2025-12-28
Blog Page 207

Bizkaiko Correoseko garbitzaileek grebari ekingo diote ez dizkietelako soldatak ez ordaintzen

Bizkaiko Correosen azpikontrata den Limpiezas J Cordoba enpresako langileek mobilizazioa egin dute gaur Bilbon, LAB, ESK eta CCOOek deituta, enpresak zor dizkien soldatak ordaintzea eskatzeko. Abenduan enpresak zerbitzua bere gain hartu zuenetik, langileek mobilizazioak egin dituzte nominak atzeratu egin dizkietelako eta ez dizkietelako ordaindu. Konpondu beharrean, ez-ordaintzeak bata bestearen atzetik gertatu dira uztaileko eta abuztuko nominekin (aparteko ordainsaria barne), eta, beraz, egoera horren aurrean, bost greba-egun deitu dituzte, irailaren 11tik 15era.


Irailaren 6an langileen asanblada egin ostean, eman beharreko hurrengo urratsak erabaki dituzte, Correosek egoeraren larritasuna serioski har dezan eta enpresa modu irmoan behartu dezan soldatak ordaintzera. Ezinezkotzat jotzen dute da 24 milioi euro baino gehiago mugitzen dituen kontratu publiko batean, langileak kobratu gabe egotea. Salatu dute Correos Limpiezas J. Cordoba garbiketa-enpresari ordaintzen ari dela, diru publikoa dela, eta, beraz, erantzukizunak eskatzen dituzte. Adierazi dute Correosek bilera egin behar duela langileekin eta beharrezko azalpenak eman behar dituela, eta langileei zor dizkieten soldatak, dagokion berandutza-interesarekin, ordaintzera behartu dezakeela enpresa eta ez-ordaintze gehiago ez egotera behartu. Correosek kontratazio publikoaren araudia aplikatu behar duela uste dute langileek, eta azpikontratatutako enpresak betetzen ez badu, kontratua deuseztatu behar diola eta baldintza duinak bermatzen dituen plegu berri bat ate

Langileek salatu dute azpikontratazioak dakartzan egoera hauek lan-prekaritatearen iturri handienetako bat direla, eta, beraz, garaia dela Correosek zerbitzua bere gain hartzeko eta ez diru publikotik etekin handiena ateratzea baino bilatzen ez duten enpresa piraten esku uzteko, langileen eta zerbitzuaren lan-baldintzak prekarizatzearen kontura.

Hori dela eta, greba egingo dute irailaren 11tik 15era bitartean eta egoera premiaz aldatzen ez bada, greba mugagabera joko dutela adierazi dute.

Viveroko adingabeen zentroaren itxiera eta 19 langileren kaleratzearen aurrean, greba mugagabeari ekingo diote langileek irailaren 12tik aurrera

Galdakaon kokatuta dagoen Vivero adingabeen zentroa Bizkaiko Foru Aldundiaren zerbitzua da eta Emankor Taldearen baitan dagoen Landalan enpresak kudeatzen du. Orain dela urtebete inguru, Landalanek zerbitzua emateari utziko ziola adierazi zien langileei eta baita LABeko 4 ordezkarik eta ELAko 1ek osatutako komiteari ere. Ordutik hona, 50 langile izatetik, 19 langile izatera pasatu dira, kaleratzeak egon dira eta lan baldintzak nabarmen kaskartu dira. Orain, zentroa itxi nahi dute eta langileak kaleratu. Honen aurrean, greba mugagabeari ekingo diote langileek.

Landalaneko zuzendaritzarekin zein zerbitzuaren titularra den Bizkaiko Foru Aldundiaren Gizarte ekintzako buru izan zen Sergio Murillorekin hainbat bilera egin zituzten sindikatuek, komiteko kideekin batera.

Bilera horietan, Landalanek zerbitzua emateko aukerarik ez zuela ikusten esaten zuen, eta Aldundiarekin zuen hitzarmena bukatzerakoan zerbitzua emateari utziko ziola iragarri zuen. Enpresa berriari subrogaziorako datu guztiak emango zizkiola agindu zuen, hitzarmen kolektiboak adierazten duen bezala, baina hau ez dute bete. Ordutik hona, zerbitzua ematearen hitzarmena hainbatetan luzatu dute, eta langileen lan baldintzak kaskartu dituzte; ratio falta, plaza itunduak baino erabiltzaile gehiago eta abar luzea, hilabetez hilabete langileen lan osasuna jokoan jartzeraino.

Gogoan izan behar da Landalan, urteetan zehar sektoreko hitzarmen kolektiboa errespetatu ez duen enpresa dela eta Bizkaiko Foru Aldundiak, hau guztia jakin arren, beste alde batera begiratu duela.

Egoera zaila zela aurreikusita, ekainean, gaur egun Bizkaiko Foru Aldundiaren Gizarte ekintzako burua den Amaia Antxustegi Ziardari eskatu genion bilera bat, baina ez dugu erantzunik jaso. Eta orain, Foru Aldundiak, zentroa itxi eta 19 langile kaleratzea erabaki du.

Bizkaiko Foru Aldundia eta Amaia Antxustegi Ziarda guzti honen erantzule dira, baita Landalan enpresa ere, ia 20 urtez oso lan baldintza gogorretan lanean aritu diren langileak kalean utzi nahi baititu. Errudunak, egoeraren berri izan eta langileei emandako hitza bete ez dutelako, langileei agindu baitzieten zentroa irekita mantenduko zutela. Errudunak, lan zentroa pixkanaka-pixkanaka desegiten ibili baitira. Eta errudunak, langileek zein egoiliarrek salatu duten bizi eta lan egoera kaxkarrak zeintzuk diren urteetan jakin jakin arren beste albo batera begiratu izan dutelako, langileen lan eta bizi proiektuekin jolastuz.

Beste behin ere, argi geratu da publikoak izan beharko liratekeen eta Aldundiaren menpe dauden zerbitzuen pribatizazioak langileen miseria dakarrela. Horregatik, langile zein egoiliarren lan eta bizitza duinen aldeko borrokan, lanpostuen defentsan eta kaleratzeen aurka, mobilizazio zikloa hasiko dute langileak, irailaren 12tik aurrera greba mugagabea deituz. Egun horretan, mobilizazioa egingo dute Bilbon, 11:00etan, Bizkaiko Foru Aldundiaren egoitzaren aurrean.

Urruñako heriotzak agerian uzten ditu langile migranteek jasaten dituzten muturreko prekaritate egoerak

Gaur Urruñan lan istripuz hil den 50 urteko langileak I.D. izena zuen, Boli Kostakoa zen jatorriz, eta bi seme-alabaren aita. Bi seme-alaba horiek, emaztearekin batera, Afrikako herrialdean bizi dira. I.D. 2019an etorkizun hobe baten bila iritsi zen Ipar Euskal Herrira. Harrezkero, hainbat lan egin zituen, batez ere ABLEen bidez, beti prekaritatean murgilduta. Egun, eraikuntzan ari zen lanean eta gidatzen ari zen hondeamakina, antza denez, irauli egin da eta langilea harrapatu du bere heriotza eraginez. Urte hasieratik 34 laneko heriotza izan dira Euskal Herrian, horietatik 3 Ipar Euskal Herrian.

Lehenik eta behin, LAB sindikatuak elkartasuna adierazi nahi die senide, lagun, lankide eta Boli Kostako komunitateari.

Lan-istripuak saihets daitezke, eta agerikoa da kasu honetan ere segurtasun-neurriek huts egin dutela hondeamakina iraultzean; LABek istripuaren inguruko ikerketa zorrotza eskatzen du, eta egon daitezkeen erantzukizunak argitzea.

Nolanahi ere, argi dago langile etorkinak kolektibo kaltebera direla, eta, kasu askotan, beren segurtasuna arriskuan jartzen duten lan-baldintza prekarioetan lan egitea onartu behar izaten dute.

LAB sindikatua Ipar Euskal Herriko hainbat sindikaturekin harremanetan jarriko da lan-istripu honi erantzuteko.

EAEn 1.400 euroko gutxieneko soldata ezarri ahal izateko jarrera proaktiboa eskatu diogu Eusko Jaurlaritzari

Eusko Legebiltzarrak Jaurlaritzari eskatu bezala, EAEn langile guztientzat gutxieneko soldata ezarri ahal izateko patronal eta sindikatuon arteko akordioaren alde lan egiteko eskatu diogu.

Gaur EAEko Lan eta Enplegu Sailak eskatuta, bilera egin dugu Eusko Jaurlaritzan. Bertan, Idoia Mendia sailburu eta Lehendakariordeak, Elena Perez Lan sailburuordeak eta Alfonso Gurpegui Enplegu sailburuordeak parte hartu dute Jaurlaritzaren izenean eta LABen ordezkari gisa Ainhize Muniozguren Idazkaritza Juridikoko arduraduna, Xabier Ugartemendia Zerbitzu Publikoen federazioko arduraduna eta Oihana Lopetegi Ekintza Sindikaleko arduraduna bertaratu dira.

LABeko ordezkariek, ikasturte honetako erronkak azaltzearekin batera, EAEn 1.400 euroko gutxieneko soldata ezarriko lukeen akordioa ahalbidetzeko lanketa egitea eskatu diote Jaurlaritzari. Gogoan izan behar dugu iazko ikasturtean EH Bilduren proposamen baten ondotik, Eusko Legebiltzarrak 1.400 euroko gutxieneko soldataren aldeko jarrera proaktibo bat izan zezan eskatu ziola. Egungo eskumenekin hori gauzatu ahal izateko modu bakarra Gai Zehatzari Buruzko Akordio bat egitea litzateke, ordezkagarritasun handiena dugun patronal eta sindikatuon arteko akordioa.

Hego Euskal Herriko langileentzat Lanbidearteko Gutxieneko Soldata (LGS) Madrilgo Gobernuak ezartzen du. LGS bera daukagu espainiar Estatuko lurralde guztietan, errealitate soziolaborala erabat desberdina izan arren. Europako Karta Sozialak LGS ezartzeko irizpide zehatza ematen du: lurralde bateko soldaten batezbestekoaren %60 izan beharko litzatekeela. Hego Euskal Herrian 1.400 eurokoa da zenbateko hori.

1.400 euroko gutxieneko soldata ezartzeak sektore prekario eta zaurgarrienei hobekuntzak ekarriko lizkieke: emakumeei, pertsona migratu eta arrazializatuei edota gazteei, batik bat. Sektore prekarioenetako soldatak hobetzea langile horien lan eta bizi baldintzak hobetzeko urrats handia litzateke, soldata arrakalaren aurkako neurri garrantzitsua, langileon lan baldintzen dualizazioa —gero eta handiagoa— gutxitzen lagunduko luke. Horrez gain, hemen bertako eragileon artean Gutxieneko Soldata adostea —langileentzat hain  garrantzitsua— urratsa litzateke Lan Harremanetarako eta Babes Sozialerako Esparru Propioa eraikitzeko bidean, LABen aldarrikapen nagusienetako bat dena, hain zuzen ere.

Akordioa gauzatu ahal izateko borondate politikoa behar da. Batetik, Confebask-en borondatea. Bestetik, Eusko Jaurlaritzaren borondatea, akordioaren aldeko jarrera aktiboa. LAB, Euskal Herrian eta kasu honetan EAEn langile guztientzat gutxieneko soldata duina ezarriko duen akordio oro bultzatzeko prest dago eta horretan jarraituko du lanean.

Erakundeei exijitzen diegu Celsa Taldeko lantegien jarduera, enplegua, lan-baldintzak eta etorkizuna bermatzeko

Bartzelonako Merkataritza Arloko 2 zenbakiko Epaitegiak Celsa Taldearen inbertsio-funtsen berregituraketa-plana homologatu ondoren, Nervacero eta Laminaciones Arreguiko LAB, LEKU, ELA eta ESK-ko sail sindikalek, biak Celsa Taldekoak, erakundeei exijitzen diegu Celsa Taldeko lantegien jarduera, enplegua, lan-baldintzak eta etorkizuna bermatzeko, batez ere aipatutako bi enpresetakoak.

Ez dugu ezagutzen Celsa Taldeak zuen berregituraketa-planaren edukia, ez eta epaitegiak onetsitakoa, inbertsio-funtsena, plantillekiko bermeak barnebiltzen dituena.

Lehen esan dugun bezala, gure lehentasuna langileak dira, eta epai honek, beraz, ez du gure etorkizunari buruzko ziurgabetasun-giroa saihesten. Epe laburrean aldaketa handirik espero ez dugun arren, epe ertaina eta luzea dira kezkatzen gaituztenak. Epaiak berak esaten badu ere enplegua mantendu behar dela erabakigune estrategikoak aldatu gabe, hori ez da mugagabea izango eta, beraz, gure kezka handiena epe ertain-luzean gerta daitekeena da.

Erakunde Publikoek bermatu behar dute hori beteko dela. Badakigu Espainiako gobernuak inbertsio-funtsekin negoziazioak hasteko asmoa duela etorkizuneko bideragarritasunaz eta enpleguari eusteaz, eta uste dugu negoziazio horietan langileen ordezkariek parte hartu eta kontuan hartu behar dituztela.

Eusko Jaurlaritzak ere ezin du bere erantzukizuna saihestu, jarrera proaktiboa izan behar du gatazka honetan, Nervacero eta Laminaciones Arreguiko langileen interesak babestuz eta, honetan ere, langileen ordezkaritzaren parte-hartzearekin.

Horregatik, Nervaceron eta Laminaciones Arreguin ordezkaritza duten LAB, LEKU, ELA eta ESK-ko sekzio sindikalek, epaiaren ondorengo lehen ekimenetako batean, bilera bat eskatu diogu Industria Sailari, egoera berri horretan inplikatzeko beharra azaltzeko.

Lan harreman eta babes sozialeko esparru propiorantz urratsak emateko aukera baliatu beharra dago

Garbiñe Aranburu koordinatzaile orokorrak agerraldia egin du gaur eta adierazi du negoziazio kolektiboan borrokak ugaritzearekin batera, lan eta bizi baldintzak duinak bermatzeko aldaketa politikoen alde egingo duela LABek.

Langileen egunerokoa bilakatu dira azken hilabeteetan eros ahalmenaren galera, elikagaien prezioen igoera, hipoteken garestitzea, zerbitzu publikoen ahultzea, zaintza krisia edota lan osasunerako eskubidearen urratzea.

Guzti hau, enpresa handien eta bankuen irabaziek gora egiten duten bitartean, aberastasunaren birbanaketarako politikarik gabe. Bizitzaren prekarizazio eta pobretze prozesu honi mugak jartzeko bermea langileen mobilizazio gaitasuna izaten ari da.

Aurtengo ikasturtean, langileen bizi baldintzak hobetzeko neurri zehatzak mahai gainean jartzea eta horien aldeko dinamikak piztea izango da gure egiteko nagusia.

Horretarako baldintza egokiak badirela uste dugu:

  • Langileen ahalduntze kolektibo bat ematen ari da, bereziki aipagarria sektore feminizatuetan. Azken bi kurtsoek argi erakutsi dute langileek sektorez sektore eta enpresaz enpresa aberastasunaren banaketa orekatuagoaren alde eta lan baldintza duinen alde borrokatzeko duten determinazioa. Aurtengo ikasturtean bultzada horrek segida izango du.
  • Mugimendu Feministarekin batera deituko dugun Greba Feminista Orokorra. Zaintza duinerako eskubidea, zaintza lanak banatu eta berrantolatzeko eta zaintzaileek beraien lana duintasunez egiteko duten eskubidearen aldeko Greba. Zaintza Sistema Publiko Komunitarioa sortu behar dela eskatzeko Greba.
  • Lantokietako eta kaleko borrokaren bidez, aldaketa politikoak bultzatzeko dugun determinazioa eta testuinguru politikoak horretarako ematen dituen aukerak:
  • Batetik, Estatuan Gobernu berria osatuko bada, independentismoa erabakigarria izango da. Gure ustez, indar hau baliatu behar da, Lan Harremanetarako eta Babes Sozialerako Euskal Esparruaren eraikuntzan urratsak emateko, Negoziazio Kolektiboaren estatalizazioari mugak jartzeko eta bertako negoziazio kolektiboa blindatzeko. Azken batean, euskal langileok gure lan eta bizi baldintzak estatuko injerentziarik gabe bertan erabakitzeko eskubidea errespetatzeko.

Nafarroan, Gobernu kontinuista eratu izana kritikatzen dugu, zerbitzu publikoak eta langileen bizi baldintzak hobetzeko anbizio gutxikoa.

  • Bestetik, EAEn Lehendakaritzarako hauteskundeak izango ditugu. Maiatzeko hauteskundeek argi utzi dute, langileoi politika publikoen diseinuan langileoi ahotsik ematen ez bazaigu ere, langileok, ahotsa ez ezik, bozka ere badugula. Patronalaren aldeko politikak egiten dituztenak zigortu eta langileon aldarrikapenak agenda politikoan kokatzen dituena indartzeko gaitasuna dugula.
  • Honela, ikasturtean bi erronka nagusi ditugu:

1. Lantoki eta sektoreetan borrokak piztea.

  • Langileria osora iritsiko den sindikalismo berria praktikara eramaten jarraituko dugu. Sindikalismo feminista azken urteetan egindako aurrerapenei eutsiz eta sindikalismo antirrazistan urrats berriak emanez.
  • Patronalaren aurrean indar korrelazio ahalik eta hoberenak lortzeko oztopoa da zatiketa sindikala. Gure ahalegina, zatiketa sindikalari aurre egiten jarriko dugu. Gutxieneko helburu batzuetan bat egiten dugunon artean intersindikal ahalik eta zabalenak osatuz. Bai gatazka horiei irismen sozial bat eman ere, bestelako eragile sozialekin, feminista, pentsionistak edota gazteak aliantzak sortuz.
  • Borrokatuko ditugun lehentasunezko edukiak:
    • Aberastasunaren banaketarako soldatak duintzea: eros ahalmena bermatuz, soldata arrakalari aurre eginez eta 1.400 euroko gutxieneko soldata ezarriz.
    • Zerbitzu publikoen defentsa eta garapena: osasungintza eta hezkuntzan.
    • Zaintzaren gaiari zentralitatea emango diogu. Zaintza Sistema Publiko Komunitarioaren defentsan, baina baita zaintza lanen berrantolaketara eta banaketa egokiago baterako gizonen inplikazio handiagoa ekarri behar duen erantzunkidetasun neurrietan arreta jarriz.
    • Lan osasunerako eskubidea errespetatzea eta prebentzio neurrietan arreta jartzea.
    • Lanaldi murrizketa. 30 orduko lanastea dugu helmuga. Lan guztien banaketarako, trantsizio ekosozialistari heltzeko edota digitalizazioaren erronkei aurre egiteko neurria delako.
    • Lan munduaren euskalduntzean aurrera urratsak ematea ere garrantzitsua izango da guretzat, are gehiago euskara jasaten ari den erasoak ikusita.

2. Ezker independentismoaren eremuko eragileen arteko agenda sozial partekatua.

  • Ekintza sindikal eta negoziazio kolektiboaren bidetik lortu ditzakegun edukiez gain, klase sindikatu independentista garen neurrian, LABek eraldaketa sozialaren alde borrokatzen du. Politika publikoetan aldaketak eragin nahi ditu, euskal esparrua eraiki, langileon lan eta bizi baldintzak bertan erabakitzeko ahalmena izan.
  • Honengatik, eraldaketa soziala eta burujabetza defendatzen dugun eragile sindikal, sozial eta politikoen artean, elkarlan eremuak jorratzearen alde egiten dugu.
    • Estatuan murrizketei ateak itxi eta eskubide sozialetan eta herri moduan ditugun eskubideetan, lurraldetasunean, erabaki ahalmenean aurrera pausuak lortzeko.
    • Bertako Gobernuetan eskumenen barruan politika publiko birbanatzaileak, langileen aldeko politikak bultzatzeko. Estatuetan posible ez diren aldaketak Euskal Herrian posible egin eta euskal esparrua egituratzeko ekarpena egiten dugu. Burujabetzan sakontzearen beharra azpimarratuz.
  • Agenda sozial partekatu bat izatea garrantzitsua deritzogu. Zer esan nahi dugu honekin, ba badirela hainbat gai amankomunean landu ditzakegunak:
    • Pentsio duinen alde eta 1.080 euroko gutxieneko pentsioa ezartzeko.
    • Zerga erreformak bultzatu, zerbitzu publikoen garapenean edota Zaintzaren esparruan.
    • 1.400 euroko gutxieneko soldata. Hemen gogoratu EH Bilduk Eusko Legebiltzarrera eramandako proposamen baten ondotik, Parlamentuak Gobernuari 1.400 euroko gutxieneko soldataren aldeko jarrera proaktibo bat izan zezan eskatu ziola. Gobernuari dagokio patronala interpelatzea eta hauxe izango dugu bihar Idoia Mendiarekin jorratuko dugun gaietako bat.

“Digitalizazio burujabea hezkuntzan” jardunaldiak egingo ditugu irailaren 23an

Datorren irailaren 23an, larunbatez, Donostiako Iratzar aretoan “Digitalizazio burujabea hezkuntzan” jardunaldiak egingo ditugu. Bertan, digitalizazioak lan-harremanetan duen eragina eta hezkuntza eremuan Euskal Herriko administrazioek hezkuntza-komunitatearen eskubide digitalak enpresa korporatibo handien esku nola uzten dituzten aztertuko dugu. Hezkuntzako langile, guraso zein ikasleei hausnarketa politiko-sindikal eta pedagogikorako tartea eskaini nahi diegu.

Halaber, Euskal Herrian digitalizazio arloan hezkuntza eremuan martxan dauden proiektu eta esperientzia burujabeak ezagutzeko tartea izango da, eta haietako bat erabiltzeko tartea ere sortu nahi dugu. Horretaz gain, Katalunian eskubide digitalen alde ari den Digitalizazio Demokratikorako XNet mugimendua gonbidatu gisa izango dugu.

LABen uste dugu, ortzimugan dugun Euskal Eskola Publiko Komunitarioren bidean, hezkuntza-sistema burujabea eraikitzeko prozesuaren baitan digitalizazioak berebiziko garrantzia duela. Horregatik, botere korporatiboen aurrean burujabetzan sakontzeko proiektuak ezagutu eta hauek biderkatzeko lan egitea ezinbestekoa deritzogu.

Beraz, hezkuntza komunitatea osatzen duzuen langile, guraso eta herritarrei gonbidapena luzatu nahi dizuegu jardunaldiotan izena ematera; bertaratzeko zein on-line jarraitzeko aukera egongo da.

Espainiako lan erreformaren ondorioz, aldizkako enplegua duten emakume prekarioen kopurua handituz doa

Izan ere, emakumeen artean, aldizkako kontratuen %65,3a eten da maiatzetik. Bestalde, bigarren hilabetez jarraian, langabeziak gora egin du Hego Euskal Herrian, uztailean baino 2.490 langabe gehiago daude (%1,84 egin du gora langabeziak azken hilabetean). Pasa den urtean baino langabe gutxiago egon arren (%4,77a gutxiago, hain zuzen ere), 2022. urteko epealdi berean baino gehiago egin du gora langabeziak aurtengo abuztuan.

Langabeen %58,97a emakumea da. Langabeen gehiengoa emakumea izateaz gain, lan kontratuetan jasaten dugun prekaritatea nabarmendu behar da. Izan ere, emakumeen artean aldizkako finkoen kontratuen %65,13 eten da maiatzetik hona. Azken hilabeteetan gertatu dena, uda tarteko egonik, emakumeen lan baldintzen prekarietatearen adierazle gordina da. Izan ere, maiatzean 27.058 emakume zeuden aldizkako kontratu finkoarekin; bada, abuztuan 9.435 dira kontratu mota hau duten emakumeak. Gizonezkoen artean kontratu mota honen etetea askoz proportzio txikiagoan gertatu da, maiatzetik hona %29,23a eten delarik. Emakumeen aldizkako kontratu finkoen etetea azken hiru hilabeteetan nabarmen igo da, feminizatuak dauden hainbat sektoreetako langileen (ikastetxeetako garbiketa, jantokiak… ) lan baldintza ezegonkor zein prekarioen erakusle. Espainiako estatuko lan erreforma onartu zenetik, lan kontratu mota hau emakumeen artean nagusia izan da. Lanaldiari dagokionean, emakumeen %26,1a dago lanaldi partzialean eta gizonezkoen %18,1a. Lanaldi osoan gizonezkoak gehiengoa diren bitartean (gizonezkoen %70,3a dago lanaldi osoan, emakumezkoen %60,2a). Datuek hilabetez hilabete emakumeen egoera prekario estrukturala okertuz doala berresten digute, egoera honi lan kontratu “berri” bat esleituz.

Langabeziak zerbitzuak sektorean egin du gora gehien abuztuan, kontratazioak behera egitearekin batera. Uztailetik hona zerbitzuetako afiliazioak behera egin arren (20.474 afiliatu gutxiago), pasa den urtetik afiliazioak zerbitzuetan egin du gora gehien (20.055 afiliatu gehiago zerbitzuetan, 2.475 gehiago industrian eta 979 gehiago eraikuntzan). Egun, afiliazioaren %72a zerbitzu sektoreari dagokio, lan baldintza prekarioak nagusitzen diren sektorea.

Lan baldintzen prekarizazio egoera orokorrari, bizitzaren garestitzea gehitu behar zaio, egoera geopolitiko zein sozioekonomikoaren ondorioz bere horretan jarraituko duena edota fase berri batean sartuko dena.

Iraila hasi besterik ez bada egin ere, langileon lan baldintzak borrokaren, mobilizazioaren eta langileon arteko elkartasun zein antolakuntzaren bidez babestu beharko ditugu. Azaroaren 30ko greba orokor feminista, lan eta bizi baldintza duinak aldarrikatzeko abagune izango dugu, zaintza lanak erdigunean kokatuz.

Greba mugagabean daude Nafarroako posta bulegoak garbitzen dituzten langileak

Nafarroako posta bulegoak garbitzen dituzten langileek greba mugagabea hasi zuten astelehenean, ekainetik soldatarik eta aparteko ordainsaririk ez dutela kobratu salatzeko. Greba jarraipen handia izaten ari da; izan ere, posta-bulego gehienak garbitu gabe daude astelehenetik, eta horrela jarrai dezake Cordoba garbiketa-enpresak ordaintzen ez duen bitartean.

Cordoba garbiketa-enpresaren izena ez da ezaguna, baina bai bere jabea (Rocco Arena), enpresaburu ezaguna, eta Estatu osoko posta-bulegoak garbitzeagatik. Egoera jasanezina bihurtu da langileentzat; izan ere, hilabeteak gaizki egindako ordainketekin eta atzerapen askorekin egin ondoren, uztaila eta abuztuko nominak zein aparteko ordainsaria zor zaizkie.

LAB sindikatuan eskandalutzat jotzen dugu Correos, zerbitzu publikoa izanik, egoera hori ahalbidetzen ari dela. Ezin da onartu egunero zerbitzu publiko batera lanera joan eta soldata jasotzen ez duten langileak egotea. Gainera, erabat feminizatuta eta prekarizatuta dagoen sektore batean, egoera oso ahulean daude langileak. Horregatik uste dugu Correosek berehala eten behar diola kontratua enpresa honi, eta bere gain hartu behar dituela bulegoak garbitzen dituzten langileen soldatak.