2026-01-02
Blog Page 212

Aguirre y Aranzabaleko langileek hainbat mobilizazio deitu dituzte enpresak ezarritako aldebakarreko aldaketak salatu eta lan-baldintza egokiak eskatzeko

Ordezkaritza sindikala galaraztera bideratutako erabakiak hartu ditu azkenaldian zuzendaritzak; hori dela eta, langileek grebara joko dute.

Uztailaren 7an Eibarko Aguirre y Aranzabal (AYA) armagintza lantegiko langileak batzarrean bildu ziren eta gehiengo absolutuz mobilizazio proposamenaren aldeko botoa eman zuten. Enpresako zuzendaritzak azken hilabeteotan hartutako erabakien ondoren, honako hauek dira langileen helburu nagusiak:

– Enpresak aldebakarrez hartutako eta inposatutako erabakiak indargabetzea. Erabaki horien helburua plantilla zatitzea eta oinarrizko eskubide sindikalak urratzea da. Hala, egun 10 bat langile dituen enpresan horiek banatu eta, hala, ordezkaritza sindikala izateko beharrezko gutxieneko langile kopurura ez iristea nahi izan du zuzendaritzak.

– Errepresio sindikala eta langileenganakoa amaitzea.

Orain arte, enpresak ez du negoziatzeko asmorik erakutsi, eta ez da bildu nahi izan gai horiek AYA enpresako langileen legezko ordezkariekin aztertzeko.

Horregatik guztiagatik, LABek bat egiten du langileek mobilizazioekin hasteko erabakiarekin, adostasuna lortu eta egoera birbideratu ahal izateko.

Greba egunak uztailaren 26a, 27a eta 28a izango dira, eta irailaren 4tik aurrera greba mugagabera joko dute. Horrez gain, lanuzteak eta kontzentrazioak egingo dituzte.

Akordioak amaiera eman dio Bilbao Kirolakeko lorezainen greba mugagabeari

37 eguneko greba mugagabearen ondoren, Bilbao Kirolakeko lorezaintza zerbitzuko langileek akordio bat lortu dute enpresarekin; akordio honek hobekuntza garrantzitsuak barnebiltzen ditu kolektiboarentzat. Gaur, uztailak 12, itzuliko dira lanera.

Aurretiaz hitzartuta zituzten KPIaren araberako soldata-igoerei, sinaduratik aurrera, 350 euroko igoera gehituko zaie urtero jasotzen dituzten lau ordainsarietan, 2 egun libre gehiago izango dituzte (guztira 7), antzinatasun-osagarria biurtekoetan ordaintzen hasiko da eta ez laurtekoetan, eta zelaia markatzeagatik egiten dituzten lanorduak konpentsatzeko sistema bidezkoagoa ere lortu dute.

Beste behin ere, agerian geratu da borrokak balio duela, eta langileek beren lan-eskubideak baliarazteko erakutsi duten erabakitasuna funtsezkoa izan dela gaur ospatzen dugun akordioa lortu ahal izateko.

ADEGIk uko egin dio Gipuzkoako Egurgintzako negoziaketa mahaia osatzeari

LAB sindikatuak emandako hitza bete du, eta 20 urte luze igaro diren honetan, gaur bildu da lehen aldiz Gipuzkoako Egurgintzako Hitzarmenaz hitzegiteko mahaia.

Gaurko bilerak helburu argi bat zuen, egurgintzako sektoreko langileek bizi dituzten lan baldintzen berritzeaz hitz egingo zuen mahaia osatu eta sektore oso baten arautze minimo bat bermatuko duen herrialdeko hitzarmen duin baten elkarrizketa martxan jartzea.

Mahaiko kide izan diren lau sindikatuek (LAB, ELA, CCOO eta UGT) beharrezkotzat jotzen dute mahai honen sorrera, baina ez dira joko honetako partaide bakarrak eta bidea ez da erraza izango. Mahaia osatzen duten patronal guztien izenean ADEGIk hitza hartu duenean, hitzegiteko borondatea erakutsi bai baina negoziaketa mahaiari “irekiera ez ematea” erabaki dutela aipatu dute, arrazoi juridiko eta teknikoak argudiatuaz.

Haien aldetik, denbora irabaztea soilik helburu duen argudiaketa hutsala iruditzen zaio LABi gaur jasotakoa. Borondate hitza beraien ahotan entzun arren, mahaiko partaide guztion nahia berdina izanik ere, nabarmena izan da ADEGI bezalako patronal batek denbora irabazi eta denborak berak propioki markatu nahi izanaren jarrera.

Gauzak horrela, konpromisoari eutsiz eta lanean eta bultzatzaka jarraitzeko asmoa erakutsi du sindikatuak, egurgintzako negoziaketa mahaia osatu arte. Irailean bilduko dira berriro.

Osakidetzan azpikontratatutako garbiketako langileentzako homologazioa bermatzea #LortuDugu eta zerbitzu bera ematen duten langile publikoen baldintza eta soldata berdinak izango dituzte

Hitzarmen kolektiboa berritzeko aurreakordioa lortu da ia ehun greba egunen ostean. Negoziazio eta borrokaldi luzeak eman du emaitza: aldarrikapen sozial nagusiak jasoko ditu hitzarmenak, tartean, azpikontratatuko langileen lan baldintzen homologazioa.

Bost urte baino gehiagoz luzatu da negoziazioa, berrogeita hamar bilera baino gehiago egin dira eta langileak ia 100 egunez greban egon dira. Bada, borrokaren bidez azkenik lortu ahal izan dute luzaroan exijitu duten hori, hau da, Osakidetzako langileekiko homologazioa. Horrez gain, baina, beste hainbat hobekuntza jasotzen ditu testuak. 2021etiko atzerapenak jasotzen dituzten karrera profesionaleko mailak aitortzea, karrera profesionaleko etorkizuneko deialdietara sarbidea bermatzea, txanda kontratua eskuratzea, lanpostu hutsak esleitzeko erregulazio objektiboa… Hala, langile bakoitzari aitortutako mailaren arabera jasoko dituzte atzerapenak beharginek, zenbait kasutan 9.700 euroraino iritsiko direlarik.

Sektoreko beharginek hasiera batean ez zuten uste hitzarmena berritzeko horrenbeste oztopo izango zituztenik, baina Garbialdi buru duten enpresa esleipendunen eta Osakidetzaren beraren blokeoa pairatu behar izan dute, eta horrek bultzatu ditu gatazkara. Grebak iraun duen ia 100 egun horietan zehar, gehiegizko gutxieneko zerbitzuak, poliziaren presentzia itogarria eta dozenaka identifikazio jasan behar izan dituzte. Borroka luzea izan da eta langileek ez dute atzera urratsik egin. Ekimenez jositako borrokaldia izan da, tartean, Gurutzetako plazan astebeteko kanpaldia egin zuten. Finean, borroka jarri dute erdigunean, eta sektorea duintasunez gainezka dagoela erakutsi. Euskal Herrian izandako lan-borroken zerrenda zabalean orrialde gogoangarri bat idatzi dute Osakidetzako garbiketan azpikontratatutako langileek.

LABek hasieratik egin du borrokaren aldeko apustua eta indarrak batzearen aldekoa. Orain lorpen kolektiboa gozatzeko garaia da. Antolakuntzari eta borrokari esker lortu den garaipena ospatzekoa.

Olazabal y Huarteko plantilla greban dago hitzarmen duin baten alde

OLAZABAL Y HUARTE SAU enpresak, Betoñuko industrialdean kokatua, 60 urte baino gehiagoko ibilbidea du. Urteetan etengabeko gorabeherak izan ondoren, 2021ean soldatak nabarmen jaitsi (% 15 inguru) eta enpresak polibalentzia eta postu-mugikortasuna exijitu ondoren, Arteaga enpresa-taldeak, Fumbarri eta Innovarri enpresek ere osatua, erosi zuen azkenean.

Une honetan, langileak greban daude gaurtik, uztailak 12, lan-baldintza duinak, bidezko hitzarmen bat eta horietan galdutako erosteko ahalmena berreskuratzea exijitzeko. Soldata jaitsiera, azken urteetako KPIaren igoerarekin batera suposatu du gure erosteko ahalmenaren murrizketa ikaragarria.

Horregatik, hainbat negoziazio-saioren ondoren, eta enpresak inolako akordio-borondaterik eduki gabe, plantilak uztailaren 21era arte aurreikusitako greba hasteko erabakia hartu behar izan du. Gaurkoan, lehenengo egunean greba ia-ia erabatekoa izan da.

Greba-egunetan mobilizazioak egingo ditugu 13:00etatik 14:30era Gasteizen, Gamarrako Atea eta Kantauri Hiribidearen arteko bidegurutzean eta Latinoamerikako biribilgunean.

EHUko ordezkapen politika berriak irakasle guztion lan-baldintzak eta irakaskuntza kalitatea okertzen ditu larriki

Unibertsitate sistemari buruzko LOSU lege berria bere erara interpretatu du EHUko zuzendaritzak, irakasle guztien lan-baldintzak eta irakaskuntzaren kalitatea okertzea ekarriko duelarik.

LOSUren 80. artikuluak dio ordezkapen bat egingo duen unibertsitateko irakasleak ezingo duela ikertu edo egiturazko kudeaketa eta koordinazio funtziorik izan. Hori baliatuz, EHUk erabaki du arduraldi osoko irakasle-ikertzaileen ordezkoak lanaldi partzialekoak izango direla nahiz eta irakasle-ikertzaileen lan-hitzarmenak eta 41/2008 dekretuak arduraldi osokoak izan daitezela ahalbidetzen duten. Beraz, kasurik onenean arduraldi osoko irakasle-ikertzaileen ordezkoei asko jota soldata osoaren %34,29 ordainduko zaie beraien irakaskuntza zama %75ekoa denean. Beraz, ordezkoen urteko soldata gordina 7.584,37€ eta 11.360€ artean egongo da, astean emandako klase kopuruaren arabera. EHU jada hasi da amatasun baimen zein bajen ordezkapenak era horretan egiten. LABentzat hau onartezina da eta zuzendaritzak, horrela jarraituz gero, erantzun tinkoa izango duela ohartarazi du sindikatuak.

Bestalde, EHUko irakaskuntza kalitatea larriki okertuko da. Ordezkoei eskolak eta tutoretzak bakarrik ordaintzen baldin badizkiete, irakasle hauek ez dute denborarik izango klaseak prestatzeko, lanak eta azterketak zuzentzeko edo beste irakasleekin koordinatzeko, besteak beste. Hain zuzen, tutoretza orduak ikasleak pertsonalki artatzeko erabili behar dira, eta ez bestelako zereginetarako, EHUren beraren irizpideen arabera.

Ordezkapen politika honek irakasle-ikertzaile guztien lan-balditzetan eta sailen irakaskuntza ahalmenean izango du eragina, eta gainera lan-hitzarmena eta lan-poltsen akordioa larriki urratzen ditu, zeintzuetan partzialtasuna murrizteko neurriak adostu ziren. Egoera berrian hau guztia aldatu da, eta EHUk ordezkoen politika berria ezarri du irakasle-ikartzaileen ordezkaritza sindikalarekin inolako negoziaziorik egiten saiatu gabe.

Orain dela gutxi ordezkapen poltsen deialdira hainbat pertsona aurkeztu dira ordezkapen osoak egiteko esperoan; gehienek horiek bakarrik hartu ditzakete bizitza duina izateko. Iruzur egiten zaie pertsona horiei.

Irakasle-ikertzaileak, ordezkatuak izan behar direnean (bajak, baimenak, eszedentziak…), jakinda bere kideengan erortzen dela askotan beraien lan karga, eta gaizki ulertutako arduragatik, epe hori minimizatzen saiatzen dira. Horretaz kontziente izanik, lan-osasun eskubideak, kontziliazioa, edo zaintzak errazteko aukera, ardura politikoak, akademikoak edota sindikalak hartzeko eskubideak kolokan jartzen dira.

Ordezkapen politika honek arlo instituzionalean ere izango ditu eragin negatiboak. Askoz zailagoa izango da irakasleek baldintza kaskar horiekin ordezkapenak onartzea, eta, nolanahi ere, lanaldi osoko plazen ordezkapenak partzialekin betetzeak sailetako benetako irakaskuntza ahalmena murriztuko du. Beraz, saileko irakasle-ikertzaileen lan-karga handituko da eta irakasgaien esleipena bat-batean birplanifikatu beharko da. Kontuan hartu behar da sail eta jakintza arlo batzuetan gainzama dutela.

Errektoretza aspaldi ari da esaten balizko irakasle-ikertzaileen plan zuzentzaile batean sailei emango zaiela irakaskuntza ahalmen nahikoa ordezkapenen beharrik ez izateko. Langileek ez dakite noiz egongo den plan utopiko hori, baina nahiko argi daukagu ordezkapen luzeak direnean ez dela justua izango sailentzako ordezkorik ez jartzea. Eta badakite, gaur egun, irakaskuntza gainkarga duten sailei plaza berriak ukatzen ari zaizkiela.

LABek eskaera zuzena egiten dio Errektoretzari:

  1. Lanaldi osoko irakasle-ikertzaileen lanpostu guztien ordezkapen guztiak (baimenak, bajak, nahitaezko eszedentziak, zaintzarekin lotutako eszedentziak…) lanaldi osoko kontratuekin betetzea.
  2. Lanaldi partzialerako kontratuei soldata duina ezartzea klaseen prestakuntza eta zuzenketa lanak, oinarrizko koordinazioa eta kudeaketa, formakuntza eta irakaskuntzari loturiko ikerketa kontuan hartuz.

Datorren astean Irakasle-ikertzaileen arloko Errektoreordearekin bilera daukate. Zuzendaritzak irakasle guztien lan-baldintzak okertzen dituen ordezkapen politika murritzailea ez badu aldatzen, LAB beste sindikatuekin jarriko da harremanetan mobilizazio kanpaina bat aurrera eramateko, grebak baztertu gabe.

Erabiltzaileentzako Arreta Zerbitzuko bost langile EITBkoak direla aitortzea lortu dugu epaitegietan

Bost langile legez kanpo azpikontratatuta zeudela eta, beraz, EITBko beharginak direla aitortzea lortu dugu lau urteko ibilbide judizialaren ostean.

2019ko udazkenean, Lan Ikuskaritzara jo zuen LABek, EAZ-CAUko (Erabiltzaileen Arreta Zerbitzua) bost langileren
lagapen ilegala salatzeko. 2021ean, ikuskaritzak arrazoia eman zion, baina EITBko zuzendaritzak ez zuen ebazpena onartu, eta Bilboko epaitegiak eraman zuen auzia.

2022ko ekainean egin zen epaiketa, eta Bilboko auzitegiak Lan Ikuskaritzak esandakoa berretsi zuen: INETUM konpainiako beharginak legez kanpo utzita ari ziren EITBrentzat lanean. Enpresak beste helegite bat aurkeztu zuen EAEko Justizia Auzitegi Nagusian, eta berriro galdu zuen epaiketa.

Lau urte luze horien ostean, bost langile kaltetuei arrazoia eman die Lan Ikuskaritzak, Bilboko epaitegiak eta EAEko Auzitegi Nagusiak. Eta, beste behin, agerian geratu da EITBn kontratazio irregularrak eta langile lagapen ilegalak egiten direla.
Denbora tarte horretan, EITBk era bikainean funtzionatzen duen EAZ-CAU zerbitzua hankaz gora jarri du: gure bost lankideak eta INETUM enpresarentzat lan egiten zuten gainontzeko langile guztiak EITBtik kanpo daude orain.

Horrez gain, EITBko zuzendaritzak beste mugimendu zikin bat egin du, eta bost langile horien kasuak banaka salatzera eta berriro epaitegietan borrokatzera behartu gaitu.

Joan den ekainean egin zenlehen epaiketa indibiduala, eta epaileak, enegarren aldiz, arrazoia eman zigun. Enpresak aurreratu digu helegitea aurkeztuko duela EAEko Auzitegi Nagusian. Ibilbide judizial guztia kontuan hartuta, ebazpena, beste behin ere, langileen aldekoa izango dela uste dugu.

Zer gertatuko da EAZ-CAUko langileekin?
Bestalde, bost langile horiek EITBra bueltatzen direnean, enpresaren asmoa zein den ohartarazi nahi dugu; izan ere, soldatarik baxuenetakoa duten lanpostuetan jarri nahi dituzte, EITB-Enteko lan-hitzarmenean erabiltzenez den kategoria batean. Kontu honek, gainera, EITB-Enteko komiteak zuzendaritzarekin duen kategoriei buruzko negoziaketa zeharo zailtzen du.

Laburbilduz, EITBko zuzendaritzak ez du errealitatea onartu nahi, eta bide horretatik jarraituz gero, beste hiru urte eman ditzakegu epaitegietan aipatu langileen eskubideen defentsan. Baina emaitza beti berdina izango da. Zergatik luzatu nahi du EITBk langile horien sufrimendua? Noiz arte jarraituko dute krudelkeria horrekin? Hauek al dira EITBrentzat “batzengaituztenemozioak”?

Enteko Langile Batzordeak lanuzteak deitu ditu uztailaren 17ko asterako.

Euskal enpresa bateko arrantzalea hil da Seychelle uharteetatik hurbil lanean zebilela

Jakin berri dugu INPESCA euskal enpresarentzako lanean ziharduen arrantzale bat hil zela joan zen astean Ozeano indikoan, arrazoi ez-traumatikoak tarteko. Jarduera mota horretako lan baldintzek dakartzaten arrisku faktoreak nabarmenak dira, eta arrantza eredu horrek eskubide urraketak dakartza.

Lehenik eta behin, elkartasuna eta samina senide, lagun eta lankideei.

2023an gutxienez 27 langilek galdu dute bizia lan istripuz. Itsasontzian arrantzan ziharduen 44 urteko langilearen azken heriotza hau ez traumatiko bezala izendatua izan da.

Bada, 2008az geroztik INPESCA arrantza enpresak gutxienez hiru langileren heriotza eragin du, bi modu traumatikoan eta azken hau modu ez traumatikoan, denak Ozeano Indikoan. Istripu hauek aztertzeko eta argitzeko traba handiak izaten ditugu, eta gardentasun falta handia da.

Heriotza ez traumatikoen atzean faktore ezberdinak daude eta lan kargak, erritmoak, estresak eta jarduera mota horretako bestelako faktoreek eragin zuzena dute. Hala, heriotza irmoki salatzeaz gain, arrantza sektorean gertatzen diren eskubide urraketek, hitzarmen duinen faltak, segurtasun neurririk ezak, etenik gabeko jardunaldiek zein lan neurri gogor eta arautu gabeen eragina azpimarratu behar dugu.

Horrez gain, hemengo enpresak dira hango itsasoak ustiatzen dituztenak, hemengo agintarien laguntzarekin.Ezaguna da Eusko Jaurlaritzaren apustu neurrigabea Atunontzi eta Altura handiko flota kudeatzen duten enpresekiko. Horrek, halaber, beste arrantza arteak gutxiesten ditu, baxurako arrantza bezala, askoz ere jasangarriagoak eta hurbilagoak direnak baina, plan estrategiko baten beharrean, itotzen ari direnak. Hala, arrantza sektore guztiak behar du lan baldintzen aldaketa eta arauketa legala, horrek eragina izango bailuke istripu eta heriotzen tasan.

Eusko Jaurlaritzaren arrantza politikek beste herrietako itsasoak ustiatzea dute helburu, eta horrek dakarrena da bertako herritarrak baldintza prekarioetan eta bizia galtzeko arriskuarekin kontratatzea. Hala, sasoi bateko sistema kolonialak erabiltzen dituzten enpresak diru publikoz lagundu eta, gainera, baldintzarik gabeko laguntza eskaintzen zaie. Hauek ere badira itsasoan gertatzen diren arrantzaleen istripuen errudun.

Horregatik, laneko osasun baldintza egokiak bermatu ditzaten exijitzen diegu enpresariei, eta Eusko Jaurlaritzari, aldiz, ereduaren inguruko norabide aldaketa eta laneko osasunaren betearazpena berma dezala.

Bilboko Udalean pribatizazio bat gelditzea #LortuDugu

Esperantza Frontoia zegoen lekuan irekiko den udal-ekipamendu berriko zerbitzuak kanpoko enpresek emateko argitaratutako lizitazio iragarkiei errekurtsoa jarri ostean, asmoa geldiaraztea lortu du sindikatuak. Ekipamendu horrek Gaztegune, Mediateka eta Haurgune/Kidegunea izango ditu, bai eta atezaintza-zerbitzua ere, besteak beste.

Duela aste batzuk, Esperantza kaleko lokal horretan eskaini behar ziren zerbitzu publikoen balizko pribatizazioari buruzko zurrumurrua zabaltzen hasi zen. Eta zurrumurru hori errealitate bihurtu zen ekainaren 12an ekipamendu horren lizitazio-iragarkia argitaratu zenean.

Bilboko Udaleko LABeko atal sindikalak bere garaian Negoziazio Mahaian adierazi zuen ez zuela beste aldera begiratuko inolako pribatizazioren aurrean; izan ere, sindikatu honentzat lehentasunezkoa da udal-zerbitzu publikoak defendatzea eta zerbitzu-publiko horiek udal-langileen bidez kudeatzea.

Hori horrela, Bilboko Udaleko LABeko atal sindikalak, sindikatuko zerbitzu juridikoekin batera, La Esperanzako udal-ekipamendua kudeatzeko eta dinamizatzeko zerbitzua kontratatzeko espedientearen aurkako errekurtsoa aurkeztu dugu, eta dagokion arloko zinegotziari eta Giza Baliabideen zuzendariari jakinarazi diegu.

Udalak jakinarazi zigun pribatizazio hori bertan behera uztea aginduko zutela, berrikusi ahal izateko. Bere hitzetan, “beste kudeaketa-eredu bat posible izan zitekeela” uste dute.

Gaur egun, pribatizazio hori gelditzea lortu dugula iragarri dezakegu. Argi dugu eta ez dugu etsiko: udaleko zerbitzu publiko guztiak udal-langileek kudeatu behar dituzte. Oinarrizko erreklamazioa da, eta borondate politikoa baino ez du eskatzen.

Zerbitzu publikoen defentsan jarraituko dugu. Zerbitzu publikoak defendatu!