2024-04-30
HomeIndustriaBeiraGlavistaren eta Aiaraldearen etorkizunaren alde, borrokak aurrera jarraitzen du

Glavistaren eta Aiaraldearen etorkizunaren alde, borrokak aurrera jarraitzen du

Aiaraldean gertatzen ari den desindustrializazioaren aurrean kezka adierazi du LAB sidikatuak. Egoera duela zenbait urte hasi zen, eta gelditu beharrean, enpleguaren suntsiketa larriagotu besterik ez da egin.

Alde batetik, LABek salatu nahi du Glavistaren egoera enpresa-maniobra batzuen ondorio dela, eta maniobra horiek ekarri dutela eskualdea lotsagabeki desindustrializatzea eta enplegua suntsitzea. Guardianek bere langileetako batzuk kentzeko estrategia batekin hasi zuen prozesu hori guztia, automobiletarako haizetakoen atala funts putre bat salduz eta, ondoren, jarduerarekin jarrai zezaketen inbertitzaile berriak sartzea blokeatuz. Eta horrela, Laudioko enpresa bat itxi arte.

Egoera ikusita, Eusko Jaurlaritzako Industria Sailak eskualdeko enpresen aldeko apustu argia egin dezan exijitu du LABek behin baino gehiagotan. Baliabide guztiak eta presio-gaitasunak eskura jar ditzala lanik gabe geratuko diren langile guztientzako alternatibak bilatzeko, eta bere gain har dezala gertatzen ari den enplegu suntsiketaren erantzukizuna. Behingoz apustu egin dezala hainbeste predikatzen duen kalitatezko industria horren alde.

LABen ustez, eskualdeko enpresetan gertatzen ari den desindustrializazioa geldiarazteko baliabide guztiak erabili behar dira. Izan ere, pixkanaka-pixkanaka, eskualdeko enpresa txikien itxierak lan baldintza orokorren prekarizazioa eta plantilla murrizteko planak dakartza. Ez da Glavista bakarrik, beiraren sektoreko eskualdeko gainerako enpresak ere bide bera hartzen ari dira etorkizun hurbilari dagokionez: Aiala Vidrio enpresan plantilla murrizteko plan bat aurkeztu dute, 60-90 lanposturen suntsiketa ekarriko duena; Guardian Llodio enpresan, lan-baldintzak gero eta prekarioagoak dira, eta Glavistarekin izandako azken gertakariek agerian utzi dute ez dutela Laudioko fabrikaren etorkizunaren alde apustu egiten.

Maniobra horien aurrean, LABek uste du ezinbestekoa dela borroka aktibatzea, hori baita bide bakarra enpresa-erabaki arbitrario horiei guztiei aurre egiteko; izan ere, erabaki horien helburu bakarra langileen eta beren lanpostuen kontura aberasten jarraitzea da. Horregatik, funtsezkoa da langile klasea antolatzea.

LABek, orain arte bezala, lan egingo du langileek beren lanpostuak defendatzeko beharrezkoak diren borroka mekanismo guztiak aktibatuz. Hasiera-hasieratik mahai gainean jarri du hau ez dela kasu isolatu bat, eta eragin zuzena duela gainerako enpresetan eta eskualdean bertan. Horregatik, eskualde gisa erantzutearen garrantzia azpimarratu dugu uneoro. Ildo horretan jarraituko du lanean, “suntsitzen den enplegua berreskuratzen ez den enplegua delako”.

Eusko Jaurlaritzaren industria-politikak porrot egin duela frogatu da. Ezin da industria pribatuaren esku utzi eskualde eta herrialde baten etorkizuna. Ezin da multinazionalei dirua oparitzeko politikekin jarraitu, alfonbra gorria jarriz eta, ostean, haien politiken gaineko kontrol edo erabaki ahalmenik izan gabe. Industria-politika horrek Aiaraldea eta Glavistako langileak egoera honetara ekarri ditu. Hori dela eta, erakunde publikoei eta, bereziki, Eusko Jaurlaritzari eskatzen diogu erantzukizuna bere gain har dezan eta Laudion eta Aiaraldean desindustrializazio gelditzeko lehenbailehen baliabide guztiak jar ditzan.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Bizkaiko Esku-hartze Sozialeko langileok Gizardatzi eta Geroani eskatzen diegu alde batera utz dezatela 2022az geroztik sektorea hitzarmenik gabe egotera daraman jarrera boikotatzailea

Bizkaiko Esku-hartze Sozialeko langileok 2022. urteaz geroztik hitzarmenik gabe gaude, eta zortzi greba-egun baino gehiago egin ditugu, baita mobilizazio ezberdinak zein barau egunak ere, egiten dugun lana aintzat hartuko duen hitzarmen bat lortzeko helburuarekin.

CAFeko amiantoaren auzian lan osasuna bermatzeko urratsak eskatu ditugu

Lan Osasunaren Eguna pasa berri den honetan, CAF lantegiko beharginek agerraldia egin dute, gaiarekin zerikusi zuzena duen kontu bati buruzko argibideak emateko: amiantoa.

Enpresak Imegarreko grebalarien aurka erakutsitako jarrera onartezina salatu eta borrokaren zilegitasuna aldarrikatu dugu

Egun hauetan mobilizatzen aritu dira Imegarreko langileek, eta enpresari beren lankideak berriz onartzeko eta gatazka konpontzeko eskatu diote. Aldiz, enpresak, jarrera desafiatzailea eta mehatxagarria izan du. Behin baino gehiagotan, kontseiluko kideek aurre egin diete langileei, mehatxatu eta iraindu egin dituzte. Baina ez hori bakarrik; izan ere, salatu nahi dugu pikete batean parte hartzen zegoen LAB-eko kide bati salaketa jarri diotela, akusazio faltsupean. Horregatik, gaur, enpresak bere langileekiko eta langileei laguntzera joan diren pertsonekiko izan duen arduragabekeria publikoki salatu dugu.