2025-12-29
Blog Page 214

Ikurrina atera eta herri bat garela erakutsiko dugu euskal errepideetan

Bihar, larunbata, Bilbotik abiatuko da gizonezkoen Frantziako Tourra, txirrindularitza probetan entzutetsuena, eta lehenengo hiru egunetan Euskal Herrian barrena izango dira etapak. Bada, Gure Esku Dagok eginiko deialdiari atxiki eta Euskal Herriak erabakitzeko eskubidea duenaren aldarria lau haizetara zabaltzeko baliatzera animatzen ditugu LABetik langile guztiak.

Euskal Herrian bizi, lan egin eta hemen erabakitzeko eskubidea defendatzen du LABek, eta oraingo hitzordu honetan ere halaxe erakutsiko diogu munduari. Erabakitzeko eskubidea, hain zuzen ere, behar-beharrezkoa dugu gure herriko egoera laborala zein soziala errotik aldatzeko eta langileok gure etorkizunaren jabe izateko.

EAEko interpretazio eszenikoko lehen hitzarmenaren behin betiko sinatuta, aurrerantzean indarrean izango da

Apirilean jakitera eman genuen bezala, LAB, ELA, CCOO eta UGT sindikatuok, Euskal Aktoreen Batasuna sindikatuarekin batera, Euskal Autonomia Erkidegoko Interpretazio Eszenikoaren sektorerako lehen hitzarmena sinatu dugu. Bada, orduan lortutakoa formalizatu egin da orain, eta 2025era arte egongo da indarrean lan-baldintzak arautu eta bermatzen dituen lehenengo testua.

Grebari ekin diogu Bizkaiko ostalaritzan

Galdutako eros-ahalmena berreskuratu eta sektoreko lan-baldintzak behingoz duintzeko bidean, negoziazioa ahalbidetu dezan exijitzen ari gara Bizkaiko Ostalaritza Elkarteari Tourrak Bilbon izango duen hasieraren bezperatan. Goizean zehar elkarretaratzeak egin ditugu hiriko hainbat hoteletan, eta eguerdian aldarrikapen-kalejiran zeharkatu ditugu kaleak.

Joan den hilean egindako grebetan bezala, oraingoan ere negoziazioen desblokeoa eskatzen dugu Bizkaiko ostalaritzan. Langileen soldatak ez dira igo 2020. urtetik, eta, horrez gain, guztiontzako ezagunak dira arlo honetan beharginek pairatu behar dituzten gehiegikeriak: ordaindu gabeko aparteko orduak, ezarritako lan-baldintzen etengabeko urraketa…

Bada, beste behin ere gogorarazi dugu Tourra bezalako makro-ekitaldien hiri-eredu hori ez dela posible, are gutxiago langileon bizkar ezartzen bada zama.

Gainera, gogorarazi behar da hitzarmenak kolektibitateen sektoreari ere eragiten diola, hau da, eskola jangelei edota garraioari. Sektore prekarizatu horretan, langile gehienak emakumeak* dira, kontratu prekarioak eta lanaldi partzialak dituzte, eta lan-karga handiak dituzte.

Bihar ere greba eguna izango da sektorean, eta herritar guztiei dei egiten diegu 17:30ean Ledesma kaletik abiatu eta Zazpi Kaleetaraino joango den kalejiran parte hartzera.

Navarrabiomed-FMSko Enpresa Batzordeak positibotzat jotzen du alderdi politikoekin izandako lehen harremana, eta konpromiso zehatz bat eskatuko die fundazioaren deskapitalizazio-prozesua iraultzeko

Iragarri bezala, Navarrabiomed-Miguel Servet Fundazioko Enpresa Batzordeak, LAB sindikatuko 9 ordezkarik osatutakoak, bilerak egin ditu hainbat alderdi politikorekin: UPN, PSN, EH Bildu, Geroa Bai eta Contigo-Zurekin. Topaketa horien helburua gehiengoaren konpromiso politikoa lortzea da, Nafarroan kudeaketa publikoko osasun-ikerketako institutu baten alde egingo duena, osasun-ikerketaren eta lanpostu guztien etorkizuna bermatuko duena. Enpresa Batzordearen iritziz, gainera, konpromiso politiko hori hurrengo Nafarroako Gobernuaren akordio programatikoetan jaso behar da, neurri zehatzekin, bai eta gai horrekin zerikusia duten ekimen parlamentarioei babestean ere.

Navarrabiomed-Miguel Servet Fundazioko Enpresa Batzordeak positibotzat jo du hainbat alderdi politikorekin izandako lehen bilera-sorta. Horrela, UPNrekin, PSNrekin, EH Bildurekin, Geroa Bairekin eta Contigo-Zurekin aldirdiarekin elkarrizketatuta, agerian geratu da guztietan jarrera bateratua dagoela, eta langileen ordezkaritzaren planteamendua oso zentzuzkoa dela, Fundazioaren deskapitalizazioaren aurkako jarrerarekin eta izaera eta kudeaketa publikoaren alde.

Enpresa Batzordeak hitzetatik harago, konpromiso hori zehatza eta benetakoa izatea eskatzen du. Alderdi horietako batzuk benetan koherenteak eta kontsekuenteak balira izandako bileretan adierazitakoarekin, gauza bat argi dago: Navarrabiomed-Miguel Servet Fundazioa, osasun-ikerketa eta bertako langileak, bai eta Nafarroako gizartea ere, ez lirateke egoera zail honetan egongo.

Horren ondorioz, Enpresa Batzordeak dokumentu bat helaraziko die alderdi politiko horiei, sina dezaten, Nafarroan eta lanpostu guztietan ikerketa publikoa bermatzeko neurri exekutibo eta legegile guztiak gauzatzeko eta babesteko konpromisoa jasotzen duena.

Egungo ildo hutsala hautsi eta neurri eraginkorrak lortzera bideratutako eskakizunak mahaigaineratu ditugu Osalanen kontseilu bileran

Hamarkada batez kanpo egon ostean, LAB sindikatua gaur itzuli da organo horretan parte hartzera. Hala, langileon lan osasunaren aldeko borroka indartzeaz gain, kontrabotere ikuspegitik langileak antolatu eta kapitalari eremu guztiak, baita instituzionala ere, lehiatzeko apustuaren baitan kokatzen da gaurko bilera.

Gure aldarrikapen nagusiak eraman ditugu Osalanera itzulerako lehenengo kontseilura. Laburbilduz, egun Jaurlaritzaren eskumenpean dagoen lan-ikuskaritzaren eta Osalanen arteko bateratze operatiboa aldarrikatu dugu, osasun ikuspegia errotzearekin batera. Beste alde batetik, Osalango teknikarien gaitasun exekutiboa izateko beharra ere mahaigaineratu dugu. Izan ere, lantokietan prebentzioa bultzatzeko orain arte ezarritako planen emaitza hutsaren hurrena izan da, eta langileen istripu tasak eta laneko gaixotasunen mailak bere horretan diraute. Plan horiek duten arazo nagusietakoa da enpresariari ez zaiola inondik inora neurriak hartzera behartzen.

Gaurko bileran aukera izan dugu, halaber, sektore arriskutsuenen inguruko neurriak eskatzeko, hala nola basogintza zein eraikuntza. Eta fokoa ipini nahi izan dugu sektore feminizatuetan, zeintzuetan arrisku muskulueskeletikoek zein psikosozialek utzitako eragina kontingentzia arrunt bezala ezkutatzen duten mutualitateek, administrazioaren konplizitatearekin.

Era berean, nabarmentzekoa da foro horretan hitzartzeak zein aktak euskaraz egin daitezen eskatu behar izan dugula.

Kontseilu horretan istripu eta laneko gaixotasunen intzidentzia izan dira aipagarri. LABek argi adierazi du ez ditugula Osalanek ofizialtzat hartzen dituen datuak onartzen, mutualitateek ekoizten baitutuzte, eta jarraian gizarte segurantzari Delta sistema bidez jakinarazi. Beraz, patronala bera da datuak manipulatu, egokitu eta publiko egiten dituenak.

Osakidetzako zuzendaritzak bere gain hartu behar ditu negoziazio kolektiboa urteetan zehar blokeatzearen ondorioak

Gaurko mahai sektorialean izan da sindikatua; izan ere, zuzendaritzaren autoritarismoaren ondorioz 7 hilabeteko atzerapena izan badu ere, gaur argitaratu da Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian 2022. urteko karrera profesionalaren deialdia. Gai hori LABekin adostuta zegoen azken ezohiko deialdiaren akordioan.

Akordio hori betetzea ezinbesteko baldintza zen beste gai batzuei buruz hitz egiten hasteko.

Gaur argitaratu den karrera profesionalaren deialdia plantillaren mobilizazioek zuzendaritzaren planteamenduak nola aldatu dituzten erakusten duen beste adibide bat da. Hala eta guztiz ere, deialdi honek izandako atzerapenak eta horren ondorioek plantillari eragiten diote oraindik ere. Bada, zuzendaritzak ez du bere gain hartzen erantzukizuna, eta ez du neurririk ezartzen 2022ko abenduaren 31n irizpideak betetzen zituztenek, eta orain aldiz ez, deialdian sartzeko aukera izan dezaten.

Gaurko bilerak agerian utzi ditu zuzendaritza horren lehentasunak, eta epe motzeko neurriak planteatzen jarraitzen du, hala nola aparteko orduak ordaintzea, behar besteko egitura sanitariorik ez dagoelako, eta udan osasun-zerbitzuen zati handi batean murrizketak ezarri eta ixtea, landa-eremuetan eta Etengabeko Arreta Guneetan.

Bestalde, SATSE, SME eta UGT sindikatuek %4ko gatazkari buruzko akordioa sinatu dute. Esan behar dugu behin betiko proposamen hori ahoz aurkeztu zela atzo eguerdian, alderdi batzuen berri emanez soilik, baina benetako proposamena idatziz jaso gabe.

LABen uste dugu gatazka hau ez da benetan konpontzen ari, hainbat kolektibo (Etengabeko Arreta Guneetakoak eta Lehen Mailako Arretako langileak, esaterako) akordiotik kanpo uzten baititu. Konponbideak integrala izan behar du; horregatik, ezin dugu sinatu kolektibo gehiago Transfusio eta Giza Ehunen Euskal Zentroko langileek azken urteetan jasan duten egoerara kondenatuko dituen akordiorik.

Ezin dugu zuzendaritzak planteatzen duen xantaia onartu, hau da, Transfusio eta Giza Ehunen Euskal Zentro gatazka konpontzeko proposamena, negoziazioaren hasieran sartzen ziren kolektiboak diskriminatuz. Osakidetzako zuzendaritzak, urteetako tira-bira absurduaren ondoren, atzeraeraginezko edozein aldarrikapeni uko egitea ere eskatzen du. Zuzendaritzak bere gain hartu behar dituela luzaroan izan duen jarrera autoritarioaren ondorioak, eta erabat baztertu behar duela atzeraeragina; izan ere, iraingarria da hamarnaka greba-egun egin dituzten langileentzat.

Zuzendaritzak konpromisoa hartu du hauteskundeak blokeatzen jarraitzeari uzteko, eta hurrengo mahai sektorialari begira, hauteskunde-eremu berrien proposamen bat helaraziko du, LAB, ELA, SATSE, SME eta UGT sindikatuok egindakoari erantzuteko.

Ezkirozko BSH lantegian sinatutako hitzarmena urriegia da

Pasa den ekainaren 22an sinatu zuten UGT eta ATISSek BSH Ezkirotz lantegiko hitzarmena eta ekainaren 8an eginiko “kontsulta” batean oinarritu ziren horretarako. Baina kontsulta hori guztiz baldintzatua zegoen, langileek “Bai hitzarmenari” eta “Bai greba mugagabeari” aukeren artean hautatu behar baitzuten. Sinaturiko hitzarmenak %16,25eko igoera egonkortua izanen du, iraunaldiaren 6 urteetan zehar, 2022. urtea barne. Bada, LAB, ELA eta Solidari sindikatuok nabarmendu dugu sinatu dena ez dela benetako igoera, eta oso eskasa dela, kontuan hartuta langileek 2011. urteaz geroztik erosahalmenaren %6,80 galdu dutela.

Beraz, adosturiko igoerak, 22 eta 23 urteen bitartean, bertze %3,70eko galera gehiago suposatuko du. Horrek eta bertze faktore batzuek ekarriko dute sarrerako kategoriak, 5E deritzonak, Nafarroako Metaleko hitzarmeneko antzeko kategoriak baino 1.970€ gutxiago jasotzea, dagoeneko dagoen solda arrakala areagotuz.

Hitzarmen honek, urteetan modu estrukturalean lan erritmoak goititu zaizkion BSH Ezkirozko langileei prekaritatea gehiago handitzea suposatuko du, malgutasuneko 6 egun gehituz, larunbatetan berreskuratuko direnak, lanaldia handitu gabe; modu horretan Metaleko hitzarmenak ezartzen duen gehienezko lanaldia berdinduz.

Hitzarmenaren negoziazioa bitartean enpresak ez du inongo momentutan, malgutasuna handitzea justifikatuko zukeen enplegua edo lan zama mantenduko duen konpromisorik hartu.

Horregatik, ohar hau sinatzen dugun sindikatuok txartzat hartzen dugu adosturikoa, eskasa delako eta sinadura justifikatzeko galdeketa tranpati bat egin zelako.

Hezkuntza departamentuari exijitzen diogu berehalakoan eman ditzala ‘Musikariak ikastetxeetan’ programa bertan behera utzi izanaren arrazoiak

Berriz ere euskararen aurkako erasoa burutu du Nafarroako Hezkuntza departamentuak, zuzendari orokorraren baimenarekin eta Eleaniztasunaren eta Arte Ikasketen zerbitzuburuaren oniritziarekin.

Duela hilabete pasatxo salatu zuen LABek Hezkuntza departamentuko atal horretan bizi zen egoera jasanezina zela, bai langileekiko jazarpenarengatik eta baita euskararen aurkako eraso ugariengatik ere.

Oraingoan, Hezkuntza departamentuak A eta D ereduetarako Musikariak ikastetxeetan izeneko programa kentzea erabaki du, aldebakarrez noski. Programa horrek ikastetxeetan euskal musika eta euskal kultura zabaltzeko dinamikak bultzatzen ditu, goi mailako musikariek ikastetxeetara joanda ikasleekin sortzen dituzten elkartrukeen bitartez. Parte hartu duten eskola guztiek urtero errepikatu izan dute, eta balorazioak, ikasleen zein ikastetxe eta musikarien aldetik ere, izugarri onak izan dira. Nabarmendu behar da, gainera, Hezkuntza departamentuak baduela emaitza horien berri, izan ere, ikastetxeek formulario bidez egiten baitituzte programa horren inguruko balorazioak.

Alabaina, joan den ostiral eguerdian, ekainak 23, datorren ikasturterako adostuta zegoen Musikariak ikastetxeetan programa kudeatzeko luzapen kontratua bertan behera geratzen zela zioen posta bat jaso zuen enpresa kudeatzaileak, aldez aurretik inolako jakinarazpenik izan gabe. Enpresa horrek 2018an egindako lizitazio baten bidez eskuratu zuen programa hori kudeatzeko zeregina, eta orduz geroztik etenik gabe aritu da horretan Hezkuntza departamentuko Euskara atalaren eskariz.

Kontratua 2022-23 ikasturtean bukatzen bazen ere, balorazio positiboak ikusirik, luzapena adostua zuten bi aldeek. Orain, ordea, ekainaren bukaeran eta San Ferminen atarian gaudelarik, Santo Domingoko egoitzan programari jarraipenik ez ematea erabaki dute, aldebakarrez eta inolako azalpenik eman gabe. Honen harira, programaren koordinatzaileek Hezkuntzako zuzendari orokorrarekin bilera eskatu dute, baina gaur-gaurkoz ez dute inolako erantzunik jaso.

LABetik Hezkuntza departamentuari exijitzen diogu lehenbailehen eman ditzala egoera horren inguruko azalpenak. Halaber, euskararen kontrako erasoek jarraitzen duten bitartean aurrean izango gaituztela argi utzi nahi dugu berriz ere.

Ekainaren 29an eta 30ean grebara joko dugu Bizkaiko eraikuntzan, patronalaren zikoizkeriari eta estatalizazio-saiakerei aurre egiteko

Sektoreko hitzarmen kolektiboaren negoziazio-mahaiak beste bilera bat egin du, eta ASCOBI patronalak aurreko proposamen berbera ekarri du, langileen erosahalmena bermatzen ez duena.

ASCOBI patronalak aurreko proposamena errepikatu du, zeinak ez baititu bermatzen Bizkaiko eraikuntzako langileentzako erosteko ahalmena 2023. eta 2024. urteetarako. Hori gutxi balitz, Eraikuntzaren Estatuko Hitzarmen Kolektiboak inposatutako pentsio-funts batera bideratzen du proposatutako igoera ekonomikoen zati bat.

Izan ere, obra zibileko eta obra pribatuko kontratuak iazkoak baino askoz ere gehiago dira. Bada, patronalak kontratu horien gain jartzen du ekoizpen-kostuen igoera.

Gauzak horrela, negoziazio-mahaian ordezkaritza dugun sindikatu guztiok berretsi ditugu ekainaren 29ko eta 30eko greba-deialdiak.

Sektoreko langile guztiek dute ASCOBI patronalaren zikoizkeriari aurre egiteko aukera, eta ekainaren 29an eta 30ean lan guztiak geldiarazi nahi ditugu. Hala, deitutako piketeetan eta mobilizazioetan parte hartzeko deia luzatzen diegu behargin guztiei.

Lehenengo hitzordua ekainaren 29an izango da, 12:00etan, ASCOBI patronalaren egoitzan (Jesusen Bihotza plaza 5, Bilbo).

Beste behin ere, CCOOren eta UGTren erantzukizuna salatu nahi dugu, 2023ko eta 2024ko soldata-igoerak zehaztu gabe uzten zituen hitzarmen bati onespena emateagatik, bai eta lan-harremanen estatalizazioaren aldeko apustua egiteagatik ere; izan ere, Estatuan ezarri nahi zaigun pentsio-funts bat onetsi izanak zalantzan jartzen du Bizkaiko Eraikuntzaren Hitzarmen Kolektiboa.