2026-10-13
HomeEkintza SindikalaBilera bat eskatu diogu Nafarroako Hezkuntza Departamentuari, bi urteko haurren gelak nola...

Bilera bat eskatu diogu Nafarroako Hezkuntza Departamentuari, bi urteko haurren gelak nola eta non ezarriko diren argitzeko

Bileraren helburu nagusia da Departamentuak orain airean dauden hainbat galderari erantzutea: gela horiek zein ikastetxetan ezarriko diren, ikastetxe horiek nola moldatu behar diren, langileen baldintzak, haur-eskola batzuk nola geldituko diren…

Joan den astean, Hezkuntza departamentuak iragarri zuen, ustekabean, 2024-2025 ikasturtean bi urteko haurren zenbait gela txertatuko direla ikastetxe publiko batzuetan. Berri hori entzunda, LAB sindikatuak premiazko bilera bat egiteko edo sektoreko mahaia biltzeko eskaera egin die bai Departamentuari, bai Haur Eskolen Zerbitzuari. Helburua da sektoreko langileak larriki kezkatzen dituzten zenbait gai argitzea.

LAB sindikatuan, beharrezkoa ikusten dugu langileek jakitea Departamentuak zer ikastetxetan sartu nahi dituen 2 urteko haurren gela horiek, eta, halaber, noiz eta nola egokituko diren ikastetxe horien instalazioak bai adin horretako haurren ezaugarri psiko-ebolutiboetara, baita haurren beharretara ere. Departamentuak argitu beharra du nola egingo diren kontratazioak, kontratatutako hezitzaileak B mailakoak izango ote diren (ikastetxeetako irakasleak bezala) edo C mailakoak (haur-hezitzaileak bezala), eta kontratazio horiek arrakala bat sortuko ote duten ikastetxe publikoetako 2 urtekoen geletan arituko diren langileen eta haur-eskoletako langileen artean.

Horrez gainera, landa-eremuek bereziki kezkatzen gaituzte; izan ere, azken urteotan, eremu horietan unitateak murrizten ari dira hainbat arrazoirengatik. LABen espero genuen, duela aste batzuk etapa honetarako iragarri zuten doakotasunari esker, matrikulen kopuruak gora egingo zuela landa-eremuetako eskoletan. Horregatik, uste dugu Departamentuak azaldu beharko lukeela zer plan duen haur-eskola horiek sustatzeko, egungo egoerari kalte gehiago egin gabe.

Horrela, bada, LABek aditzera eman nahi du behar-beharrezkoa dela Hezkuntza Departamentuak bilera bat egitea gurekin lehenbailehen, galdera asko erantzun gabe daudelako eta denbora aurrera doalako etengabe. Hurrengo ikasturtearen hasiera bertan da, eta ezinbestekoa da Departamentuak langileen ahotsa entzutea, ikasturtea behar diren berme guztiekin hasi ahal izateko.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Enplegu Publikoko Zuzendaritzak bazter utzi du hitzarmenaren negoziazioa: 16 urte hitzarmenik gabe eta egutegirik ez

Gaur, urriak 13, Eusko Jaurlaritzako eta Organismo Autonomoetako langileen ordezkaritzaren eta Funtzio Publikoko Zuzendaritzaren arteko alorreko mahaia bildu da. LAB sindikatuan oso larritzat jotzen dugu Lan Harremanetako zuzendari berriak bertan azaldu duen jarrera.

Instalazioen narriadura larriaren eta segurtasun-bermerik ezaren ondorioz Arraizko TMB plantan beste istripu bat izan dela salatzen dugu

LABetik publikoki salatzen dugu Bilbon kokatutako Arraizko tratamendu mekaniko-biologikoko plantan (TMB) izandako gertakaria, enpresa kudeatzaileak ezkutatu egin nahi izan duena.

Greba Orokorraren erregistroa egin dugu gaur

Azaroaren 11ko greba orokorrak Euskal Herritik Euskal Herrirako deialdia izan behar duela sinetsita, gaur grebaren erregistroa egin dugun LAB, ELA, ESK, STEILAS ETXALDE, HIRU...