2026-07-29
HomeEkintza SindikalaElkarretaratzea egin dugu berriz ere, Nafarroako zahar egoitzen hitzarmenari buruzko negoziazioa behingoz...

Elkarretaratzea egin dugu berriz ere, Nafarroako zahar egoitzen hitzarmenari buruzko negoziazioa behingoz desblokea dezaten aldarrikatzeko

Egunotan hiru urte bete dira LAB sindikatuak Nafarroako zahar egoitzen hitzarmenaren aldeko bere lehenbiziko pankarta atera zuenetik. Ordutik dozenaka mobilizazio eta greba egin dituzte langileek, baita LABek ere, batzuetan bakarka, batzuetan bertze sindikatu batzuekin batera. Gaurkoan sindikatu honek elkarretaratzea egin du berriz Nafarroako Jauregiaren aitzinean, Iruñean, Gobernuari eta sektoreko patronalei eskatzeko behingoz desblokea dezatela hitzarmenari buruzko negoziazioa.

Duela hiru urte baino gehiago LABek hausnarketa egin eta pentsatu zuen bazela garaia Nafarroan zahar egoitzen hitzarmen propioa izateko, sektore feminizatu eta prekarizatu honen lan baldintzak duinago egite aldera. Garai hartan LAB burubelarri sartuta zegoen Esku-hartze Sozialeko Nafarroako lehen hitzarmena lortzeko borrokan. Eta hitzarmen hura erdietsi zelarik, sindikatuak nolabaiteko ospakizun ekitaldia antolatu zuen, zeinetan Esku-hartze Sozialeko langileek lekukoa pasatu baitzieten zahar egoitzetako langileei, hitzarmen propioaren aldeko borroka has zezaten. 2021eko urtarrilaren 8an izan zen. Orduantxe atera zuen LABek kalera Nafarroako zahar egoitzetako hitzarmenaren aldeko aldarrikapena. Eta, zoritxarrez, oraindik ere atera behar izaten du.

Badira hilabete batzuk negoziazioak nahiko geldirik daudela. Blokeo horrek erakusten du patronalak ez duela batere interesik sektorearen lan baldintzak duintzeko. Negoziazioaren paralisia ez da inola ere onargarria eta, horregatik, LAB gaur mobilizatu da sektoreko langileekin batera, behingoz desblokea dezaten eskatzeko.

Iragan urriaren 20an, LABek 65 pertsona bildu zituen Nafarroako Jauregiaren aitzinean eginiko kontzentrazio batean. Azaroaren 26an, 40 langilerekin batera kale bat moztu zuen Iruñean. Eta gaur berriz mobilizatu da, elkarretaratze txiki batekin. LABek behar adina aldiz mobilizatzen jarraituko baitu Nafarroako zahar egoitzetako lehen hitzarmena egia bihurtu arte.

LABek lan-baldintza duinak aldarrikatzen ditu, hala nola bajak absentismoarekin lotu gabe, gehiegizko klausularik gabe, inolako kontzepturen izozterik gabe, soldata eta lanaldi duinekin, lana, bizitza eta zaintzak kontziliatzen lagunduko dutenak, etab.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Alegazioak aurkeztu dizkiogu Barakaldoko Udalaren 2026ko aurrekontuari, zerbitzu publikoen eta udal langileen defentsan

Barakaldoko Udalaren gobernu taldeak (EAJ-PSE) aurkeztutako 2026rako Aurrekontu Orokorren proiektuaren aurka lerrokatu da sindikatua. Udal-antolamenduari, lan-osasunari eta zerbitzu publikoak emateari eragiten dieten funtsezko gaietarako aurrekontu-partidarik ez dagoelako edo nahikoa ez dagoelako aurkeztu ditu alegazioak.

Kaleko afari solidarioak babesteko gaur arratsaldean Donostian egingo den mobilizazioan parte hartzera dei egiten dugu

LABek irmoki salatzen du Donostiako Jon Insausti alkate jeltzaleak udalaren izenean Kaleko Afari Solidarioak (KAS) debekatzeko hartutako erabakia, bidegabea delako Donostian egoera zaurgarrian bizirauten duten lagun askok egunean bermatua duten otordu bakarra ukatzea.

LABek, SATSEk, ELAk, CCOOk eta UGTk greba eta mobilizazioei ekingo diegu, Osakidetzak kolektibo guztien lan-baldintzak hobetu ditzan eskatzeko

Gehiengo sindikaletik ohartarazi dugu medikuen kolektiborako sinatutako akordioak ez dituela jorratzen fakultatiboen eta euskal osasun publikoaren egiturazko arazoak, eta lan-baldintza onik gabe kalitatezko zerbitzu publikorik ez dagoela defendatu dugu. Mobilizazio horiek profesionalen taldearen aldeko apustua egiten dute, eta aldarrikatzen dute hobekuntzak kategoria guztietarako lortu behar direla, negoziazio kolektiboko organo legitimoak errespetatuz.