2026-09-26
HomeEkintza SindikalaEstatuko sindikatuak arriskuan jartzen ari dira Nafarroako Esku-hartze Sozialerako II. Hitzarmenaren negoziazioa

Estatuko sindikatuak arriskuan jartzen ari dira Nafarroako Esku-hartze Sozialerako II. Hitzarmenaren negoziazioa

Araudiak agintzen duena aintzat hartuta, LAB sindikatuak abuztuan jakinarazi zion Gizarte Ekintzako eta Esku Hartzeko Batzorde Paritarioari Nafarroako bigarren negoziazio mahaia abian zela. Urriaren erdialdean, Madrildik jakinarazi ziguten esparru funtzionala estatu-hitzarmeneko gai erreserbatua dela. Horren aurrean, LABek hainbat gogoeta planteatu ditu, eta sektoreko plantillekin partekatu nahi ditugu.

Zer esan nahi du “gai erreserbatua” izateak?
Estatuko paritarioak dioenez, nonbait, Nafarroan ezin dugu negoziatu esparru funtzionala. Artikulu garrantzitsu horrek definitzen ditu jarduera-motak eta enpresak eta, horien ondorioz, hitzarmenak zein plantillari eraginen dion edota zein plantillari ekarriko dion onura ere zehazten du.

LABek gogorarazi nahi du CCOOk eta UGTk gai hau manipulatu zutela lehen negoziazioan eta, tenore hartan, lehen mahaia abian jartzea blokeatu eta arriskuan jarri zutela. LABen ez genuen inolako arazorik ikusten, eta halaxe ebatzi zuen (aho batez) negoziazio-mahaiak ere; langileentzat modu egokian eta berme juridiko guztiak zituela. Hitzarmena alderdi guztiek sinatu zuten (ANEIS, LAB, CCOO eta UGT); bai, bai, baita ustez hainbeste eragozpen ikusten zituztenek ere. Azkenean sinatu baldin bazuten, arazo handirik ez zegoen seinale, ezta?

Nor dago estatuko paritarioaren atzean?
Estatuko paritarioa bi blokek osatzen dute: bata, UGT eta CCOO sindikatuek; bestea 3 patronalek. Bigarren bloke hau osatzen duten patronaletako bakoitzak ordezkaritzaren % 33 duela badakigu, baina ez dakigu zenbatekoa duen sindikatu bakoitzak. Era berean, badakigu sindikatuek eta patronalek gehiengoz hartu behar dituztela paritarioaren erabakiak. Beraz, informazio gehiagorik gabe, hipotesi edo ondorio batzuk atera besterik ezin dugu egin.

Ebazpena onartu bazen, patronalek gutxienez bi enpresaren aldeko botoa beharko zuten. Sindikatuei dagokienez, berriz, argi dago bi erakundeetako batek gutxienez alde bozkatu zuela, ez baziren biak izan. Beraz, ondoriozta daiteke edo UGTk edo CCOOk, bietako batek gutxienez, Nafarroan ditugun eskubideen aurka bozkatu zuela Madrilen.

Zer ondorio ditu honek guztiak?

Bigarren negoziazio-mahaia irekita, gure proposamena azaltzera gindoazela, ardura gutxiko jarrerekin egin dugu topo berriro ere, eta jarrera horiek berriro arriskuan jartzen dute Nafarroan esku-hartze sozialeko langileen lan-baldintzak hobetzeko daukagun tresnarik onena. Sektoreko hitzarmena, berriz ere, ekaitzaren jomugan dago. Ebazpen honen helburua da Nafarroan hitzarmen sektorialaren onuradun zein langile izango diren eta zein ez diren izango negoziatzeko gaitasuna murriztea. Gure ustez, era berean, segurtasun juridikoa zalantzan jartzeko saiakera da. Sinestezina.

Ez dugu ulertzen Nafarroan hitzarmena sinatu duten sindikatuetako batek edo biek Madrilen zalantzan jartzea esparru funtzionala -beraiek sinatu dutena- legez kanpokoa izan ote daitekeen.

Eskatzen ditugu azalpenak, abagunea baliatzeko gaitasuna, seriotasuna, erantzukizuna eta sektoreko ehunka langileen etorkizunerako konpromisoa. LABeko kideok gure esku dagoen guztia egiten jarraituko dugu hitzarmena defendatzeko eta hobetzeko.

Datorren azaroaren 23an laugarren bilera egingo da bigarren sektoreko hitzarmena lortzeko. Egun horretan bakoitzak bere iritziak eman beharko ditu, eta iritzi horiek irmotasunez argudiatu beharko dira. LABen oso argi daukagu: ez dago inolako lege-eragozpenik aurrera egiteko. Gainera, hemen bizi gara eta hemen erabakiko dugu. Zein aldetan kokatuko dira CCOO eta/edo UGT?

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Udalhitzeko negoziazioari atea itxi diote EAJk eta PSEk, EHBilduk negoziatzen jarraitzeko borondatea agertu duen bitartean

Urriaren 8ra bitarteko epea daukate edukiak ekarri eta langileen ordezkariekin adosteko. Bestela, udal sektore osoak grebara joko du.

Greba mugagabean dauden ITASUAko langileei babesa erakusteko manifestazio jendetsua Bergaran

Dagoeneko 77 egun daramatzate greban Zarauzko eta Bergarako Ibilgailuen Azterketa Teknikoaren (IAT/ITV) zerbitzuko beharginek, eta enpresa mugiarazi eta negoziazioaren blokeoa eten arte borrokan segitzeko...

LABek eta ELAk bilera eskatu diogu Pradales lehendakariari, 1.500 euroko gutxieneko soldataren alde patronalari aurre egin diezaion eskatzeko

Gutxieneko soldata Hego Euskal Herrian erabakitzearen aldeko 145.000 sinadura jaso eta greba orokor arrakastatsu bat egin ondoren, LABen eta ELAren iritziz Eusko Jaurlaritzak ezinbestean gizartearen nahiari bide eman beharko lioke eta Imanol Pradales lehendakariak lidergo argia erakutsi beharko luke patronalaren zein PSE-EEren eta EAJren betoa gainditzeko.