2024-04-29
HomeEkintza SindikalaLABek Nafarroa Garaian inoizko emaitzarik onenak lortu zituen 2023ko hauteskunde sindikaletan: 1.223...

LABek Nafarroa Garaian inoizko emaitzarik onenak lortu zituen 2023ko hauteskunde sindikaletan: 1.223 delegatu ditu eta %18tik hurbil dago

Nafarroako Gobernuak azkenean zabaldu dituen emaitza ofizialen arabera, LAB sindikatuak maximo historikoak lortu zituen 2023ko hauteskunde sindikaletan. Azken datuen arabera, LABek 1.223 delegatu ditu Nafarroa Garaian, eta %17,96ko ordezkaritza. Lau sindikatu nagusien artean, azken urtean LAB izan da delegatu kopuru gehien lortu dituena, bai eta ehunekoan gora egitea lortu duen bakarra ere.

Hauteskunde sindikalen nolakotasuna dela-eta ‒enpresa bakoitzak bere erritmoak baitaramatza‒, zaila da ordezkaritzaren ehunekoetan berehalako aldaketa nabarmenak gertatzea. Kontrara, aldaketak oso mantso izaten dira. Hala ere, aipatzekoa da azken urteetan LAB izan dela Nafarroan gehien hazi den sindikatua. Adibidez, 2008an 827 delegatu zituen (%12,48) eta 2023. urtea 1.223 delegaturekin bukatu zuen (%17,96).

2021 eta 2022 urteetan LABek halako geldialdi bat izan zuen bere hazkundean eta, delegatu kopuruari eutsi bazion ere, ehunekoan behera egin zuen. 2023an, hauteskundeak dituzten enpresetako delegatu multzoak handitzen ari diren testuinguru batean, lau sindikatu nagusiek lortu zuten delegatu kopuru absolutuan gora egitea, baina LAB izan da kopururik handiena erdietsi duena (+113); horregatik egin du, hain zuzen ere, halako jauzia bere ehunekoan: 1.110 delegaturekin eta %17,16rekin bukatu zuen 2022. urtea; 1.223 delegaturekin eta %17,96rekin bukatu zuen 2023. urtea.

2023an UGTk 59 delegatutan egin du gora, baina -0,38 puntu ehunekoan; CCOOk 67 delegatutan gora, baina -0,21 puntu ehunekoan; ELAk 58 delegatutan gora, baina -0,31 puntu ehunekoan; aitzitik, LABek 113 delegatutan gora eta +0,8 puntu ehunekoan.

LABek badaki Nafarroako lau sindikatu nagusien artean laugarrena dela, eta puxka batera dituela bertze hirurak. Baina, era berean, jakin badaki orokorrean bere indarra oso beharrezkoa dela eta anitzetan nahitaezkoa ere izaten dela enpresetan edo sektoreetan gehiengoak osatzeko. Nabarmentzekoa da, konparazio batera, Foru Administrazioko lehen sindikatua dela 77 delegaturekin, Nafarroako ikastoletan delegatu guztiak dituela, Esku-hartze Sozialean ordezkaritza osoaren %70 duela, Laneratze eta Gizarteratze enpresen sektorean delegatuen %63 duela, edo sektore agropekuarioan lehen indarra izatetik 3-4 delegatura dagoela (botoetan lehena da gaurgero).

LAB sindikatuak, hauteskundeetan parte hartzen duen heinean, gero eta delegatu gehiago izan nahi ditu, noski. Baina ez sindikatua helburu bezala ikusten duelako, baizik eta sindikatua aldaketarako tresna garrantzitsu gisa ulertzen duelako. Eta tresna horrekin jarraituko du LABek, batetik, lan harremanak eta baldintza sozialak duintzearen aldeko eta prekarizazioaren kontrako borrokan, eta bertzetik, aldaketa sozialaren aldeko borrokak bulkatzen.

Nafarroako ordezkaritza sindikalaren bilakaera 2008-2023 urteetan

  • Nafarroa Garaiko lau sindikatu nagusiek ordezkaritza sindikal osoaren ia %90 izan dute azken hamasei urteetan. UGT, CCOO, ELA eta LAB sindikatuek ordezkaritzaren %89,67 zuten 2008 urtean, eta 2023. urtea %88,92rekin bukatu zuten. Hau da, hamasei urtetan bakarrik 0,75 puntu portzentual jaitsi da haien ordezkaritza. Alegia, lau sindikatu horien zenbakietan izan diren aldaketak, batez ere, haien arteko zenbaki trukaketak izan dira; bertze sindikatu txikiagoetara apenas mugitu baitira ehuneko horiek.
  • UGT-k beherakada nabarmena izan du azken urteetan. 2008an Nafarroako ordezkaritza osoaren herena izatetik hurbil zegoen, eta bigarren sindikatua ia zazpi puntura zuen. Baina 2023 bukaerarako 6,57 puntu galduak zituen eta CCOO puntu bat baino gutxiagora zuen (0,73).
  • 2020ko azaroan CCOO-k Nafarroako lehen postua kendu zion UGTri lehenbizikoz. Baina une txiki bateko kontua baino ez zen izan; urte hura lehen indar sindikal gisa itxi baitzuen UGT-k berriz. Dena dela, arestian erran bezala, CCOO lehen postutik oso gertu dago. Baina hori hala bada ez da izan ikaragarri igo delako, baizik eta UGTren beheraka oso handia izan delako. Berez, 2008tik 2023ra CCOOk 0,83 puntu portzentual galdu ditu.
  • ELAk 2022ko abuztuan 1.500 delegaturen langa gainditu zuen lehenbiziko aldiz eta, uneko arrakastaz hordituta, lau haizetara zabaldu zuen Nafarroan lehen sindikatua izatetik 90 delegatu baino gutxiagora zegoela. Eta egia da hurbil dagoela (113 delegatura), baina koska handi samarra falta zaio oraindik. Bere igoera ez baita espektakularra izan: 2023an 2008an baino 1,17 puntu portzentual gehiago zuen.
  • 2008an LABek 18,54 puntura zuen UGT. Aitzitik, 2023an, 6,49ra. Hau da, 12 puntuko tartea jan dio azken hamasei urteetan. LAB izan baita, alde handiz, 2008tik 2023ra gehien hazi den sindikatua: 5,58 puntu egin ditu gora.
  • Obedientzia espainoleko sindikatuak (UGT eta CCOO) eta kontraboterezko sindikatuak (ELA eta LAB) blokeetan jarriz gero, oso azpimarratzekoa da Nafarroako eremu sindikalean gertatu den aldaketa. UGTk eta CCOOk 2016an utzi zioten ordezkaritza osoaren erdia baino gehiago izateari, eta 2023. urtea %48,17rekin bukatu zuten. Kontrako noranzkoan, ELAren eta LABen blokeak hamar urte daramatza gorakada etengabean: 2023. urtea %40,75ekin bukatu zuten. Izan ere, 2008tik 14 puntu laburtu da bi blokeen arteko aldea.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Enpresak Imegarreko grebalarien aurka erakutsitako jarrera onartezina salatu eta borrokaren zilegitasuna aldarrikatu dugu

Egun hauetan mobilizatzen aritu dira Imegarreko langileek, eta enpresari beren lankideak berriz onartzeko eta gatazka konpontzeko eskatu diote. Aldiz, enpresak, jarrera desafiatzailea eta mehatxagarria izan du. Behin baino gehiagotan, kontseiluko kideek aurre egin diete langileei, mehatxatu eta iraindu egin dituzte. Baina ez hori bakarrik; izan ere, salatu nahi dugu pikete batean parte hartzen zegoen LAB-eko kide bati salaketa jarri diotela, akusazio faltsupean. Horregatik, gaur, enpresak bere langileekiko eta langileei laguntzera joan diren pertsonekiko izan duen arduragabekeria publikoki salatu dugu.

Alex Aranzabalek egindako kudeaketa txarra salatu nahi dugu

Informazio-ohar honen bidez, azken hilabeteetan Aguirre y Aranzabal (AYA) enpresan eta Alex Aranzabal gerentearekin izandako gertakariak argitu nahi ditugu. Lehen pertsonan ikusi dugu nola igaro den denbora, eta nabarmenki gertatu da gainbehera kudeaketaren esparru guztietatik.

Bollera izatea, aske egiten gaituen erabakia. Askatasunez bizi nahi dugun erabakia. LANTOKIETAN ASKE!

Lesbiana izateagatik jazartuak eta zigortuak izatea oraindik orain gutako askok bizi dugun egoera da.