2025-12-26
Blog Page 182

CAF eta Trenasako langileek protesta bateratua egin dute Beasainen hitzarmenaren alde

Azaroaren 14ean, CAFeko langileen batzarrek berretsi egin zituzten aurretik bozkatutako lanuzteak, lan-hitzarmenaren negoziazioa bultzatzea helburu dutenak. Azaroaren 16an lanuzteak egin ondoren, gaur ere beste horrenbeste egin dute, eta Beasainen mobilizatu dira. Ehunka langile elkartu dira CAFeko zuzendaritzari exijitzeko hitzarmenaren negoziaketan urrats berriak eman ditzan.

Zuzendaritzaren azken eskaintza ez da onartua izan Beasain eta Irungo enpresa Batzordeengatik, besteak beste, enplegu sorrera nahikorik ez dagoelako, beteranoen erretiroa ez delako bermatzen, urteko lan orduak ez direlako berdintzen kolektibo guztientzat, azpikontrataturiko zenbait lankideren barneratzea ez delako onartzen, Castejongo lan zentroa aipatu ere ez delako egiten eta enpresak produkzioaren araberako flexibilitate nahia mantentzen duelako Enpresak.

Beasaingo gaurko mobilizazioetan TRENASAko (Castejon) CAFeko lankideak ere hartu dute parte, hitzarmenaren negoziaketaren eskarietako bat lantegi honi ere CAF SAko lan hitzarmena aplikatzea da.

Hurrengo lanuztea ostegunean burutuko da, hilak 23, eta berriro ere bost orduz geldituko dira CAFek Beasain, Irun eta Castejonen dituen lan zentroak. Madrilgo lan zentroak ere etengo du bere lana bost orduz.

LABetik, Zuzendaritzari berehala edukiz beteriko proposamen bat aurkeztu dezan eskatzen diogu. Beasain eta Irunen burututako azken langile batzarrek, gehiengo oso zabal batekin borrokan jarraitzea babestu zuten eta beraz Enpresarekin adostasunetara iristeko prestutasun bera dugu borrokarako.

Greba egunak Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako anbulantzietan

Anbulantzietako langileak modu masiboan ari dira kalera ateratzen aste honetako greba egunetan. Goizaldeko lehen orduetako piketeetatik hasita, etengabe mobilizatu dira ospitaleetan. Bihar, azaroaren 22an, hiru herrialdeetako langileek manifestazio bateratua egingo dute Bilbon,  Basurtuko ospitaletik abiatuta, 11:00etan.

Gaur, besteak beste, manifestazioa egin dute Bizkaian, Bilboko Zorrotza auzoko La Pau anbulantzien zentrotik Gurutzetako ospitaleraino, Barakaldon.

Urriaren 9, 10 eta 11n ere greba egunak izan zituzten sektoreko langileek, lan-baldintzen negoziazioa ahalbidetzea exijitzeko. Aste honetako hiru greba egunen ondoren, beste hiru egun dituzte deituta, abenduaren 20, 21 eta 22an.

Estatuko sindikatuak arriskuan jartzen ari dira Nafarroako Esku-hartze Sozialerako II. Hitzarmenaren negoziazioa

Araudiak agintzen duena aintzat hartuta, LAB sindikatuak abuztuan jakinarazi zion Gizarte Ekintzako eta Esku Hartzeko Batzorde Paritarioari Nafarroako bigarren negoziazio mahaia abian zela. Urriaren erdialdean, Madrildik jakinarazi ziguten esparru funtzionala estatu-hitzarmeneko gai erreserbatua dela. Horren aurrean, LABek hainbat gogoeta planteatu ditu, eta sektoreko plantillekin partekatu nahi ditugu.

Zer esan nahi du “gai erreserbatua” izateak?
Estatuko paritarioak dioenez, nonbait, Nafarroan ezin dugu negoziatu esparru funtzionala. Artikulu garrantzitsu horrek definitzen ditu jarduera-motak eta enpresak eta, horien ondorioz, hitzarmenak zein plantillari eraginen dion edota zein plantillari ekarriko dion onura ere zehazten du.

LABek gogorarazi nahi du CCOOk eta UGTk gai hau manipulatu zutela lehen negoziazioan eta, tenore hartan, lehen mahaia abian jartzea blokeatu eta arriskuan jarri zutela. LABen ez genuen inolako arazorik ikusten, eta halaxe ebatzi zuen (aho batez) negoziazio-mahaiak ere; langileentzat modu egokian eta berme juridiko guztiak zituela. Hitzarmena alderdi guztiek sinatu zuten (ANEIS, LAB, CCOO eta UGT); bai, bai, baita ustez hainbeste eragozpen ikusten zituztenek ere. Azkenean sinatu baldin bazuten, arazo handirik ez zegoen seinale, ezta?

Nor dago estatuko paritarioaren atzean?
Estatuko paritarioa bi blokek osatzen dute: bata, UGT eta CCOO sindikatuek; bestea 3 patronalek. Bigarren bloke hau osatzen duten patronaletako bakoitzak ordezkaritzaren % 33 duela badakigu, baina ez dakigu zenbatekoa duen sindikatu bakoitzak. Era berean, badakigu sindikatuek eta patronalek gehiengoz hartu behar dituztela paritarioaren erabakiak. Beraz, informazio gehiagorik gabe, hipotesi edo ondorio batzuk atera besterik ezin dugu egin.

Ebazpena onartu bazen, patronalek gutxienez bi enpresaren aldeko botoa beharko zuten. Sindikatuei dagokienez, berriz, argi dago bi erakundeetako batek gutxienez alde bozkatu zuela, ez baziren biak izan. Beraz, ondoriozta daiteke edo UGTk edo CCOOk, bietako batek gutxienez, Nafarroan ditugun eskubideen aurka bozkatu zuela Madrilen.

Zer ondorio ditu honek guztiak?

Bigarren negoziazio-mahaia irekita, gure proposamena azaltzera gindoazela, ardura gutxiko jarrerekin egin dugu topo berriro ere, eta jarrera horiek berriro arriskuan jartzen dute Nafarroan esku-hartze sozialeko langileen lan-baldintzak hobetzeko daukagun tresnarik onena. Sektoreko hitzarmena, berriz ere, ekaitzaren jomugan dago. Ebazpen honen helburua da Nafarroan hitzarmen sektorialaren onuradun zein langile izango diren eta zein ez diren izango negoziatzeko gaitasuna murriztea. Gure ustez, era berean, segurtasun juridikoa zalantzan jartzeko saiakera da. Sinestezina.

Ez dugu ulertzen Nafarroan hitzarmena sinatu duten sindikatuetako batek edo biek Madrilen zalantzan jartzea esparru funtzionala -beraiek sinatu dutena- legez kanpokoa izan ote daitekeen.

Eskatzen ditugu azalpenak, abagunea baliatzeko gaitasuna, seriotasuna, erantzukizuna eta sektoreko ehunka langileen etorkizunerako konpromisoa. LABeko kideok gure esku dagoen guztia egiten jarraituko dugu hitzarmena defendatzeko eta hobetzeko.

Datorren azaroaren 23an laugarren bilera egingo da bigarren sektoreko hitzarmena lortzeko. Egun horretan bakoitzak bere iritziak eman beharko ditu, eta iritzi horiek irmotasunez argudiatu beharko dira. LABen oso argi daukagu: ez dago inolako lege-eragozpenik aurrera egiteko. Gainera, hemen bizi gara eta hemen erabakiko dugu. Zein aldetan kokatuko dira CCOO eta/edo UGT?

Orozkoko Madre Mercedariasen akordioa #LortuDugu, itxiera saihesteko eta langile guztien enpleguari eustea bermatzeko

LABek eta ESK-k Mercedariaseko langileak zoriondu nahi ditugu egindako borrokagatik. Borroka horrek mobilizazio asko eta 32 greba egun ekarri ditu, eta itxieraren eta kaleratzeen etengabeko mehatxua gainditzea lortu du. Ibarrako (Orozko) langileen garaipena da, eta borrokak merezi duela erakusten du.

Borroka honetan garrantzi handia izan du, alde batetik, Aiaraldeko greba-batzordeak, eskualdean gatazka ezberdinen arteko elkartasun-testuinguru oso garrantzitsua sortu baitu; eta, bestetik, Bizkaiko Aniztasun Funtzionalaren Sektorean ere borrokan ari diren enpresen arteko elkartasunak, hala nola Gorabide edo Gaude.

Bizkaiko Foru Aldundia, Madres Mercedarias (EDE Fundazioak ordezkatuta) eta Aita Menni LAB eta ESK sindikatuekin bildu ziren. Bilera horretan, Ibarrako zentroan (Orozko) gaur egun dauden lanpostu guztiak mantentzeko erabakia jakinarazi zen. Aita Mennik kudeatuko du zentroa, eta erakunde horretako zuzendaritzak konpromisoa hartu du Ibarrako langile guztiak subrogatzeko.

Langileen borrokak zera jartzea lortu du Aldundiaren eta EDE Fundazioaren (Madres Mercedarias) arteko negoziazioen erdigunean : irtenbide bakarra lanpostu guztiak bermatzea eta lan-baldintzak hobetzea zela. Eta borroka horrek fruituak eman ditu.

LABen eta ESKren ustez, Madres Mercedariasen borrokak agerian uzten du beste zaintza-sistema baten beharra. Orozkoko langileak langile publikoak dira. Hala ere, Bizkaiko Foru Aldundiak behin eta berriz zaintza-lanen pribatizazioa ezartzen du. Horrenbestez, honakoak salatu ditugu:
– Pribatizazioak okertu egiten ditu jasotako zerbitzua eta lan-baldintzak. Sistema honek enpresa pribatuei bakarrik egiten die mesede
-Egungo sistemak aukera ematen du lantoki bakoitzeko plazen prezioa errentagarritasunaren arabera negoziatzeko, eta ez zerbitzuaren kalitatearen arabera.

Zerbitzu publikoak pribatizatzeko sistemaren ondorioz, sektorearen baitan Ibarrako zentroa low cost izan da Bizkaiko Aldundiarentzat. Soldatak eta lan-baldintzak ahalik eta merkeenak izan daitezen saiatu dira. Aita Menni enpresa etorri berri den honetan, eta haien denbora behar izango dutela ulertuz, subrogazioaren xehetasunak eta lan-baldintza berriak zehaztuko dituen proposamena ezagutzeko zain daude sindikatuak.

Azaroaren 30eko Greba Feminista Orokorraren atarian, zaintza-zerbitzu publikoen egungo pribatizazio-sistemaren arduraduna seinalatu dugu: Bizkaiko Foru Aldundia. Hala, hilaren 30ean kalera ateratzeko deia luzatzen dugu.

Bukatzeko, Madres Mercedariasen langileen borroka historikoa izan dela azpimarratu behar da: 43 langileko plantilla bat gai izan da beren aldarrikapenak erdigunean jartzeko eta beren lanpostuak defendatzeko. Aurrean izan dituzte, alde batetik Bizkaiko Foru Aldundia, zaintza-lanen pribatizazioa ezartzen duena, eta beste alde batetik, enpresa handiak, irabazi ekonomikoak lortzea dutenak helburu bakar.

Aniztasun funtzionalaren sektorean lortutako beste garaipen batzuk

2023a urte oparoa izan da aniztasun funtzionalaren sektoreko borroka eta garaipetan. Horrela, Arabako aniztasun funtzionaleko sektorearen hitzarmenaren aurreakordioa sinatzea lortu genuen abuztuan. Uztailean, Gorabideko langileen batzarrek enpresak LAB eta ESK sindikatuekin sinatutako akordioa berretsi dute, langileentzako funtsezko hobekuntzak zekartzana. GAUDE elkartean lortutako akordioa ere uztailean iritsi zen, langile guztientzako %20,85eko eta zaintzaileentzako %53ko soldata-igoerarekin.

Loiuko udal lorezaintza zerbitzuko langileak greba mugagabean daude

KPIren araberako igoera eta lan-baldintzetan hobekuntzak jasoko dituen enpresa-itun berri baten beharra azpimarratu dute Elai Serbitzuak SL azpikontratako beharginek.

Azken urteotan, Loiuko lorezaintza-zerbitzuko langileak gehiegizko lan-karga jasaten ari dira. Hori gutxi balitz, 2020ko amaieraz geroztik ez dira berritu beren lan- eta soldata-baldintzak. Pertsona horietako batzuek mutualitateak berak aitortutako laneko gaixotasunak ere pairatzen dituzte, gehiegizko esfortzuen ondorioz.

Horregatik guztiagatik, dagoeneko iraungita dagoen enpresa-ituna berritzeko eskatzen dute. Hala, KPIren araberako igoera bermatu eta lan-baldintzak hobetu beharko lirateke.

Irailaren amaieran itun hori negoziatzeko eskatu ondoren, enpresaren erantzuna izan da 2024. eta 2025. urteetan soilik % 2,5eko igoera proposatzea. Igoera hori, argi eta garbi, ez da nahikoa, plantillaren ekonomiarekiko dakarren galera handiegia baita; beraz, atzo, hilak 20, greba mugagabeari ekin zioten.

Langileen oporrak ez dira kubritzen, eta asko areagotzen du ohiko mantentze-lanak egiten jarraitu behar dutenentzat. Ez dago lana duintasunez egin ahal izateko behar beste langile, eta, aldi berean, beharginek presioa jasaten dute lana gutxieneko baldintza onargarrietan egiteko. Aldiz, ez da gauza bera 6 langile egotea, edo 5, edo 4. Gainera, azpimarratzekoa da baldintza teknikoen agiriak jasotzen duela oporrak %100ean kubritu behar direla, lehenengo egunetik hasita.

Gaixotasunagatiko bajak ez dira kubritzen. 2 hilabeteko bajez ari gara, ez iraupen laburrekoez (gripeak edo antzekoak). Kasu honetan ere, konkurtsoak baja horiek kubritzeko betebeharra jasotzen du.

Bestalde, langileek eskuz garbitzen dituzte auzo-bideak, baina lehiaketak dio sastrakak kentzeko beso artikulatudun traktore batekin egin behar direla lanok, nahiz eta zutoinak, ertzak eta abar eskuz errematatu behar diren. Traktore hori baldintzetan jasotako makineriaren parte da, baina gaur-gaurkoz ez dago halakorik langileen eskura.

Horregatik guztiagatik, eta egon daitezkeen eragozpenengatik barkamena eskatuz, Elai Serbitzuak SLko langileek espero dute herritarrek ulertzea beren eskaerak bidezkoak direla eta mobilizazioetan babesa adieraztea.

Ondarroan izandako lan-istripu baten ondorioz hildako langilea gogoan izan dugu eta premiazko neurriak eskatu ditugu

Duela 10 egun gertatu zen ezbeharra, eta Galiziako itsasontzi bateko behargina zen hildakoa. Hain zuzen ere, lehorretik itsasontzirako sartu-irten batean uretara erorita hil zen, eta azpimarratzekoa da Osalanek eta Lan Ikuskaritzak ez dutela gertakaria lan-heriotza gisa jo, behargina atseden egunetan zegoela argudiatuta.

LABek, aldiz, argi dauka gertaturikoak harreman zuzena duela lanarekin eta prebentzio neurririk ezarekin, eta halaxe salatu dugu gaur eguerdian LAB-ESK-STEILAS-EHNE-HIRU intersindikalak deitu duen elkarretaratzean. Senide, lagun eta lankideei samina eta elkartasuna adieraztearekin batera, zera utzi nahi izan dugu argi: prebentzioa helburu izango duten behar bezalako azterketak egin eta ondoriorik atera ezean, lan-osasunaren egungo arazoari konponbidea topatzea ezinezkoa dela. Oraingo kasuari loturiko neurri zehatzei dagokienez, alde batetik, Ondarroako portuan deskargatzen duten barkuetako arrantzaleentzat egitura egokiak jarri beharko lirateke, deskantsuan dauden bitartean barkuetan bizitzera behartuak ez izateko. Bestetik, itsasontzitik porturako sartu-irtenetan ohikoak diren istripuak ekiditeko, pasarelak edo maniobra hori errazteko antzeko sistemaren bat ezarri beharko litzateke.

Gainera, Ondarroako Itsastarren Etxea berriki itxi dute, Bizkaiko Aldundiak zerbitzu hau kendu eta adingabeak artatzeko jarduera pribatizatua ezartzeko, bertan zeuden marinelak ostatu batean birkolokatuz. Bestalde, duela gutxi berriztu zen Ondarroako lonja berria, arrainaren salerosketarako instalazio modernoak ezarri direlarik, baita arrantzarekin zerikusia duten enpresa eta erakundeei bulegoak izateko aukera ere. Aldiz, inbertsio izugarri honetan, ez dugu arrantza sektoreko atal garrantzitsuena diren arrantzaleen bizi eta lan baldintzak hobetzeko inolako neurririk ikusi.

LABen denbora asko daramagu arrantzaleen lan-eta bizi baldintza prekarioak salatzen, eta orain gertatutakoa horren guztiaren ondorio da. Hori dela eta, beste behin ere exijitu behar dugu instituzio publikoek neurri zorrotzak ezarri behar dituztela lan-osasuna bermatze aldera, osterantzean enpresariek beren irabaziak lehenesten jarraituko dutelako, langileon bizia eta osasuna jokoan egonik ere. Izan ere, 2023an dagoeneko 47 behargin hil dira Euskal Herrian lan-istripuz.

Aski da, Gasteizko Michelinen jazarpenik ez

Soilik aurtengo urtean, 2012-2018 urteetan baino kaleratze gehiago izan dira.

LABetik salatu dugu enpresak azken urteotan izan duen deriba autoritarioa. Batez ere santzio arinak aplikatzetik, orain santzio mailaketa handitzera igaro da, gaur-gaurkoz larriak eta oso larriak direlarik gehienak. Gainera, kopurua bera ere handitu egin da.

2023an diziplinazko 13 kaleratze izan dira. Urtarriletik ekainera bitartean hiru kaleratze egin ziren, eta ekaineko grebetatik aurrera beste 10 pertsonari egin diete hori bera. Guztiak grebetan parte hartu zuten pertsonak dira.

Horrek enpresaren dinamika bati erantzuten dio, langileak beldurtzeko helburua duena, halako neurri traumatikoekin batera, matrizeak Gasteizko instalazioarekiko konfiantza galtzea etengabe adierazten duelarik. Non geratzen dira multinazionalak hainbeste predikatzen dituen balioak? Horri buruz ari al dira pertsonak zentroan kokatzeaz ari direnean?

Ezin dugu saihestu gertakari horiek erreferendumarekin (Gasteizko lantegia lantokiarteko batzordetik ateratzea erabaki zuenarekin) lotzea. Lantokien arteko batzordean enpresa oso eroso zegoen, Estatu mailako zenbakiak hobeak baitzaizkio bere interesetarako.

Iurreta: Osakidetzako biltegien pribatizazioa

Ezkerraldea-Enkarterri-Gurutzeta ESIko Zuzendaritzak, gardentasuna deritzon ariketa batean, txosten txiki bat helarazi die sindikatuei, Osakidetzako Zuzendaritza Nagusiak Plataforma Logistiko Korporatiboaren Proiektua deitu duela aurkezteko.

Bilera Zuzendaritza Nagusiak sortutako dokumentu baten aurkezpen soila izan da, eta hartutako erabakia egokiena dela sinestarazten saiatu da etengabe.

Dokumentuan kronologia argia azaltzen da. Hilabete honetan lizitazioa aterako da, eta lizitazio horretan honako hauek jasoko dira: EITBren Iurretako instalazio zaharrak eraistea, eraikin berria eraikitzea, plataforma logistikoa 10 urtez garatzea eta kudeatzea.

Plataforma Osakidetzarena izango da, baina kudeaketa % 100 pribatua izango da. Badugu Alzira modeloaren euskal bertsioa, orain Iurreta modeloa izango dena. Lankidetza publiko pribatuaren eredu gorenak badu izena Euskadin, eta Iurreta du izena.

Sailburuak maiatzaren 5ean hitzez hitz zera esan zuen: “Zentralizazioa lanpostu bakar bat ere murriztu gabe egingo da”. Horren ostean, azaroaren 14an ESIko zuzendaritzarekin topo egin genuen, eta defendatu genuen ez zela aurreikusten lanposturik galtzea, lan-edukiak aldatzea baizik.

Zuzendaritzak erosketa zentralizatuaren abantaila sinestezinak justifikatu ondoren, justifikatu zuen enpresa pribatu batek eskaerak prestatzea, Iurretatik ESI desberdinetara eskaerak etengabe garraiatzea eta lehen eskaerak prestatzen zituzten pertsona horiek unitateka bakarrik banatzea hobekuntza bat dela guztiontzat.

Lehen mailako arretako unitateetarako banaketa zuzenean plataforma logistiko korporatibotik kudeatuko da, eta lan horiek egiten zituzten hainbat ESItako gidariek, beharbada, beste lan batzuk egingo dituzte, gidatzearekin zerikusia izan edo ez.

Hilabete honetan lizitazioa egingo da, eta, ondoren, eskaintzarik onena duten hiru enpresekin batera garatzea da asmoa, enpresa horiek plataforma horren garapenean duten esperientzia aprobetxatu ahal izateko. Behin azalduta, bakarra geratu ahal izango da, eta ez dakigu borroka epikoa izango den edo, besterik gabe, batek planteatutako beharrak bete ahal izango dituen, edo soilik eskaintzarik baxuena hartuko den.

Iurreta eredurik onena gisa saltzen dute biltegiak kudeatzeko softwarea normalizatzeko, eta armairu adimendunak normalizatzeko. Osakidetzako Zuzendaritzak aditzera eman nahi du lan horiek guztiak ezin direla egin langile publikoekin, ez dugulako ez baliabide nahikorik, ez beharrezko esperientziarik.

Duela urte asko, Osakidetzan bere kudeaketa ekonomikoko softwarea erabiltzen ari da biltegiak gestionatzeko, erosketak egitetik hasi eta sukurtsalak kudeatzeraino. Osakidetzako biltegien gestio logistikoak esperientzia handiko profesionalak ditu. Beharrezko esperientzia ez dugula esatea, berriz ere, Osakidetzako plantilla gutxiestea da.

Onartezina da Osakidetzako kudeatzaile gorenen aldebakarreko erabakia inolako gardentasunik gabe eta inolako parte-hartzerik gabe egitea. Erabaki hori Zuzendaritzen parte-hartzerik gabe, sindikatuen parte-hartzerik gabe, inongo gizarte-eragileren parte-hartzerik gabe eta, jakina, herritarren parte-hartzerik gabe hartu da.

Baina arduragabeagoa da erabaki hori inolako azterketarik, onurarik edo inpakturik egin gabe hartzea. Sistema horrek ingurumenean izango duen eragina oso larria izango da ziurrenik, eta, logikoa denez, hasi aurretik ebaluatu beharko litzateke.

Gurutzetan planteatutako errealitatea Osakidetzako gainerako ESIetara estrapolatu daiteke. Planteatzen ari gara biltegira banatzeko egunero egiten diren eskaerak jada ez direla ospitalean prestatuko, Iurretan prestatuko direla eta egunero garraio-lanak egongo direla eskaera horiek helmugara iristeko. Kontuan hartuta egoera hori bera ESI guztietan gertatuko dela, ez gara gai sistema berri horrek sortuko dituen bidaia kopurua kalkulatzeko, eta ez ahalmen hori ez dugulako, baizik eta astakeria neurtezina delako.

Aurreikus daiteke Osakidetzaren karbono-aztarnak, XXI. mendean, muga pentsaezinak izango dituela gutxieneko ingurumen-sentsibilitatea duen edonorentzat.

LABen irakurketa argia da, hau da, Osasun Publikoaren pribatizazioa dela hau, herritar guztien aurrezkiei (Urkulluri horrenbesteko kezka sorrarazten dienei) nabarmen eragiten diena. Erabat irrazionala da egin duten planteamendua, bai gastu publikoa murriztearen ikuspegitik, bai administrazioaren ingurumen-inpaktua murriztearen ikuspegitik.

Akordiorik ezean, abenduaren 20an greba mugagabea izango da Gipuzkoako Kale Garbiketan

Azaroaren 18an, Gipuzkoako Bide Garbiketako hitzarmen duin baten alde manifestazioa egin genuen Donostian LAB, ELA, CCOO eta UGT sindikatuok.

Manifestazioan sektoreko ehundaka langile batu ziren; kale-garbiketa, zabor-bilketa, zabortegiak, erraustegiak, hondartzen garbiketa, gaikako bilketa, birziklatze-plantak, estolderia, etab lanean ari diren langileak. Hitzarmenaren negoziaketa otsailean hasi bazen ere, Aselip patronalak oraindik ez du proposamen oso eta duinik jarri mahai gainean.

Eros ahalmena bermatuko duen soldata igoera, errelebo kontratua hobetzea, bajak guztiak %100 osagarritzea, lanbide-kategorien egokitzapena, plus berriak sortzea eta, orokorrean, lan-baldintzen hobekuntza bermatuko duen hitzarmena aldarrikatzen dute langileek. Ekainaren 17an egindako manifestazioaren ostean berriz bete dituzte kaleak, eta egoera aldatu ezean, abenduaren 20tik aurrera greba mugagabeari ekiteko deia egin dugu lau sindikatuok.