa indartzen dute, eta gurea ez den eredu instituzional bati erantzuten diote.

LAB sindikatuak bat egiten du gaur SOS Arrazakeria Bizkaiak eta MBOOLO Manteroen Kolektiboak deitutako elkarretaratzearekin: ekainaren 19an, astelehena, 18:30ean, Bilboko Alde Zaharreko Bidebarrieta eta Victor kaleen kale-kantoian.

Manteroa izatea ez da delitua. Herri-elkartasuna ez da delitua.
STOP jarrera arrazistei. Guztiontzako eskubideak.

Politika eta jarduera instituzional arrazistarik ez

Langileon osasunaren aldeko borroka lantokietara, kalera nahiz Osalan eta NOPLOIra eramango dugu

LABeko koordinatzaile orokor Igor Arroyok eta Lan Osasuneko arduradun Inko Iriartek Bilbon emandako prentsaurrekoan jakinarazi dutenez, LAB Osalanen parte hartzen hasiko da ekainaren 29tik aurrera, Eusko Jaurlaritzaren politikaren gabeziak agerian utzi eta langileon osasunaren aldeko neurri zehatzak aldarrikatzeko.

Arroyok azaldu duenez, Osalanen parte hartzen hasteko erabakiak Biltzar Nagusian adostutako bi helburu nagusiri erantzuten dio. Lehenengo helburua, honako hau: kontrabotere ikuspegi batetik langileak antolatu eta Kapitalari eremu guztiak lehiatzea.

Lantokietan, kalean nahiz instituzioetan langileen aldeko politikak aldarrikatu eta borrokatzeko determinazioa dugu. EAEko instituzio nagusiek bizkar eman diote, urte luzez, langileon beharrei, kostu politiko gutxirekin eman ere berriki arte. Gehiengo sindikalaren esku-hartzerik gabe, parte hartze instituzionalerako guneetan jaurlaritzak ez du oposiziorik izan; Osalan eta bestelako erakundeak propaganda instituzionala egiteko erabili ditu.

Aldiz, azken hauteskundeetan ikusi bezala, langileok badugu zer esanik eta eragiteko gaitasunik esparru guztietan, baita esparru instituzionalean ere. Politika publikoetan aldaketak eragiteko, lantokietan eta kalean antolatu eta aktibatzea da dugun bermea. Ildo honetan, borrokaldi oparoa bizi dugu; langileek ahaldundu eta beraien eskubideen alde egiteko prest daudela erakutsi dute. Lantokietan eta kalean bildutako indar hori baliatuko dugu, erakundeetan ere aldaketak borrokatzeko.

LABen bigarren helburua langileon osasunaren aldeko borroka indartzea da. Azken hamarkada luzean ez da egon aurrerapauso esanguratsurik langileon osasunari dagokionean, areago, zenbait alderditan atzerantz goaz. Prekarizazio prozesuak eta prebentzio neurrien ez betetzeak, mutualitateek laneko gaixotasunak eta lan istripuak ezkutatzeko darabilten estrategiak eragin zuzena dauka langileon osasun galeran.

Arroyok salatu duenez, Eusko Jaurlaritzak ez du borondaterik prebentzio legea betearazteko eta enpresariei merkeago ateratzen zaie ez betetzea: “Enpresariak inpunitate osoz ari dira, horrela bakarrik ulertu daiteke, ekidin daitezkeen istripuak ekiditeko neurririk ez hartzea. ‘Aski da!’ esateko unea da. Lantokietan gure osasuna defendatzeko ekintza sindikala indartzera goaz. Kaleko mobilizazioak indartuko ditugu. Eta eremu instituzionalean ere lan osasunari dagozkion politika publikoen gabeziak agerian utzi eta neurri zehatzak aldarrikatzera goaz”.

Inko Iriartek, bere aldetik, LABek Osalanera eta Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutura (NOPLOI) eramango dituen aldarrikapenak azaldu ditu.

Lehenik eta behin, Osalan eta NOPLOIren izaera aldatzea proposatzen dugu: aholkularitza entitate izatetik, babes sozialeko, ikuskatzeko eta prebentzio sistema publiko eta propioa eraikitzeko tresna izatera. Horretarako, lan ikuskaritzaren transferentzia osoa eskuratzea defendatzen dugu, baita lan ikuskaritzaren eta lan osasunaren babeserako egitura publikoen arteko bat egitea ere.

Era berean, Osalan eta NOPLOIeko teknikariek ahalmen exekutiboa izatea eta prebentzio legearen arau hausteak detektatu eta zigortzeko profildun ikuskarien kopurua esponentzialki handitzea (Bizkaian 100, Gipuzkoan 50, Araban 25 eta Nafarroan 50) proposatzen du LABek. Ikuskatze lana bereziki indartu beharra dago honako sektore hauetan: basogintza, eraikuntza (alturatik erorketak), industria (makina-erraminta) eta sektore feminizatuak (gaixotasun psikologiko eta muskuloeskeletikoen kontrola, izugarri hedatzen ari direnak). Lan osasunean genero aldagaia aintzat hartzea ezinbestekoa da.

Bestalde,mutualitateen nahiz prebentzio zerbitzuen jardunbide txarrak ezabatzeko mediku-ikuskapenak burutzea eskatzen dugu, baita laneko gaixotasunen jarraipena egiteko erregistroa sortzea ere.

Azkenik, hildakoak eragin dituzten edota larriak izan diren la- istripuetan zein laneko gaixotasunez hildakoak dauden enpresetan prebentzio neurri eza dagoela ebatziko balitz, NOPLOIk eta Osalanek fiskaltzaren esku jarriko dute duten informazio guztia eta dagokion kasu penalean aktiboki parte hartzeko konpromisoa eskatuko du LABek.

Norabide horretan eragiten hasteko, konpromiso baten berri eman du Iriartek: Osalanen parte hartzeagatik LABek jasoko duen diruarekin funts bat sortuko du, lan istripuen eta laneko gaixotasunen ondoriozko prozedura penalak indartzeko erabiliko dena: “Bada ordua inpunitatearekin amaitzeko, ardurak eta erantzunkizunak argitzeko”.