2026-09-19
HomeEkintza PolitikoaEAEn 1.400 euroko gutxieneko soldata ezarri ahal izateko jarrera proaktiboa eskatu diogu...

EAEn 1.400 euroko gutxieneko soldata ezarri ahal izateko jarrera proaktiboa eskatu diogu Eusko Jaurlaritzari

Eusko Legebiltzarrak Jaurlaritzari eskatu bezala, EAEn langile guztientzat gutxieneko soldata ezarri ahal izateko patronal eta sindikatuon arteko akordioaren alde lan egiteko eskatu diogu.

Gaur EAEko Lan eta Enplegu Sailak eskatuta, bilera egin dugu Eusko Jaurlaritzan. Bertan, Idoia Mendia sailburu eta Lehendakariordeak, Elena Perez Lan sailburuordeak eta Alfonso Gurpegui Enplegu sailburuordeak parte hartu dute Jaurlaritzaren izenean eta LABen ordezkari gisa Ainhize Muniozguren Idazkaritza Juridikoko arduraduna, Xabier Ugartemendia Zerbitzu Publikoen federazioko arduraduna eta Oihana Lopetegi Ekintza Sindikaleko arduraduna bertaratu dira.

LABeko ordezkariek, ikasturte honetako erronkak azaltzearekin batera, EAEn 1.400 euroko gutxieneko soldata ezarriko lukeen akordioa ahalbidetzeko lanketa egitea eskatu diote Jaurlaritzari. Gogoan izan behar dugu iazko ikasturtean EH Bilduren proposamen baten ondotik, Eusko Legebiltzarrak 1.400 euroko gutxieneko soldataren aldeko jarrera proaktibo bat izan zezan eskatu ziola. Egungo eskumenekin hori gauzatu ahal izateko modu bakarra Gai Zehatzari Buruzko Akordio bat egitea litzateke, ordezkagarritasun handiena dugun patronal eta sindikatuon arteko akordioa.

Hego Euskal Herriko langileentzat Lanbidearteko Gutxieneko Soldata (LGS) Madrilgo Gobernuak ezartzen du. LGS bera daukagu espainiar Estatuko lurralde guztietan, errealitate soziolaborala erabat desberdina izan arren. Europako Karta Sozialak LGS ezartzeko irizpide zehatza ematen du: lurralde bateko soldaten batezbestekoaren %60 izan beharko litzatekeela. Hego Euskal Herrian 1.400 eurokoa da zenbateko hori.

1.400 euroko gutxieneko soldata ezartzeak sektore prekario eta zaurgarrienei hobekuntzak ekarriko lizkieke: emakumeei, pertsona migratu eta arrazializatuei edota gazteei, batik bat. Sektore prekarioenetako soldatak hobetzea langile horien lan eta bizi baldintzak hobetzeko urrats handia litzateke, soldata arrakalaren aurkako neurri garrantzitsua, langileon lan baldintzen dualizazioa —gero eta handiagoa— gutxitzen lagunduko luke. Horrez gain, hemen bertako eragileon artean Gutxieneko Soldata adostea —langileentzat hain  garrantzitsua— urratsa litzateke Lan Harremanetarako eta Babes Sozialerako Esparru Propioa eraikitzeko bidean, LABen aldarrikapen nagusienetako bat dena, hain zuzen ere.

Akordioa gauzatu ahal izateko borondate politikoa behar da. Batetik, Confebask-en borondatea. Bestetik, Eusko Jaurlaritzaren borondatea, akordioaren aldeko jarrera aktiboa. LAB, Euskal Herrian eta kasu honetan EAEn langile guztientzat gutxieneko soldata duina ezarriko duen akordio oro bultzatzeko prest dago eta horretan jarraituko du lanean.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Sidenorren akordio markoaren negoziazioaren eratzea eten dadila eskatzen dugu, langileoi hitza emateko

Basauriko lan zentroan erreferenduma egitea eskatu dugu, marko horretan jarraitu beharko litzatekeen edo ez erabakitzeko.

Voestalpine Railway Systems JEZ-en langile baten diziplinazko kaleratzea salatzen dugu eta beldurra kudeaketa-tresna gisa erabiltzeaz ohartarazten dugu

Sindikatuaren ustez, erabakia justifikaziorik gabea eta neurriz kanpokoa da, eta ohartarazi du horrelako erabakiek presio giroa eta segurtasunik eza sortzen dutela langileen artean.

Ekialdebuseko lankide batek jasandako erasoa salatzen dugu

Ez da halako zerbait gertatzen den aldia, eta segurtasun arazoa salatu du Oarsoaldeko eta Bidasoaldeko autobus zerbitzuko LABek. Oraingoan E05 linean gertatu da, Errenteriako Beraungo anbulatorioaren parean.