2026-04-30
Blog Page 211

Gasteizko Michelinen inor ere ez dago soberan

Salatu nahi dugu enpresak, bere iritziz, 150 langile soberan dituela jakinarazteko duen funtsa eta modua.

Ez da lehen aldia enpresak garrantzi handiko albisteak filtratzen dituela, eta kasu honetan, gainera, batzordea enpresarekin bilduta zegoenean egutegia aztertzeko. Errespetu falta izugarria iruditzen zaio LABi, bai langileenganako eta bai ordezkatzen duen batzordearekiko, horrelako iragarpen bat komunikabide batean argitaratzea barne mailan aurkeztu aurretik. Matrizeak asko hitz egiten du “konfiantzarik ezaz”. Galdetu beharko litzateke ea jokabide horrek plantillak zuzendaritzarekiko duen pertzepzioa eta konfiantza hobetzen dituen.

Iragarpen hau, LABek adierazi duenez, aspalditik hauspotzen ari den prozesu baten hasiera besterik ez da. Hilabete hauetan, enpresak lan-kargaren galera, plantilla gaindimentsionatua, soberan dagoen jendea eta, berriz ere, konfiantza galera aldarrikatu ditu Gasteizko lantegian. Eta hori guztia aurten bizitzen ari diren prozesua baldintzatzen saiatuz. LABek gogorarazten du langileek egin duten gauza bakarra beren eskubide demokratiko oinarrizkoenak defendatzea izan dela: lan-baldintzen alde mobilizatzea eta erreferenduma antolatzea langileei horiek non negoziatu behar diren galdetzeko. Badirudi hori ez zaiola gustatu bere balioak eta pertsonak erdigunean jartzea hainbeste aldarrikatzen dituen zuzendaritzari. “Penagarria” dela dio sindikatuak.

Gainera, LABek aste honetan bertan salatu duen bezala, enpresa deriba autoritario batean murgilduta dago, zigor gehiago aplikatuz, gero eta larriagoak, eta azken 5 hilabeteetan 2012-2018 urteetan baino kaleratze gehiago eginez.

Enpresari filtrazioari buruz galdetu diotenean honek emandako erantzunaren arintasuna ere salatzen du sindikatuak; zan ere, aditzera eman die ez dutela horrekin zerikusirik. Langileen ordezkariak tenteltzat hartu izana salatu du LABek, eta informazio gehiago eskatu du. Bada, erantzuna izan da ez dagoela beste ezer gehitzekorik. “Enpresak zifra bat bota du airera, besterik gabe? Kontuan hartuko dugu”, adierazi du LABek.

Horregatik guztiagatik, LABek uste du batzordea premiaz bildu behar dela azken albiste hau eta azken
gertakariak aztertzeko, merezi duen erantzuna emateko. Frogatuta geratu denez, indarrak batzea eta
antolatzea da multinazional honen aurrean daukaten berme bakarra.

Glavista eta Microdeco enpresen konkurtso-administratzailearen kudeaketa aldatzeko eskatu dugu

Laudioko eta Ermuko enpresek hainbat hilabete daramatzate beren etorkizunaren alde eta itxiera eta lanpostuen suntsiketa saihesteko borrokan. Bi plantillak batuta 290 langile inguru dira.

Helburu bera partekatzeaz gain, bakoitzak bere borrokan, konkurtso administratzailea partekatzen dute, bi enpresak Hartzekodunen Konkurtsoan baitaude. Gogorarazi behar da konkurtso-administratzaile baten eginkizun nagusia dela enpresaren egoera aztertzea eta alderdi guztien onurarako kudeatzea.

Bada, gaur, Glavistako (Laudio) eta Microdecoko (Ermua) plantillak konkurtso administratzailearen bulegoen aurrean mobilizatu dira, bi prozesuetako batean ere ez delako ari plantillen interesen alde, lanpostuen defentsaren alde eta, azken batean, bi enpresentzako etorkizuna bermatzearen alde.

Microdecoren kasuan, konkurtso-administratzaileak enpresaren proposamena onartu eta bultzatu du, hau da, 35 pertsona kaleratzeko proposamena, Enpresa Batzordeak proposatzen dituen aukerak kontuan hartu gabe. Glavistaren kasuan, informazio eta gardentasun faltak, gai garrantzitsuetan ez eragiteak eta jarrera pasiboak, oro har, langileen egoera larriagotzen du.

LABek berretsi du borroka dela bidea Glavistako eta Microdecoko plantillek etorkizuna izan dezaten eta beren lanpostuei eutsi diezaieten, lan- eta bizi-baldintza duinekin. Borroka denbora guzti honetan herrietan mobilizatu dira, baita erakundeen aurrean ere, eta gaur, berriz, 290 familiari eragiten dien erantzukizun garrantzitsua duen horren aurrean.

Tolosa hiribidean bide mozketa egin dugu, zaintza duinak aldarrikatu eta arlo horren bueltako negozioa amai dadila exijitzeko

Goizeko 8:45ak inguruan, hainbat autoren joan-etorria oztopatu eta txaleko moreak, pankartak nahiz ke poteak hartuta, LABeko kideok, pikete feministaren bitartez, zaintzaren inguruko negozioak salatu eta datorren osteguneko Greba Feminista Orokorrerako deia zabaldu dugu Donostian.

Ordu laurden inguruz trafikoak aurrera egin zezan galarazteaz gain, Donostiako inguru hartan Eulen taldeak dituen bulegoetako atea zintaz itxi dugu, halako enpresek zaintzen merkantilizazioan daukaten erantzukizuna ikusarazi nahian.

Hala, gaurko ekimenean bi aldarrikapen nagusi egin nahi izan ditugu.

Alde batetik, argi utzi nahi izan dugu premiazkoa dela zaintzaren negozioarekin behingoz bukatzea. Gogoratu zaintzaren bueltako enplegurik gehien-gehienak pribatizatuta daudela gaur egun Euskal Herrian, administrazio publikoak enpresa pribatuen esku uzten baititu. Horrek, noski, zerbitzua bera kaltetzen du eta, zer esanik ez, baita langileen lan-baldintzak ere. Hala, langileon bizitzen kontura poltsikoak betetzeko iturri paregabea aurkitu du patronalak, instituzioen konplizitatea baliatuta. Egoera horren aurrean, LABen eskatzen duguna da zerbitzuotan diharduten langileak langile publiko bilakatzea eta administrazio publikoaren kudeaketa zuzena ezartzea, zerbitzua bera nahiz lan-baldintzak duintze aldera.

Bestalde, gaurko mobilizazioaren bidez azaroaren 30eko Greba Feminista Orokorrarekin bat egiteko deia zabaldu nahi izan dugu lau haizetara. Izan ere, herritar guztion ardura da bizitzak eta zaintzak erdigunean jarri eta, beraz, aurrera eramatea zaintza eskubide unibertsalaren eta zaintza hori modu duinean eman ahal izatearen aldeko borroka.

Horrenbestez, datorren ostegunean kaleak hartu behar ditugu, Euskal Herria geldiarazi, lantokiak hustu eta kaleak bete, bereziki greba egin ezin duten horien guztien izenean. Euskal Herrian Zaintza Sistema Publiko Komunitarioa lortu bitartean, segi dezagun borrokan!

Beasain, Irun eta Castejongo CAFeko lan zentroak berriro ere erabat itxirik egon dira bost orduz

Enpresa Batzordearena azken errekerimenduaren ostean, Zuzendaritzak bilera berririk ez du deitu. Enpresaren itxikeria eskandalagarria da. Zuzendaritzaren azken eskaintza erabat onartezina dela kontutan hartuta, soilik presioaren bidea gelditzen zaigu.

Flexibilitate komisioa ezabatu, beteranoen erretiroa ziurtatu, tailerretako eta delineatzaile enplegu gehiago, soldatetan hobekuntzak, TRENASAren barneratzea, guztiontzat 1592 orduko lan egutegiaren bidean urrats irmoak, zenbait lankide azpikontraten barneratzea, telelanaren hobetzea, … eta beste zenbait gai garrantzitsu daude jokoan. Beraz, aurrera begira oso garrantzitsuak diren eta guztioi eragiten diguten gaiak dira orain jokoan daudenak.

Hau horrela, hurrengo asteazkenean 4 orduko lan uzte berri bat burutuko dugu (8:00etatik 12:00etara). Zuzendaritzaren aldetik inolako mugimendurik ez balego, LABetik jada Enpresa Batzordean hurrengo faserako lan uzte egutegi proposamen berria egin dugu.

LABetik berriro interpelatu nahi dugu Zuzendaritza: Edukietan oinarritutako akordio batera iristeko prestutasun osoa dugu. Edukirik gabeko proposamenen aurrean berriz, borrokan jarraitzeko konbentzimendua dugu.

Zaintza sektoreko baldintzak duintzeko premia azpimarratu eta langile horien kontura negozioa egiten duen patronala interpelatu dugu

EAEko Confebasken nahiz Nafarroako CENen aurrean elkarretaratze bana egin dugu, Zaintzaren negozioa ere indarkeria matxista da lelopean.

Indarkeria matxistaren aurkako egunaren (azaroak 25) zein Greba Feminista Orokorraren (azaroak 30) bezperatan gauden honetan, mobilizazio bana egin dugu Bilbon eta Iruñean, patronala zaintzaren negozioarekin aberasten dela eta, horrenbestez, indarkeria ekonomikoa sustatu eta erreproduzitzen duela salatzeko. Horren aurrean, langile guztien bizi-baldintzak hobetu eta zaintza eskubide unibertsala bermatuko duen sistema publiko komunitarioa izan dugu aldarri Confebasken eta CENen egoitzen aurrean bildutakoek. Iruñeko hitzorduan gurpil-aulkiak eraman ditugu patronalaren atariraino, eta egungo antolaketa ereduak langileok nahiz zainduak izateko premia duten pertsona guztiok kaltetzen gaituela argi utzi dugu. Beste horrenbeste adierazi diogu Confebaski, enpresa pribatuen irabazien eta horietako langileen ordainsarien arteko aldea jasotzen duten mezuak itsatsita horman, desoreka izugarrizkoa dela garbi utzita.

Mobilizazioen baitan, Bilboko hitzorduan LABeko koordinatzaile orokor Igor Arroyok eta Idazkaritza Feministako arduradun Maddi Isasik egin dituzte adierazpenak, eta Iruñekoan, berriz, Nafarroako bozeramale Imanol Karrerak eta Idazkaritza Feministako nahiz sindikatuko Zuzendaritzako kide Arantza Vazquezek.

Gogorarazi dutenez, gaur egun zaintza zerbitzu gehienak pribatizatuta eta enpresa gutxi batzuen esku daude, eta horiek, gainera, diru publikoa jasotzen dute. Hala, administrazioaren babesa daukate langileen, erabiltzaileen nahiz familien kontura aberasten jarraitzeko. Izan ere, gure instituzioak gobernatzen dituzten alderdi politikoek alfonbra gorria jarri diote zaintza zerbitzuen pribatizazioari.

Bada, pribatizazioak dakartzan ondorioak aski ezagunak dira: soldata urriegiak, lanaldi luzeak, ratioak kontuan ez hartzea, lan hitzarmenak urte luzez blokeatuta izatea, erabiltzaileei zaintza duina ukatzea… Hori guztia ere indarkeria matxista da. Kasurako, nagusien egoitzak kudeatzen dituen DomusVi enpresak 1.400 milioi euro inguruko irabaziak dituen bitartean, Arabako zein Nafarroako egoitzetako langileak hitzarmenik gabe daude, eta urtean 1792 lan-ordu egitearen truke 1.000 euroko soldata jasotzen dute.

Izan ere, zaintza lanetara emanda dauden enplegu eta lan guztiak prekarioak dira, eta gogoan izan behar da Hego Euskal Herrian 164.000 emakumek doan egiten dituztela lanok.

Dena den, patronalaren negozioa zaintza sektoretik harago doa, besteak beste, emakumeek* zaintzarako hartzen dituzten lanaldi murrizketekin edota kontziliazio neurriekin ere aberasten baita.

Horren guztiaren aurrean, zaintzarako eskubide kolektiboa bermatu behar da, eta horretarako Zaintza Sistema Publiko Komunitarioa eskatzen du gure sindikatuak. Bestalde, enpleguaren berrantolaketa osoa aldarrikatzen dugu, eta horretarako lanaldia murriztea beharrezkoa da. 30 orduko lan-astea dugu jomugan, elkar zaintzeko denbora gehiago izateko eta gizonek zaintzarekiko dagokien ardura har dezaten.

Hala, azaroaren 30eko Greba Feminista Orokorrerako deia berretsi dugu.

Enpresa-batzordeen 1500 atxikimendu baino gehiago jaso dira eta ehun mobilizazio baino gehiago daude deituak azaroaren 30eko Greba Feminista Orokorrerako

Iruñean eta Bilbon agerraldi bana egin dugu gehiengo sindikalak eta mugimendu feministak gaur, greba egunerako astebete falta den honetan.

1.500 enpresa-batzordek baino gehiagok bat egin dute azaroaren 30erako deitutako Greba Feminista Orokorrarekin. Era berean, Euskal Herriko Mugimendu Feministak iragarri du greba-egunean ekintza eta mobilizazio ugari egingo direla 100 udalerri baino gehiagotan, baita manifestazio masiboak ere lau hiriburuetan arratsaldean.

Azaroaren 30erako deitutako greba feminista orokorra da, emakumeak zein gizonak deituta daude deialdira, zainketen krisiak pertsona guztiei eragiten baitie; guztiok behar dugu duintasunez zaindu eta zainduak izan bizitzan zehar. Horregatik, Greba Feminista Orokor honen leloa Zaintzarako eskubide kolektiboaren alde da.

Zaintza-lanak ezinbestekoak dira bizitzari eusteko. Hala ere, lan horiek beti egon dira ezkutuan, gure etxeetan ikusezin, eta batez ere emakumeei egokitu zaizkie.

Aldi berean, ordaindutako zainketa-lanak prekarizatuta daude, zaintza-zerbitzuen pribatizazioaren eta azpikontratazioaren ondorioz. Hego Euskal Herrian, adibidez, egoitzen %10 bakarrik kudeatzen da modu publikoan. Ez dugu zaintza-sistema publikorik, eta mendekotasuna duten pertsonei ematen zaien zerbitzua nahikoa ez izateaz gain, enpresa pribatuen esku dago (Eulen, IMQ…). Enpresa horiek pertsonen interesen gainetik jartzen dute beren onura.

Horregatik, euskal gehiengo sindikalak, hau da, ELA, LAB, STEILAS, ESK, EHNE, ETXALDE, CGT eta HIRUk, Euskal Herriko Mugimendu Feministaren lidergoarekin, Greba Feminista Orokorra deitu dute azaroaren 30erako.

Sindikatu deitzaileok eta Mugimendu Feministak azpimarratu nahi izan dugu Greba Feminista Orokor hau produkzio-eremutik haratago doala. Aurreko greba feministen ondorioz, grebaren tresna zabaldu egin da, lan produktiboa eta gehienbat emakumeek egiten dituzten ordaindu gabeko eta ikusezin bihurtutako zaintza-lan horiek guztiak barne hartzeko. Gainera, zaintza-sektoreetako langile askoren errealitatea da gutxieneko zerbitzuen eraginpean edo egoera administratibo irregularrean daudela. Aldi berean, batzuek zaintza-lan intentsiboa egiten dute eta ezin dute gelditu. Horregatik guztiagatik, datorren azaroaren 30ean grebara irtengo gara eta kaleak beteko ditugu.

Azken hilabeteetan lan titanikoa egin da auzo eta herrietan zein lantokietan. Auzoei eta herriei dagokienez, ehunka greba-batzorde aktibatu dira, eta horien helburu nagusia izan da grebaren aldarrikapenak bere arloan gizarteratzea, bertan bizi den jendea aktibatzea eta grebaren eguna bera antolatzea. Era berean, euskal gehiengo sindikalak lantoki guztietara eraman ditu grebaren aldarrikapenak, atxikimenduak jaso ditu, eta ehunka batzar egin eta egingo ditu datozen egunetan, arrazoiak azaltzeko eta langileak grebara deitzeko.
Lan horren emaitza dira datu hauek: enpresa-batzordeetan bildutako 1500 atxikimendu baino gehiago eta goizean 100 herri baino gehiagotan deitutako pikete eta mobilizazioak eta arratsaldean deitutako 25 manifestazio.

Greba Feminista Orokor hori greba historikoa izango da, aurrekaririk gabekoa, eta azaroaren 30ean baino eragin handiagoa izango du gizartean eta politikan, eta jarraipena izango du datozen hilabeteetan.

Navarrabiomedeko langile guztiendako egonkortasuna eta lan baldintza duinak bermatzea bilatuko dugu lehen hitzarmenaren negoziazioan

Iragan azaroaren 20an, Navarrabiomed-Miguel Servet Fundazioaren lehenbiziko hitzarmen kolektiboa izanen denaren negoziazio mahaia martxan jarri zen, ekainean sortu zen Enpresa Batzordearen lanari esker, zeinetan LAB sindikatuak delegatu guztiak baititu. Hitzarmen hori Nafarroako ikerketa sanitarioaren arloko lehena izanen da, gutxi edo batere ez erregularizaturik ez dagoen sektore bat, duela hamarkada batzuetatik hona horren ondorioak jasaten ari dena.

Saioari hasiera emanik, Miguel Servet Fundazioko zuzendaritzak (Navarrabiomed ikerketa biomedikoko zentroa kudeatzen duen erakundea, Osasun Departamentuaren mende dagoena) eta langileen alderdiak (LABeko bederatzi ordezkarik ordezkatua) fede onez negoziatzea erabaki zuten eta jarraitu beharreko egutegia zehaztu zuten.

Hitzarmen honen bidez, LAB sindikatuak sektore honen ezaugarri bereziak erregularizatzea lortu nahi du, langile guztiei egonkortasuna eta lan baldintza duinak emanez. Langile horietako askok duela 10 urte baino gehiagotik izoztutako soldatak dituzte eta proiektuei lotutako aldi baterako kontratuak izaten dituzte.

LABek badaki prozesu zaila eta neketsua izanen dela, baina, zalantzarik gabe, langileen antolakuntzari esker, berandu baino lehen lortuko dira ezarritako helburuak. Negoziazioarekin batera, LABek borrokan jarraituko du Nafarroako ikerketa biomediko publikoa erabat publikoa den erakunde batek kudeatzen jarrai dezan.

Labriteko istripuaren harira gogorarazi dugu Iruñeko Udala dela prebentzio neurriak behar bezala betetzen direla bermatu behar duena

Astearte eguerdian 33 urteko langile bat larri zauritu zen Iruñeko Labrit pilotalekuan, 14 metroko altueratik erorita. Istripu larri hori azterturik, adieraz daiteke une horretan altueretako lanak modu ez egokian egiten ari zirela: langilea babesik gabeko zaldain batean lotu gabe baitzihoan azpian metro askoko hutsunea zuela. Azpikontrataturiko enpresaren ardura faltaz gain, LAB sindikatutik gogorarazi nahi dugu kasu honetan Iruñeko Udalaren ardura zela prebentzio neurriak betetzen zirela bermatzea.

Kasu honetan, gainera, bereziki larria iruditzen zaizkigu istripu honen inguruabarrak, Labrit frontoia jabetza publikokoa baita. Iruñeko Udalak ardura zuzena du neurri prebentiboak behar bezala betearazten eta behar bezala koordinatzen. Arauak argi adierazten du hori eta zer esanik ez altueretako jarduerak bezalako arrisku espezifikoetan non araudia oraindik ere zorrotzagoa den. Gauzak horrela, azpikontrataturiko enpresaren ardura faltaz gain Udalaren axolakabekeria ere dira istripu honen arrazoia, eta hori dela-eta sindikatu honek erantzukizunak berehala argitzea eskatzen du.

Labriteko istripuaz harago, eta egoera orokorraren larritasunaren adierazgarri, azpimarratu nahi dugu Nafarroan ematen den istripu tasa Espainiako Estatuko altuenen artean dagoela eta istripu horien artean altueretako erorketak oso ohikoak izaten direla. Altueretako erorketak potentzialki larriak izanik ere, berauek saihesteko neurri teknikoak oso sinpleak dira. Arazoa da gaur egun oraindik ere patronalak neurri horiek bermatzeko erabakia ez duela hartzen eta langileek arrisku horiek bere gain hartu behar dituela.

Antton Bilbao enpresaren jazarpen sindikala gaitzetsi dugu

Donostiako Antton Bilbao eraikuntza enpresak, azken hilabeteetan, Ipar Euskal Herrian dituen hainbat langileen kontra jo izan du beren afiliazio sindikalarengatik

Gaur, Baionan, LAB sindikatuak Antton Bilbao-ko langileek jasaten duten oinarrizko eskubideen urraketaren (askatasun sindikalari lotutakoak) kontrako salaketaren epaiketa egingo da. Azken hilabete luzetan, Ipar zein Hego Euskal Herriko eraikinetan aritzen den Antton Bilbao enpresa traba larriak jartzen ari da oinarrizko eskubide sindikalen aurka.

Izan ere, LAB sindikatuak sortutako atal sindikala ez onartzeaz gain, bete beharrezkoak diren formalitate edo irizpideak alde batera utzita, Antton Bilbaok LAB sindikatuko bi langile kanporatu ditu aipatutako atala bultzatzegatik. Horrez gain, azpimarratzekoa da Antton Bilbao-ko nagusiek hauteskunde sindikalak egiteari uko egiten diotela nahiz eta Ipar Euskal Herriko lan zentroan 50 langile baino gehiago dauden.

Egoera larri honen aurrean, hainbat langilek Baionako Prud’hommes-etako epaitegian salaketa jarri dute Antton Bilbao enpresaren aurka. Bide juridikoa jorratuta ere, LABi garrantzitsua iruditzen zaio egoera honen salaketa publikoa egitea, eta azpimarratu du Euskal Herriko langileriaren batasunaren beharra, inposatutako mugaren bi aldeetan langileak berdin zanpatuak izaten direlako. Horregatik, gaurko egunean, modu paraleloan, Baionako epaitegiaren eta Antton Bilbaok Donostian dituen bulegoen aitzinean elkarretaratze bana egin dute, enpresak gauzatzen duen jazarpen sindikalaren kontra.

Nabarmentzekoa da Donostiako mobilizazioa egiten ari zirela, enpresako arduradunek hainbatetan aurre egin diela manifestariei; are, gorrotoz iraindu dituzte jazarpen sindikalagatik salaketa ezarri duten langileak.