2025-12-27
Blog Page 205

EAEko zerbitzu publikoetako 150.000 langileak grebara deitu ditugu

LAB, ELA, CCOO, STEILAS, SATSE eta ESK sindikatuek, Madrilen ordezkaritza duten euskal alderdiei soldata eta enplegua hemen adostu ahal izatea ahalbideratu dezatela eskatzen diegu.

Eusko Jaurlaritzari, aldundiei eta udalei, erosahalmena bermatzea eta behin behinekotasuna %8ra murriztu arte enplegua kontsolidatzea eskatzen diegu.

LAB, ELA, CCOO, Steilas, SATSE, eta ESK sindikatuok (ordezkaritza sindikalaren % 85tik gora) urriaren 25ean eta abenduaren 19an bi greba egun egitera deitu ditugu EAEko sektore publikoko langile guztiak.

Azken urteetan zerbitzu publikoen kalitatea okerrera egin dute nabarmen, eta lan-baldintzak okertu egin dira. Horrek zuzenean eragiten du herritarrei eskaintzen zaien zerbitzuaren kalitatean, aurrekontu-esleipenarekin eta inbertsio politikekin zuzenean lotuta daudenak:

  • Hamarkada luze daramagu, eremu publikoko hitzarmen kolektiboak eta akordio arautzaileak berritu gabe. (Mahai Orokorra, Osakidetza, Hezkuntza, Administrazio Orokorra, udal eta foru administrazioan…)
  • Behin-behinekotasun-tasak onartezinak dira
  • Pribatizatzen jarraitzen da, eta dagoeneko 100.000 langile inguru azpikontratatuta dago.
  • Erosteko ahalmenaren galera metatua % 20koa izan da azken hamarkadan.
  • Murrizketak, plantilla urriak , plantillen osasun fisikoari eta emozionalari kalte egiten dioten antolaketa-neurriak eta -erabakiak, besteak beste;-lan-kargak handitzea, ordezkapenik ez egitea, belaunaldi-erreleboaren planifikaziorik eza, osasun-zainketen konplexutasunaren gorakada, egonkortasunik eza, kontziliazio-neurriei heltzeko zailtasunak, ikasleen eta artatu beharreko biztanleen gero eta aniztasun handiagoa, desberdintasun sozialak sortzen dituzten politikak-. Horrek guztiak ondorio larriak ditu zerbitzuaren kalitatean.
  • Zerbitzu Publikoak eta bertan lan egiten duten langileak benetan euskalduntzeko plangintzarik eta baliabiderik ez dago, zerbitzua euskaraz landu eta eskaini ahal izateko.
  • Lan-baldintzak okertzeak eragin handiagoa du emakumeengan. Aipatu behar da, gainera, eremu batzuk oso feminizatuta daudela. Behin-behinekotasun-tasa handiagoa da emakumeen artean, eta lanaldi partzialak orokorragoak dira emakumeak gehiengoa diren sektoreetan eta/edo kolektiboetan. Gainera, soldata arrakala %25 baino handiagoa da.
  • Pandemiak agerian utzi zituen narriadura horren ondorioak. Hiru urte geroago, egoera hori konpondu beharrean, euskal erakundeek superabita izaten jarraitzen dute mozkin pribatuak gizentzeko: Gizarte premiak larriagotzen eta zerbitzu publikoak okertzen diren bitartean euskal gizarteak sortutako 10.000 milioi euro bankuetan gordeta dituzte (2023an diru bilketa errekorra izan da)
    Horregatik, LABek, ELAk, CCOOk, Steilasek, SATSEk eta ESK-k, egoera hori lehengoratzeko, zerbitzu publikoen eta horiek ahalbidetzen dituzten pertsonen alde egiteko eta honako erabaki hauek hartzeko eskatu diegu erakundeei eta alderdi politikoei:
  • Aurrekontuetan:
  • Estatu aurrekontuetan: soldata publikoak eta enplegu publikoaren beharrak hemen mugarik gabe ezartzea. Oinarrizko legediaz mozorrotutako Soldata-mugarik eta birjarpen-tasarik gabe,hau da, oztopoak kentzea.
  • EAEko aurrekontuetan: zerbitzu publikoak indartzea, enplegu publikoa sortzea eta kontsolidatzea , lan-baldintzak hobetzea eta galdutako erosteko ahalmena berreskuratzea ahalbidetuko duten aurrekontuak onartzea.
    Negoziazio-mahaietan honako neurri hauek adostea:
  • Soldatetan:
    ◦ % 10eko soldata-igoera. Azken bi urteetako erosteko ahalmenaren galera berreskuratzeko eta 2024koa bermatzeko.
    ◦ Aurretik galdutako erosteko ahalmenaren gaineko zorra aitortzea eta berreskuratzeko benetako konpromisoa hartzea.
  • Enpleguan:
    ◦ Pribatizazio berririk ez. Eta jada pribatizatutakoa publifikatzeko plana adostu langileen subrogazioa bermatuz.
    ◦ Egiturazkoa den ezkutuko enplegua azaleratzea eta sortu beharreko lanpostuak adostea.
    ◦ behin-behinekotasun erreala %8tik behera kokatu, horretarako neurriak hartuz horrela ez den langile kolektiboetan eta horretarako beharrezkoak diren EPE egutegiak eta orain arte lanean aritu diren langileek lanpostuak kontsolidatzeko izan daitezela adostuz.
    ◦ Inposatutako jardunaldi partzialak ezinezkoa dela erabakitzea
    ◦ Plantillak gaztetzeko neurriak: erretiro-kontratua langile publiko guztientzat baldintza
    onenetan, Erretiro-primak eta lanaldi-murrizketak berreskuratzea.
  • Lan-osasuna:
    ◦ Lan-kargak murrizteko neurri zehatzak adostea.
    ◦ Formakuntza egokia eta egokitua bermatzea.
    ◦ Langileen ongizate fisikoa eta emozionala bermatzeko arrisku psikosozialen eta arrisku ergonomikoen ebaluazioak egin urtebeteko epean, eta neurri zuzentzaileak adostu.
    ◦ Langile publikoen osasunaren kudeaketan publikotik indartu, mutuen papera gutxituz.
  • Euskara
    ◦ Administrazioaren benetako euskalduntzea bermatuko duten planak adostea.
    Horretarako:
    ◦ Lehen aldiz lanpostu publiko bat betetzeko euskararen ezagutza nahikoa ziurtatuko duten langileak hautatu.
    ◦ Lanean diharduten langileei euskalduntzeko baliabideak formakuntza eta baldintzak bermatzea.
  • Jardunaldiaren murrizketak 32 orduko lan astearen norabidean.
  • Berdintasunerako benetako urratsak ekarriko dituzten genero-arloko neurriak, besteak beste, berdintasun-plan erreal eta eraginkorrak negoziatzea.
    LAB, ELA, COOO, Steilas, SATSE eta ESK sindikatuok langile publikoei urriaren 25ean eta abenduaren 19ko greba deialdiekin bat egiteko deia egiten diegu, baita deitutako mobilizazioetan eta aldez aurreko ekitaldietan parte hartzeko ere.

EITB Mediako irratietako langileek greba eguna dute gaur, irailak 14

Zuzendaritzaren azken inposizioei planto egingo diete, eta irailaren 26an eta urriaren 19an ere grebara joko dute. Lan-baldintzak duintzeko benetako negoziazioa dute aldarri, enpresak aldebakarreko hainbat moldaketa egin baititu, beharginen kaltetan. Deialdiak jarraipen zabala izan du eta gaurkoan gutxieneko zerbitzuak baino ez daude martxan. Gasteizko parlamentuaren aurrean kontzentrazioa egin dute grebalariek.

13 urte daramatzate lan hitzarmena berritu gabe. Bitartean, gainera, langileek zereginak eguneratu eta egokitu behar izan dituzte, lan baldintza berri horiei buruz negoziatu ezinik. Horren aurrean, inposizioez nazkatuta daudela jakinarazi nahi dugut, eta aldarrikatzen dute negoziaziaketa markoa errespetatzeko eta lan baldintzak hobetzeko, egiten duten lana aitortzearekin batera.
 
Duela hiru hilabete, EiTB Media Irratiko Lan Batzordeak hautsitzat jo zituen hitzarmenaren gaineko negoziaketak. Zuzendaritzak, aldebakarrez, bere plataformako puntuetako bat inposatu du, eta berdin izan dio erabaki horrekin lan poltsaren kontratazio baldintzak bertan behera utzi izana. Hori gutxi izan ez, eta iragarri zuen Radio Euskadiko Boulevard saioa ETBren bigarren katetik emititzen hasiko zirela, nahiz eta hori egin ahal izateko langileon irudi eskubideak aitortu gabe egon. Horren kontrako jarrera irmoa erakutsi dute behin eta berriro langileek, eta zuzendaritza jakinaren gainean zegoen. Besteak beste, negoziaziorik ezean, Gaztea-ko lankideek uko egin zioten irudi bidezko irratiaren proiektuari.
 
Gertaera horiek eragin dute gainezkatzea, urte askotako lana pikutara bidaltzen duelako, hain zuzen, irrati publikoaren kalitatea bermatzeko egindako lan nekaezina. Kontuan izan behar da bai txanden aldaketa, bai zereginen areagotzea eta baita lan kargari dagozkionak, enpresaren beharren arabera moldatu direla, negoziaketarik gabe eta ordainetan ezer jaso gabe.
 
Gauzak hala, Euskal Irrati Publikoko Zentro Arteko Batzordeak hiru greba egun deitu ditu, lehena gaur, irailak 14, eta hurrengo biak irailaren 26rako eta urriaren 19rako. Bada, horretarako langileen gehiengoaren babesa jaso du Donostian, Bilbon eta Gasteizen egindako asanbladetan, zuzendaritzaren azken proposamena behar bestekoa ez zela erabaki ostean.

EITB taldeko kideen babesa

Komunikabide talde publikoa osatzen duten gainerako bi batzordeek irratietako lankideei babesa adierazi diete. Jarraian, enpresa batzordeek osatutako komunikatua:

“EITBko irratietako langileek irailaren 14an, 26an eta urriaren 19an greba egitea erabaki eta gero, ETBko zein EITBNETeko Langileon Batzordeek elkartasun osoa adierazi nahi diegu irratiko lankideei, eta euren aldarrikapenekin bat egiten dugula azpimarratu nahi dugu.

Irratiko Batzordeak salatu duen bezala, EITBko zuzendaritzak denbora luzea darama aldebakarreko erabakiak hartzen, lan hitzarmenak urratzen eta negoziaketa kolektiboari muzin egiten.

EITB 2030 estrategiaren baitan, goitik behera aldatzen ari dira langileon zereginak eta betebeharrak, gure eskubideei erreparatu gabe. Lan hitzarmenak errespetatzea eskatzen dugu, zereginen eta lan kargaren areagotzea aitortzea eta lan baldintzak eguneratzea.

Era berean, gogor salatu nahi dugu ez ETBn ezta eitb.eus-en ere irratiko lankideen greba deialdiaren berri eman ez izana. EITBko komunikabideok zerbitzu publikoa emateko betebeharra dugun aldetik, onartezina da taldeko irratiek greba egingo dutela eta zerbitzu minimoak emango dituztela ez jakinaraztea jendarteari.

Testuinguru honetan, zuzendaritzari jarrera aldatzeko eskatzen diogu, EITBn mahai gainean dauden gatazkak eta erronkak langileon iritzi eta eskubideak kontuan hartuta ados ditzagun”.

Nafarroako Esku-hartze Sozialeko bigarren hitzarmenaren negoziazio mahaia sustatu dugu, baina behin-behinean ireki da patronal baten trabengatik

Nafarroako Esku-hartze Sozialeko bigarren hitzarmena negoziatzeko mahaia gaur zen irekitzekoa, baina, azkenean, behin-behinekoz egin behar izan da, OEIS patronal estatalak paraturiko traba tamalgarriengatik. Gaur goizean Iruñean egin den bilerara lau sindikatu nagusietako ordezkariak joan dira, bai eta sektorean dauden bi patronalak ere, ANEIS nafarra eta OEIS delakoa; azken horrek behartu du mahaiaren behin-behinekotasuna.

Hain zuzen ere, OEIS Esku-hartze Sozialeko Erakunde Estatala izan zen Nafarroako Esku-hartze Sozialeko lehen hitzarmena inpugnatu zuena eta arriskuan jarri zituena LABeko jendea buru zela urte askoan eginiko borroken ondorioz lorturiko aurrerapen laboral handiak. OEISen barnean daude Gurutze Gorria, Caritas, Secretariado Gitano, Acción contra el Hambre eta Minbiziaren aurkako Espainiako Elkartea. Zorionez, horiek guztiek epaiketa galdu zuten eta egungo hitzarmenak indarrean jarraituko du aurten eta heldu den urte osoan.

Gaur behin-behinean ireki den mahaiak aztertu beharko ditu 2025etik aitzinera indarrean egon behar liratekeen hobekuntzak. Sektorearen nolakotasuna ezagututa, bigarren hitzarmenaren negoziazioa lehenengoaren indarraldia bukatu baino lehen hastea erabaki zen, 2025eko urtarrilaren 1erako hitzarmena Aldizkari Ofizialean argitaraturik eta ondorio guztietarako martxan egon dadin.

Baina gaur gertaturikoa ikusita, argi dago OEIS patronala ez dagoela helburu horrekin sobera engaiatua: mahaia eratzera etorri da dagokion etxerako lana egin gabe; bere ordezkaritza egiaztatu gabe; ordezkaritza hori egiaztatzea eskatu ez zitzaiolako gezurra erranez —deialdian berariaz eskatzen zitzaien—; Nafarroan zenbat enpresa biltzen dituen jakin gabe; Nafarroan zenbat langile dituen kontrataturik jakin gabe; LABek emaniko datu ofizialak zalantzan jarriz eta, areago, ontzat ez emanez; eta mahaiaren behin-behineko irekitzea behartuz.

LABen ustez, Nafarroako Hitzarmenaren inguruan OEISek eragin duen guztiaren ondoren, jarrera horrekin gaurko bilerara etortzeak are penagarriagoa egiten du bere portaera. Baina sindikatu hau ez da bere bidetik desbideratuko; LABek borrokan jarraituko du sektoreko langile guztien lan-baldintzak berriz hobetzeko. Dena joan behar den bezala badoa, irailaren 27an negoziazio mahaia behin betiko irekiko da.

Langileen inplikazioa

Urte honetan, Nafarroako Esku-hartze Sozialak erronka handia izanen du, hurrengo urteetarako lan baldintzak negoziatu eta adostuko baitira, lehenbiziko hitzarmena oinarri harturik. Alde horretatik, LABek langileen parte-hartze handia nabarmendu nahi du, sindikatu honek proposamenak egiteko egin zuen deialdian 80tik goiti jaso baitziren. Horiekin, eta sindikatutik planteatutako bertze batzuekin, LAB hitzarmenaren proposamen berria egiten ari da, dauden beharretara gehiago eta hobeki hurbiltzeko.

Asunción klinikako langileek mobilizazioei eta grebei ekin diete berriro

Maiatzean eta ekainean 3 eguneko lanuzteak eta 17 eguneko grebak egin ondoren, Asunción klinikako (Inviza) langileek, enpresak negoziatzeko inolako borondaterik erakutsi gabe jarraitzen duela ikusita, 7 greba egun gehiago egingo dituzte irailean, lan-baldintzak hobetuko dituen hitzarmenaren alde. Gainera, bihar hasita, 24 orduko kanpaldia egingo dute.

Tolosako Invizako langileek zerbitzu publikoa eskaintzen dute, beste eskualde batzuetan Osakidetzak ematen duena, baina lan-baldintzak oso urrun daude.

Langileek 2021etik berritu gabe dute hitzarmena eta urte hauetako KPIa kontuan hartuta, % 12,2ko erosteko ahalmena galdu dute.

Hitzarmen berriak, besteak beste, galdutako eros ahalmena berreskuratu, KPIari erreferentzia egingo dion soldata igoerak eta 35 orduko lan astea lortu nahi dituzte.

Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak LABeko eta ELAko enpresa-batzordeak ekainaren 29an egindako eskaerari ez dio erantzunik eman; izan ere, osasun-batzordean, negoziazioan duten blokeo-egoera azaltzeko eskatu zuten baita Eusko Jaurlaritzak prestatutako plan funtzionala salatzeko, ez baitu ospitale berrirako aldarrikatutako hiru eskaeretako bat bera ere betetzen:

  • Ospitale publikoa izatea, %100ean.
  • Hurbileko eskualdeko ospitale batek ematen dituen zerbitzu guztiak ematea.
  • Ospitale publiko bat, klinikan lan egiten duten langile guztiak hartuko dituena.

GREBA-EGUNAK HONAKO HAUEK IZANGO DIRA: Irailak 13,14,15,18,19,28 eta 29. Kontzentrazioak eta Auto Karabana ere egingo dira.
14 eta 15ean 24 orduko kanpaldia egingo da Klinikaren aurrean.

EHUren prekarizazioa salatu eta ordezkoentzako baldintza duinak eskatu ditugu

Ikasturte hasierako ekitaldiaren egunean elkarretaratzea egin dugu Arabako Letren Fakultatearen aurrean, 180 langile inguru bertaratu garelarik. Aldebakarrez erabakitako ordezko irakasleen politika berriak are murrizketa gehiago dakartzanez, aurrerantzean ere mobilizazioekin jarraitzeko asmo irmoa agertu dugu.

2023/2024 ikasturtearen zabaltze ekitaldian, ohi bezala, agintariek unibertsitate publikoaren alde egindakoak azpimarratuko dituzte, dena ondo bidean dagoelakoan edo.

Baina ez da horrela, EHUko langile guztien lan-baldintzen prekarizazioa geroz eta larriagoa da; ezin ditugu ahaztu azken ikasturteetan eman diren murrizketa eta aldebakarreko erabakiak, erretiro akordioa bertan behera uztea edo kanpusen itxiera kasu. Unibertsitate publikoak duen finantziaketa falta da langileen eskubideen gainbeheraren arrazoi nagusia.

Azken ikasturteetan salatu ditugun aldebakarreko erabakiei, beste murrizketa bat gehitu behar zaio. Ikasturte bukaeratik EHUko zuzendaritzak ordezko kontratuen egoera larritzen ari da Irakasle-Ikertzaileen arloan. Izan ere, USLOren (Unibertsitate sistemaren Lege Organikoa) ezarpena UPV/EHUko irakasle eta ikertzaileen lan baldintzak okertzea ekarri du. Ordezkoen egoera jada gogorra bazen ere, orain gehiago okertu dute ordezko irakasle politika berriarekin.

Hartara, UPV/EHUk erabaki du arduraldi osoko irakasle-ikertzaileen ordezkoak lanaldi partzialekoak izango direla nahiz eta irakasle-ikertzaileen lan-hitzarmenak eta 41/2008 dekretuak arduraldi osokoak izan daitezela ahalbidetzen duten. Beraz, arduraldi osoko irakasle-ikertzaileen ordezko berriei askoz jota soldata osoaren % 34,29 ordainduko zaie (kasurik onenean, hau da, beraien irakaskuntza zama % 75ekoa denean) eta gizarte segurantzan proportzio berdinean kotizatuko dute, plaza hutsak betetzen dituzten irakasleak salbu. Beraz, ordezkoen urteko soldata gordina 7.584 € eta 11.360 € artean egongo da, astean emandako klase kopuruaren arabera. UPV/EHUko zuzendaritza pasa den ikasturte bukaeran hasi da gurasotasun baimen zein bajen ordezkapenak era horretan egiten. Are gehiago, sailetatik jaso ditugun kexengatik, ordezkapen asko ari dira ukatzen behar argia dagoenean.

Jokabide hau guztiz onartezina da eta gure indar guztiarekin aurre egingo diogu. Areago, uste dugunean badirela irtenbideak berme juridikoarekin ordezkapenak osokoak izaten jarraitzeko borondate politiko eta negoziaziorako prestutasuna baino eskatzen ez dutenak.

Ordezkapen politika honek irakasle-ikertzaile GUZTIEN lan-balditzetan eta sailen irakaskuntza ahalmenean izango du eragina, eta gainera lan-hitzarmena eta lanpoltsen akordioa larriki urratzen ditu, zeintzuetan partzialtasuna murrizteko neurriak adostu ziren. Aldaketa honek haserre handia sortu du langileen artean, asteburuan argitaratutako 1.200 irakasle eta ikertzaile baino gehiagok sinatutako gutuna irakurtzea besterik ez dago.

Ordezkapen politika berriak ondorio larriak izango ditu:

  • Lanaldi partzialean jardungo duten irakasleen kopurua handituz, arduraldi osoko irakasle baten herena kobratuz, alegia, soldata 800 €tik beherakoa izango da,
  • Ordeztu eta estali gabeko kreditu kopuruak handituz, irakasle guztion irakaskuntza zama ere gogortuz,
  • Irakaskuntzaren antolaketa lana zailduz Sailei, irakaskuntzaren beraren kalitatearen kontura zenbait kasutan (handituko dira, besteak beste, ikasgai batean hainbat irakasle edukiko dituzten ikasgaiak, irakasleek denborarik gabe prestatu beharko dituzte irakasgaiak, eta gainera askotan, gaian adituak ere ez direnak izango).

Honen atzean EHUk egiten duen Ordezko irudiaren interpretazio hertsia eta mugatua dago, baina baita Eusko Jaurlaritzaren Unibertsitate Publikoa finantzatzeko politika murritza ere, oso urruti dagoena Estatuko Unibertsitate Sistemaren Lege Organikoak berak agintzen duen ortzimugatik: BPGren %1a, 2030 urterako. Gaur egun, Eusko Jaurlaritzaren ekarpena % 0,4an dago.

Honen aurrean, LAB, STEILAS, CCOO eta ELA sindikatuok ondorengoa exijitzen dugu:

  1. Lanaldi osoko Irakasle eta Ikertzaileen lanpostu guztien ordezkapen guztiak (baimenak, bajak, nahitaezko eszedentziak, zaintzarekin lotutako eszedentziak…) lanaldi osoko kontratuekin betetzea.
  2. Lanaldi partzialeko kontratu kopurua murriztea, lan-hitzarmenean eta lanpoltsen akordioan kontratu horiek metatzeko lanaldi osokoak sortzeko mekanismoak aplikatuz.
  3. Lanaldi partzialeko kontratuei soldata duina ezartzea klaseen prestakuntza eta zuzenketa lanak, oinarrizko koordinazioa eta kudeaketa, formakuntza eta irakaskuntzari loturiko ikerketa kontuan hartuz.
  4. Eusko Jaurlaritzari, zehazki, eskatzen diogu, eman diezaiola EHUri USLOk ezarritako ordezko irakasleen irudi berria aurreko baldintzen arabera interpretatzeko behar duen babes politiko-juridikoa. Baita, modu esanguratsuan gehitzeko ere EHUri bideratutako finantziazioa langile guztientzako lan baldintza duinak bermatu eta zerbitzu publiko egokia emateko modua izateko. UPV/EHUko zuzendaritzak ere finantzazio gehigarri horren alde publikoki irmoago lan egin beharko lukeela uste dugu.

Horregatik guztiagatik eta baita urtez urte jasan dugun eros ahalmenaren galera eta lan baldintzen okertzea salatzeko (erretiroen hitzarmena bertan behera uztea, zentroen itxierak, ….), ikusita UPV/EHUko zuzendaritzak duen jarrera itxia, LAB, STEILAS, CCOO eta ELA sindikatuok, adierazten dugu mobilizazio dinamika abiatuko dugula, zuzendaritzak negoziatzeko borondate eta planteamendu argirik agertu arte.

Laster plazaratuko dugu mobilizazioen egutegia.

Garbi daukagu kimikoen sektorean ere lan baldintzak negoziatzeko euskal marko propioa behar dugula

Kimiketako sektorean Hego Euskal Herri osoan gertatzen den estatalizazio eta prekarizazio egoerarekin amaitzeko unea da.

LABetik beti defendatu ditugu euskal eremuetan erabakitzeko markoak, modu kolektiboan hemengo errealitateari hobekiago erantzun ahal izateko eta Euskal Herrian dagoen errealitate sindikalak lan baldintza hobeagoak lortzeko aukera ematen dituelako.

Kimiketako Hitzarmenean dauden langileak, Hego Euskal Herrian 20.000 inguru, Espainar Estatu mailako hitzarmenaren pean daude, eta horrek prekarietate handiagoa dakar berekin. Hitzarmen hau bereziki nahasgarria da, eta beste eremu batzuetan baldintzak erregulatzea zailtzen du.

Hemengo hitzarmen bat egotearen beharra garbia da, eta zailtasunak zailtasun, LAB hitzarmen hori lortzeko borroka azken muturreraino eramateko prest dago. Bide horretan pausuak ematen hasi gara dagoeneko, Madrilgo negoziazio mahaiari asmo hori adierazita, EAE-n ordezkaritza gehien duten sindikatuen artean bilduz eta sektoreko patronalak irailaren 26an egingo den bilera batera deituz. Nafarroan, berriz, gaur sindikatuen arteko lehendabiziko bilera egingo da.

Oraingoa momentu erabakigarria da borroka honetan, estatuko hitzarmena urte bukaeran indargabetzen delako. Aurkezten zaigun aukera eta indar sindikal desberdinen konpromisoa ezinbesteko baldintzak dira borroka honetan, baina are ezinbestekoagoak dira langileon inplikazioa eta aktibazioa. Horregatik, dei egiten diegu Hego Euskal Herriko Kimiketako sektoreko langileei borroka honetara batzeko, ibilbide honetan denok batera aritzeko, asko dugulako irabazteko eta sektoreko langilerik gabe ezinezkoa izango delako.

Basogintzako sektorean dagoen hilkortasun handiaren aurrean, erakundeek duten pasibotasuna salatu dugu eta langileen osasuna bermatzeko neurriak exijitu dizkiegu

LAB sindikatuko kideok, ESK, STEILAS, HIRU eta EHNEkoekin batera, elkarretaratzea egin dugu, Bilbon, Bizkaiko Foru Aldundiaren aurrean, Elorrion gertatutako azken lan-istripu hilgarria salatzeko. Bertan, administrazioari eta erakundeei eskatu diegu neurriak har ditzatela baso-ustiapeneko lanak egiten dituzten langileen lan-segurtasuna bermatzeko.

Zehazki, baso-ustiapenaren sektorea da, langile kopuruaren arabera, hilkortasun handiena duen sektorea, eraikuntzaren aurretik. Langile gutxi izan arren, lan-istripu asko gertatzen dira basogintzan, eta urtero hiltzen dira langileak.

Plantilla murritzak, basoko bakarkako lana, prebentzio-baliabiderik eza, prestakuntzarik eza, lan-tresna desegokiak, malda handiko eremuetako lanak, lan-erritmo oso altuak horrek eragiten duen nekearekin, oso lanaldi luzeak eta abar daude istripuen atzean. Horiek, jakina, jarduerak berak dituen arriskuei gehitutako faktoreak dira.

Etekinak lan intentsiboaren bidez lortzen diren sektore batean, baliabideetan eta segurtasunean aurrezten da.

Egoera horren aurrean, Foru-Aldundiek, Eusko Jaurlaritzak, Osalanek eta Lan Ikuskaritzak bermatu behar dute baso-lanetan ere prebentzio-neurriak betetzen direla, are arreta handiagoz, jardueraren arriskugarritasunagatik eta haren hilkortasun handiagatik.

Nahikoa da pasibotasunaz eta beste alde batera begiratzeaz. Basogintzako langileek ere bizirik iritsi behar dute etxera. Langileen segurtasuna eta osasuna bermatzeko zer neurri hartuko dituzten adierazteko eskatzen diegu administrazioei. Neurririk hartu ezean, sektorean gertatzen diren heriotzen konplize izango dira.

Basoko lanetan heriotza gehiagorik ez!

Hezkuntzak euskara gehiago behar duela aldarrikatzeko sinadura bilketarekin bat egin dugu

Euskalgintzaren Kontseiluaren eskutik aurkeztu dugu ekimena ikasturtearen eta urte politikoaren hasieran murgildu berri garen honetan. Gasteizko Legebiltzarrean Hezkuntza Lege berriaren testuari buruzko eztabaidari berrekingo diote aurki, eta LAB sindikatutik argi diogu ezinbestekoa dela euskara ardatz izatea. Hori dela eta, hezkuntza komunitatea osatzen duten guztiei dei egiten diegu esteka honetan beren sinadura utzi eta ekimenarekin bat egiteko.

Hezkuntza funtsezko elementua da geure hizkuntzaren normalizaziorako bidean, eta hizkuntza eskubideak bermatzeko gakoa ere bada. Hala, hezkuntzak euskara gehiago behar du, eta horixe aldarrikatzeko langileon bultzada ezinbestekoa da. Sinadura bilketa honen bidez, 16 urtetik gorako Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako herritar guztiek izango dute aldarri horrekin bat egiteko aukera, epea urriaren 15ean amaituko delarik. Zehazki, hiru puntu hauek lege berrian berariaz jaso daitezen eskatuko zaie Eusko Legebiltzarreko kideei:

1. Euskara ikas- eta irakats-hizkuntza izango duen eredu orokortu inklusiboa.
2. Euskal kultura ardatz izango duen euskal curriculuma.
3. Hezkuntza ez-arautua osorik euskaraz garatzea.

Euskalgintzaren kontseiluaren komunikatua eta sinadura bilketari buruzko informazio zehatza hemen kontsulta daiteke.

Nafarroako Hezkuntza Departamentuaren kontinuismo zitala salatu dugu

LAB sindikatuak Nafarroako herritarrei jakinarazi nahi die aurre eginen diola eta salatzen duela Carlos Gimeno buru duen Hezkuntza Departamentuak legegiltzaldi honetan praktikatuko duen politika kontinuista. Behin baino gehiagotan eskatu dugu kontseilari honen kargu-uztea, eta eskatzen jarraituko dugu, eta salatu nahi dugu departamentuaren euskarafobia, negoziaziorik eza, gizarteratzeko baliabide errealik eza, bere engainuak, lege-zabarkeriak… Azken batean, hezkuntza-kalitatea benetan hobetzeko asmorik eza.

Konparazio batera, Lezkairuko ikastetxean gertaturikoa da, zalantza izpirik gabe, Gobernu honek eraman nahi duen politika kontinuista eta penagarriaren isla, zonifikazioa mantenduko duena eta D eredua borondate politikoaren arabera mugatuko duena. Argi ikusi da sinatu berri duten 2023-2027ko akordio programatikoan.

Lezkairu-Paderborn ikastetxe berriak ateak ireki ditu duela gutxi. Ikastetxe berria Iruñeko auzo gazte batean dago, PALE ereduarekin (gaztelaniaz eta alemanez), baina euskarazko eredurik eskaini gabe. Ikastetxeko zuzendaritzak eta Maria Txibite lehendakariak berak eskaera faltagatik dela dioten arren, auzoko familiek argudiatu dute ikastetxe horretan D eredua eskainiko zela ezkutatu dela eta ezin izan dutela haren alde egin. Gainera, informazioa eskatzeko deitu zutenean zuzendaritzak berak esan omen zien haiengatik balitz ez zela D eredua ezarriko; horren ondorioz, auzokide horien seme-alabak D ereduan benetan matrikulatzeko aukerarik gabe gelditu ziren. LABetik salatzen dugu Hezkuntza Departamentuaren zein ikastetxeko zuzendaritzaren okultismoa eta fede txarra zentroaren benetako eskaintza ezagutarazteko garaian, eraso euskarafobo honekin herritarrei iruzur egin baitzaie.

Akordio programatikoarekin jarraituz, eta Gimenok Hezkuntza Departamentuko buru izaten jarraituko duela kontuan hartuz, Hezkuntza kalitatea hobetzeko iragarpenak ez dira onak. Hilabeteak daramatzagu irakasleen lan-baldintzak negoziatzeko premia larria dagoela esaten, baina negoziaziorako ateak itxita izan ditugu dirurik ez dagoela argudiatuta. Gezurra da. Administrazioko beste kolektibo batzuek dirua izan baitute beren baldintzak hobetzeko. Beste adibide bat da ikastetxeetako zuzendarien biziarteko osagarria, IZE elkarteak sustatutakoa eta klaustroei aldez aurretik galdetu gabe emandakoa. Osagarri horrek kolektibo bati bakarrik egiten dio mesede, gainerako hezkuntza-komunitatea alde batera utzita.

Praktika txarren beste adibide bat da Gimenok abuztuan iragarri zuen Inklusiorako Foru Agindua, non, besteak beste, taldekatze malguak, ikaskuntza kooperatiboa eta curriculuma aberastea aipatzen baitira; baina ez du ezer esaten ikastetxeei baliabide erreal, ekonomiko eta pertsonalak emateaz. Kontuan hartuta Nafarroan 36.500 ikaslek baino gehiagok dutela hezkuntza-laguntzaren berariazko premia (ikasleen % 26k), oso larria da behar ekonomiko horiek inon jasota ez egotea. LABek ez du propaganda hutsa onartuko.

Jar dezagun orain arreta Lanbide Heziketan. Nahiz eta Carlos Gimeno Hezkuntza kontseilariak Nafarroa Garaiko Hezkuntzaren harribitxi gisa jarri, irakasleei galdetzen badiegu, oso bestelako errealitatea aurkituko dugu. Kezka handia dago Lanbide Heziketa Duala aplikatzearen inguruan (hala adierazi dute Virgen del Camino IPPko irakasleek prentsari bidalitako gutun baten bidez). Halaber, ez da errespetatzen zuzeneko eskola-orduen ordutegia, ratioak gainezka dituzten ikastetxeak ditugu, bikoizketa saioen falta dago eta irakasleek lan-gainkarga izugarria dute. Nekazaritza eta Basogintza eskolan, esaterako, faktore psikosozialen azken ebaluazioak dio irakasleek lan-gainkarga eta gabezi psikologikoak dituztela, askotan, ikastetxeko zuzendaritzari lotuak.

LABek salatu nahi du, halaber, Lanbide Heziketari buruzko Lege berriaren aplikazioak sortu duen nahaste-borrastea. Soldata-diskriminazioa egiten die unibertsitateko gradurik ez duten irakasle funtzionarioei. Diskriminazio hori sektore berezietako espezialisten kidegoan kontratatutako irakasleek ere bizi dute; izan ere, nahiz eta ikaskide funtzionarioen titulazio bera izan eta lan bera egin, gutxiago kobratzen baitute. Are gehiago, gradua lortu eta Bigarren Hezkuntzako kidegora pasatuko diren pertsonek ez dute atzeraeraginezko hobekuntzarik jasoko. Lardaskeria hutsa, berriz ere

Azken finean, LABek salatzen ditu Departamentu honen euskarafobia, negoziaziorik eza, inklusiorako benetako baliabide falta eta lege-zabarkeriak. Ikusten baitugu legegintzaldi berri honetan Hezkuntza Departamentuak politika kontinuistarekin jarraituko duela, hezkuntza-kalitatea hobetzeko batere asmorik gabe.