2026-01-11
Blog Page 212

Ikuskaritzak arrazoia eman dio LABi eta Flexix SA enpresa zigortu du Laneko Arriskuen Prebentzioari buruzko Legea urratzeagatik #LortuDugu

Bizkaiko Lan Ikuskaritzak aintzat hartu du LAB sindikatuak jarritako salaketa, eta zigorra ezarri dio Zamudion dagoen eta kautxuzko produktuak ekoizten dituen enpresari.

Zehazki, Lan Ikuskaritzak honako hauek ezarri ditu:

1.- Zigor larria jarri dio, “agente kimiko jakin batzuei dagozkien arriskuak osorik ez ebaluatzeagatik”; zehazki, “arrisku-ebaluazioak eta, hala badagokio, eguneratzeak eta berrikuspenak ez egiteagatik, bai eta langileen lan-baldintzen eta jardueraren aldizkako kontrolak ez egiteagatik ere, lan-arriskuen prebentzioari buruzko araudian ezarritako irismenarekin eta edukiarekin”.

2.- Beste zigor larri bat jarri dio, “karga fisikoaren ondoriozko arriskua ez ebaluatzeagatik”; hain zuzen, “ikusi zen langileek kargen eskuzko manipulazioak egiten dituztela jarrera behartuekin”.

3.- Laneko arriskuak prebenitzeko errekerimendua, “prebentzio-jardueraren plangintzan, zarata murrizteari dagokionez proposatutako neurri bakoitzerako, kostua, arduraduna eta aurreikusitako ezarpen-data sartu beharko ditu enpresak, baita horiek gauzatzeko epea, arduradunak izendatzea eta horiek gauzatzeko behar diren giza baliabideak eta baliabide materialak ere”.

4.- Laneko arriskuen prebentziorako errekerimendua, hain justu ere, “enpresak bermatu behar du langile bakoitzak prebentzio-arloko prestakuntza teoriko eta praktiko nahikoa eta egokia jasotzen duela, langile bakoitzaren lanpostuan edo funtzioan bereziki zentratuta”.

5.- Errekerimendua, “moldekatze-eremuan higiene-neurri egokiak ez hartzeagatik”. Beraz, enpresak neurri egokiak hartu beharko ditu langileek agente kantzerigenoek kutsatzeko arriskua dagoen lan-eremuetan (moldekatze-eremuan) jan edo edan ez dezaten bermatzeko.

Beraz, Flexis SA enpresak laneko arriskuen prebentzioari buruzko legea urratu zuen agente kimikoen gaineko arriskuen, karga fisikoen gaineko arriskuen, zaraten, langileen prestakuntzaren eta higienearen arloan.

Ebazpen horrek agerian uzten du Laneko Arriskuen Prebentzioari buruzko Legea abian jarri eta 27 urte geroago, patronalarentzat paper bustia izaten jarraitzen duela. Bitartean, LABek laneko prebentzioaren eta segurtasunaren arloko ez-betetze guztiak salatzen eta langileen osasuna bermatzeko mobilizatzen jarraituko du.

LAB da hauteskundeen epe trinkoan Nafarroa Garaian gehien hazi den sindikatua

Iritsi berri diren maiatz amaierako datu ofizialek argi adierazi dute LAB dela Nafarroa Garaiko hauteskunde sindikalen epe trinkoan gehien hazi den sindikatua. 2022ko abuztuaren 31tik 2023ko maiatzaren 30era Nafarroako ordezkaritza sindikalaren %45 berritu da. Bederatzi hilabete erabakior horietan, CCOO eta bereziki UGT jaitsi eta ELA mantendu den bitartean, LABek puntu erdia irabazi du.


2022 abuztuak 312023 maiatzak 30Aldea
ordezkariak%ordezkariak%ordezkariak%
LAB111517,17117617,69+ 61+ 0,52
ELA150323,14154023,16+ 37+ 0,02
CCOO155823,99158823,89+ 30– 0,10
UGT158924,46161224,25+ 23– 0,21

LABek oso emaitza onak lortu ditu hainbat eremutan. Sindikatu indartsuena da Foru Administrazioan (lehen indarra berretsi eta ordezkaritza zabalduz, 77 delegaturaino), Nafarroako Unibertsitate Publikoan, udal eremuan, Esku-hartze Sozialean (gehiengo osoa), ikastoletan (kasik ordezkaritza osoa), adinekoen egoitza askotan, Torraspapel bezalako industrietan (13 ordezkaritik 10 eskuratu zituen LABek) edota zerbitzu pribatuetako enpresa handiena den Auzolagunen (23 ordezkaritik 15).

Lurraldeka, LAB oso indartsua da Mendialdean, Iruñerrian beste sindikatuen pare dago eta Erdialde-Erriberan ere espazioa irabazten ari da. Ildo horretan, aipagarria da Erdialdeko eta Erriberako enpresa esanguratsuetan sartu dela lehen aldiz; hala nola, Fustiñanako Rios Renovables (lehen indarra), Buñuelgo SAT Yesh Fresh (ordezkaritza osoa) edo Tuterako Piher enpresetan. Eta aipatzekoak dira dira eskualde horretako beste emaitza batzuk ere: Milagroko Gelagri (13tik 6 LABek) eta Vegetales de Navarra (lehen aldiz indar bozkatuena), Sesmako Ingeteam (5 ordezkari) edota Tuterako Torre Monreal (5etik 4 LABek).

Epe trinko honetan izandako emaitzak are garrantzitsuagoak dira azken urteotako garapena kontuan hartuta. 2010ean lehen sindikatuaren (UGT) eta LABen aldea 17,77 puntukoa zen: UGT %30,28, LAB %12,51. Une honetan tartea 6,56 puntukoa besterik ez da: UGT %24,25, LAB %17,69. Erregimenaren parte izan den eredu sindikalaren gainbehera eta LABek ordezkatzen duen kontrabotere sindikalismoaren arrakasta adierazten du datu horrek.

Aintzat hartu beharreko beste datua, honako hau: 2010ean UGT eta CCOOen arteko batura %55,59 zen bitartean, egun %48,14 da. Hau da, bi sindikatu horiek ez dute nafar langileen gehiengoa ordezkatzen eta beraz bi sindikatu horiekin osatutako Elkarrizketa Sozialeko Kontseilua bertan behera geratu beharko litzateke, eta sindikatu guztiak aintzat hartuko dituzten eta lan harremanetarako esparru propioa eratzen lagunduko duten tresna eraginkorrak sortu behar dira. Era berean, Nafarroako Lan Epaitegia bezalako guneak demokratizatu beharra dago, gaur gaurkoz PSN-Geroa Baik ontzat eman baitute CENek eta UGTk LABi ezarritako betoa.

Datu hauek are eta meritu gehiago daukate, kontuan hartuta oraindik Nafarroako hainbat enpresaren kontratazioetan (adibidez, Volkswagen) eta/edo hauteskunde prozesuetan ez dagoela sindikatuen arteko aukera berdintasunik: enpresari askok beste sindikatu batzuen aldeko apustua egiten dute LABen sindikalismo borrokalariari bidea ixten saiatzeko. Zorionez, jarritako oztopoak gainditzen ari da LAB, hala sektore nola eskualde desberdinetan.

Gauzak horrela, oraindik ere LABek hazteko borondatez jarraituko du lanean, kontraboterezko sindikalismo independentista, feminista eta antirrazista Nafarroan ere zabalduz.

Villavesak arriskuan

Iruñerriko autobus zerbitzuko Enpresa Batzordeak lan-baldintza kaskarrak, plangintza falta eta mantentze-lan desegokiak arbuiatu dituzte, eta eskatu dute zerbitzuaren kalitatea eta langileen egoera duina lehenesteko.

Jarraian, Enpresa Batzordeak plazaratutako oharra:

Gidariok denbora daramagu gure lan-baldintzak hobetzeko eskatzen. Era berean, TCC eta Iruñerriko Mankomunitate enpresen aurrean autobusen egungo egoera txarra etengabe salatzen. Horri gehituta, aurten ere, Sanferminetan, eskualdeko
hiri-garraioan gabezi oso garrantzitsuak sumatu ditugu.

Mantentze-lanak, aire girotua, kontratazioak eta errefortzuen plangintza negargarriak izan dira. Erabiltzaileek eta gidariok, berriz ere, plangintza ez-eraginkor horren ondorioak jasan ditugu.

Enpresarentzat lehentasun bakarra kostuak aurreztea da. Bitartean, Iruñerriko Mancomunitateak eta TCC-k, harrotasunez beraien lana egokitzat aurkezten dute eta bidaiari kopuru errekorren zifrak erakusten dizkigute. Jaiegun hauetan, lotsagarria da autobusak abanikoz beteta ikustea, jendez gainezka eta langileak kudeaketa txar honen ondorioz sufritzen egotea.

Egunero erreklamazio ugari jasotzen ditugu, eta ezin hobeto ulertzen ditugu. Egoera horren guztiaren ondorio larrienetako bat pasa den larunbatean gidari batek izandako zorabioa izan da, seguraski beroaren eta presioaren ondorioz.

Hori dela eta, gure aldarrikapenei erantzuteko eskatzen dugu, bai Iruñerriko Mankomunitateari bai TCC enpresari garraioaren egungo egoeraren ardura har dezatela. Horrela, kalitatezko zerbitzua eskaini ahal izango zaie bidaiariei zein langileei.

Aguirre y Aranzabaleko langileek hainbat mobilizazio deitu dituzte enpresak ezarritako aldebakarreko aldaketak salatu eta lan-baldintza egokiak eskatzeko

Ordezkaritza sindikala galaraztera bideratutako erabakiak hartu ditu azkenaldian zuzendaritzak; hori dela eta, langileek grebara joko dute.

Uztailaren 7an Eibarko Aguirre y Aranzabal (AYA) armagintza lantegiko langileak batzarrean bildu ziren eta gehiengo absolutuz mobilizazio proposamenaren aldeko botoa eman zuten. Enpresako zuzendaritzak azken hilabeteotan hartutako erabakien ondoren, honako hauek dira langileen helburu nagusiak:

– Enpresak aldebakarrez hartutako eta inposatutako erabakiak indargabetzea. Erabaki horien helburua plantilla zatitzea eta oinarrizko eskubide sindikalak urratzea da. Hala, egun 10 bat langile dituen enpresan horiek banatu eta, hala, ordezkaritza sindikala izateko beharrezko gutxieneko langile kopurura ez iristea nahi izan du zuzendaritzak.

– Errepresio sindikala eta langileenganakoa amaitzea.

Orain arte, enpresak ez du negoziatzeko asmorik erakutsi, eta ez da bildu nahi izan gai horiek AYA enpresako langileen legezko ordezkariekin aztertzeko.

Horregatik guztiagatik, LABek bat egiten du langileek mobilizazioekin hasteko erabakiarekin, adostasuna lortu eta egoera birbideratu ahal izateko.

Greba egunak uztailaren 26a, 27a eta 28a izango dira, eta irailaren 4tik aurrera greba mugagabera joko dute. Horrez gain, lanuzteak eta kontzentrazioak egingo dituzte.

Akordioak amaiera eman dio Bilbao Kirolakeko lorezainen greba mugagabeari

37 eguneko greba mugagabearen ondoren, Bilbao Kirolakeko lorezaintza zerbitzuko langileek akordio bat lortu dute enpresarekin; akordio honek hobekuntza garrantzitsuak barnebiltzen ditu kolektiboarentzat. Gaur, uztailak 12, itzuliko dira lanera.

Aurretiaz hitzartuta zituzten KPIaren araberako soldata-igoerei, sinaduratik aurrera, 350 euroko igoera gehituko zaie urtero jasotzen dituzten lau ordainsarietan, 2 egun libre gehiago izango dituzte (guztira 7), antzinatasun-osagarria biurtekoetan ordaintzen hasiko da eta ez laurtekoetan, eta zelaia markatzeagatik egiten dituzten lanorduak konpentsatzeko sistema bidezkoagoa ere lortu dute.

Beste behin ere, agerian geratu da borrokak balio duela, eta langileek beren lan-eskubideak baliarazteko erakutsi duten erabakitasuna funtsezkoa izan dela gaur ospatzen dugun akordioa lortu ahal izateko.

ADEGIk uko egin dio Gipuzkoako Egurgintzako negoziaketa mahaia osatzeari

LAB sindikatuak emandako hitza bete du, eta 20 urte luze igaro diren honetan, gaur bildu da lehen aldiz Gipuzkoako Egurgintzako Hitzarmenaz hitzegiteko mahaia.

Gaurko bilerak helburu argi bat zuen, egurgintzako sektoreko langileek bizi dituzten lan baldintzen berritzeaz hitz egingo zuen mahaia osatu eta sektore oso baten arautze minimo bat bermatuko duen herrialdeko hitzarmen duin baten elkarrizketa martxan jartzea.

Mahaiko kide izan diren lau sindikatuek (LAB, ELA, CCOO eta UGT) beharrezkotzat jotzen dute mahai honen sorrera, baina ez dira joko honetako partaide bakarrak eta bidea ez da erraza izango. Mahaia osatzen duten patronal guztien izenean ADEGIk hitza hartu duenean, hitzegiteko borondatea erakutsi bai baina negoziaketa mahaiari “irekiera ez ematea” erabaki dutela aipatu dute, arrazoi juridiko eta teknikoak argudiatuaz.

Haien aldetik, denbora irabaztea soilik helburu duen argudiaketa hutsala iruditzen zaio LABi gaur jasotakoa. Borondate hitza beraien ahotan entzun arren, mahaiko partaide guztion nahia berdina izanik ere, nabarmena izan da ADEGI bezalako patronal batek denbora irabazi eta denborak berak propioki markatu nahi izanaren jarrera.

Gauzak horrela, konpromisoari eutsiz eta lanean eta bultzatzaka jarraitzeko asmoa erakutsi du sindikatuak, egurgintzako negoziaketa mahaia osatu arte. Irailean bilduko dira berriro.

Osakidetzan azpikontratatutako garbiketako langileentzako homologazioa bermatzea #LortuDugu eta zerbitzu bera ematen duten langile publikoen baldintza eta soldata berdinak izango dituzte

Hitzarmen kolektiboa berritzeko aurreakordioa lortu da ia ehun greba egunen ostean. Negoziazio eta borrokaldi luzeak eman du emaitza: aldarrikapen sozial nagusiak jasoko ditu hitzarmenak, tartean, azpikontratatuko langileen lan baldintzen homologazioa.

Bost urte baino gehiagoz luzatu da negoziazioa, berrogeita hamar bilera baino gehiago egin dira eta langileak ia 100 egunez greban egon dira. Bada, borrokaren bidez azkenik lortu ahal izan dute luzaroan exijitu duten hori, hau da, Osakidetzako langileekiko homologazioa. Horrez gain, baina, beste hainbat hobekuntza jasotzen ditu testuak. 2021etiko atzerapenak jasotzen dituzten karrera profesionaleko mailak aitortzea, karrera profesionaleko etorkizuneko deialdietara sarbidea bermatzea, txanda kontratua eskuratzea, lanpostu hutsak esleitzeko erregulazio objektiboa… Hala, langile bakoitzari aitortutako mailaren arabera jasoko dituzte atzerapenak beharginek, zenbait kasutan 9.700 euroraino iritsiko direlarik.

Sektoreko beharginek hasiera batean ez zuten uste hitzarmena berritzeko horrenbeste oztopo izango zituztenik, baina Garbialdi buru duten enpresa esleipendunen eta Osakidetzaren beraren blokeoa pairatu behar izan dute, eta horrek bultzatu ditu gatazkara. Grebak iraun duen ia 100 egun horietan zehar, gehiegizko gutxieneko zerbitzuak, poliziaren presentzia itogarria eta dozenaka identifikazio jasan behar izan dituzte. Borroka luzea izan da eta langileek ez dute atzera urratsik egin. Ekimenez jositako borrokaldia izan da, tartean, Gurutzetako plazan astebeteko kanpaldia egin zuten. Finean, borroka jarri dute erdigunean, eta sektorea duintasunez gainezka dagoela erakutsi. Euskal Herrian izandako lan-borroken zerrenda zabalean orrialde gogoangarri bat idatzi dute Osakidetzako garbiketan azpikontratatutako langileek.

LABek hasieratik egin du borrokaren aldeko apustua eta indarrak batzearen aldekoa. Orain lorpen kolektiboa gozatzeko garaia da. Antolakuntzari eta borrokari esker lortu den garaipena ospatzekoa.

Olazabal y Huarteko plantilla greban dago hitzarmen duin baten alde

OLAZABAL Y HUARTE SAU enpresak, Betoñuko industrialdean kokatua, 60 urte baino gehiagoko ibilbidea du. Urteetan etengabeko gorabeherak izan ondoren, 2021ean soldatak nabarmen jaitsi (% 15 inguru) eta enpresak polibalentzia eta postu-mugikortasuna exijitu ondoren, Arteaga enpresa-taldeak, Fumbarri eta Innovarri enpresek ere osatua, erosi zuen azkenean.

Une honetan, langileak greban daude gaurtik, uztailak 12, lan-baldintza duinak, bidezko hitzarmen bat eta horietan galdutako erosteko ahalmena berreskuratzea exijitzeko. Soldata jaitsiera, azken urteetako KPIaren igoerarekin batera suposatu du gure erosteko ahalmenaren murrizketa ikaragarria.

Horregatik, hainbat negoziazio-saioren ondoren, eta enpresak inolako akordio-borondaterik eduki gabe, plantilak uztailaren 21era arte aurreikusitako greba hasteko erabakia hartu behar izan du. Gaurkoan, lehenengo egunean greba ia-ia erabatekoa izan da.

Greba-egunetan mobilizazioak egingo ditugu 13:00etatik 14:30era Gasteizen, Gamarrako Atea eta Kantauri Hiribidearen arteko bidegurutzean eta Latinoamerikako biribilgunean.

EHUko ordezkapen politika berriak irakasle guztion lan-baldintzak eta irakaskuntza kalitatea okertzen ditu larriki

Unibertsitate sistemari buruzko LOSU lege berria bere erara interpretatu du EHUko zuzendaritzak, irakasle guztien lan-baldintzak eta irakaskuntzaren kalitatea okertzea ekarriko duelarik.

LOSUren 80. artikuluak dio ordezkapen bat egingo duen unibertsitateko irakasleak ezingo duela ikertu edo egiturazko kudeaketa eta koordinazio funtziorik izan. Hori baliatuz, EHUk erabaki du arduraldi osoko irakasle-ikertzaileen ordezkoak lanaldi partzialekoak izango direla nahiz eta irakasle-ikertzaileen lan-hitzarmenak eta 41/2008 dekretuak arduraldi osokoak izan daitezela ahalbidetzen duten. Beraz, kasurik onenean arduraldi osoko irakasle-ikertzaileen ordezkoei asko jota soldata osoaren %34,29 ordainduko zaie beraien irakaskuntza zama %75ekoa denean. Beraz, ordezkoen urteko soldata gordina 7.584,37€ eta 11.360€ artean egongo da, astean emandako klase kopuruaren arabera. EHU jada hasi da amatasun baimen zein bajen ordezkapenak era horretan egiten. LABentzat hau onartezina da eta zuzendaritzak, horrela jarraituz gero, erantzun tinkoa izango duela ohartarazi du sindikatuak.

Bestalde, EHUko irakaskuntza kalitatea larriki okertuko da. Ordezkoei eskolak eta tutoretzak bakarrik ordaintzen baldin badizkiete, irakasle hauek ez dute denborarik izango klaseak prestatzeko, lanak eta azterketak zuzentzeko edo beste irakasleekin koordinatzeko, besteak beste. Hain zuzen, tutoretza orduak ikasleak pertsonalki artatzeko erabili behar dira, eta ez bestelako zereginetarako, EHUren beraren irizpideen arabera.

Ordezkapen politika honek irakasle-ikertzaile guztien lan-balditzetan eta sailen irakaskuntza ahalmenean izango du eragina, eta gainera lan-hitzarmena eta lan-poltsen akordioa larriki urratzen ditu, zeintzuetan partzialtasuna murrizteko neurriak adostu ziren. Egoera berrian hau guztia aldatu da, eta EHUk ordezkoen politika berria ezarri du irakasle-ikartzaileen ordezkaritza sindikalarekin inolako negoziaziorik egiten saiatu gabe.

Orain dela gutxi ordezkapen poltsen deialdira hainbat pertsona aurkeztu dira ordezkapen osoak egiteko esperoan; gehienek horiek bakarrik hartu ditzakete bizitza duina izateko. Iruzur egiten zaie pertsona horiei.

Irakasle-ikertzaileak, ordezkatuak izan behar direnean (bajak, baimenak, eszedentziak…), jakinda bere kideengan erortzen dela askotan beraien lan karga, eta gaizki ulertutako arduragatik, epe hori minimizatzen saiatzen dira. Horretaz kontziente izanik, lan-osasun eskubideak, kontziliazioa, edo zaintzak errazteko aukera, ardura politikoak, akademikoak edota sindikalak hartzeko eskubideak kolokan jartzen dira.

Ordezkapen politika honek arlo instituzionalean ere izango ditu eragin negatiboak. Askoz zailagoa izango da irakasleek baldintza kaskar horiekin ordezkapenak onartzea, eta, nolanahi ere, lanaldi osoko plazen ordezkapenak partzialekin betetzeak sailetako benetako irakaskuntza ahalmena murriztuko du. Beraz, saileko irakasle-ikertzaileen lan-karga handituko da eta irakasgaien esleipena bat-batean birplanifikatu beharko da. Kontuan hartu behar da sail eta jakintza arlo batzuetan gainzama dutela.

Errektoretza aspaldi ari da esaten balizko irakasle-ikertzaileen plan zuzentzaile batean sailei emango zaiela irakaskuntza ahalmen nahikoa ordezkapenen beharrik ez izateko. Langileek ez dakite noiz egongo den plan utopiko hori, baina nahiko argi daukagu ordezkapen luzeak direnean ez dela justua izango sailentzako ordezkorik ez jartzea. Eta badakite, gaur egun, irakaskuntza gainkarga duten sailei plaza berriak ukatzen ari zaizkiela.

LABek eskaera zuzena egiten dio Errektoretzari:

  1. Lanaldi osoko irakasle-ikertzaileen lanpostu guztien ordezkapen guztiak (baimenak, bajak, nahitaezko eszedentziak, zaintzarekin lotutako eszedentziak…) lanaldi osoko kontratuekin betetzea.
  2. Lanaldi partzialerako kontratuei soldata duina ezartzea klaseen prestakuntza eta zuzenketa lanak, oinarrizko koordinazioa eta kudeaketa, formakuntza eta irakaskuntzari loturiko ikerketa kontuan hartuz.

Datorren astean Irakasle-ikertzaileen arloko Errektoreordearekin bilera daukate. Zuzendaritzak irakasle guztien lan-baldintzak okertzen dituen ordezkapen politika murritzailea ez badu aldatzen, LAB beste sindikatuekin jarriko da harremanetan mobilizazio kanpaina bat aurrera eramateko, grebak baztertu gabe.