2026-06-18
HomeIdazkaritzakCGTPren Nazioarteko Konferentzia Sindikalean parte hartzen ari gara, Portugalen

CGTPren Nazioarteko Konferentzia Sindikalean parte hartzen ari gara, Portugalen

Bere XV. Kongresuaren bezperan, CGTP sindikatu portugaldarra Nazioarteko Konferentzia Sindikala egiten ari da Seixalen. Bertan, Garbiñe Aranburu LABeko koordinatzaile nagusiak hitzaldi bat egin du, eta nabarmendu du sindikalismoak alternatibak eskaini behar dizkiola langile klaseari, egoera zehatzei lotuta egongo diren eta pertsonen bizitza hobetuko duten proposamen eraldatzaileak eginez.

Ildo horretan, herrien Europa soziala lortzeko bidean ahaleginak egitearen aldeko apustua egin du Aranburuk. Pertsona eta herri guztien eskubideak bere jardun politikoaren erdigunean izango dituen Europa.

Era berean, sindikalismo borrokalaria eta klasekoa indartzeko beharra baztertu du; izan ere, “indartsu gauden lekuetan, eskuinaren eta faxismoaren planteamenduek sartzeko gaitasun askoz txikiagoa dute”. Sindikalismoak langileen zerbitzurako tresna erabilgarria izan behar du. Sindikalismo feminista eta arrazakeriaren aurkakoa praktikatuz eta trantsizio ekosozialaren aldeko apustua eginez. Gizartea eraldatzeko aldaketak eta aldaketa politikoak bultzatzen dituen sindikalismoa defendatu du, eta, gainera, proposamenak egiten dituena.

Hala, LABek banaketa hirukoitzaren alde egindako apustua gogorarazi du: zainketen banaketa, enplegua eta aberastasuna. “Lan guztiak aitortu eta banatu behar dira, zaintzakoak barne; enplegua eta soldatak duindu behar dira, eta prestazio eta zerbitzu publiko duinak bermatu”, adierazi du.

Gainera, sektore eta enpresetan borroka sindikal eta sozialak, grebak eta mobilizazioak bultzatzeko beharra azpimarratu du. Halaber, langileen aldeko indar korrelazioa hobetuko duen sindikalismoari ekin behar zaiola adierazi du. Mezu hori iritsi egiten zaio jendeari, langile klaseak argi baitu antolaketa eta borrokaren balioa. Horrela, gogoratu du azken bi ikasturteetan Euskal Herrian izan diren greba eta mobilizazio kopuruak gora egin duela, joan den azaroaren 30eko Greba Orokor Feministari aipamen berezia eginez.

Aranburuk adierazi duenez, langile klaseak eta kontra-botere mugimendu sindikalak beti egin dute gerren aurka eta justizia soziala duen bakearen alde. Horrela, LABen uste dugu sindikalismoak rol hori betetzen jarraitu behar duela, konponbide diplomatikoak, elkarrizketatuak eta negoziatuak bultzatuz, nagusi den olatu belizista alde batera utzita.

Azkenik, Palestinak pairatzen duen genozidioa salatu du, eta Abdullah Ocalan duela 25 urtetik kartzelan dagoen buruzagi kurdua gogoratu du.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Lanuztea Bizkaiko Foru Aldundian: 600 pertsona baino gehiago mobilizatu gara akordio eta hitzarmen berri baten alde eta telelanaren alde

Gaur, ekainak 17, Bizkaiko Foru Aldundiko langileek bi orduko lanuztea egin dute Langileen Batzordeak eta Enpresa Batzordeak deituta, ELA, LAB, UGT eta CCOO sindikatuen babesarekin.

Mobilizazioak egin ditugu elikagaien merkataritzako tokiko hitzarmenak defendatzeko

Patronalak eta banaketa kate handiek bultzatutako ekimenak Hego Euskal Herriko elikagaien merkataritzan adostutako lan baldintzak mehatxatzen dituela salatu dugu. Gaur mobilizazioak egin ditugu Hego Euskal...

Hezkuntza komunitateak Gimeno kontseilariaren kargugabetzeari emandako babes masiboa erregistratu dugu

Hezkuntza komunitatea osatzen duten ia 1.900 lagunen sinadurak aurkeztu ditugu LABetik, eta Chivitek fitxarik mugitzen ez badu, irailean mobilizazioei berriz ekingo diegula iragarri dugu.