2026-07-05
Blog Page 215

Gutxieneko soldataren igoerak ez dio erantzuten Hego Euskal Herriko egoera sozial eta ekonomikoari

Madrilen iragarri berri dute estatu mailako Lanbidearteko Gutxieneko Soldata %5 igotzea erabaki dutela. Igoera positiboa bada ere, gutxieneko soldata horrek ez du egungo errealitatean bizitza duina bermatzen, erabat eznahikoa baita. Zer esanik ez Hego Euskal Herriko errealitate sozioekonomikoari erreparatuz gero; izan ere, urrun geratzen da gure egunerokotik gaur Madrildik inposatu nahi diguten gutxieneko soldata. Ezinbestean, Espainiako Estatuaren errealitate anitzak ere bere isla izan beharko luke gutxieneko soldatari dagokion esparruan ere.

Eta norabide horretan jarraituko dugu lanean LAB sindikatutik. Hain zuzen, Hego Euskal Herriko egoera sozial eta ekonomikoari erantzungo dion gutxieneko soldata propio eta erreal bat erdiestea dugu ortzimugan. Bertako agente sindikal eta patronal nagusien arteko sektorearteko akordio marko baten bidez, zuzenean lan harreman orori aplikagarria izango zaion gutxieneko soldata propioa lortzea dugu helburu.

Gogora ekarri nahi dugu, bide horretan, Eusko Legebiltzarrak 2023ko martxoan harturiko erabakia, Eusko Jaurlaritzari eskatzen diona aktiboki sustatu dezala EAE mailako gutxieneko soldataren akordioa langai izango duen negoziazioa. Ondorioz, dei egiten diogu Eusko Jaurlaritzari, eta, bereziki, Bigarren Lehendakariorde eta Lan eta Enpleguko sailburu den Idoia Mendiari, paper aktiboa har dezala EAE mailako gutxieneko soldata sustatuz.

Aldi berean, Confebask zein CEN patronalak ere interpelatu beharrean aurkitzen gara, EAE eta Nafarroako gutxieneko soldatak erdiesteko bidean pausoak eman daitezen eta negoziatzera eser daitezen. Izan ere, sozialki ezinbestekoa da, bertako egoerari erantzungo dion akordioak lortuz, herritarron bizi baldintza duinak bermatuko dituen bertako gutxieneko soldata adostea. LABetik bide horretan jarraituko dugu sutsuki lanean.

Lan Harremanetarako eta Babes Sozialerako Euskal Esparru propioa xede, pausoak eman ditzagun gutxieneko soldata propioa erdiesteko bidean.

Nafarroako Ospitale Unibertsitarioko mantentze-lanen zerbitzu osoa publifikatzea #LortuDugu Ubarminen

Nafarroako Elkanon kokatuta dagoen traumatologia eta errehabilitazio tratamenduetan espezializaturiko klinika publikoa da Ubarmin eta, urtea hastearekin bat, bertako mantentze-lanetako zerbitzua osoki langile publikoek ematen dute. Orain arte, zerbitzu hori langile publikoen eta kanpoko enpresa bateko langileen artean egiten zen. Ubarmingo mantentze-lanen publifikatzea bere profesionalen eskaera historikoa izan da; LABek bat egin zuen aldarrikapen horrekin eta kanpainen eta bileren bidez azkenean borrokak emaitza ona ekarri du.

Aurreko gerentziekin ez zen lortu, baina zerbitzuko langileek eta LAB sindikatuak legegintzaldi honen hasieratik egin duten lanari esker, azkenean, lortu da Osasunbideko mantentze-lanetako teknikari izateko hiru plaza publiko berri sortzea, lortu da zerbitzua berrantolatzea, eta lortu da enpresa pribatuen azpikontratazioari bukaera ematea; azken finean, lortu da zerbitzua osorik publifikatzea.

LABek zerbitzu publikoak indartzeko apustua egiten du, inolako oztoporik gabe, argi eta garbi, herritarren beharrei erantzunen dien kalitatezko zerbitzua emateko behar diren baliabide ekonomikoak eta giza baliabideak emanez. Alde horretatik, LABen ustez, horien zuzeneko kudeaketa da modurik eraginkorrena kalitatezko zerbitzu integrala emateko eta lan baldintza duinak errespetatzeko.

Oraindik asko dago egiteko, bai plantillen dimentsionamenduari dagokionez, bai gaur egun pribatizaturik dauden zerbitzuen kopuru handia publifikatzeari dagokionez. Baina LABek erakutsi du lanak eta borrokak fruituak ematen dituztela; hala izan zen ospitaletako sukaldeen lehengoratzean, eta hala izan da Ubarmingo mantentze-lanen publifikazioan edo Nafarroako Ospitaleko garbiketa-plazen egonkortzean. Beraz, LABek langileak animatu nahi ditu helburu horren inguruan antola daitezen, sindikatu honetan borroka horretan esperientzia duen tresna eraginkor bat aurkituko dutela jakinda.

Elkarretaratzea egin dugu berriz ere, Nafarroako zahar egoitzen hitzarmenari buruzko negoziazioa behingoz desblokea dezaten aldarrikatzeko

Egunotan hiru urte bete dira LAB sindikatuak Nafarroako zahar egoitzen hitzarmenaren aldeko bere lehenbiziko pankarta atera zuenetik. Ordutik dozenaka mobilizazio eta greba egin dituzte langileek, baita LABek ere, batzuetan bakarka, batzuetan bertze sindikatu batzuekin batera. Gaurkoan sindikatu honek elkarretaratzea egin du berriz Nafarroako Jauregiaren aitzinean, Iruñean, Gobernuari eta sektoreko patronalei eskatzeko behingoz desblokea dezatela hitzarmenari buruzko negoziazioa.

Duela hiru urte baino gehiago LABek hausnarketa egin eta pentsatu zuen bazela garaia Nafarroan zahar egoitzen hitzarmen propioa izateko, sektore feminizatu eta prekarizatu honen lan baldintzak duinago egite aldera. Garai hartan LAB burubelarri sartuta zegoen Esku-hartze Sozialeko Nafarroako lehen hitzarmena lortzeko borrokan. Eta hitzarmen hura erdietsi zelarik, sindikatuak nolabaiteko ospakizun ekitaldia antolatu zuen, zeinetan Esku-hartze Sozialeko langileek lekukoa pasatu baitzieten zahar egoitzetako langileei, hitzarmen propioaren aldeko borroka has zezaten. 2021eko urtarrilaren 8an izan zen. Orduantxe atera zuen LABek kalera Nafarroako zahar egoitzetako hitzarmenaren aldeko aldarrikapena. Eta, zoritxarrez, oraindik ere atera behar izaten du.

Badira hilabete batzuk negoziazioak nahiko geldirik daudela. Blokeo horrek erakusten du patronalak ez duela batere interesik sektorearen lan baldintzak duintzeko. Negoziazioaren paralisia ez da inola ere onargarria eta, horregatik, LAB gaur mobilizatu da sektoreko langileekin batera, behingoz desblokea dezaten eskatzeko.

Iragan urriaren 20an, LABek 65 pertsona bildu zituen Nafarroako Jauregiaren aitzinean eginiko kontzentrazio batean. Azaroaren 26an, 40 langilerekin batera kale bat moztu zuen Iruñean. Eta gaur berriz mobilizatu da, elkarretaratze txiki batekin. LABek behar adina aldiz mobilizatzen jarraituko baitu Nafarroako zahar egoitzetako lehen hitzarmena egia bihurtu arte.

LABek lan-baldintza duinak aldarrikatzen ditu, hala nola bajak absentismoarekin lotu gabe, gehiegizko klausularik gabe, inolako kontzepturen izozterik gabe, soldata eta lanaldi duinekin, lana, bizitza eta zaintzak kontziliatzen lagunduko dutenak, etab.

Mecanerren borrokan jarraitzen dugu eta lantegiaren nahiz eskualdearen etorkizuna bermatzeko instituzioen inplikazioa exijitzen dugu

Atzo bezala, gaur ere greba egin dute Urdulizko lantegiko beharginek. Atzokoan kotxe karabana egin zuten herritik abiatuta, eskualdea zeharkatu eta Bilboraino. Gaur, berriz, manifestazioa egin dute Bilbon, lan-ikuskaritzatik SPRIraino.

Manifestazioaren hasieran, Enpresa Batzordeak salaketa bat jarri du enpresaren aurka lan-ikuskaritzan, enpleguari buruzko informazio-eskubideak urratzeagatik, etorkizunean enpresa berregituratzeagatik eta plantillako lan-kontratuak erabat amaitzeagatik, enpresaren asmo txarrarekin batera. Hori guztia Enplegu Erregulazioko Espedientearekin lotuta, zeina 2024ko martxoaren 1ean hasiko baita ziurrenik.

Manifestazioa SPRIn amaitu da, erakundeei eta, bereziki, Industria Sailari zuzendutako mezu argiarekin. Lau hilabete daramatzagu eta fase erabakigarri batean sartu gara. Fase horretan, 148 lanpostuen bilakaera eta langile horien etorkizuna ez ezik, herri eta eskualde baten etorkizuna ere jokoan izango ditugu.

Hori dela eta, instituzioek beren erantzukizunari heldu eta konpromisoak hartu behar dituzte.Mecanerreko plantillak baditu proposamenak, eta bere etorkizunaren jabe izan nahi du, baita eskualdeko industriaren protagonista ere. Horrenbestez, mobilizazioak egiten eta instituzioekin harremanetan jarraituko dugu. Baina hori ez da posible administrazioen eta gizartearen ekarpenik eta parte-hartzerik gabe.

Hala, itxiera proposamen hau aukera bilakatzeko borrokan segiko dugu LABen.

Ontzat jotzen dugu Nafarroan sare publikoko 0-3 hezkuntza zikloa doan izan dadin Gobernuak hartu erabakia, baina arretaz behatuko dugu neurri hori ezartzeko modua

Hezkuntza Departamentuak aurrekoan iragarri zuen 2024-2025 ikasturtetik aurrera Nafarroa Garai osoko sare publikoko haur eskolak doakoak izanen direla. LAB sindikatuak, noski, ongietorria eman nahi dio Gobernuak harturiko erabaki horri, eta ulertzen du sektore horretan lan egiten duten langile eta eragileon aldarrikapenen eta borrokaren ondorio izan dela. Dena dela, LABek arreta handiz behatuko du erabaki hori nola gauzatuko duten, zein neurri mota hartuko duten eta zein baliabide bideratuko dituzten.

0 eta 3 urte bitarteko haurren hezkuntza arretaren unibertsaltasuna, bere esanahi zabalean, lortu bitartean, ziklo honen hezkuntza izaera eta kalitatea aldarrikatzea izanen da LAB sindikatuaren lan ildoaren oinarria. Eta sindikatu honek unibertsaltasun horren barruan kokatzen du euskara eskuratzeko haur guztien eskubidea bermatzea. Halaber, hezkuntza ziklo honetako langile guztien lan baldintza duinak borrokatzen segituko du LABek.

Euskal patronalak kimika sektoreko erkidegoko lehenengo hitzarmenaren negoziazio mahaiaren irekiera blokeatzen saiatu izana gogor salatzen dugu

Bertako hitzarmenak estatuko hitzarmenetatik blindatzea lehentasunezko borroka izan da beti sindikatuarentzat, negoziatzeko eskubidea hemen mantentzeak langileentzat lan baldintzak hobeak lortzeko aukera ematen baitu. Industria kimikoko hitzarmen estatalaren iraunaldia abenduaren 31n amaitu denez, Euskal Herrian bide hau jorratzen hasteko aukera jorratuko du LABek.

LABek, Euskal Herriko beste hainbat indar sindikalekin bat, aukera hau gauzatzeko behar diren urratsak emateko konpromisoa hartu zuen. Harrezkero hainbat akordio lortu ditu, eta hainbat urrats egin; besteak beste, bilerarako deialdia ezartzea irailaren 26rako, EAEko sektoreko patronal ezberdinei helarazteko negoziazio esparrua irekitzeko borondatea. Bilera horretan, negoziazio esparru propioa irekitzeko patronal guztiek duten borondate falta nabaria izan zen. Kimiketako hitzarmen estatalarekin eroso sentitzen dira.

LABek, patronalen jarrera ikusita, gainontzeko sindikatuekin batera beste bilera deialdi bat bidali zuen urtarrilaren 10erako, Lan Harremanen Kontseiluaren egoitzan, Erkidegoko kimiketako I. Hitzarmenaren negoziazio mahaia ezartzeko helburuarekin.

Urrats honekin, negoziazio esparru propioa defendatzeaz gain, sektoreko langileen eskari nagusiari erantzun nahi izan dio LABek, hau da, lan baldintzak hemen arautzea. Horren erakusle dira azken asteotan sektoreko enpresa nagusien eskutik bildutako mozioak 100dik gora izan direnak, hala nola Mariskone, Krafft, Plastibor, Faes Farma, Michelin (Gasteiz eta Lasarte), Megatech, Orbelan plasticos, Beissier, Altan pharmaceúticals. , Ind. apar-teknikak, Zabalgarbi, Roxall medikuntza, AKT plastikoak…

Zoritxarrez, CONFEBASK, CEBEK, ADEGI, SEA eta AVEQ-KIMIKAk arduragabekeriaz joakatu dute eta deitutako bilerara joateari uko egin diote. LABen iritziz oso larria da hartutako erabakia eta argi erakusten du euskal patronalaren asmoa estatalizatu eta, beraz, sektoreko langileen lan baldintzak betiko prekarizatzen jarraitzea dela. Ez dago baliozko aitzakiarik, dagoena borondate falta da, eta EAEko kimika sektoreko langileena ez den negoziazio esparru bat inposatu nahi izatea.

LAB amaieraraino joateko prest dago kimikaren sektorean hitzarmen autonomiko bat lortzeko. Helburu hori aliantzen eta sektoreko langile guztien aktibazioaren bitartez etorriko da. Zentzu honetan, LABek, sektoreko gehiengo sindikalekin batera, otsailean zehar euskal patronal ezberdinen aurrean mobilizatzeko deia egiten du, eta sektoreko langile guztiei dei egiten die parte hartzera.

Irurtzungo Hydro Extrusion Spain enpresaren Nafarroako lantegiko Enpresa Batzordeak jendaurrean salatu nahi ditu enpresan azken urte eta erdian eginiko kaleratzeak

Kasu guztietan, enpresak aitzakia bera erabiltzen du kaleratze objektiboetarako: konfiantza galtzea, errendimendu txikia, atalaren berrantolaketa, etab. Baina horiek guztiak bidegabetzat jo ditu justiziak. Horrek erakusten du Hego Europako zuzendaritzak nahi duena egiten duela inolako justifikaziorik gabe, gainontzeko langileei abisu bat ematea izan ezik, eta haren balio famatuak (zaintza, lankidetza eta ausardia) marketin hutsa dira, eta haren benetako helburua da kaleratzeen beldur diren langile otzanak izatea.

Kaleratzeak, Batzorde honen arabera, modu umiliagarrian egin dituzte, bai kaleratze-gutunean adierazitakoagatik, bai egiteko moduagatik: joan den abenduaren 20an eginiko azken kaleratzearen kasuan bezala, ordutegia amaitu baino 10 minutu lehenago, eta egun bat edo bi falta zirela Eguberriengatik ixteko, kaleratuak zein Batzordeak erreakzionatzeko aukerarik gabe.

Batzorde honek behin eta berriz eskatu badu ere, kaleraturikoei ez zaie aukerarik eman enpresa barruan beste toki batean kokatzeko. Era berean, ez zaie inoiz eman ez hitzezko ez idatzizko aldez aurreko abisurik, langileak bere lanpostuari dagozkion eginkizunak ez dituela betetzen adieraziko luketenak.

Enpresa Batzordetik adierazi nahi dugu plantilla honek balioak dituela frogatu duela, eta konpainiak igaro dituen une zailetan erantzun duela, pandemiarekin, eta, lehenago, enpresak mundu osoan jasan zuen eraso zibernetikoarekin, eta, gainera, soldata murriztu egin zela 2011-12ko krisian. Baina “sari” gisa justifikatu gabeko kaleratzeak jaso ditu, gainontzeko langileen aurkako ezkutuko mehatxu bezala ulertzen ditugunak.

Urte nahikotxotan etekin handiak izan arren, enpresaren jarduera-ildo bakarra da plantilla murriztea, kentzea eta presionatzea. Uste dugu Nafarroako langileek eskubidea dutela jokabide horien zergatia azal diezaieten, eta Batzorde honek, bere ordezkaritzan, egoera hori agerian uzten eta egokitzat jotzen diren ekintzak bultzatzen jarraituko du.

Horren guztiaren ondorioz, Irurtzungo Hydro-ko Enpresa Batzordeak langile guztiei dei egin die protesta gisa kontzentrazio batzuk egiteko urtarrilaren 11n, 18an eta 25ean, goizeko 9:10ean, lantegiko iparraldeko zelaian.

Hildako bi langile utzi ditu dagoeneko 2024ak Bizkaian

Atzoko albistean jaso bezala, 54 urteko A.M.C garraiolaria hil zen Santurtzin, Eroskiko gasolindegietarako horniketa zerbitzua eskaintzen ari zela zehazki. Sindikatuak aurreratu bezala, istripu ez traumatikoaren zantzuak zituen, eta gerora horrela berretsi da. Bada, egun berean baina arratsaldez, beste behargin bat hil da, kasu honetan Trapagaranen, lantokiko ateak harrapatuta.

IVECO Bomloy enpresan gertatu da azken lan heriotza hau, K.R. langile Barakaldoarrari lantoki sarrerako ate astuna gainera etorrita. Segurtasun neurriak aldarrikatzeko hainbat mobilizazio egin dituzte bertako langileek azken hilabeteetan. LABen jakin ahal izan dugunez, gainera, istripua eragin duen ate astuna orain bizpahiru aste matxuratu zen eta irekitze-ixte prozesua eskuz egin behar izan dute. Honela, enpresak honen berri izanik ere langileak lan baldintza ez seguruetan lan egitera behartu ditu eta honela gertatu da istripua. Prekarietateak eragin du heriotza berri hau, enpresaren erabakiz sortutako baldintza prekarioek, hain zuzen ere.

Patronalaren inpunitateak iaz 58 hildako utzi zituen Euskal Herrian, eta inpunitate honek berak aurten dagoeneko bi langile erail ditu. Berriro diogu: etekin ekonomikoak lan-osasunaren gainetik jartzea onartezina da.

Bitartean, Osalan zein Lan Ikuskaritza eraginkorrak ez izateko sortuak izan direnez, patronalak lasai jarraitzen du lan osasunerako neurriak bete gabe. Lan osasuneko araudia ez-betetze gehien dituen araudi bezala da ezaguna mundu juridikoan. Egitura instituzional horiek iraultzen ez diren bitartean, patronala kontrolatu eta isuntzeko plangintza gogor bat ezartzen ez den bitartean, egoerak berdin jarraituko du, sindikatuaren arabera, guzti hori langileek beren bizitzarekin ordaintzen dutelarik.

Langile klase antolatuak soilik lortuko ditu aldaketa sakonak. Bada, egoera hau salatzeko eta langileriaren elkartasuna adierazteko, datozen orduetan Trapagarango heriotza hau salatzeko egingo diren ekimenetan parte hartzeko gonbita luzatu du sindikatuak; izan ere, eguerdian elkarretaratzea deitu dute Iveco Bomloyko langileek. Bestalde, Santurtzin zendutako garraiolariaren kasua salatzeko beste elkarretaratze bat egongo da bihar, 10:30ean, Santurtziko udaletxearen parean, LAB-ESK-STEILAS-EHNE-HIRU intersindikalak deituta.

Erasoen aurrean, euskaraz lan eta bizitzeko eskubidearen aldeko mobilizazioetara dei egiten dugu

Udaltzain postu batzuk egonkortzeko Donostiako Udalak egindako deialdiaren aurka ezagutu dugun azken epaiaren salaketa irmoa egiten du LABek. Deialdiaren oinarrietan ezarri zen udaltzain izateko euskarazko B2 maila eskatzea, beste hainbat eskakizunen artean. Bada, epaiaren arabera diskriminatzailea da euskara eskakizun hori egitea, argudiatuz kargu publikoetara baldintza berdinetan iristeko oinarrizko eskubidea urratzen duela.

Baina zergatik euskara maila bat eskatzea da diskriminatzailea eta ez deialdiaren oinarrietan ezartzen diren gainontzeko eskakizun guztiak? Zergatik ez da diskriminatzailea gutxieneko titulu akademikoa eskatzea, adin-tarte zehatz bat izatea, gutxieneko altuera bat izatea, gida-baimena behar izatea edo gaztelera derrigorrez jakin behar izatea, eta aldiz, euskara-eskakizun gutxieneko bat izatea bai? Deialdian ezartzen diren eskakizun batzuk (adina edo altuera adibidez) ezinezkoa dute betetzea herritarren gehiengoak, aldiz, euskara ezagutza maila bat lortzea edozein herritarrek egin dezake. Eta hor dago auziaren muina. Euskararen ezagutza borondatearen esku soilik utzi nahi dutela euskararen aurkako sektore judizial, politiko eta sindikal batzuek. Euskara aukera bat izatearen mailan utzi nahi dute, beti ere gazteleraren derrigorrezko ezagutzarekiko mendeko egoeran. Horrek islatzen du argi eta garbi horrelako epaiak egiten ari diren epaileen eta hori babesten duten gainontzeko sektoreen euskararen aurkako ideologia militantea.

Horrekin batera, behin eta berriz dikotomia faltsu berbera planteatzen saiatzen ari dira epai hauetan: herritarrekiko arreta hizkuntzaren eta langile publikoen ustezko hizkuntza-hauturako eskubidearen artekoa. Benetako dikotomia gaztelera ezagutzera derrigortua dagoen eta gainera euskara dakien herritar edo langile publikoaren hizkuntza-eskubideen eta euskara jakin nahi ez duten pertsonen artekoa da. Diskriminatzaileak euskara ez dakiten erdaldun elebakar horiek dira, eurak baitira elkarrizketa derrigorrez gazteleraz izan beharra inposatzen dutenak. Langile ez-euskaldunak dira euskarazko arreta jasotzeko herritarraren eskubidea urratzen dutenak, zein lankide euskaldunek euskaraz lan egiteko duten eskubidea urratzen dutenak.

Epai hau azken garaian ezagutzen ari garen epai-segida euskarafobikoen beste kate-begi bat da. Euskalgintzaren Kontseiluak deituta azaroaren 4an milaka eta milaka herritar manifestatu ginen epai horien eta euskaldunon hizkuntza-eskubideen zapalkuntza sistematikoaren aurka. Aski da! ozen bat esan genuen Bilbon eta epai honen aurka ere Aski da! esanez kalera aterako gara. Ondorioz, LABek bat egiten du ostiralerako euskalgintzak deitu duen elkarretaratzearekin eta herritar guztiak bertaratzera dei egiten du.

Garaia da euskal administrazioetako langile guztiak euskaldunak izan daitezen eta administrazioetako lan-hizkuntza normalizatua euskara izan dadin. Horretarako konpromiso osoa du LABek eta horren alde borrokan jarraituko du.