2025-12-27
Blog Page 195

Lan harremanetarako eta babes sozialerako esparru propioa eratzeko urratsak eskatu dizkiogu EAJri

Espainiako gobernuko inbestidura eta legegintzaldiko negoziazioetan aintzat hartu beharreko Agenda Soziolaborala aurkeztu dio LABek gaur EAJri, euskal langileok, bertan inolako esku hartzerik gabe soldata eta bizi baldintzak negoziatzeko eta erabaki ahal izateko dugun eskubidea bermatu dadin. Duela egun batzuk proposamen bera aurkeztu zion sindikatuak EH Bilduri.

Jarraian ikus daiteke LABek bileran aurkeztutako txostena: LABen ekarpena aldaketa sozial eta politikoari.

EAJri bertako negoziazio kolektiboa blindatu eta pentsio sistema propiorantz urratsak emateko eskatu dio LABek. Funtzio Publikoan bi greba egun deituak daude eta bertako langileen soldatak eta lan baldintzak hemen erabaki ahal izatea lehentasunen artean kokatu dute sindikatuko ordezkariek bilkuran. Aldi berean, adierazi dute autogobernua defendatzen duen alderdi zein Gobernu batentzat espainiar Estatutik eratorritako mugak ez liratekeela aitzakia izan behar langile publikoen aldarrikapenei bizkar emateko. Zentzu horretan, eskaera zuzenean egin dio LABek EAJri, urriaren 25erako eta Abenduaren 19rako deituak dauden greben aldarrikapenei bide eman diezaien, borondate politiko kontua baita.

Hala Hego Euskal Herrian nola Estatu mailan dagoen eskenatoki politikoa hizpide izan dute LABek eta EAJk gaur Bilbon egin duten bileran. Sindikatuaren ordezkaritzaren buru Garbiñe Aranburu koordinatzaile orokorra izan da; alderdi jeltzalearena, berriz, Andoni Ortuzar.

Euskal Herritik Euskal Herrira sortu behar da lan harreman eta babes sozialeko eredu berri bat, langile jendeari lan eta bizi baldintza duinak bermatuko dizkiena. Eta ibilbide hori garatu ahal izateko, Estatuak jarritako mugak gainditzeko lan egin beharra dago Madrilen. Ikuspegi horretatik, LABek bi lehentasun nagusi jarri ditu mahai gainean.

Lehena, Espainiako Langile Estatutua ordezkatuko lukeen Euskal Lan Kodea garatzea, lan harremanen estatalizazioarekin amaitu eta bertako negoziazio kolektiborako esparrua blindatzeko premiari erantzun ahal izateko. Horretarako, herrialde eta komunitate autonomo mailako hitzarmenen lehentasuna bermatu beharra dago Estatukoen gainetik, 2012an Zapateroren Gobernuak egindako lege aldaketa bertan behera utziz. EAE mailan eragile guztiok bat gatoz horretan, sindikatuek eta Patronalak sinatutako lanbide arteko akordioak erakusten duenez. Euskal Herrian negoziatu eta adosten dena errespetatzea da gakoa.

Estatutik ezartzen diren mugak gainditzeko Madrilen eragitearekin batera, Estatuan lortu ezin dena Euskal Herrian posible egin behar dela adierazi du LABek, eta gogoratu, langileen aldarrikapenei erantzun egokia emateko borondate politikoa besterik ez dela behar. Eta borondate hori bera eskatu du Funtzio Publikoko langileen egoera aldatzeko. 2008 ostean zerbitzu publikoen garapenari ezarritako mugak kentzeko beharra adierazi dio LABek EAJri, eta horrekin batera, langile publikoen soldata edota erreposizio tasak Estatuko Aurrekontuen bidez arautuak ez izatea beharrezkotzat jo du sindikatuak. Bestela esanda, Funtzio Publikoa arautzeko eskumena EAEn izatea eskatzen du LABek eta horrela helarazi dio EAJri. EAEko Funtzio Publikoan bi greba egun deituak daude, zerbitzu publikoen gainbehera salatu eta langile publikoen soldata eta lan baldintzak hobetzeko.

Funtzio publikoko langileez gain beste hainbat kolektiboren egoera ere hizpide izan dute: etxeko langileei nahiz banaketa lanetan “rider” gisa diharduten langileei negoziazio kolektiborako eskubidea bermatu eta komunitate autonomo mailako hitzarmenak ahalbidetzeak duen garrantziari azpimarra egin dio sindikatuak.

Beste lehentasunari dagokionez, EAEko Estatutuan aurreikusita dagoen (eta Nafarroa Garairako ere aldarrikatzen dugun) gizarte segurantzaren kudeaketaren transferentzia eta 1.080 euroko gutxieneko pentsioa bermatuko duen sistema publiko osagarri bat sortzeko aukera aldarrikatu du LABek. Horren bidez milaka pentsiodunen bizi baldintzak hobetzeaz gain, etorkizuneko Euskal Gizarte Segurantza sortzeko oinarrizko kanpalekua ezar daiteke.

CAFen enpresa batzordeak amiantoaren inguruan zuzendaritzak erakutsitako erantzunkizun eza salatzen du

Azken asteetan amianto kutsatzeak ekarri duen ziurgabetasunaren ondoren, CAF Beasaingo 4. Dibisioko akabera nabeetako ehunka langile lanera itzuliko dira aste honetan.

Enpresa-batzordearen arabera, zuzendaritzak erakutsitako erantzukizunik ezak eta ekoizpena langileen osasunaren aurretik lehenesteak markatu dute prozesu osoa. Sindikatuen presioa funtsezkoa izan da berriro langileen osasuna babesteko, baita hasieratik erreflexu falta nabaria erakutsi duen administrazio pasibo baten aurrean ere.

Hala ere, langileen ordezkariek ez dute gaia amaitutzat ematen, oraindik erantzukizunak argitu gabe daudelako eta amiantoaren eraginpean egon daitezkeen zerrenda berriak zehaztu gabe daudelako. Horrez gain, kutsadura hori jasan duten eta lanpostura joan ezin izan duten langileek soldataren zati bat galdu dute.

Egoera honen aurrean, prentsaurrekoa egingo dute urriaren 19an, 11:00etan, CAFeko Beasaingo bitegi nagusiko sarreran (Beasain-Lazkao arteko errepidea, N1eko zubi azpian). Bertan, manifestaldi baten ondoren, egoera hau jasan duten langileek ere parte hartuko dute.

Elorritxueta-Vivero adingabeen zentroa ixteko arrazoiak ez dira bidezkoak

15 egun dira zentroko ateak itxi zituztela. Eta gaur, urriak 16, Emankor taldearen parte den Landalaneko 19 hezitzaileren kaleratzea gauzatu da. Kaleratuak izan diren langileak ez dira geldirik egon egun hauetan, eta hainbat bilera egin dituzte egoera argitu nahian.

Batetik, kontsultaldiaren epea bukatu da eta bertan Landalanek adierazi du zentroa ixtearen arrazoia Inoren kargura Ez dauden Adingabeen etorrera jaistea dela. Bada, LABek eta ELAk hori horrela ez dela argudiatu dugu; izan ere, gainerako zentroen okupazioa gainezka dago, eta langileek azken urteotan egiaztatu dute udazkena adin txikikoen joan-etorri handiko garaia dela.

Bestetik, Amaia Antxustegi Bizkaiko Foru Aldundiko Gizarte Ekintzako diputatuarekin elkartu dira, eta honek onartu du adingabeen sarean saturazioa dagoela. Gaineratu du Foru Aldundiak denbora behar duela alternatiba bat topatzeko, baina momentuz ezer ez duela. Hala, egoera ulertezintzat jotzen dugu.

Eta azkenik, ikuskaritzarekin elkartu dira, zeinak elkarrizketan zehar hainbat zalantza agertu dituen prozedurarekiko. Hala ere, orain txostenaren zain egon behar dira.

Beraz, argi gelditzen ari da Elorritxueta-Vivero adingabeen zentroa ixteko Emankor taldearen parte den Landalan elkarteak emandako arrazoiak ez direla nahikoa, eta 19 langile kaleratu izanak ez duela justifikaziorik.

[IRITZIA] EAJ sektore publikoa eraisten ari da, gezurren atzean ezkutatuz

Iritzi artikulua osatu du Jon Otegi LABeko Zerbitzu Publikoen federazioko kideak, urriaren 25ean eta abenduaren 19an EAEko sektore publikoan deitutako greben atarian. Jarraian irakur daiteke:

Aurreko Gobernu Kontseiluan, sindikatuok EAEko sektore publikoan deitu ditugun greben aurrean Jaurlaritzaren jokabide gezurtia eta neoliberala agerian gelditu zen. Bingen Zupiria bozeramaileak gizartearen iritzia «gustura jakingo lukeela» esan zuen, baina errealitatea ondo ezagutzen du. Kontua da arazoak ezkutatzeko errealitate propio bat saltzen saiatzen dela. Hori lortzen ez duenean, «komunikazio arazoei» botatzen die errua.

Urtero bezala, langileon aldarrikapenei eskumenen aitzakia jartzen die, eta soldatak eta enplegua Madrilgo aurrekontu orokorrek mugatzen dituztela esan. Kontua da Jaurlaritza dela EAEko aurrekontuak eta politika fiskala diseinatzen dituena, Madrilgo aurrekontuak negoziatzen hasi baino lehen. Madrilekin adosten ditu mugak, langileok bazter utzita: Ertzaintzarako birjartze tasaren mugak kentzea Madrilen adostu zuen, eta harro iragarri zuen; polizia berarekin kalean duen lan gatazkaren aurrean, poltsikotik 18 milioi euro ateratzeko mugarik ez zuen topatu. EAJren zerbitzu publikoen ereduaren beste adibide bat da hau. Eroso dago Jaurlaritza berak nahi dituen mugak Madrilgo aurrekontuetan onartuta. Diseinu horretan aldundien eta udal askoren erantzukizun maila ere kontuan hartzekoa da.

2010era arte EAEko Mahai Orokorrean igoera propioak ezartzen zituen Jaurlaritzak, aurrekontu orokorren mugak gaindituz. Harrezkero, Madrilgo erabakiak txintxo betetzen ditu, eta langileok erosahalmenaren %20 inguru galtzen ari gara. Esplizituki esan zaigu kendu digutena berreskuratzeaz ahazteko. Murrizketa politikekin eta zerbitzu publikoen eraispenarekin oso ados dago EAJ.

Enplegua sortzeaz eta egonkortzeaz ere ez du eztabaidatu nahi, eta murrizketak inposatzen jarraitzen du, bere ekimenez. Ozen esan behar dugu kontsolidazio prozesurik ez dela inon adostu sindikatuekin; langileok gara prozesu txapuzero horien ondorioak pairatu behar ditugunak. Horrela behin-behinekotasuna ez da %8ra jaitsiko; badakite, eta ez da eskumen kontua, prekaritatea estrategikoa baita haientzat.

EAJk eta hark kudeatzen dituen erakundeek ez dute langileokin konpromisorik hartu nahi, eta ez dute ia inoiz hitzarmenik sinatzen. Eta ez dute gehiengo sindikalekin ezer adosten, legeak derrigortzen ez duelako; legeak soilik «borondate onez negoziatzera» behartzen ditu administrazio publikoak. Bilerak gai zerrenda itxiekin deitzera mugatzen da, eta antzerki baten ostean bere erabakiak inposatu egiten ditu, begirunerik gabe. Euskal Enplegu Publikoaren Legeak ere ez zuen sindikatu bakar baten babesa jaso, eta, hala ere, erabakiak aldebakarrez inposatzeko neurriak hartzen jarraitzen dute. Negoziazio kolektiboa ukatuta dago EAEn. Administrazio eta enpresa publiko nagusiek ez dute ez langileekin ez gizartearekin konpromisorik hartzen; propaganda da egiten dutena.

Enplegua sortzeko eta egonkortzeko ahalmena badago EAEn, baina borondatea da falta dena. Osakidetzako zerbitzuak okertzen eta husten ari diren bitartean, aseguru eta kontsulta pribatuak handitzen ari dira, eta osasun sistema publikoa pribatizatzen jarraitzen dute. Feminizatuta ere badagoen zaintzaren eremuaren %80 pribatizatuta eta prekarizatuta dago. Zerbitzu publiko bat da, baina duintzeko eta kudeaketa publikora itzultzeko aukera egon arren, ez dute nahi.

Langileok ez dugu deitzen grebara «kontubernio» bat garelako, Urkulluk sinetsarazi nahi duen bezala, baizik eta nazkatuta gaudelako eta egoerari buelta eman nahi diogulako. EAJk lanak gaizki egin ditu eta kezkatuta egoteko arrazoiak ditu, jendeak egoera lehen eskutik ezagutzen duelako. EAEko sektore publikoko ia sindikatu guztiok, aldarrikapen taula bat adostuta, urriaren 25ean eta abenduaren 19an grebara deitu dugu. Azaroaren 30ean ere hitzordua dugu greba feminista orokorrarekin, zerbitzu publikoen garapenarekin eta zaintza lanen duintasunarekin bat datorrelako.

LABek langile guztiok hiru hitzorduetan parte hartzera deitzen ditu: enplegu publikoa sortzeko eta egonkortzeko; sektore publikoa indartzeko; erosahalmena berreskuratzeko; zerbitzuen eskaintzak eta lana euskaraz egin ahal izateko; neurri feministak ezartzeko; eta negoziazio kolektiboaren eskubidea bermatzeko. Denok grebetara!

Tolosako Asuncion klinikako langileek beste bi greba egun deitu dituzte urrirako

AsunciĂłn klinikako langileek, hiru eguneko lanuzteak eta 24 greba egun aurrera eraman eta gero, beste bi greba egun deitu dituzte urriaren 18 eta 25erako, euren lan baldintzak hobetuko dituen hitzarmenaren alde.

Tolosako Invizako langileek zerbitzu publikoa eskaintzen dute, beste eskualde batzuetan Osakidetzak egiten duena, baina batzuen eta besteen lan baldintzak oso urrun daude.

Langileek 2021etik berritu gabe dute hitzarmena eta urte hauetako KPIa kontuan hartuta, eros-ahalmenaren %12,2 galdu dute. Hitzarmena berritzearekin, besteak beste, galdutako eros-ahalmena berreskuratzea, KPIari erreferentzia egingo dioten soldata igoerak izatea eta 35 orduko lan astea egikaritzea dira lortu nahi dituztenak.

Klinika kudeatzen duen Inviza enpresa-taldeak 5,8 miloi euroko etekinak izan ditu azken lau urteotan, erregistroan dauden datuen arabera, baina enpresak orain arte ez du erakutsi negoziatzeko inolako borondaterik.

Glavistaren eta Aiaraldearen etorkizunaren alde, borrokak aurrera jarraitzen du

Aiaraldean gertatzen ari den desindustrializazioaren aurrean kezka adierazi du LAB sidikatuak. Egoera duela zenbait urte hasi zen, eta gelditu beharrean, enpleguaren suntsiketa larriagotu besterik ez da egin.

Alde batetik, LABek salatu nahi du Glavistaren egoera enpresa-maniobra batzuen ondorio dela, eta maniobra horiek ekarri dutela eskualdea lotsagabeki desindustrializatzea eta enplegua suntsitzea. Guardianek bere langileetako batzuk kentzeko estrategia batekin hasi zuen prozesu hori guztia, automobiletarako haizetakoen atala funts putre bat salduz eta, ondoren, jarduerarekin jarrai zezaketen inbertitzaile berriak sartzea blokeatuz. Eta horrela, Laudioko enpresa bat itxi arte.

Egoera ikusita, Eusko Jaurlaritzako Industria Sailak eskualdeko enpresen aldeko apustu argia egin dezan exijitu du LABek behin baino gehiagotan. Baliabide guztiak eta presio-gaitasunak eskura jar ditzala lanik gabe geratuko diren langile guztientzako alternatibak bilatzeko, eta bere gain har dezala gertatzen ari den enplegu suntsiketaren erantzukizuna. Behingoz apustu egin dezala hainbeste predikatzen duen kalitatezko industria horren alde.

LABen ustez, eskualdeko enpresetan gertatzen ari den desindustrializazioa geldiarazteko baliabide guztiak erabili behar dira. Izan ere, pixkanaka-pixkanaka, eskualdeko enpresa txikien itxierak lan baldintza orokorren prekarizazioa eta plantilla murrizteko planak dakartza. Ez da Glavista bakarrik, beiraren sektoreko eskualdeko gainerako enpresak ere bide bera hartzen ari dira etorkizun hurbilari dagokionez: Aiala Vidrio enpresan plantilla murrizteko plan bat aurkeztu dute, 60-90 lanposturen suntsiketa ekarriko duena; Guardian Llodio enpresan, lan-baldintzak gero eta prekarioagoak dira, eta Glavistarekin izandako azken gertakariek agerian utzi dute ez dutela Laudioko fabrikaren etorkizunaren alde apustu egiten.

Maniobra horien aurrean, LABek uste du ezinbestekoa dela borroka aktibatzea, hori baita bide bakarra enpresa-erabaki arbitrario horiei guztiei aurre egiteko; izan ere, erabaki horien helburu bakarra langileen eta beren lanpostuen kontura aberasten jarraitzea da. Horregatik, funtsezkoa da langile klasea antolatzea.

LABek, orain arte bezala, lan egingo du langileek beren lanpostuak defendatzeko beharrezkoak diren borroka mekanismo guztiak aktibatuz. Hasiera-hasieratik mahai gainean jarri du hau ez dela kasu isolatu bat, eta eragin zuzena duela gainerako enpresetan eta eskualdean bertan. Horregatik, eskualde gisa erantzutearen garrantzia azpimarratu dugu uneoro. Ildo horretan jarraituko du lanean, “suntsitzen den enplegua berreskuratzen ez den enplegua delako”.

Eusko Jaurlaritzaren industria-politikak porrot egin duela frogatu da. Ezin da industria pribatuaren esku utzi eskualde eta herrialde baten etorkizuna. Ezin da multinazionalei dirua oparitzeko politikekin jarraitu, alfonbra gorria jarriz eta, ostean, haien politiken gaineko kontrol edo erabaki ahalmenik izan gabe. Industria-politika horrek Aiaraldea eta Glavistako langileak egoera honetara ekarri ditu. Hori dela eta, erakunde publikoei eta, bereziki, Eusko Jaurlaritzari eskatzen diogu erantzukizuna bere gain har dezan eta Laudion eta Aiaraldean desindustrializazio gelditzeko lehenbailehen baliabide guztiak jar ditzan.

Eragileen borrokari esker muga partzialki berrirekitzea lortu ostean, eskubideak bermatzeko neurrizehatzen alde lanean jarraituko dugu

Asteon argitaratu denez, 2021eko urtarrilean, Frantziako Munduko Errugbi Txapelketa amaitzean, itxi zituzten 8 bideetatik 4 irekiko dira berriro. Pirinio Atlantikoetako Prefekturak legez kanpoko migrazioa eta terrorismoa geldiarazteko argudioa erabili zuen itxiera hura justifikatzeko.

Itxi eta ia hiru urteren ondoren, Irun-Hendaia oinezkoen zubia eta Aldudeko (Nafarroa Beherea), Izpegiko (Nafarroa Beherea) eta Larraineko (Zuberoa) pasabideak berriz irekiko dira, Frantziako eta Espainiako indar polizialen arteko elkarlanaren bidez lurreko polizia kontrola handitzearen truke.

Albiste hau ez da kasualitatea. Duela astebete Granadan Migrazio eta Asiloari buruzko Europar Ituneko 27 herrialderen artean egindako akordioari jarraikiz mugetan neurri murriztaileak eta segurtasunaren izenean ezarritako debekuak areagotzeko joeraren baitan kokatzen dugu.

Hau da, betiko gauza bera, baina are okerrago. Migrazio-bidean dauden pertsonen oinarrizko eskubideak sistematikoki urratzea, igarobide seguruetarako eskubidea ukatzea eta berehalako kanporatzeak, mugako eguneroko jardunaren parte izateaz gain, haratago hedatuko dira aurrerantzean.

Azken hilabetetan egiten ari garen bezala, datozen egunotan gertatzen dena arretaz jarraituko dugu eta, beharrezkoa izanez gero, nahi duten gizarte eragile, sindikatu eta erakunde guztiekin batera mobilizatzen jarraituko dugu amaierara arte, muga guztiak ireki arte. Guztion babesa eta eskubideak bermatzen dituzten neurri zehatz eta duinen alde mobilizatzen jarraituko dugu.

Prestakuntza emango diegu langile migratu eta arrazializatuei

Sindikatuko Idazkaritza Antirrazistak, LAB sindikatu antirrazista bihurtzeko egiten ari den lanaren barruan, lan eskubideei buruzko prestakuntza eskainiko diegu langile migratu eta arrazializatuei Bizkaia, Gipuzkoa eta Nafarroan.

Prestakuntza lan-eskubideei eta arrazakeriaren aurkako autodefentsa kolektiboari buruzkoa izango da, eta honako helburu hauek izango ditu:
• Langile migratuen eta arrazializatuen arteko topaketa- eta aintzatespen-gune bat erraztea.
• Oinarrizko lan-eskubideen inguruko tresna erabilgarriak eta funtsezko informazioa ematea.
• Erresistentzia eta autodefentsa kolektiboko estrategiak bateratzea, arrazakeriaren aurkako ekintza sindikal batetik abiatuta.

Prestakuntza sioak bi ordukoak izango dira eta Azpeitian, Iruñean, Tuteran eta Bilbon egingo dira.
• Azpeitia. Urriaren 16an. 17:30etik 19:30era, Urola Erdiko Mankomunitatearen egoitzan (Plaza Nagusia, 11).
• Iruñea. Urriaren 18an. 17:30etik 19:30era, LABen egoitzan (Arga ibaia, 12-14).
• Tutera. Urriaren 19na. 18:30etik 20:30era, Rua gizarte-etxean (Rua, 33).
• Bilbo. Urriaren 23an. 17:30etik 19:30era LABen egoitzan (Errekalde Zumarkalea, 62).

Langile migratua eta arrazializatua bazara eta saioetakoren batean parte hartu nahi baduzu, idatzi j.roco@lab.eus helbidera.

[IRITZIA] Esku-hartze soziala… zer da hori?

Iritzi artikulua osatu dute Esku-hartze sozialeko langileak eta LAB sindikatuko kideak diren Begoña Mendigurenek, Carlos Hernándezek eta Izaskun Arotzenak. Jarraian irakur daiteke:

Integratzaileek, gizarte-langileek, psikologoek eta gainerako profesionalek ibilbide luzeko Gizarte Zerbitzuen sare bat osatzen dugu. Ia ez gaitu inork ezagutzen, baina leku guztietan gaude: etxebizitzetan, itxarongeletan, supermerkatuetan, farmazietan, ospitaleetan, dendetan, tabernetan, kaleetan… Aurrez aurre, telefonoz, online. Imajina daitezkeen leku guztietan gaude, era guztietako zereginak egiten, pertsonen beharrei erantzuteko. Gure lana pertsonei laguntzea da, gizartean beren lekua har dezaten laguntzea. Horregatik ez gara ezagunak, ez garelako protagonistak, haiei laguntzen diegunak baizik. Bizitza duin bat eta bizitza hobea izateko guztiok dugun eskubidea defendatzen dugu.

Azken aldian, gizarteak hainbat krisi ekonomiko eta sanitario bizi izan ditu, baita balio-krisiak ere. Horrek ondorioak izan ditu gure sektorean, batez ere artatzen dugun pertsonei eragin dielarik, baina lan egiteko baldintzak ere okertu dira. Arlo soziala ez da inoiz lehentasunezkoa programa politikoetan, ezta premiazkoena ere agenda instituzionaletan. Pandemiaz geroztik, egoera horrek, beti nahiko prekarioa izan denak, okerrera egin du, langileon zaurgarritasuna areagotuz. Prekaritate horrek profesionalak ere kolpatu ditu.

Gure lanak interes publikoa du, eskubideei erantzuten baitie; horregatik, administrazio publikoek sektoreko arduradunak beste erantzukizun dute bizi dugun egoerarekiko. Are gehiago, gure lanaren finantzaketa eta baldintzak bermatzearen ardura ere badute. Hala ere, gero eta diru-laguntza gutxiago dugu, neurrigabeko eskakizunak, baldintza onartezinak planteatzen dituzten hitzarmenak, gehiegizko burokratizazioak, alegia gure lana okertzen duten egoera ugari. Asko dira egoera honen arrazoiak, baina bereziki kezkagarria iruditzen zaigu arduradun publikoentzako gure sektoreak garrantzia galdu izana. Gure lanaren ondorioz bermatzen ditugun eskubideek lehentasunik ez badute, gure lana debaluatzeaz gain, artatzen ditugun pertsonen babesgabetasuna areagotzen dute.

Gure munduan lehentasunak azkar eta etengabe aldatzen dira, eta, horren ondorioz, administrazioek sare sozialetan edo komunikabideetan sortutako sute artifizialei erantzuten diete, benetako beharrei erantzun gabe. Ez digute sektoreko profesionalei galdetzen ezta entzuten ere, geu izan arren gizarte-agendaren lehentasunak ezarri beharko genituzkeenak, gure egunerokotasunean aurre egin behar diegun arazoen ezagutzatik abiatuta. Irizpiderik izan ez eta moda mediatikoak jarraitzearen ondorioz, administrazio publikoek funtsik gabeko eskaerak egiten dituzte presaz. Are, batzuetan eskaera kontraesankorrak dira, “sutea itzaltzea” beste helbururik ez dutelako. Hala, benetako premiei erantzuteko plangintza eta metodologia egokirik ere ez dute jarraitzen. Horrek eragotzi egiten digu profesionalok nahi eta behar dugun eta gure erabiltzaileek merezi duten arretaren kalitatea eta jardunbide egokiak garatzea.

Eta nola erantzun diote gizarte-erakundeek eta elkarteek administrazioaren noraez horri? Bada, pixkanaka-pixkanaka, elkarteek izaera propioa galdu dute eta enpresa izatera igaro dira, eta administrazioaren moduak eta formak eskuratu dituzte, duela gutxi kritikatu eta borrokatzen zituzten forma berberak, hain zuzen ere. Prozesu hori burokratizazio gisa defini dezakegu, nahiz eta profesionalizazio gisa “saldu” nahi izan duten. Xedea ez da izan lan eta arreta baldintzen hobekuntza (profesionalok borrokatzen dugun profesionalizazioa), baizik eta aitzakia bat gure lurraldean esku-hartze sozialeko sarea eraiki zuten erakundeak hierarkizatzeko eta pribatizatzeko.

Sektoreko 30 elkarte baino gehiago daude Bizkaian, eta ia ez dute elkar ezagutzen. Erakunde publikoen babespean daude; udalak eta Bizkaiko Foru Aldundia, eta haiek dira modu pribatizatu eta delegatuan elkarteek ematen dituzten zerbitzuen arduradunak. Bananduta mantentzen dituzte elkarteak eta baliabide eskas batzuengatik lehiatzera behartzen dituzte. Elkarrengandik aparte mantentzen gaituzte eta eskasegiak diren baliabideengatik lehiatzera garamatzate. Sektorean ezarri duten finantzaketa sistemaren ondorioz administrazioaren interesen mende dagoen patronal horrekin banan-banan negoziatu beharra daukagu. Hala, profesionalizaziorako eta zerbitzuak bermatzeko erreminta baino, xantaia hutsa da finantzaketa-modu hori.

Gure lan-baldintzek okerrera egin dutela nabaria da: lan gehiago, diru gutxiago, eskubideen galera eta murrizketa, gure enpleguen prekarizazioa, etengabeko errespetu faltak, duintasunaren aurkako erasoak, erosteko ahalmenaren galera, bizi-kalitatea okertzea, egonkortasunik eza, etab.

Horren aurrean frustratuta eta haserre sentitzen gara. Non geratzen dira gure lanaren, esku-hartze sozialaren, filosofia eta etika? Non daude gure erakundeen eta administrazio publikoen balioak? Non gelditu dira erabiltzaileen zein gure lanaren duintasuna? Zalantza horiek haserretu egiten gaituzte, definizioz humanoa eta humanitarioa den gure lanean gizatasuna galdu dela adierazten dute.

Horregatik, 2023an, gure lanbidearen hobekuntza aldarrikatzeko eta laguntzen ditugun pertsonen alde, erdigunean jartzea tokatu zaigu. Bizitza-proiektu duinak izatea ahalbidetuko diguten lan-baldintzak lortu, burn out-a ez pairatzeko borrokatu, ratioak bete, eskubide eta soldata duinak defendatu, ordezkapenak bermatu eta abar luzearen alde borrokatu behar dugu.

Feminizatutako eta benefizentziari lotutako lanbide baten herentzia daukagu, horregatik espero da beti hor egotea, edozertarako prest, bestela, nork emango ditu zaintza horiek?

Baina benetan gu hor egotea nahi bada, gure eskaerei erantzun behar zaie. Tratatzen ditugun pertsonei eskaini nahi diegun duintasun eta profesionaltasun berarekin tratatzea eskatzen dugulako. Gure lanaren beharra ulertzea nahi dugu, izan ere, laneko duintasunaren eta justiziaren eskaera horiek egiten baditugu, artatzen ditugun pertsonek merezi duten duintasuna eta justizia soziala aldarrikatzeko da. Azken finean, haiexek dira gure lan-baldintzak hobetuz gero onurarik handiena izango dutenak.

Pertsonak zainduz eta eskubideak bermatuz egiten dugu lan. Horregatik, gure eskubideak aldarrikatzea eta geure burua zaintzea ere gure lanaren parte da.