2026-06-18
HomeEkintza SindikalaErasoen aurrean, euskaraz lan eta bizitzeko eskubidearen aldeko mobilizazioetara dei egiten dugu

Erasoen aurrean, euskaraz lan eta bizitzeko eskubidearen aldeko mobilizazioetara dei egiten dugu

Udaltzain postu batzuk egonkortzeko Donostiako Udalak egindako deialdiaren aurka ezagutu dugun azken epaiaren salaketa irmoa egiten du LABek. Deialdiaren oinarrietan ezarri zen udaltzain izateko euskarazko B2 maila eskatzea, beste hainbat eskakizunen artean. Bada, epaiaren arabera diskriminatzailea da euskara eskakizun hori egitea, argudiatuz kargu publikoetara baldintza berdinetan iristeko oinarrizko eskubidea urratzen duela.

Baina zergatik euskara maila bat eskatzea da diskriminatzailea eta ez deialdiaren oinarrietan ezartzen diren gainontzeko eskakizun guztiak? Zergatik ez da diskriminatzailea gutxieneko titulu akademikoa eskatzea, adin-tarte zehatz bat izatea, gutxieneko altuera bat izatea, gida-baimena behar izatea edo gaztelera derrigorrez jakin behar izatea, eta aldiz, euskara-eskakizun gutxieneko bat izatea bai? Deialdian ezartzen diren eskakizun batzuk (adina edo altuera adibidez) ezinezkoa dute betetzea herritarren gehiengoak, aldiz, euskara ezagutza maila bat lortzea edozein herritarrek egin dezake. Eta hor dago auziaren muina. Euskararen ezagutza borondatearen esku soilik utzi nahi dutela euskararen aurkako sektore judizial, politiko eta sindikal batzuek. Euskara aukera bat izatearen mailan utzi nahi dute, beti ere gazteleraren derrigorrezko ezagutzarekiko mendeko egoeran. Horrek islatzen du argi eta garbi horrelako epaiak egiten ari diren epaileen eta hori babesten duten gainontzeko sektoreen euskararen aurkako ideologia militantea.

Horrekin batera, behin eta berriz dikotomia faltsu berbera planteatzen saiatzen ari dira epai hauetan: herritarrekiko arreta hizkuntzaren eta langile publikoen ustezko hizkuntza-hauturako eskubidearen artekoa. Benetako dikotomia gaztelera ezagutzera derrigortua dagoen eta gainera euskara dakien herritar edo langile publikoaren hizkuntza-eskubideen eta euskara jakin nahi ez duten pertsonen artekoa da. Diskriminatzaileak euskara ez dakiten erdaldun elebakar horiek dira, eurak baitira elkarrizketa derrigorrez gazteleraz izan beharra inposatzen dutenak. Langile ez-euskaldunak dira euskarazko arreta jasotzeko herritarraren eskubidea urratzen dutenak, zein lankide euskaldunek euskaraz lan egiteko duten eskubidea urratzen dutenak.

Epai hau azken garaian ezagutzen ari garen epai-segida euskarafobikoen beste kate-begi bat da. Euskalgintzaren Kontseiluak deituta azaroaren 4an milaka eta milaka herritar manifestatu ginen epai horien eta euskaldunon hizkuntza-eskubideen zapalkuntza sistematikoaren aurka. Aski da! ozen bat esan genuen Bilbon eta epai honen aurka ere Aski da! esanez kalera aterako gara. Ondorioz, LABek bat egiten du ostiralerako euskalgintzak deitu duen elkarretaratzearekin eta herritar guztiak bertaratzera dei egiten du.

Garaia da euskal administrazioetako langile guztiak euskaldunak izan daitezen eta administrazioetako lan-hizkuntza normalizatua euskara izan dadin. Horretarako konpromiso osoa du LABek eta horren alde borrokan jarraituko du.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Amiantoak hil egiten duela salatu dute CEMOSAko langileek

Joan den maiatzaren 9an hil zen Juan Mazorriaga Maguregui, Matxorri, CEMOSAko langilea, lanean ari zela amiantoaren eraginpean egotearen ondorioz. Honen harira, amiantoarekiko esposizioak eragindako...

Grebaren jarraipen masiboa Etxebarri-Ibiñako PEPSICOren botilaratze plantan

PEPSICOko langileak greba egiten ari dira gaur, enpresa batzordeak deituta, enpresa diziplina-araubidea gehiegikeriaz eta arbitrariotasunez erabiltzen ari dela salatzeko. Enpresa langileen aurkako politika zigortzailea gauzatzen...

LABetik exijitzen dugu lehenbailehen zuzendu dezatela familia-langileen soldaten finantzaketa

Nafarroako Gobernuko Eskubide Sozialetako Departamentuan eskaera aurkeztu ondoren, martxoan jaso genuen departamentuaren erantzuna, non esan baitziguten 48/2020 Foru Dekretuan jasotako familia-langileen finantzaketa-moduluen "azterketa" egingo zutela. Hiru hilabete geroago, oraindik ez dugu erantzunik jaso, eta oinarrizko gizarte-zerbitzuen kolektibo horrek konparaziozko bidegabekeria onartezina jasaten jarraitzen du.