2026-01-02
Blog Page 213

Haurreskolak Partzuergo publikoan plazen eskaintza urria da

Haurreskolak Partzuergo publikoan hurrengo ikasturterako izena eman duten haurren behin betiko zerrendak argitaratu dira gaur. LABetik salatzen dugu matrikulazio garaian egin zen eskaintza ez dela mantentzen hainbat herritan, matrikulatzeko itxaron zerrenda dagoen herrietan, alegia.

Besteak beste, 2023an jaiotako haurren familiei ez zaie onartu izen emate honetan parte hartzea gurasotasun baimenarekin egoteagatik, eta askok paperak prest dituzte iraileko izen ematerako. Orain berriz, adin desberdinetako haurren taldekatze gelak sortu dira itxaron zerrendan zeuden 2022an jaiotako haurrak onartzeko. Honekin, 2023an jaiotako haurrei ez zaie aukerarik ematen haurreskola zerbitzua izateko.

Familia horiek, irailean paper guztiekin haurreskoletara joaten direnean plaza librerik ez dagoela ikusiko dute. Apirileko izen emateko eskaintzan libre geratu zirenak beteta egongo dira beste adin tarte bateko haurrekin.

Haurreskolak Partzuergoak egin zuen eskaintza errespetatzea eskatzen dugu, taldekatze gelak beharrezkoak diren haurreskoletan soilik ezarriz.

Halaber, azkenengo urteetan egindako mobilizazioen ostean lortu dugun Haurreskolak Partzuergoaren doakotasunak izan duen arrakastaren emaitzak ikusita, hezkuntza zerbitzu honen unibertsaltasuna bermatuko duen plaza eskaintza nahikoa egitea eskatzen diegu administrazio ezberdinei.

Gorabideko langileen batzarrek enpresak LAB eta ESK sindikatuekin sinatutako akordioa berretsi dute, langileentzako funtsezko hobekuntzak dakartzana #LortuDugu

Plantillarentzat historikoa izan den egunean, atzo osteguna, uztailaren 6an, Gorabideko langileek egindako bi batzarrek babestu egin dute LAB eta ESK sindikatuek enpresarekin lortutako aurreakordioa. Honek, %23,76ko soldata-igoera jasotzen du langile guztientzat, besteak beste, KPI baino handiagoa.

Azken hilabeteetan, Gorabideko langileek lan eta bizi baldintzak hobetzeko borroka eredugarria egin dute. Izan ere, 26 greba-egunen ondoren, non langile gehienek parte hartu baituten, beste behin ere baieztatu dugu kaleetan piztutako borrokekin lortutako akordioak hobeak direla.

  • % 23,76ko soldata-igoera lortu dugu langile guztientzat. Igoera horrek KPIaren gainetik dagoen soldata-igoera dakar, ezagutzen diren KPIak eta etorkizuneko urteetako aurreikuspenak kontuan hartuta.
  • KPI erreala eta ziurra berrikusteko bermea; KPIak hitzartutako igoera baino handiagoak badira, aldea urtarrilaren 1etik aurrera kobratuko da.
  • Akordio honekin gainditu egin dira Bizkaiko Foru Aldundiak eta Gorabidek sektorean inposatu nahi zituzten soldata-topeak, euren esanetan mugiezinak zirenak.

Azken batean, KPIren gainetik dagoen akordio bat lortu dugu.

Akordio honetan, gatazkaren hasieratik gure aldarrikapenak izan ziren neurri sozialak ere jasotzen dira:

  • 8 egun libre.
  • Lanaldi murrizketak izateko aukera semeak edo alabak 14 urte izan arte zabaltzea.
  • 70 urtetik gorako gurasoei laguntzeko lizentzia.
  • Enpresak PAD22 eta PAD 22/ITP kontratuak dituzten pertsonen lan-zikloak 7 egunera mugatzea.

Akordioak beste aldarrikapen batzuk sakontzeko eta eztabaidatzeko aukera emango diguten konpromisoak ere jasotzen ditu, hala nola lanaldi partzialak, behin-behinekotasun tasa % 10etik behera izatea.

Horregatik, LABen oso positibotzat jotzen dugu lortutako akordio hau, langile guztiei baldintzak benetan hobetzea baitakarkie. Akordio honek eros ahalmena bermatzen du, eta Gorabideko langileen bizitza eta kontziliazioa hobetzeko neurri sozialak aplikatzen ditu.

LABetik zorionak eman nahi dizkiegu, beste behin ere, borrokari bizirik eutsi dioten langile guztiei, grebetan parte hartu dutenei, batzarretan, kanpaldietan, trafiko-mozketetan eta mobilizazio guztietan parte hartu dutenei. Zuetako bakoitzak gatazka honetan jarri duen ahalegin eta dedikazio guzti hau izan ez balitz, ez genukeen akordio hau lortuko.

Borroka honek bi aurrerapen handi lortu ditu, akordioan jasotakoaz gain. Batetik, ahaztutako sektore bat ikusarazi du, eta aniztasun-funtzionala duten pertsonak zaintzen, laguntzen eta hezten dituzten langileak agenda sozialean jartzea lortu du. Bestetik, langileak enpresaren aurrean ahaldundu ditu, eta inposizioaren garaiak amaitu direla erakutsi dio azken honi.

EAEko udal legearen kontrako epaia jauzi kualitatibo larria da

Espainiako Auzitegi Konstituzionalak atzera bota du EAEko Udal Legearen atal bat, udalei euskara hutsez jarduteko aukera ematen ziena eta Eusko Legebiltzarrak onartutakoa. Euskaldunok pairatzen dugun mendekotasun eta bigarren mailako hiritar izatearen estatusa irauli eta menderatzaile gisa aurkezten gaitu Konstituzionalak. Euskaldunok ezin dugu euskaraz bizi eta lan egin, gure hizkuntza-eskubideak ez daude aintzat hartuta, baina, errealitate hori irauliz, gu ez-euskaldunen hizkuntza-eskubideen urratzaile garela diote.

Epai hau ez da edonolako epaia. Azkenaldian euskararen aurka izaten ari diren epaien segidan jauzi kualitatibo larria dela salatu beharra dugu. Auzitegi Konstituzionalak eta Espainiako Estatuko legediak, oro har, euskal herritarroi eta euskal instituzioei euskaraz neurri batean egin ahal izateko aukera ematen digute, baldin eta euskaraz osoki eta normaltasunez bizi eta jardutera iristen ez bagara. Herri gisa pairatzen dugun zapalkuntzaren oinarrietako bat da hori. Epai honek argi erakusten du euskaldunok ezin dugula modu burujabean euskararen egoerak eta euskaldunon hizkuntza-eskubideek behar duten hizkuntza-politika egokia aplikatu; gure araubidea estatuen borondatearen menpekoa dela.

LAB sindikatuak euskalgintzak zein gainontzeko eragile sozial eta sindikalok batera deituko ditugun erantzun ekimenetan parte hartzera dei egiten die euskal langileei eta euskal herritarrei, oro har. Horrekin batera, dei egiten dugu aspaldian euskararen eta euskaldunon hizkuntza-eskubideen aurka ezagutzen ari garen segidaren aurka, eta azken epai hau segida horretan azkena da oraingoz, Euskalgintzaren Kontseiluak azaroaren 4rako Bilbon deitu duen manifestaziora ere. Azaroaren 4ko manifestazioa euskal herritarrok euskaraz lan egin eta bizitzeko dugun desio irmoaren erakusle izan behar da.

Etxeko langileei langabezia prestazioa eta subsidioa jasotzeko baldintzak arintzea #LortuDugu

Bilboko lan arloko 6. epaitegiak arrazoia eman dio LABi, eta ebatzi du 2022ko urriaren 1a baino lehenagoko kotizazio aldiak aintzat hartu behar direla 52 urtetik gorako langabezia subsidiorako baldintzak aztertzean. 16/2022 errege dekretu-legeak dioena zuzendu du epaiak.

Gogoratu behar dugu Europako Batasuneko Auzitegi Gorenak 2022ko otsailaren 24ko epaian ebatzi zuen etxeko langileek langabezia prestaziorik ez izatea dakarren disposizio oro 79/7 zuzentarauaren aurkakoa izango dela; hau da, diskriminatzailea dela. Horrela, egoera hori zuzendu asmoz, 16/2022 errege dekretu-legea onartu zuen Espainiako Gobernuak, zeinak etxeko langileen hainbat eskubideren hobekuntza arautu zuen; besteak beste, langabezia prestaziorako kotizazio betebeharra eta ondoren prestazio hori jasotzeko eskubidea. Arau hori 2022ko urriaren 1ean sartu zen indarrean; ondorioz, data horretara arteko kotizazio aldiak ez dira kontuan hartzen langabezia prestazioa eta subsidioa kalkulatzerakoan.

Orain esku artean dugun kasuan, hain zuzen, aztertzen dena da ea etxeko langile baten 2022ko urriaren 1a baino lehenagoko kotizazio aldia aintzat hartuko den 52 urtetik gorako langabezia subsidioa kalkulatzerakoan. Aztergai dugun kasuan, langileak zituen kotizazio aldiak etxeko langileen erregimen berezikoak zein erregimen orokorrekoak ziren, eta SEPEk ukatu egin zion subsidiorako eskubidea.

Langileak 52 urtetik gorako subsidioa eskuratzeko baldintza guztiak betetzen zituen; hain zuzen, edozein pentsio kontributibo jasotzeko baldintzak betetzea adina izan ezik, hau da, 15 urteko kotizazio aldia. Betetzen ez zuen baldintza zen bere lan-bizitzan 6 urtez langabeziagatik kotizatu izana, baina, eta hemen dago koska, 2022ko urriaren 1a baino lehenagoko etxeko langileen erregimen berezian kotizaturiko aldian aintzat hartuz gero, sobera betetzen zuen baldintza.

Hori izan da LAB sindikatutik borrokatu duguna, argudiatuz Europako Batasuneko Auzitegiaren epaia zein direktibaren aplikazioa zuzenak direla eta ez dela zertan aldaketa legal bati itxaron horiek betearazteko. Eta Bilboko lan arloko 6. epaitegiak arrazoia eman digu, ulertuta europar auzitegiak diskriminatzailetzat jo zuela etxeko langileek langabeziagatik ezin kotizatu izana, eta hortaz, 2022ko urriaren 1a baino lehenagoko kotizazio aldiak aintzat hartu behar direla 52 urtetik gorako subsidioen baldintzak baloratzean. Eta ulertzen dugu langabeziagatiko prestazioari ere bete-betean aplikatu ahal zaiola.

Epai hau oso garrantzitsua da, eta etxeko langileei arrazoia ematera dator. Izan ere, epai honek dioenari jarraituz, edozein etxeko langilek, gainontzeko edozein langilek bezala, 2022ko urriaren 1a baino lehenagoko kotizazio aldia aintzat hartzeko eskatu ahalko du langabezia prestazioa edo subsidioa eskatzean.

Halaber, epai honek agerian uzten du beste behin etxeko langileek jasaten duten egoera diskriminatzailea. Azken errege dekretu-legeak, 16/2022ak, zioen 2022ko urriak 1etik aurrerako kotizazioak soilik hartuko zirela aintzat, eta epai hau hori zuzentzera dator.

Borrokan jarraitzea, beharrezkoa

Epai honek berresten du etxeko langileen lan-eskubideen defentsan dugun ibilbide luzea. Etengabe borrokan egon gara eta beti zalantzak daude etxeko langileek eskubideak dituzten ala ez.

Epaia oso esanguratsua da guretzat. LABeko etxeko langileen sail sindikalak kolektibo honek dituen eskubideak aldarrikatu ditu, beste langileak dituztenekin parekatzea eskatuz. Etxeko langileen borroka justua da, eta haien lanak Euskal Herriko bizitzak sostengatzen dituztela aldarrikatu dugu. Lehen aldiz, justizia-esparru batera hurbildu gara, zeina 16/2022 errege dekretu-legearen erreformak berak ukatzen baitigu. Etxeko eta zaintzako langileek langabezia-prestazioa eta subsidioa jasotzea baino gehiago merezi dute; euren lana eta kotizazioak modu erreal eta atzeraeraginkorrean aitortzea merezi dute. Behar horrek elkarrekin egotera eta antolakuntza kolektiboa borrokarako tresna eraginkor bakar gisa defendatzera bultzatzen gaitu. Sektore hau gure sindikatuaren apustua da, eta urratsak ematen jarraituko dugu eskubide guztiak onar daitezen.

Akordioa GAUDEn: langile guztientzako %20,85eko eta zaintzaileentzako %53ko soldata-igoerak #LortuDugu

LABek zorionak eman nahi dizkie GAUDEeko langileei egindako borrokagatik eta lortutako akordioagatik. Beste behin ere, argi geratu da langileen arteko batasuna borroka-klabean jartzea eraginkorra dela eskubideak lortzeko eta gure lan-baldintzak hobetzeko, bai eta gurekin lan egiten duten pertsonek jasotzen duten zerbitzuaren kalitatea hobetzeko ere. GAUDEk aniztasun funtzionaleko pertsonekin egiten du lan, 150 langile ditu eta LABeko 9 ordezkarik osatzen dute bere enpresa-batzordea.

Langileek Bizkaiko Foru Aldundia egiten dute erantzule zerbitzuaren kalitatea prekarizatu eta senideak eta langileak aurrez aurre jarri nahi dituen sistema bat inposatzeaz, zerbitzu publiko honen titular gisa duen erantzukizunari muzin eginez.

Akordio honek duen garrantzia eztabaidaezina da, eta GAUDEko langileek egindako mobilizazio, lanuzte eta greba-egun ugarien emaitza da.

Hona hemen akordioan jasotako lorpenetako batzuk:

  • Eros ahalmena bermatzen duten soldata-igoerak, langile guztientzat % 20,85eko igoera finkoa dakartenak, eta berrikuspen-klausula bat, oraindik ezagutzen ez diren KPIak kopuru hori baino handiagoak izango balira.
  • Zaintzailearen kategoria kentzea eta haien parekatzea. Neurri honek,  langileen % 20ri baino gehiagori dakarkie Hitzarmenaren indarraldiaren amaieran %53,5eko soldata-igoera izatea. Soldata-eskala bikoitz hori ezabatzea aurrerapauso handia da prekaritatearen aurka, eta balio handia ematen diogu.
  • Lanaldia murriztea, urteko 1.592 orduak finkatu arte.
  • 35 orduko lanaldi-murrizketa 10 hirurteko dituzten langileentzat.
  • Lanaldi jarraituak errazteko neurriak.
  • Aldundiarekin hitzartu gabeko zerbitzuetan (Casa Zuazo eta aisialdi-zerbitzuetan) lan egiten duten langileen lan-baldintzak parekatzea.
  • Antzinatasunean zegoen muga ezabatu egiten da eta kontzeptu hori inolako mugarik gabe handitzea lortzen da.
  • Prestakuntzan hobekuntzak: GAUDEk bere gain hartuko ditu dietak, joan-etorriak eta 400 eurorainoko matrikularen kostua elkartetik kanpoko ikastaroetarako.
  • Euskararekiko konpromisoak. Enpresaren beharren benetako diagnostikoa egingo duen euskara-batzorde bat sortzeaz gain, enpresak konpromiso hauek hartzen ditu:
    • Barneko eta kanpoko komunikazio ofizial guztiak ele bitan egingo dira.
    • Ikastaroak, barnetegiak eta abar egiteko urteko diru-partida.
    • Leku ofizialetan euskara ikasteko erabilitako orduen % 25 lanalditzat hartuko da.

LABek besarkada handi bat eta bere esker ona helarazi nahi die GAUDEeko langileei, akordio honetan egindako borrokagatik eta lortutako aurrerapen handiengatik.

Hiru orduko lanuztea egin dute Acciona Energia-Eromeko langileek, enplegu suntsiketa salatzeko

Pasa den ekainaren 13an Acciona Energia-Eromeko zuzendaritzak beste lankide bat kaleratu zuen, indarrezko mugitze baten eta antolaketaren araberako kaleratze baten artean erabakitzea planteatu ondotik. Kasu berri horrek areagotu egin du langile kopuru murrizketaren aurreko langileen kezka, zeina etengabekoa baita Nafarroan. Gaur, enpresa batzordeak deituta, hiru orduko lanuztea egin dute, enplegu suntsiketa salatzeko. Tarte horretan, elkarretaratzea egin dute Acciona Energiak Sarrigurenen dituen bulegoen aurrean.

2021ean, noiz eta haize erroten sektorea eta energia berriztagarriena orokorrean handitzen ari zirenean, Acciona Energiako zuzendaritzak bere aktibo guztiak batzea erabaki zuen, modu horretan, EROM beraien hitzarmenean sartuz. EROM (Energias Renovables Operacion y Mantenimiento) Acciona Energiaren jabetzan dauden haize erroten parkeak, esklusibotasunean, mantentzen dituen enpresa filiala da.

EROM Acciona Energian sartzearen prozesuak, bere garaian zuzendaritzak etorkizunerako berme eta egonkortasun moduan saldu zuena, irailetik Nafarroan 15 subrogazio eta 13 kaleratze eragin ditu. Langileen gain dagoen presio honek, eman den lan baldintzen okertzearekin batera, azken hiru urteetan EROM Nafarroako langile kopurua %25 murriztu izana ekarri du: 225 langiletik 160 langilera.

EROM Nafarroako langile batzordetik eskandalagarritzat jotzen dute etengabeko enplegu suntsiketa hau eta dinamika hori geratzeko eskatu dute.

Kalitatezko enpleguaren faltak areagotu egin du genero arrakala

Aldizkako kontratu finkoen etetea joera da urte sasoi honetan, eta horrek bereziki eragiten die sektore feminizatuei. Lehentasunezkoa da 1.400 euroko gutxieneko soldata ezartzea, enpleguaren, zaintza lanen eta ondasunaren banaketa posible izan dadin.

Hego Euskal Herrian 134.644 langabe daude, duela urte bete baino 8.347 gutxiago. Langabeen artean %58,92 emakumeak dira, eta kopuru horrek zertxobait gora egiten du adinean gora egin ahala (25 urtetik gorako langabetuen %59,74a emakumea delako).

Kontratazioaren bilakaerari erreparatzen badiogu ordea, pasa den hilean baino 11.692 kontratu gehiago sinatu badira ere (%65,43a behin behinekoak), pasa den urtean baino 10.857 gutxiago izan dira.

Afiliazio datuak aztertzerako orduan, emakumeen kontratazioan jaitsi egin da eta aldizkako finkoak ere bai (emakumeen artean %1,25 eta gizonezkoen artean %0,29). Bi datuok gurutzatuz gero, ondoriozta dezakegu ezegonkortasunak emakumeak kolpatzen dituela bereziki eta aldizkako finkoen kontratazioak ez duela kalitatezko enplegua sortzen edota indartzen. Kontratazio figura honek, aldizkako prekaritatea sustatzen du. Zentzu honetan, urte sasoi honetan errepikatzen ari da aldizkako kontratu finkoen etetea (kontratu guztien %3,3a, pasa den hilean baino 0,7 puntu gutxiago), udako oporrak langabezia egoeran igarotzera kondenatuz zenbait kolektibo, hala nola jantokietako hezitzaileak edota ikastetxeetako garbitzaileak.

Generoaren araberako arrakala handitzen duen beste adierazle bat lanaldi partzialak dira. Ekaineko datuen arabera, emakumeen %25,8ak lanaldi partziala du, gizonen artean portzentaia %11koa den bitartean.

Testuinguru ezegonkor honetan, non gero eta langile gehiago dauden egoera zaurgarrian, LAB sindikatuak langile guztiontzat kalitatezko enplegua sortu eta indartzearen beharra aldarrikatzen du. Era beran, 1.400 euroko gutxieneko soldata ezartzea lehentasunezkoa da, enplegua, zaintza lanak eta ondasunaren banaketa posible izan dadin. Langabeziak behera egitea berri ona izan arren, lan merkatuan instalatu den prekaritate zein ezegonkortasun egoerak asko kezkatzen gaitu. Izan ere, gaurko enpleguaren kalitateak eguneroko bizitzari aurre egiteko ez-nahikoa izateaz gain, etorkizunean bizitza duina bermatzeko aukera bera kolokan jartzen baitu.

CEBEK esku hutsik bertaratu da Bizkaiko Grafikagintzako hitzarmenaren negoziazio mahaira

Gaur, uztailak 4, Bizkaiko Grafikagintzako Hitzarmen Kolektiboaren negoziazio mahaiaren hirugarren bilera egin da. Aurrekoan adostu zen bezala, sindikatuok gure plataformak aurkeztu ditugu. LABena sektoreko langileekin egindako ariketaren emaitza da, inkesta baten bidez galdetu baitzaie zer eduki jaso beharko lituzkeen hitzarmen hau berritzeko proposamenak.

Sektoreak oso argi utzi du zeintzuk diren negoziazio-mahaian landu beharreko gai nagusiak, eta argi eta garbi adierazten du lehentasuna erosteko ahalmenari eustean eta berreskuratzean dagoela, baina oso presente daude ordaindutako baimenak eta lana eta familia bateragarri egitea, lanaldia, berdintasuna eta lan-osasuna.

Inkesta horietan, Bizkaiko grafikagintzako langileek adierazi dute garrantzitsua dela sektoreak hitzarmen kolektibo eguneratua izatea, orain arte arautu ez diren gaiak jorratuko dituena, hala nola telelana, subrogazioa eta ABLEen erabileraren murrizketa.

Patronalak berriz, ez du aurreko bileretan hartutako konpromisoa bete, eta ez du bere plataforma aurkeztu. Hala ere, edukiak estatalizatzeko asmoa agertu du, hala nola lanbide-kategoriak, eta, horrez gain, hainbat soldata-taula sortzea, sektorea zatitzeko. Negoziazioa luzea eta gogorra izango dela ohartarazi du.

CEBEKi eskatzen diogu alde batera utz dezala bere lan-baldintzak hobetzea premiazkoa duen sektore bat are gehiago prekarizatzeko asmoa, eta bere proposamenetan negoziatzeko borondatea isla dezala.

Uztailaren 27an egingo da hurrengo bilera.

Osakidetzak aurreakordioa mespretxatuz gero, mobilizazioekin jarraituko dute garbiketako langileek

Osakidetzako garbiketako langileek agerraldia egin dute gaur Gurutzetako ospitalean, aspalditik zabalik dagoen lan gatazkaren azken berriak ezagutarazteko. Izan ere, pasa den astelehenean, Eusko Jaurlaritzaren Enplegu eta Lan Sailburuordetzak bilera batera deitu zituen sindikatuak eta enpresak, eta aurreakordio proposamen bat jarri zuen mahai gainean. Edukia aztertu eta eztabaidatu ondoren, bi aldeen gehiengoak ados jarri ziren, eta hala adierazi zuten akta bidez.

Handik astebetera, ordea, Eusko Jaurlaritzaren Osasun Sailak oraindik ez du aurreakordioari buruzko iritzirik eman, eta, hortaz, aurreakordioa, momentuz, “paper bustia” dela ohartarazi dute langileek. Osasun Sailak hitzarmen kolektiboari buruzko akordioa enpresei eta langileei zegokiela adierazi bazuen ere, behin gatazkaren amaiera hurbiltzen ari dela dirudienean, ez dirudi Osakidetza eta enpresak ados jartzen direnik langileei dagokiena ordaintzerako orduan, noiz eta negoziazio prozesua hasi zenetik bost urte igaro direnean eta langileak dagoeneko 90 egun baino gehiago irauten duen greba bat egitera behartu dituztenean.

Langileek Osakidetzari gogorarazi diote aurreakordio proposamen bat duela mahai gainean, eta, beraz, gatazka luze bati amaiera aemateko aukera. Arduraz jokatzeko eta proposamenean jasotakoari trabarik ez jartzeko eskatu diote. Hala ere, Osasun Sailak aukera “mespretxatzen” badu, langileek mobilizazioekin jarraituko dutela ohartarazi dute. Kasu horretan, udan mobilizazioei eutsi eta greba egun gehiago iragarriko dituela jakinarazi du gehiengo sindikalak.