2025-12-31
Blog Page 183

Ondarroan izandako lan-istripu baten ondorioz hildako langilea gogoan izan dugu eta premiazko neurriak eskatu ditugu

Duela 10 egun gertatu zen ezbeharra, eta Galiziako itsasontzi bateko behargina zen hildakoa. Hain zuzen ere, lehorretik itsasontzirako sartu-irten batean uretara erorita hil zen, eta azpimarratzekoa da Osalanek eta Lan Ikuskaritzak ez dutela gertakaria lan-heriotza gisa jo, behargina atseden egunetan zegoela argudiatuta.

LABek, aldiz, argi dauka gertaturikoak harreman zuzena duela lanarekin eta prebentzio neurririk ezarekin, eta halaxe salatu dugu gaur eguerdian LAB-ESK-STEILAS-EHNE-HIRU intersindikalak deitu duen elkarretaratzean. Senide, lagun eta lankideei samina eta elkartasuna adieraztearekin batera, zera utzi nahi izan dugu argi: prebentzioa helburu izango duten behar bezalako azterketak egin eta ondoriorik atera ezean, lan-osasunaren egungo arazoari konponbidea topatzea ezinezkoa dela. Oraingo kasuari loturiko neurri zehatzei dagokienez, alde batetik, Ondarroako portuan deskargatzen duten barkuetako arrantzaleentzat egitura egokiak jarri beharko lirateke, deskantsuan dauden bitartean barkuetan bizitzera behartuak ez izateko. Bestetik, itsasontzitik porturako sartu-irtenetan ohikoak diren istripuak ekiditeko, pasarelak edo maniobra hori errazteko antzeko sistemaren bat ezarri beharko litzateke.

Gainera, Ondarroako Itsastarren Etxea berriki itxi dute, Bizkaiko Aldundiak zerbitzu hau kendu eta adingabeak artatzeko jarduera pribatizatua ezartzeko, bertan zeuden marinelak ostatu batean birkolokatuz. Bestalde, duela gutxi berriztu zen Ondarroako lonja berria, arrainaren salerosketarako instalazio modernoak ezarri direlarik, baita arrantzarekin zerikusia duten enpresa eta erakundeei bulegoak izateko aukera ere. Aldiz, inbertsio izugarri honetan, ez dugu arrantza sektoreko atal garrantzitsuena diren arrantzaleen bizi eta lan baldintzak hobetzeko inolako neurririk ikusi.

LABen denbora asko daramagu arrantzaleen lan-eta bizi baldintza prekarioak salatzen, eta orain gertatutakoa horren guztiaren ondorio da. Hori dela eta, beste behin ere exijitu behar dugu instituzio publikoek neurri zorrotzak ezarri behar dituztela lan-osasuna bermatze aldera, osterantzean enpresariek beren irabaziak lehenesten jarraituko dutelako, langileon bizia eta osasuna jokoan egonik ere. Izan ere, 2023an dagoeneko 47 behargin hil dira Euskal Herrian lan-istripuz.

Aski da, Gasteizko Michelinen jazarpenik ez

Soilik aurtengo urtean, 2012-2018 urteetan baino kaleratze gehiago izan dira.

LABetik salatu dugu enpresak azken urteotan izan duen deriba autoritarioa. Batez ere santzio arinak aplikatzetik, orain santzio mailaketa handitzera igaro da, gaur-gaurkoz larriak eta oso larriak direlarik gehienak. Gainera, kopurua bera ere handitu egin da.

2023an diziplinazko 13 kaleratze izan dira. Urtarriletik ekainera bitartean hiru kaleratze egin ziren, eta ekaineko grebetatik aurrera beste 10 pertsonari egin diete hori bera. Guztiak grebetan parte hartu zuten pertsonak dira.

Horrek enpresaren dinamika bati erantzuten dio, langileak beldurtzeko helburua duena, halako neurri traumatikoekin batera, matrizeak Gasteizko instalazioarekiko konfiantza galtzea etengabe adierazten duelarik. Non geratzen dira multinazionalak hainbeste predikatzen dituen balioak? Horri buruz ari al dira pertsonak zentroan kokatzeaz ari direnean?

Ezin dugu saihestu gertakari horiek erreferendumarekin (Gasteizko lantegia lantokiarteko batzordetik ateratzea erabaki zuenarekin) lotzea. Lantokien arteko batzordean enpresa oso eroso zegoen, Estatu mailako zenbakiak hobeak baitzaizkio bere interesetarako.

Iurreta: Osakidetzako biltegien pribatizazioa

Ezkerraldea-Enkarterri-Gurutzeta ESIko Zuzendaritzak, gardentasuna deritzon ariketa batean, txosten txiki bat helarazi die sindikatuei, Osakidetzako Zuzendaritza Nagusiak Plataforma Logistiko Korporatiboaren Proiektua deitu duela aurkezteko.

Bilera Zuzendaritza Nagusiak sortutako dokumentu baten aurkezpen soila izan da, eta hartutako erabakia egokiena dela sinestarazten saiatu da etengabe.

Dokumentuan kronologia argia azaltzen da. Hilabete honetan lizitazioa aterako da, eta lizitazio horretan honako hauek jasoko dira: EITBren Iurretako instalazio zaharrak eraistea, eraikin berria eraikitzea, plataforma logistikoa 10 urtez garatzea eta kudeatzea.

Plataforma Osakidetzarena izango da, baina kudeaketa % 100 pribatua izango da. Badugu Alzira modeloaren euskal bertsioa, orain Iurreta modeloa izango dena. Lankidetza publiko pribatuaren eredu gorenak badu izena Euskadin, eta Iurreta du izena.

Sailburuak maiatzaren 5ean hitzez hitz zera esan zuen: “Zentralizazioa lanpostu bakar bat ere murriztu gabe egingo da”. Horren ostean, azaroaren 14an ESIko zuzendaritzarekin topo egin genuen, eta defendatu genuen ez zela aurreikusten lanposturik galtzea, lan-edukiak aldatzea baizik.

Zuzendaritzak erosketa zentralizatuaren abantaila sinestezinak justifikatu ondoren, justifikatu zuen enpresa pribatu batek eskaerak prestatzea, Iurretatik ESI desberdinetara eskaerak etengabe garraiatzea eta lehen eskaerak prestatzen zituzten pertsona horiek unitateka bakarrik banatzea hobekuntza bat dela guztiontzat.

Lehen mailako arretako unitateetarako banaketa zuzenean plataforma logistiko korporatibotik kudeatuko da, eta lan horiek egiten zituzten hainbat ESItako gidariek, beharbada, beste lan batzuk egingo dituzte, gidatzearekin zerikusia izan edo ez.

Hilabete honetan lizitazioa egingo da, eta, ondoren, eskaintzarik onena duten hiru enpresekin batera garatzea da asmoa, enpresa horiek plataforma horren garapenean duten esperientzia aprobetxatu ahal izateko. Behin azalduta, bakarra geratu ahal izango da, eta ez dakigu borroka epikoa izango den edo, besterik gabe, batek planteatutako beharrak bete ahal izango dituen, edo soilik eskaintzarik baxuena hartuko den.

Iurreta eredurik onena gisa saltzen dute biltegiak kudeatzeko softwarea normalizatzeko, eta armairu adimendunak normalizatzeko. Osakidetzako Zuzendaritzak aditzera eman nahi du lan horiek guztiak ezin direla egin langile publikoekin, ez dugulako ez baliabide nahikorik, ez beharrezko esperientziarik.

Duela urte asko, Osakidetzan bere kudeaketa ekonomikoko softwarea erabiltzen ari da biltegiak gestionatzeko, erosketak egitetik hasi eta sukurtsalak kudeatzeraino. Osakidetzako biltegien gestio logistikoak esperientzia handiko profesionalak ditu. Beharrezko esperientzia ez dugula esatea, berriz ere, Osakidetzako plantilla gutxiestea da.

Onartezina da Osakidetzako kudeatzaile gorenen aldebakarreko erabakia inolako gardentasunik gabe eta inolako parte-hartzerik gabe egitea. Erabaki hori Zuzendaritzen parte-hartzerik gabe, sindikatuen parte-hartzerik gabe, inongo gizarte-eragileren parte-hartzerik gabe eta, jakina, herritarren parte-hartzerik gabe hartu da.

Baina arduragabeagoa da erabaki hori inolako azterketarik, onurarik edo inpakturik egin gabe hartzea. Sistema horrek ingurumenean izango duen eragina oso larria izango da ziurrenik, eta, logikoa denez, hasi aurretik ebaluatu beharko litzateke.

Gurutzetan planteatutako errealitatea Osakidetzako gainerako ESIetara estrapolatu daiteke. Planteatzen ari gara biltegira banatzeko egunero egiten diren eskaerak jada ez direla ospitalean prestatuko, Iurretan prestatuko direla eta egunero garraio-lanak egongo direla eskaera horiek helmugara iristeko. Kontuan hartuta egoera hori bera ESI guztietan gertatuko dela, ez gara gai sistema berri horrek sortuko dituen bidaia kopurua kalkulatzeko, eta ez ahalmen hori ez dugulako, baizik eta astakeria neurtezina delako.

Aurreikus daiteke Osakidetzaren karbono-aztarnak, XXI. mendean, muga pentsaezinak izango dituela gutxieneko ingurumen-sentsibilitatea duen edonorentzat.

LABen irakurketa argia da, hau da, Osasun Publikoaren pribatizazioa dela hau, herritar guztien aurrezkiei (Urkulluri horrenbesteko kezka sorrarazten dienei) nabarmen eragiten diena. Erabat irrazionala da egin duten planteamendua, bai gastu publikoa murriztearen ikuspegitik, bai administrazioaren ingurumen-inpaktua murriztearen ikuspegitik.

Akordiorik ezean, abenduaren 20an greba mugagabea izango da Gipuzkoako Kale Garbiketan

Azaroaren 18an, Gipuzkoako Bide Garbiketako hitzarmen duin baten alde manifestazioa egin genuen Donostian LAB, ELA, CCOO eta UGT sindikatuok.

Manifestazioan sektoreko ehundaka langile batu ziren; kale-garbiketa, zabor-bilketa, zabortegiak, erraustegiak, hondartzen garbiketa, gaikako bilketa, birziklatze-plantak, estolderia, etab lanean ari diren langileak. Hitzarmenaren negoziaketa otsailean hasi bazen ere, Aselip patronalak oraindik ez du proposamen oso eta duinik jarri mahai gainean.

Eros ahalmena bermatuko duen soldata igoera, errelebo kontratua hobetzea, bajak guztiak %100 osagarritzea, lanbide-kategorien egokitzapena, plus berriak sortzea eta, orokorrean, lan-baldintzen hobekuntza bermatuko duen hitzarmena aldarrikatzen dute langileek. Ekainaren 17an egindako manifestazioaren ostean berriz bete dituzte kaleak, eta egoera aldatu ezean, abenduaren 20tik aurrera greba mugagabeari ekiteko deia egin dugu lau sindikatuok.

Bizkaiko kiroldegietako beharginek mobilizazioak abiatu dituzte

Abenduaren 11n eta 12an lanuzteak egingo dituzte, lan-baldintza duinak jasoko dituen eta Kirol Lege berriak aipatutako betebeharretan oinarrituko den hitzarmena aldarrikatzeko asmoz.

Kiroldegietako langileek argi dute euren ogibidea merezi duen aitortza. Osasunaren zaintza aktiboaren eskaintza publikoaren izenean saltzen dituzte beren zerbitzuak; beraz, lan-baldintzak garatu egin behar dira, profesionalizazio maila garatu den neurri berean. Besteak beste, Kirol Lege berriak exijitzen dituen betebeharrak isla izan behar du hitzarmen berrian.

Horregatik, elkarretaratzea egin dugu gaur, LAB, ELA, UGT eta CCOO sindikatuok deituta, gure haserrea adierazteko eta hurrengo mobilizazioak iragartzeko. Izan ere, abenduaren 11rako eta 12rako lanuzteak deitu ditugu goiz zein arratsaldez (9:30etik 11:30era eta 17:30etik 19:30era).

Gipuzkoako esku hartze sozialeko langileek Aldundiaren egoitzaraino eraman dituzte euren aldarrikapenak

Donostian manifestazioa egin ondoren, eserialdia egin dute Gipuzkoako Foru Aldundiaren egoitzaren aurrean. Adierazi dute hilabete igaro direla Gipuzkoako Esku-hartze sozialeko IV. Hitzarmen kolektiboa negoziatzeari ekin ziotenetik. Hedatzen patronalak sindikatuekin izandako bigarren bileran eragin ekonomikoa zuten gai guztiak irailean negoziatuko zituela adierazi zien arren, orain argi utzi die Aldundiaren eta Udalen onespenik gabe ezingo duela inolako akordio ekonomikorik sinatu; gainera, salatu dute Aldundiak gaur gaurkoz ez duela KPIa bermatzeko inolako konpromisorik adierazi.

Egoera honen aurrean, euren aldarrikapenen berri eman dute gaurko protestan:

Alde batetik, Aldundia eta Udal Gobernu ezberdinak izanik eskaintzen dituzten zerbitzuen kalitatearen, bai eta langileon baldintzen arduradun nagusiak, datozen legealdian zehar langileon ordezkari diren sindikatu eta zerbitzuen kudeaketaz arduratzen diren enpresetako zuzendaritzekin elkarlan bat abiatu dezatela sektoreak dituen erronkei eutsi eta lan baldintzak hobetzeaz gain, zerbitzuen kalitatea ere hobetzeko: eros ahalmena bermatuz, lan-kargak gutxitzeko neurriak hartuz (ratioak aldatuz eta hobetuz), lana eta bizitzaren kontziliaketa hobe baterako neurriak ezarriz eta langile helduenen jubilazioa erraztuz edota klasifikazio profesionala eguneratuz. Horretarako, LAB, ELA eta CCOO sindikatuekin hitzartutako bileran, langileen lan-baldintzak hobetzera zuzenduriko konpromezuak hartzeko exijitzen diote Gipuzkoako Foru Aldundiko Zainketa eta Gizarte Politiken Departamentuari.

Bestetik, Hedatzen patronalari bere hitza bete eta benetan negoziatzeko eskatzen diote. “Ez dugu ahaztu behar Hedatzen patronala dela mahaian alderdi sindikalarekin batera esertzen dena, eta ondorioz, edukiak negoziatzeko ardura duena. Horregatik, KPIa bermatu eta sektoreko langileen lan baldintzak hobetzen dituen akordioa sinatu dezan eskatzen diogu”, gaineratu dute.

Azkenik, Gipuzkoako herritarrei adierazi nahi diete, gaur-gaurkoz aurrera pausurik egon ez denez, Ekintza Sindikala martxan jarri dutela, blokeo egoera honi irtenbide eman eta lan baldintzak hobetuko dituen Hitzarmen Kolektiboa erdiesteko. “Azken finean, jokoan dagoena ez baita gure eros ahalmena edo gure lan baldintzen hobekuntza bakarrik, kalitatezko zaintza eta gizarte zerbitzuak jasotzeko gipuzkoar guztiok dugun eskubidea baizik”, azpimarratu dute.

Lizarrako Osasun Barrutiaren desegitea berresten duten datuak erakutsi ditugu

2019az geroztik, Nafarroako Gobernuak 0 euro bideratu ditu Lizarrako Osasun Barrutian itxaron zerrendak murrizten saiatzeko. Ordutik eta 2022ra bitartean, lehen kontsultarako itxaronaldiaren batez bertzeko atzerapena 23tik 75 egunera igo zen. Horiek bi datu ofizial bertzerik ez dira, askoren artean, Estellerrian osasun arreta publikoa abandonatu eta eraisten ari direla frogatzen dutenak. LAB sindikatutik eskualdean datu horiek ezagutaratzen ari gara, salaketa kanpaina baten bidez.

Nafarroako Osasun Informazioko Sistemaren, Kontuen Ganberaren eta Osasunbidearen beraren datu ofizialak bildu ditu LABek, berriz ere egiaztatzen dutenak nola ari diren desegiten Estellerriko herritarren kalitatezko osasun laguntza publikoa. Datu horiekin guztiekin, sindikatuak diptiko bat eta kartel bat egin ditu, inguru osoan zehar zabaltzen ari dena, egoera salatzeko eta herritarrei ikusarazteko beren larruetan sufritzen ari direnak ez direla sentsazio hutsa, Administrazioaren datu ofizialek deskribaturiko errealitate gordina baizik.

2019-2022 aldian Osasun Departamentuak 0 euroko inbertsioa egin zuen Lizarrako barrutian itxaron zerrendak murrizteko; Iruñeko barrutian, berriz, hiru milioi eurokoa izan zen (346 kontratu berri sortu zituen), eta Tuteran, berriz, ia 400.000 eurokoa (eta 120 kontratu). Datu horrek argi eta garbi erakusten du Estellerriko herritarrak jasaten ari diren diskriminazioa. Eskualdeak 62.000 pertsona inguru ditu; horietako 15.000 pertsona 65 urtetik goitikoak dira eta 8.000 pertsona 14 urtetik beheitikoak, eta horiek guztiak mugitzera behartzen dituzte osasun arreta ona jasotzeko.

Aipaturiko aldi horretan, lehen kontsultarako itxaron zerrendako batez bertzeko atzerapena 23tik 75 egun naturalera igo zen. Era berean, ebakuntza kirurgikorako batez bertzeko atzerapena 57 egunetik 109ra pasatu zen. Izan ere, plantilla osoa ez dute indartu. Aitzitik, espezialista finkoen kopurua 61etik 33ra pasatu zen. Egun, langile gehiago daude behin-behineko egoeran (432) finko baino (372). Lan egoera hori dela-eta, espezialista eta Lehen Arretako mediku askok alde egiten dute lan ezegonkortasunagatik eta garatzeko aukerarik ez dutelako.

LAB sindikatuak ulertzen du hainbat faktorek eragin dutela desegite hori, eta horien artean dagoela aurreko gerentziaren kudeaketa txarra. Gerentzia hori aldatu ondoren, antolamendu arazoak konponduko direla espero izatekoa da. Baina inbertsio faltaren ondoriozko arazoak Parlamentuan eta Gobernuan konpondu behar dira, eta berehala konpondu behar dira, horretan baitatza Estellerriko herritarren osasuna.

Positibotzat jotzen dugu Arcelor Mittal Sestaon ordainsari aldakorraren %10aren erreklamazioan lortutako garaipena #LortuDugu

Garaipen hori da, hain zuzen ere, erreklamazio judiziala eta ekintza sindikala uztartzea beharrezkoa denaren adibide argia, eta LABek bakarrik eraman du uztarketa hori aldarrikapen horretara.

Aste honetan iritsi da LABek, CCOOk eta UGTk Sestaoko Arcelor Mittalen jarri genuen erreklamazio judizialaren aldeko epaia. Erreklamazio horren bidez, enpresak, justifikatutako inolako arrazoirik gabe, ordaintzeari utzi zion ordainsari aldakorraren %10a ordaintzea eskatzen genuen. Horrek esan nahi du hilean 100.000 euroko soldata-masa ordaindu gabe utzi nahi zuela enpresak, eta epaia eman ondoren, ordaindu egin beharko diela langileei.

LABen eta ELAren aldetik, lanuzte eta mobilizazioekin indartu zen erreklamazio hori. Deialdi horien balioa ukaezina da, eta aspaldian lantegian lortzen ez zen aktibazioa ikusi ahal izan zen.

Mobilizazioei balioa ematen diegu, zorionez edo zoritxarrez, oso ondo ezagutzen dugulako Arcelor Mittaleko zuzendaritza, eta, horregatik, uste osoa dugu epai horren aurkako errekurtsoa aurkeztuko duela. Jarrera horren aurrean, aipatu dugun aktibazio hori oso garrantzitsua izango da enpresaren erabakia baldintzatzeko eta sindikatuek arrazoi dutela frogatuta geratu den egoera ez luzatzeko.

Horregatik guztiagatik, ohar hau baliatu nahi dugu, langileak zoriontzeaz gain, lantegiko zuzendaritza intepelatzeko, epai hau errekurritzeko prozesurik has ez dezan; izan ere, hori kaltegarriagoa izango litzateke eurentzat langileentzat baino.

EAEko hainbat herri eta hiritako udalbatzetan Haurreskolak Partzuergoko plazen eskaintza handitzeko mozioak erregistratu ditugu

Aurreko ikasturteetarako matrikulazioarekin alderatuta, eskaeren kopurua %55 igo da, 1229 eskaera gehiago jaso zirelarik apirileko matrikulazio aldian.

0-3 urte bitarteko haurrei hezkuntza zerbitzua eskaintzen dien Haurreskolak Partzuergo Publikoan 2023-2024 ikasturtetik doakotasuna ezartzea lortu du LABek, azkeneko urteetan eragileekin eta familiekin egindako lana eta hainbat greba eta mobilizazio egin ostean. Neurri honek hasieratik eragin zuzena izan du familien eskaera kopuruan. Izan ere, 2023-2024 ikasturterako matrikulazioak izugarrizko gorakada izan zuen. Aurreko ikasturteetarako matrikulazioarekin alderatuta 1229 eskaera gehiago jaso ziren apirileko matrikulazio aldian, eskaeretan %55eko igoera dakarrelarik. Haurreskolak Partzuergoan matrikulazio epe berriak irekitzen dira hilabetero; beraz, ikasturtean zehar zentroen betetze maila igotzen doa.

Haurreskolak Partzuergo Publikoaren Zuzendaritza Batzordearen hitzetan, “lehen haurtzaroko hezkuntza eta zaintza kalitate handiko zerbitzu publikoa, unibertsala, eta doakoa izan dadin nahi da”.

Gauzak horrela, zerbitzuaren unibertsaltasuna helburu eta jaiotzatik haurrek izan behar duten aukera berdintasunean hezkuntza jasotzeko eskubidea berma dadin, LAB Sindikatuak EAEko Haurreskolak Partzuergoko zentroen betetze mailaren jarraipen etengabea egin du ikasturte hasieratik. Detektatu zuen partzuergoko hainbat haurreskolatan urrirako ez zegoela plaza librerik, eta ondorioz, zentro horietan ezingo dutela familia gehiagok izena eman. Beste hainbat zentrotan, ordea, matrikulazioaren bilakaera ikusita familia ugari kanpoan gelditzeko arriskua dagoela detektatu du sindikatuak.

Egoera ikusirik eta hau iraultzeko asmoz, Haurreskolak Partzuergoa Eusko Jaurlaritza eta udalen artean sortutako erakundea izanik, EAEko hainbat hiri eta herritako udalbatzek eskaintza handitzeko erabakia hartu dezaten mozioak aurkeztu ditu LAB sindikatuak, Haurreskolak Partzuergoko plazen eskaintza handitzea eskatuz. Hasteko, Bilbo, Santurtzi, Bastida, Getxo, Irun, Lasarte, Donostia eta Zallako udaletan erregistratu dituzte mozioak, gai hau mahai gainean jarri eta eskaintza handitzeko erabakia har dezaten. Eta hurrengo asteetan ere norabide berdinean jarraituko du LABek.