2025-12-27
Blog Page 194

Palestinarekin elkartasunez larunbatean Donostian deituriko mobilizazioa babesten dugu

Gazako eta, oro har, Palestinako egoera dramatikoa egunetik egunera okertzen ari da Israelgo armadaren erasoen ondorioz. Atzo Gazan misil batek ospitale bat suntsitu eta ehunkada hildako eragin izanak egoeraren krudeltasuna agerian uzten du. Egoeraren larritasunak iniziatiba hartzea eskatzen du, Palestinarekiko elkartasuna adieraztea eta Israelen gerra krimenak salatzea.

Ez ditugu berriz gatazkaren zifrak errepikatuko, 75 urtez luzatzen den Israelen okupazioaren eta apartheidaren dimentsioa ezagun baitugu denok. Nazio Batuen ebazpenek, giza eskubideen aldeko eragileek, sindikatu, alderdi politiko eta eragile sozialek Palestinan gertatzen zena aspalditik salatu izan dugu, eta orain, zoritxarrez, salatzen genuen biolentzia espirala Palestinarren kontrako garbiketa etniko bilakatu da.

Mundu guztia ari da jarraitzen Gazan gertatzen ari den sarraskia. 3.000 hildakotik gora eta 110.000 pertsona zaurituak. Baztanen tamainako lurralde batean bi milioitik gora pertsona urik, argindarrik, eta janaririk gabe, bonben azpian erabat harrapatuta mundu mailan dagoen zeru zabaleko kontzentrazio eremurik handienean.

Israelen bortizkeria ez da soilik Gazara mugatzen eta bai Zisjordanian, baita Israel barruan ere, palestinar komunitateen kontrako biolentzia etengabea da. Lanera Israelgo estatura joandako langile palestinarren erailketek, palestinar komunitateen desagerpen fisikoak eta kolono nahiz soldaduen aldetik palestinarren kontrako eraso armatuek ez dute etenik.

Azken asteotan esan dugu Palestinak elkartasuna eta konponbidea behar dituela. Palestinako herriak amesteko, bere etorkizuna erabakitzeko, aske izateko eta duintasunez bizitzeko eskubidea du. LABek bide diplomatikoak aktibatzea eskatzen du, Palestinaren okupazioa amaitzeko baldintzapean eta Nazioarteko Komunitatearen babesarekin elkarrizketa eta negoziazio bat egon dadin eta, Nazio Batuen ebazpenak aintzat hartuta, Palestina herri aske eta seguru bat izan dadin.

Aipaturiko guztiagatik, LABek, bere erantzukizunari jarraikiz eta Palestinarekiko elkartasunez, bihar eguerdiko 12:00etan Bilboko Eliptika plazan eta 12:30ean Iruñeko Udaletxe plazan sindikatuek deitu dituzten mobilizazioetan parte hartzeko deia egin du. Aldi berean, LABek larunbat honetan Donostian Gazako sarraskia gelditu! Konponbide politikoa orain! Palestinarekin Elkartasuna lelopean deituta dagoen mobilizazioari bere atxikimendua eta babesa adierazten dio.

Noaingo Knauf enpresako langileek lanuzte partzialak eginen dituzte, lan baldintza duinen alde

Hiru urte iragan dira Noaingo (Nafarroa Garaia) Knauf lantegiko plantillak enpresa interpelatzea erabaki zuenetik, Kimikako hitzarmen estatalak ezartzen dizkien lan baldintzak hobetzeko hitzarmen bat adosteko. Hiru urte horietan enpresa luzamendutan aritu da, ez ditu gauzak behar bezala zehaztu eta, are gehiago, LABeko ordezkariarekiko errespetu faltak izan ditu. Hori dela eta, faktoria txiki horretako langileek erabaki dute planto egitea eta urriaren 18an, 19an eta 20an lanuzte partzialak egitea, baldintza duinak ezarriko dituen akordio baten alde.

LAB sindikatuaren iritziz, Espainiako Kimikako hitzarmena ez da nahikoa Nafarroako errealitaterako, eta horregatik hitzarmen propioa lortzearen alde dago. Baina ailegatu bitartean, Knaufen kasuan, LABek eta langileek beren lan baldintzak duinduko dituen akordioa lortu nahi dute enpresarekin. Oraingoz ez da posible izan, enpresak negoziazioa bere interesen arabera luzatu duelako eta ordezkari sindikal bakarrarekiko errespetu falta ere izan duelako.

Testuinguru horretan, Knaufeko langileek erran dute nahikoa dela eta planto egin dute: lanaldi partzialak eginen dituzte urriaren 18, 19 eta 20an, 12:00etatik 13:00etara eta 14:00etatik 15:00etara. Gaurko lanuztea arrakastatsutzat har daiteke, eta garrantzitsua da nabarmentzea bertze enpresa batzuetako langileek eman duten laguntza; bertzeak bertze, BSH enpresakoek, Knaufek ekoizpenaren %90 egiten baitu haiendako. BSHn, Enpresa Batzordeak Knaufen egiten ari den borrokarekiko elkartasun mozioa aurkeztuko du.

Hiru lanuzte egun hauek hasiera bat bertzerik ez dira. Knaufeko langileek argi dute zein den helburua, eta ez dute atzera eginen lortu arte: lan-baldintza duinak eta enpresaren aldetik harreman normalizatua eta errespetuzkoa. Hiru egun horietako lanuzteen ondoren, enpresak bere jarreran segitzen badu, mobilizazio gehiago egonen dira.

Euskaraz bizi eta lan egiteko eskubidearen alde, azaroaren 4an kaleak hartzeko deia luzatu diegu langileei

Datorren hilabetearen hasieran Bilbon mobilizazio nazionala egingo da, azkenaldian euskararen aurka egondako eraso judizialei aurre egiteko asmoa duena. Ildo horretan, lan munduko eragileek eta sindikatuetako ordezkariek agerraldia egin dute Kontseiluarekin batera gaur, atzo azken eraso judizialaren berri izan ostean, hain zuzen.

Izan ere, EAEko Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Aretoak Euskadiko toki-erakundeetan hizkuntza ofizialen erabilera instituzionala eta administratiboa normalizatzeari buruzko 179/2019 Dekretuaren aurkako ebazpena eman du. 2016ko Udal Legea garatzen zuen dekretu horrek, eta epaileek hainbat artikulu baliogabetu dituzte, osotasunean edo partzialki. Euskalgintzaren Kontseiluak bezala, LABek ere eraso oso larritzat jo du azken hau, eta azaroaren 4ko manifestazioan parte hartzeko beharra biderkatzen du.

Garbiñe Aranburu koordinatzaile orokorrak hartu du parte Bilboko Kafe Antzokian egindako agerraldian sindikatuaren izenean. Hala, lehenengo eta behin, Kontseiluarekin landutako ildoaz jardun du, zeinak euskaraz bizi eta lan egiteko eskubidea bermatzea xede duen: “Kontseiluaren batera, gehiengo sindikalak, administrazioa euskalduntzeko plana eskatu genuen. Plan horren xedea, herritarrok zerbitzua euskaraz jasotzeko dugun eskubidea bermatzea da, baita langile publikoei euskaraz lan egiteko eskubidea bermatzea ere”.

Hala, euskararen aurkako oldarraldi judiziala langileok ere bete-betean nozitzen dugula nabarmendu du, eta bata bestearen atzetik datozen erabaki judizialek, hizkuntza eskakizunak ezartzearen aurka egiten dutenek, agerian uzten dutela erasoaldi orokorra dela, eta ez kasu isolatuak: “Atzo, epaitegietatik iritsitako enegarren epaiaren berri izan genuen. Irmoki salatzen dugu EAEko Justizia Auzitegiak euskaraz lan egiteko dugun eskubidea urratu izana”.

Azaroaren 4an, larunbata, 17:00etan Bilboko Euskalduna Jauregiaren aurretik abiatuko da Euskalgintzaren Kontseiluak deitutako manifestazioa, eta honakoa izango da lelo nagusia: Oldarraldiaren aurrean, euskararekin bat, euskaraz bat.

EAEko Gizarte Ekimeneko ikastetxeetako aste honetako bigarren greba egunak ere jarraipena zabala izan du

Patronal nagusiak elkarrizketaren alde egiten duela dioen arren, ez da sindikatuokin harremanetan jarri ere egin azken zortzi hilabetetan.

Gaurkoa, EAEko Gizarte Ekimeneko ikastetxeetako langileek lan hitzarmena berritzeko helburuarekin egiten duen hirugarren greba eguna da. Lehenengoa pasa den apirilaren 25ean egin zuten eta bigarrena atzo, urriaren 17an. Gaurko grebak ere oso jarraipen zabala izan du, atzokoaren oso antzekoa. Langileen ia %70 ingururen babesa izan du beraz. Milaka izan dira Gasteizen egin den manifestaziora gerturatu direnak.

Bihar ere greba egingo dute, eta manifestazioa Donostian, 11:00etan Aldapeta Maria ikastetxetik abiatuta. Gainera, abenduaren 11tik 15era bitarte beste bost eguneko greba deialdia dago erregistratua. Sektore honetan nagusi den Kristau Eskola patronalak elkarrizketaren eta negoziazioaren alde egiten duela adierazi du atzo argitaratuta prentsa ohar baten bidez.

Azken negoziazio mahaia orain dela zortzi hilabete baino gehiago izan genuen ordea, eta apirilaren 25ean lehen greba eguna egin genuenetik urriko grebetara bost hilabete baino gehiago pasa dira. Eta denbora guzti honetan mahaian ordezkaritza duten Kristau Eskola eta AICE-IZEI patronalak ez dira sindikatuokin harremanetan jarri ere egin.

Ikasturtea hastearekin bat LAB, ELA, STEILAS, CCOO eta UGT sindikatuok, Kristau Eskola eta AICE-IZEA patronalei negoziaketa eskaera berri bat ere helarazi diegu; eta Eusko Jaurlaritzari ere bilera eskaera bat luzatu, negoziaketaren blokeo egoeraren berri emateko. Ez dugu ez bata ez bestearen erantzunik jaso gaur gaurkoz.

Sindikatuon helburua 2021etik iraungita dagoen hitzarmena lehenbailehen berritzea da. Ez genuke aurreko hitzarmena lortzeko beharrezkoak izan ziren 29 greba egun luze barnebildu zituen dinamika errepikatu nahi.

Aurreko hitzarmenaren aldeko prozesuan argi geratu zen edukiak daudenean adostasunak lortzen direla. Sindikatu eta patronal nagusi berdinen artean posible izan zen orduan.

Hau horrela, sindikatuok Kristau Eskola eta AICE-IZEA patronalei negoziazio erreala ahalbidetuko duten edukiak mahai gainean jartzeko eskatzen diegu. Hitzarmena berritzea posible egingo duten proposamenak landu eta mahai gaineratzeko ere bai.

9.000 langile inguru dira grebara deituak. 200 ikastetxe baino gehiagotan 130.000 ikasle ingururi eskolak ematen dizkiotenak. Aldarrikapen nagusiak lan zamak arintzeko neurrietan, sektore feminizatu eta prekarizatuenentzat hobekuntzetan, KPIa bermatuko duten soldata igoeretan, lanpostuak mantentzeko neurrietan eta Lanbide Heziketako edukietan oinarritzen dira. Euskara eta berdintasun planak, eta lan osasuna eta bereziki arrisku psikosozialei aurre egiteko planak ere badaude gure aldarrikapenen artean.

Osasunbideko akordioa bete dadila exijitzen dugu

Urte hasieran izandako grebaren ondoren, Nafarroako Osasun Departamentuarekin akordio batera iritsi zen LAB sindikatua lanbide karreraren, esklusibotasunaren eta Lehen Arretaren arloetan zenbait hobekuntza aurrera eramateko. Laster Mahai Sektoriala deituko dutela aurreikusita, LABek exijitzen du bilera horretan berehala ekin diezaiotela akordioa betetzeari eta gai horiek garatzen aurrera egin dadila.

Besteak beste, Departamentuak konpromisoa hartu zuen lanbide karrera Osasunbideko langile guztiei zabaltzeko prozedura bat hasteko eta horretarako behar diren aurrekontu baliabideak eta arau esparrua onartzeko.

Esklusibotasunari dagokionez, akordioan adostutakoa betetzeko konpromiso argia eskatzen du LABek. Izan ere, sindikatu honek hainbatetan salatu izan du badirela pertsonak esklusibotasuna kobratu arren sektore pribatuan ere lan egiten dutenak, baina Departamentuak ez die oraindik salaketa horiei erantzun egokirik eman.

Azkenik, LABek eskatzen du Lehen Arretan eta Arreta Espezializatuan dagoen lan gainkargari heltzeko lantaldeei buruz hitz egitea mahaian.

LAB talde parlamentarioekin bilerak egiten ari da bere jarrera azaltzeko, osasun publikoa blindatzea beste helbururik ez duela, lan baldintza onekin Nafarroako herritar guztiei kalitatezko zerbitzua eskaintzeko.

Gasteizko Michelineko enpresa-batzordeak lantokiartekotik ateratzeko eskatuko du

Gaur, 2023ko urriaren 17an, enpresa-batzordeak ezohiko bilera bat egin du lantokiarteko batzordearen irteerari buruzko erreferendum loteslearen emaitza aztertzeko. Horrela, batzordeak langileen erabakia bermatu du.

Hala eta guztiz ere, LABen oso larria iruditzen zaigu atal sindikal batzuk abstenitu izana, edota ezezkoa bozkatu izana lantegiartekotik irteteari. Zehazki, LAB, CGT, ELA, ESK, CCOO eta CCM sindikatuek eman dute aldeko botoa. UGT abstenitu egin da, eta CSIFek aurka bozkatu du. LABen ustez, emaitza posible bakarra bozketa aho batez onartzea izan behar zen, horretara konprometitu baitziren guztiak. Horrenbestez, irailaren 27an izandako bileran, zeinetan sindikatu guztiak ordezkatuta egon baitziren, aho batez erabaki zen bai data, bai galdera, baita erreferendumaren izaera loteslea ere. Hala, tamalgarria da orain, behin emaitza ezagututa, sindikatu batzuk beste batzuei erasotzen aritzea, aitzakiak bilatzen eta adostutakoa bihurritzen, plantillaren borondatea ez betetzeko.

Urrunago joan gabe, CSIFek ohar bat igorri du, bere sindikatuak ere erreferenduma egitea onartu zuela alde batera utzita. Sindikatu batzuentzat, erreferendumaren “lotesle” hitzak erreferendumaren emaitzarekin lotzen dituela kritikatu du idatzi horretan. Zer espero zuten? Haiek azaldu beharko dute zergatik onartzen duten erreferendum bat egitea, eta gero, emaitza gustuko ez dutenean, bertatik aldentzea. Gainera, Arandan eta Valladoliden kontuan har dezaten ohartarazpen bat egiten du CSIFek bere oharrean; bururatu ere ez egiteko langileei beren iritzia galdetzea.

Bestalde, UGTren jarrera ere gaitzesten dugu, erreferendumaren bezperetatik zalantzak sortzen hasi baitzen haiek lotesletzat jotzen zutenari buruz, lantokiarteko batzordea tartean sartu baitzuen erabakian, etab. Horrek esan nahi du ez dutela babestuko Gasteizko lantegia lantokien artekotik irtetea?

Horregatik, LABen ustez, aurkako botoa eman dutenek beren postuetatik dimititu beharko lukete plantilaren ordezkari gisa. Izan ere, badirudi ahaztu egiten zaiela ez dituztela “berenak” bakarrik ordezkatzen. Bestela, haien sinesgarritasuna lokatzaren parean geratuko da; izan ere, zer espero daiteke kontsulta bat onartu eta gero kontsulta horren emaitza onartuko ez badu?

LABen zentroartekotik ateratzeko urratsak ematen jarraituko dugu, plantilak adierazi duen bezala. Espero dugu lantokiarteko batzordean ordezkaritza duten sindikatuek emaitza errespetatzea, eta Gasteizen irtetearen aurka agertu ez direnak ez saiatzea, modu koldarrean, beste esparru batean hori egiten, beren erantzukizunak beren gain ez hartzearren.

Hemen ez da ezer amaitzen, kontrakoa baizik: orain hasten da dena.

CETEST enpresan lan-baldintzak erregulariza daitezela exigitu dugu

Lan-egoera arautzeko eskaria egiteagatik kaleratua izan zen azpikontratatutako langileari babesa adierazi eta egoera larri hau berriz ez gertatzeko helburuarekin elkartu gara gaur Beasainen eskualdeko delegatuak.

NEREALOR enpresa azpikontratatuaren bidez urtebetez lan egin ondoren, CETEST lantegiko langile bat kaleratu dute. Horretarako arrazoia izan da CETESTekin zuzenean kontratua egiteko eskaria egin zuela langile horrek.

Pertsona horrek egoera arautzeko egin zuen eskaera, enpresarekin Mexikora programatuta zeukan bidaia baino bost ordu lehenago Jerusalemera joateko eman zioten aginduaren ondorioz etorri zen. Hau da, langile honi azken momentuan munduaren beste puntara joateko agindua eman zioten, eta hori egiteko bere lan egoera erregulatzea eskatu zuenean, kaleratua izan zen.

NEREALOR eta ALTRAN bezalako enpresak ohiko azpikontratak dira CAFeko ingeniaritza-lanetan, baina, aldi berean, konplizeak ere badira taldearen filialetan lana prekarizatzeko. Horregatik, CAFekin batera, egoera hauen erantzuletzat jotzen ditugu.

Hala, kaleratutako langilea berehala lanera itzultzea eskatu dugu, baita langileen legez kanpoko lagapen gisa iruzurrezko kontratazioak amaitzea ere. Dirudienez, LABen salaketaren ondoren, enpresak egoera horretan zeuden hamalau langile sartu ditu jada bere plantillan.

Horrez gain, nabarmendu dugu CETESTeko lan-erregulazioa antolatu behar dela, eta hori behartzeko bide bakarra langileen antolaketa dela.

Langileen %70aren babesa izan du EAEko Gizarte Ekimeneko ikastetxeetako gaurko grebak

Apirilaren 25ekoak izandako jarraipena gainditu du gaurkoak. Honek agerian uzten du langileriaren kezka eta arazoak errealak direla. Biharko eta etzirako eta abenduak 11 eta 15 bitarte ere grebak daude deituta esparru honetan.

Gizarte Ekimeneko itunpeko ikastetxeetako 9.000 langile inguru zauden gaurko grebara deituak. 200 ikastetxe baino gehiagotan 130.000 ikasle ingururi ematen dizkiete eskolak.

Greba egunak oso jarraipen zabala izan du; apirilaren 25ekoak izandako jarraipena gainditu du. Lan zuzendaritzak gehiegizko zerbitzu minimoak ezarri dituen arren, sindikatuok batu ahal izan ditugun datuen arabera %70 ingurukoa izan da jarraipena. Bilboko manifestazioan 5.000 langile inguru batu dira. Honek, egindako aldarrikapenekiko langileen atxikimendua erakusten du. Baita beraien kezka eta arazoak errealak direla ere.

Helburua 2021ko abendutik iraungita dagoen hitzarmena lehenbailehen berritzea da. Aurreko Hitzarmena 10 urtez berritu gabe egon zen eta 29 greba egun egin behar izan zituzten langileek hitzarmen berria lortzeko.

Ikasturtea hastearekin bat LAB, ELA, STEILAS, CCOO eta UGT sindikatuok, Kristau Eskola eta AICE-IZEA patronalei negoziaketa eskaera helarazi genien; eta Eusko Jaurlaritzari ere bilera eskaera bat luzatu, negoziaketaren blokeo egoeraren berri emateko. Ez dugu ez bata ez bestearen erantzunik jaso gaur gaurkoz.

Sindikatuok gogorarazi dugu abian jarri dugu mobilizazio dinamikaren barruan beste zazpi greba egun deituak ditugula, zehazki bihar eta etzirako eta abenduaren 11 eta 15 bitarterako. Hitzarmen berria sinatzea ahalbideratuko duten edukiak izan ezean, greba hauekin jarraitu eta dinamika indartu beste biderik ez dugula izango jakinarazi diegu patronalei.

Aldarrikapen nagusiak lan zamak arintzeko neurrietan, sektore feminizatu eta prekarizatuenentzat hobekuntzetan, KPIa bermatuko duten soldata igoeretan, lanpostuak mantentzeko neurrietan eta Lanbide Heziketako edukietan oinarritzen dira. Euskara planak, berdintasun planak eta lan osasuna eta bereziki arrisku psikosozialen aurreko planak ere jomugan ditugu sindikatuok.

Okupazioari ez, Palestina libre!

LAB sindikatuak, CCOO Euskadi, CCOO Nafarroa, LKN-CGT, EHNE, ESK, Etxalde, HIRU, eta Steilasekin batera, palestinar herriari babesa adierazi eta suntsiketa amaitzeko eskatzen duen manifestua osatu du, hilaren 19rako elkarretaratzeak deitzearekin batera. Jarraian irakur daiteke manifestua osorik:

“Joan den larunbatetik hona, indarkeriak gora egin du lehendik gerra egoera etengabean murgilduta zegoen Palestinako lurraldean. Israelgo Estatu Sionistak Palestinaren aurkako erabateko gerra deklaratu izanak Gaza erabat suntsitzea, gerra-krimen kontaezinak, langile palestinarren hilketak (baita Israelgo estatuaren baitan ere) eta gizateriaren aurkako hamaika urraketa dakartza.

Indarkeriaren zurrunbiloa ez da gauza berria Palestinan, eta azken 75 urteetan, bere lurraldearen kolonizazioaren eta bere herritarrei apartheid sistema inposatzearen ondorioz, etengabekoa izan da. Gatazkaren zifrek bere horretan hitz egiten dute: 5,9 milioi Palestinar errefuxiatu bizi baldintza ankerretara eta erbestera kondenatuak, 5.000 preso politiko baino behiago, horietarik ehunka haurrak direlarik, de facto zeru zabaleko kontzentrazio eremu handiena den Gazaren kontrako 16 urtetako blokeoa eta bonbardaketa etengabeak, langile palestinarrentzat checkpoint gizagabeak eta lan baldintza prekarioak nahiz esplotazio orokorra, palestinarren lurren lapurreta, eguneroko razziak palestinarren etxeetan, emakume palestinarren bortxaketak nahiz haurren kontrako jazarpenak, eta herri oso baten umiliazioa. Hau da gerra espirala etengabe elikatzeak dakarren errealitate gordina.

Palestinak elkartasuna behar du, baina batez ere konponbideak behar ditu. Ezin dugu Palestina bakarrik utzi. Palestinako herriak amesteko, bere etorkizuna erabakitzeko, aske izateko eta duintasunez bizitzeko eskubidea du. Horregatik da hain garrantzitsua denbora gehiegi irauten ari den gatazkari konponbidea bilatzea. Zentzu honetan, ireki daitezkeen bide diplomatikoek lehenengo pausu bezala Palestinarren genozidioarekin bukatzea eta bahitutako pertsonen askatasuna lortzea behar-beharrezkoa da.

Horregatik, sindikatuok Israeli bere hondamendi politika eta Palestinarren lurren okupazioari behingoagatik bukaera ematea exijitzen dugu. Baldintza honetatik abiatuta, nazioarteko komunitatearen babesarekin elkarrizketa eta negozio bati bide ematea eskatzen dugu, Nazio Batuen ebazpenen errespetuan oinarrituko dena, eskualdean bakea eta egonkortasuna bermatuko duen irtenbide integral bat bermatuko duena eta Palestinar estatu baten zilegitasuna aitortuko duena, zeinak palestinarren bizitza duin baterako eskubidea bermatuko duen.

Ankerkeria honekin bukatu beharra dago, eta hortaz giza eskubideen urraketekiko konplizitate oro desagertzea eskatzen dugu. Langile klaseari Israel presionatzeko eskura dituen mekanismoak aktibatzea eskatzen diegu, Nazio Batuen ebazpenak onartu ditzan eta eskualdean bake nahiz egonkortasun agertokia lortu dadin.

Horrez gain, erakundeei apartheidarekin, gizateriaren kontrako krimenekin eta Palestinak pairatzen duen genozidioarekin konplizeak izateari utz diezaiotela exijitzen diegu.

Bukatzeko, manifestu hau sinatzen dugun sindikatuok, langile klasea deitzen dugu ostegun honetan, urriaren 19an, eguerdiko 12:30ean Iruñeko Udaletxe Plazan eta 12:00etan Bilboko Eliptika Plazan egingo ditugun elkarretaratzeetan eta hemendik aurrera parametro hauetan eta palestinar herriarekin elkartasunez deitu daitezkeen mobilizazioetan parte hartzera.”