2024-05-01
HomeEkintza SindikalaMobilizazioak iragarri ditugu Bizkaiko esku-hartze sozialean

Mobilizazioak iragarri ditugu Bizkaiko esku-hartze sozialean

Bizkaiko esku-hartze sozialaren sektorea hitzarmenik gabe dago 2021etik. Izaera ezberdinetako kolektiboei arreta ematen dieten 4 mila langiletik gora hitzarmenik gabe daude. Gizardatz eta Geroan sektoreko patronalak, negoziaziotik desagertu dira azken bileran, abenduaren 29an, LAB eta ESKren proposamenari ostikada bat eman ostean. LAB eta ESKarentzat Patronalaren arduragabekeria oso larria da.

Egoera horren aurrean, honako hau adierazi nahi dugu:

  • Gizardatz eta Geroan 30 bat erakundek, elkartek edo fundaziok osatzen dute, eta Hitzarmena sinatzeko akordio bat bilatzeko borondate gutxi agertu dute.
  • Sektore honetako langileek zerbitzu publikoa egiten dute, langile publikoak dira. Zerbitzu honen titulartasuna eta erantzukizuna administrazioena da, kasu honetan Bizkaiko Foru Aldundiarena, Udalena eta Eusko Jaurlaritzarena. Erakunde horien ardura da gaur egun lan-baldintzak prekarioak izatea eta egiten dugun zerbitzu publikoaren kalitateak okerrera egitea.
  • Negoziazioa bertan behera uzteko arduragabekeriaz gain, Gizardatz eta Geroan eragile koldar gisa agertzen ari dira administrazio publiko horien aurrean.
  • Patronalak entitate edo eta elkarte desberdinen arteko lehia-sistema bati eusten dio diru publikoaren truke, eta honen ondorioz, zerbitzuaren kalitatea galtzen da eta lan-baldintzak okertzen dira ere. Bere helburu bakarra bere entitateen bideragarritasun ekonomikoari eustea da, hau da, “txiringitoak” mantentzea.
  • Gizardatzek, Geroanek eta Erakunde Publikoek (Bizkaiko Foru Aldundiak, Udalek, Mankomunitateek eta Eusko Jaurlaritzak) sektoreko langileei akordio bat onartu dezatela proposatu diete, besteak beste, 2022ko eguneratzea “oparitzeko” eskatu diete, erakundeek ezin baitute bere gain hartu 2022an ordaindu ez zen dirua ordaintzea. Hau da, sektoreko arduradunen arabera, Bizkaiko esku-hartze sozialeko sektorearen bideragarritasun ekonomikoa dela eta, langileek uko egin behar diote 2022ko igoerari.
  • Murrizketen planteamendu hori testuinguru sozial eta politiko batean gertatzen da, non zerbitzu publikoen eztabaida inoiz baino irekiago dagoen, non Bizkaiko Foru Aldundiak eta Udalek inoiz baino diru gehiago bildu duten zergetan eta eskaintzen duten zerbitzu publikoen kalitatea galtzen ari den. Hau da, sistema bat finkatzea proposatzen dute, non langileek erosteko ahalmena galdu behar duten sistema horrek bideragarritasuna izan dezan.
  • Horregatik guztiagatik:
  • LAB eta ESK sindikatuentzat eztabaida sakona da: Bizkaiko Esku-hartze Sektoreko arduradunek, erakunde publikoek eta patronalek, langileen erosteko ahalmenari eusteko gai ere ez den sistema iraunarazi nahi dute. Guk ez dugu egoera hau iraunaraziko duen hitzarmenik sinatuko.
  • LAB eta ESKk Gizardatz eta Geroan elkarteei 2023ko abenduan azken negoziazio.mahaian helarazi genien elkarrizketarako borondateari eusten diogu. LAB eta ESK, akordio bat lortzeko aukera aprobetxatzeko asmoz, eta langileen bizitza eta lan kalitatea hobetzeko helburuaz, proposamen ekonomiko bat eta eduki sozialak dituen proposamen bat jarri genituen mahai gainean.
  • Erakunde publikoak egiten ditugu egoera horren erantzule. Zuzenean interpelatu ditugu , eta erantzuna penagarria da. Erakunde horietako batzuek harrera egin digute, hala nola Teresa Laespadak, Enplegu, Gizarte Kohesio eta Berdintasun Saileko foru diputatuak, baina oraindik ez dakigu zer egingo duen blokeo horren aurrean. Beste batzuek ordea, hala nola Amaia Antsustegi Gizarte Ekintza Saileko Foru Diputatuak eta Juan Ibarretxe Bilboko Gizarte Ekintzako zinegotziak uko egin diote harrera egiteari eta guri entzuteari. Batzuei eta besteei gatazkaren erantzuleak direla esaten diegu, erantzukizuna beren gain hartzeko eskatzen diegu eta irtenbideak emateko ere.
  • Gizardatz eta Geroan elkarteei eskatzen diegu ezkutatzeari uzteko eta sakoneko eztabaidari aurre egiteko. Halaber, negoziazioari benetako edukiekin berrekiteko eta akordioa errazteko eskatzen diegu.
  • Etorkintza, Bizitegi, Agintzari, Bizgarri, Gizakia, Eguzkilore, Amiarte, Askabide, T4, Zehar-Errefuxiatuekin, Elkarbanatuz, Goiztiri, Lagun Artean, Sortarazi, Suspergintza, Harribide, grupo SSI, Gaztaroa-sartu, Peñascal, Caritas, Stella Maris, Irse-Ebi, Bidesari, EDE, Zubitxe, Bosko taldea, Izangai, Kiribil eta Ortzadarri eskatzen diegu, aurrera pausua eman dezatela, utzidezatela Gizardatz eta Geroanen atzean ezkutatzeari eta har dezatela sektoreak behar duen lidergo papera.
  • Amaitzeko, jakinarazi nahi dugu mobilizazio ziklo berri bat ireki dugula apirilera arte. Kalera aterako gara, sektoreko langileentzako bidezko hitzarmen bat aldarrikatzeko.

  • MOBILIZAZIOAK
    ✔ Martxoak 6 asteazkena. Elkarte ezberdinen aurrean elkarretaratzea.
    ✔ Martxoak 13 asteazkena. Elkarte ezberdinen aurrean elkarretaratzea.
    ✔ Martxoak 20 asteazkena. Ekintza eta elkarretaratze ezberdinak egun osoan zehar.
    ✔ Apirilean, Ekintza eta elkarretaratze ezberdinak Gose Greba baten inguruan.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Basogintza intentsiboak 22 urteko langilea hil du Artzentalesen

Joan zen astean Artzentalesen basogintza lanetan larriki zaurituriko M.A.A, 22 urteko langilea, azkenean hil egin da zauri larrien ondorioz.

Akordio historikoa #LortuDugu Ranzari Enplegu Zentro Berezirako, langile gehienek berretsita

Joan den martxoaren 22an, LAB sindikatuak aurreakordioa lortu zuen Santurtziko lantokiko gerentziarekin, eta apirilaren 19an langileen batzarrean berretsi zen. Bada, orain hitzarmena sinatu dute.

Jarraipen zabala Bizkaiko Grafikagintza sektorearen grebaren bigarren egunean

Lehen orduko piketea osatu duten 200 pertsona baino gehiagok egiaztatu ahal izan dute Cartonajes Erabil bezalako enpresa garrantzitsuetan ekoizpena geldirik dagoela.