2026-07-07
Blog Page 175

Epaitegira joko dugu Gizarte Ekimeneko ikastetxeetako greba amaierako akordioan jasotzen den soldata igoera patronalek ordain dezaten

Greba amaierako akordioan indarrean dauden neurriak eta hurrengo ikasturtean martxan jarri behar direnak dagokien epeetan ez badituzte aplikatzen, bide juridiko eta ekintza sindikala bultzatuko dugu.

Greben osteko mahai negoziatzaileak ez dira oso eraginkorrak izaten ari, Kristau Eskola eta AICE-IZEA patronalek duten jarrerengatik. Behin eta berriro edozein aitzakia baliatuta, ez dute adostatutakoa betetzen eta gainera, akordioa betetzeko epeak luzatzen saiatzen ari dira. Negoziazioetan jokabide hori ez da onargarria.

Maiatzaren bukaerako negoziazio mahaian, sindikatuekin adostasunera heldu gabe, patronalek aldebakarrez erabaki zuten adostutako lanaldi murrizketak ezartzea eta Lanbide Heziketako jardunaldi irregularraren konpentsazioa aplikatzea ikasturte honetan. Alta, ez zuten adostu nahi izan zein balditzetan aplikatu beharko ziren aipatutako murrizketak horiek. LAB sindikatutik eskatu genuen adostutako lanaldi murrizketak egunka disfrutatzea, ikasturtea bukatzearekin edo berau hastearekin batera.

Ordainsariei dagokienez, berriz, mahai negoziatzaileetan behin eta berriz  nominak eguneratzeko data bat izatea eskatu dugu LABetik. Aldiz,  Patronalek ez dute zehaztu nominak noiz eguneratuko dituzten, Jaurlaritzaren finantzazioaren zain daudela argudiatuz. Jakitun gara gobernu berriaren osaerak baldintzatzen duela Jaurlaritzaren finantzazioa; alta, gobernu berria osatzearekin batera data finkatuta egon behar da eta otsailaren 5ean lortutako greba bukaerako akordioa bete behar da. 

Argi geratu da greba amaierako soldata igoera finantzazio publikoari guztiz lotua dagoela eta ekiparazioa langileen borrokaren ondorioz lortu zitekeen neurria zela, beste sindikatuek hori ezkutatu eta baztertu zuten arren.

Aurreko guztia esanda, otsailaren 5eko akordioa betetzeko Patronalek duten ardura ezin da alde batera utzi. Hori dela eta, epaitegira joko dugu greba amaierako akordioan jasotzen den soldata igoera ordain dezaten eta gatazka kolektibo bat aurkeztuko du EAEko Auzitegi Nagusian.

Hurrengo mahai negoziatzailea ekainaren 19an izango da. Kristau Eskolak eta AICE-IZEAk hitzarmen osoaren idatzizko proposamena aurkeztu beharko dute, artikuluz-artikulu. Bilera horretarako, espero dugu adostutako eduki guztiak jasota egotea, horren konpromisoa hartu baitzuten aurreko negoziazio batzarrean.

Hau gertatuko ez balitz, LABen gure ordezkari eta afiliatuekin egoeraren azterketa egingo dugu eta akordioa puntuz puntu betearazteko neurriak hartuko ditugu, hala nola juridikoak eta ekintza sindikalekoak.

Euskal Herria antifaxista eraiki dezagun

Europa osoan eskuin muturra zabaltzen ari da. Frantziako estatuan frantsesean, bozen ia % 40 jasotzen du, eta Ipar Euskal Herria, zoritxarrez, ez dago faxismoaren aurrerapenetik at gelditzen.

Eskuin muturraren indartzea, azken urteetako gobernuen politiken ondorio zuzena da, batez ere azken bost urteetakoa. Politika antisozialek, lanaren erreformek, erretretaren erreformaren indarrezko urratsek, forma orotako diskurtso arrazistek, eskubide sozialen eta zerbitzu publikoen suntsipenak eskuin muturra aurrera bultzatzen dute.

Euskal Herriak kolpe bortitz batez jasan ditu Frantziako Gobernuak ezarritako politika antisozialak.

Euskal Herria beti izan da borrokarako lurraldea, eta gure erantzukizun kolektiboa da eskuin muturreko igoera horri aurre egitea, leku eta forma guztietan buru egitea.

Ez hemen, ez beste inon!

LABek, sindikatu abertzale, feminista, antirrazista eta internazionalista gisa, langile guztiei dei egiten die arrazakeria eta xenofobia mota guztien aurka batzeko, borrokatzeko eta mobilizatzeko.

Gauzak alda ditzakegu

LABek langile guziei dei egiten die lantoki guzietan biltzeko eta antolatzeko. Sindikalismoa beti izan da eta izango da langileen armarik onena eskuin muturraren, faxismoaren, kapitalismoaren inperialismoaren den horren aurka.

Berreskura dezagun erabakitzeko eskubidea, eta eraiki dezagun elkarrekin biharko Euskal Herria. Eraiki ditzagun negoziazio-eremu hobeak, jendarte-demokrazia bermatzeko maila guztietan, enpresan, adarrean, lurraldean eta lanbideartean.

Eraiki ditzagun beharrezkoak diren alternatibak eta negoziazio-espazioak, hauek lortzeko:

  1. Gure lansarien eta pentsioen handitzea
  2. Erretreta sistema publiko baten eraikitzea, 60 urterekin hartzeko
  3. Lansari arrakalarekin amaitzea eta sexu eta genero indarkeria errotik suntsitzeko
  4. Diskriminazio guztiei aurre egitea eta paperik gabeko langile guztientzako erregularizazioa
  5. Zerbitzu publiko sendo eta irisgarriak eraikitzea guztiontzat
  6. Eskubide berriak konkistatzea eta bizitza eztabaidaren erdigunera itzultzea

Alba Macrel enpresaren etorkizuna arriskuan

Alba Macrel enpresaren (Sondika) etorkizuna arriskuan dago, enpresak hartzekodunen konkurtso bat aurkeztu ostean. Eraikuntza sektoreko makinaria egiten du enpresak Sondikan eta Miranda de Ebron kokatuta dituen bi lantokietan, eta guztira 74 langile ditu.

Egoera horretara iristea ez da kasualitatea izan. Azken urteetan zuzendaritzak utzikeriaz jardun du, egoera hau aspalditik erabakita egongo balitz bezala. Komiteak urteak daroa salatzen industria-proiektu estrategikorik eza, inbertsiorik eza, makinen zaharkitzea edo merkataritza-
sailean baliabiderik eza, eta horrek ez digute lagundu merkatuan lehiakortasunez kokatzen eta etorkizunari baikortasunez begiratzen, Alba Macrel Europan sektoreko enpresa historikoetako bat izanik.

Enpresa-batzordeetatik, enpresari, Alba Macrel enpresaren eta lanpostuen etorkizuna bermatzea exijitzen diogu. Horretarako, nahitaez etorkizunera begiratuko duen industria-plan bat eta bideragarritasun plan bat behar dira. Egungo jabeei edo etor daitekeen erosleei argi esango diegu, Alba Macrelen etorkizuna bi planten bideragarritasunetik eta lanpostuen eta lan baldintzen mantentzetik pasatzen dela. Horrela jakinarazi diogu enpresari eta konkurtsoko administratzaileari.

Alba Macreleko komitea eta langileak enpresaren eta lanpostuen etorkizuna borrokatzeko prest gaude.

LABek ez du sinatu EAEko osasun garraioaren hitzarmena

Zerbitzuaren publikotasuna edota homologazioa lortzearen helburua bazter uzten du akordioak eta urteotako eros-ahalmenaren galera ez du konpontzen.

2022ko urtarrilean negoziazio mahaia osatu zenetik 42 bilera egin ondoren, EAEko gaixoen eta istripua izan dutenen anbulantziako errepide bidezko garraio sanitarioaren bigarren hitzarmen kolektiboa sinatu da.

LAB sindikatuak ez sinatzea erabaki du, hainbat arrazoi direla medio:

– Helburu bakartzat irabaziak lortzea duten enpresekin hitzarmenak sinatzen jarraitzea dakar, anbulantzia-zerbitzuaren kudeaketa publikoa lortzearen garrantzia alde batera utzita. LABek adierazi duenez, Osakidetzarekin parekatzeko homologazio-prozesu bat irekitzeak ekarriko zuen, etorkizuneko negoziazioetan, enpresetatik helarazten dizkieten baldintzen mende ez egotea, eta, era berean, administrazioak ezartzen dituen ekarpen ekonomikoen mende ez egotea.

-Ez da berreskuratu langileek urte hauetan izandako erosteko ahalmenaren galera, egindako greba egunetan hainbestetan saldu zena.

-Ia ez dago hobekuntzarik baimenei eta lizentziei dagokienez, eta jasotzen direnetako asko indarrean daude jada Estatuko familia legearekin. Sinatutako hobekuntzen oinarria dirua eta orduen murrizketa dira.

-Hitzarmen berri honek ez du inolako erreferentziarik jasotzen aldi baterako langileei kontratazioan eta prebentzioan egonkortasuna emateko lan poltsen sorrerari buruz.

Hitzarmen hau sinatzeak patronal osoaren konpromisoa dakar, baina LABek zalantzan jarri du ea Grup LaPau enpresa, Araba eta Bizkaiko probintzietan zerbitzua ematen duena, sinatu arren, aplikatzeko gai izango ote den; izan ere, jakina denez, aurreko hitzarmena ez aplikatzea proposatu dio alderdi sozialari.

Erkidegoko lehen hitzarmena LABek sinatu zuen, eta hobetu daitekeen arren, EAEko langile guztiak parekatzen ditu lan baldintza duinetan, are gehiago kategoria eta hitzarmen desberdinen artean zeuden aldeak ikusita.

Harrigarria da, aurreko hitzarmena sinatzeari uko egin zioten eta hasierako asmoetatik ezer aldatu ez zuten sindikatuek, LABen jarrera hain gogor kritikatu eta gero, orain oinarri bezala erabiltzea aurreko hitzarmena.

Baldintza horiek ez dituzte asetzen batasun sindikalak kalean eginiko aldarrikapenak (Osakidetzako langileekin parekatzea eta eros-ahalmenik ez galtzea), langile askorengan hainbesteko eragin emozional eta ekonomikoa izan dutenak.

Hori guztia dela eta, LAB sindikatuak uste du anbulantzia zerbitzuaren kudeaketa publikoa funtsezkoa dela herritarrei zerbitzu on bat emateko, eta, horregatik, lehen hitzarmena sinatzean harturiko konpromisoari jarraikiz, helburu hori erdiesteko lanean jarraituko du.

Legutioko Arcelor Mittal Tubular Products (Condesa) enpresan hitzarmena sinatzea #LortuDugu

LABetik enpresa-hitzarmena berritzeko lortutako akordioari buruzko gure irakurketa zabaldu nahi dugu. Berriro ere, hasieratik lehenetsi dugu batzorde gisa adostea eta lan egitea. Atal sindikal honek egindako lanari esker, 2014ko hitzarmenean sortutako egoera eta galdu genituen eskubide guztiak lehengoratzen saiatzen ari gara (guk sinatu ez genuena): azken hiru hitzarmenetan ez da murrizketa bakar bat ere egon. Akordioa honako puntu hauetan laburbil daiteke:

  • Ez da eskubide bakar bat ere galdu.
  • Erosteko ahalmena bermatzen da (KPI), igoera finkatuekin. Igoera horiek plusei ere aplikatuko zaizkie.
  • Taldearen akordio-marko epeekin hautsi da, eta negoziatzeko gaitasunari eutsi diogu hemen.
  • 8 lanordu gutxiago 2026an, 1672 ordura igaroz. Gainera, egun bat gehiago igaroko dugu egutegira 2025etik aurrera (malgutasun 8 ordu gutxiago).
  • Hobekuntzak telelanean, lanaldi zatituan eta ordutegi-malgutasunean.
  • Hobekuntzak aseguruetan eta kilometrajeetan, eta distantzia-plusean.
  • Baimenak lanegunetan finkatu eta antolatzea.

Urte hauetan guztietan langileek erakutsi duten konpromisoari esker lortu da hori. Enpresa horren jakitun da, eta hau dena lortu da negoziazio-mahaian. LABen uste dugu langile klaseak eskubideak konkistatzen jarraitzeko duen berme bakarra Batzordearen batasuna dela, kasu honetan. Hori frogatuta geratu da urte hauetan. Behin gai hau amaituta, batzen gaituzten loturak bultzatzen jarraituko dugu, banatzen gaituztenen gainetik, guztion baldintzak hobetzeko, beti egin dugun bezala.

Bizkaiko Tindategi eta Ikuztegien Hitzarmenerako CECOVI-ATILAVI patronalak eginiko proposamenak baztertu ditugu sindikatuok

Bizkaiko ikuztegien eta tindategien azken hitzarmen kolektiboa indarralditik atera zen 2006an. Orduz geroztik, plantillen lan-baldintzak 2007an sinatu eta 2009az geroztik indarrez kanpo dagoen eraginkortasun mugatuko hitzarmen baten bidez arautu dira, edo, ikuztegi handien kasuan, enpresa-hitzarmenen bidez. 2018an, hitzarmena eguneratzeko beste ahalegin bat egin zen, eta pandemiak eten zuen, baina oso zaila izaten ari zen, patronalak atzera pauso garrantzitsuak planteatzen zituelako; besteak beste, antzinatasun-osagarria kentzea.

Beraz, sektoreko soldatek eta lan-baldintzek urteak daramatzate izoztuta. Hitzarmena indarrez kanpo geratu aurretik, soldata-taulak Lanbidearteko Gutxieneko Soldataren oso gainetik zeuden, eta orain, berriz, oso azpitik. Horrek esan nahi du enpresa-hitzarmenik ez duten plantillek LGSrekin biziraun behar dutela. Egoera hori bereziki larria da tindategietako langileen artean; izan ere, oso txikiak direnez, ez dute aukerarik beren baldintzak hobetze aldera antolatzeko eta ordezkaritza sindikala hautatzeko.

Egoera horren aurrean, apirilean sektorean ordezkaritza dugun sindikatuok (LAB, ELA, CCOO, USO eta UGT) erabaki genuen berriro ere negoziazio mahai bat deitzea eta plataforma bateratu bat aurkeztea. Besteak beste, honakoak proposatu genituen: soldatak handitzea, lanaldia murriztea, baja guztiak osatzea, plus berriak sortzea edo baldintzak eguneratzea eta subrogazioa bermatzea.

Maiatzean CECOBI-ATILAVIren erantzuna jaso genuen, eta hain da txarra, ezen berehala baztertu eta beste bat eskatu behar izan baitugu. Soldata-igoera nimiñoak planteatu ditu, eta zer esanik ez proposatzen dituzten lan-baldintzen atzerapausoez: lan-istripuengatiko Aldi Baterako Ezintasunagatiko osagarriaren baldintzak okertzea, tindategietako asteburuko atsedenaldiak kentzea, lanaldia estatuko gobernuak ezartzen duen neurrian bakarrik murriztea, malgutasuna handitzea are Langileen Estatutuak ezartzen duenaren gainetik ere, oporrak baliatzeko baldintza are gehiago jartzea, antzinatasuna 2006ko soldaten arabera izoztea eta bi bosturtekora mugatzea… Hau da, langile askoren lan- eta bizi-baldintzak okertuko lituzkeen hitzarmena nahi dute.

Beraz, espero dugu ekainaren 18an izango den hurrengo negoziazio-mahaian patronalak sindikatuen aldarrikapenak aintzat hartzea eta beste proposamen bat ekartzea, nahiz eta ez duen horretarako konpromisorik hartu.

Argi uzteko ez dugula atzerapausorik onartuko eta, behar izanez gero, kalean aurkituko gaituztela, gaur, ekainak 11, mobilizazioak egin ditugu sektoreko lantoki nagusietan.

Jarraipen zabala Bizkaiko Grafikagintza sektorearen grebaren bosgarren egunean, patronala desagerturik dagoen bitartean

Greba egunak eragin handia izan du sektoreko hainbat enpresaren ekoizpenaren geldialdian. Mobilizazioak ere izan dira, bai Ezkerraldeko lehen orduko piketean, bai Barakaldoko eguerdi osteko manifestazioan.

LAB-ELA-CCOO-UGT sindikatuok beste hiru greba egun deitu genituen Bizkaiko grafikagintza sektorean ekainaren 11, 12 eta 13rako (7 egun guztira, apiriletik). Izan ere, patronalak negoziazioen blokeo jarrerarekin jarraitzen du. Gainera, CEBEK ez zen joan ekainaren 4an sindikatuok Bilboko Lan Harremanen Kontseiluan deitu genuen bilerara ere.

Ekainaren 11n grebak jarraipen masiboa izan du berriro. Sektoreko enpresa erreferentzialak, hala nola Cartisa, Grafo, Biolid, Lantegi, Arteos, Divipa, geldirik daude eta ez dira produzitzen ari. Mobilizazioak goizeko 5:30tan hasi dira Ezkerraldean, eta Imprenta Garcinuño SL enpresa ere erabat geldirik egon dela ikusi ahal izan dute. Serigrafia Arcosan enpresan, piketea bertaratu ondoren, langileek greba egitea erabaki dute. 11:30ean manifestazio jendetsua egin da Barakaldon zehar.

LAB-ELA- CCOO-UGT sindikatuok CEBEK patronalari eskatu diogu negoziazioaren blokeo jarrera bertan behera uzteko, eta sindikatuon plataforman oinarrituta negoziatzeko.

Datozen egunetarako greba eta mobilizazioak honako toki hauetan egingo dira:


• Ekainaren 12an: Eskumaldean

• Ekainaren 13an: Bilbon, Cebeken egoitzaren aurrean 9htan kontzentrazioa egingo da, eta manifestazioa egingo da hirian zehar, 11:30ean hasita, Bizkaia Plazan.

Mondelez enpresaren Vianako produkzioa erabat gelditu da grebaren bigarren egunean, hitzarmen justu baten alde

Mondelezek Vianan (Nafarroa) duen galleta fabrikako langileak masiboki ari dira babesten atzo hasitako greba mugagabea. Lanuztea Enpresa Batzordeak deitua du (CCOO7, LAB 5, ELA 1), hitzarmen justuago bat aldarrikatzeko. Grebaren lehenbiziko egunean tentsio uneren bat izan zen grebalari ugarien eta erdi-mailako arduradunen artean, poliziak lagunduta sartu behar izan baitzuten. Baina gaur ez da halakorik izan, gutxieneko zerbitzuetako langileak bakarrik sartu baitira lantegian, eta nahiz eta inguruetan polizia anitz egon den.

LAB sindikatuan arrakastatsutzat jo dugu Mondelezeko greba; izan ere, langileen batasunari eta lanuztearen jarraipen handiari esker, galleten ekoizpena erabat geldirik dago. Oso positiboa da hori, batez ere, balio duelako berresteko helburu justuen alde borrokatzeko plantilla harturiko erabakia. Hauexek dira helburuok: antzinatasun plusa berreskuratzea, lanaldia murriztea, soldatak multinazionalaren martxa onaren arabera igotzea, eta bertze hobekuntza batzuk erretiroan eta aldi baterako ezintasunean.

Gernika-Lumoko langileek azkenaldian bizi duten egoera salatu dute jendaurrean

Barne antolaketa eta funtzionamendu eredu berri bat exijitu dute egun dauden egiturazko arazoei irtenbidea emate aldera.

Gaur goizean eginiko agerraldiaren bitartez, Gernika-Lumoko udal langileek honako mezu hau plazaratu dute:

“Gernika-Lumoko Udal langileak kalera ateratzea erabaki dugu honako hau adierazteko: azken urteetan udaletxeko barne funtzionamenduak txarrera egin du. 2020an, Gernika-Lumoko Udalak CGP (Consultores de Gestión Pública) enpresari agindutako kanpo-analisi batek, besteak beste, honako ondorio hauek jasotzen zituen:

  • Eguneratutako LPZ falta da
  • Organigrama funtzionalik ez izatea eta eguneratutako lanpostuen deskribapena
  • Plantilla egonkortzeko beharra
  • Administrari laguntzaileen lanpostuak, goragoko kategoriako lanpostuak beren gain hartzen dituztela
  • Etorkizuneko erretiroak planifikatzeko beharra
  • Prestakuntza-, eguneratze- eta birziklatze-plan eraginkorrik ez izatea eta karrera profesionalik ez izatea
  • Bidezkoa ez den ordainsari-sistema
  • Lan-giro eskasa
  • Aldaketa baten beharra

Sindikatuetatik urteetan salatzen egon garen errealitatea kanpo enpresa horren txostenean berretsita agertzen zen. Sakoneko arazoak bideratzeko, plan batean beharrean gaude baina ez dugu erantzunik jasotzen, ez eta borondaterik ikusten egoera bideratzeko. Horren ordez, udal negoziazio markoetan bideratu zitezkeen arazoak epaitegietan eta lan ikuskaritzan salatu beharrean aurkitu izan gara eta, hori eginda ere, arazo horietako asko ez dituzte konpondu, 2019tik plantila osoari eragiten dion bete gabeko sententzia judizial bat kasu.

Azken hilabete hauetan, egoera kezkagarriagoa bihurtu da: bajak ugaritu dira eta postu klabeak bakante daude, tartean batzuk beste administrazio batzuetara joan direlako. Langileok barne-bideak agortu ditugula sentitzen dugu eta Gernikako herriari, arduratik eta kezkatik, udaletxean bizi den egoeraren berri ematea besterik ez zaigu geratzen eta eskaera hauek egitea udal gobernuari:

  • 2019ko lanpostuen balorazioarekin lotutako epai judiziala betetzea.
  • Plan integral bat negoziatzea eta ezartzea (epe eta neurri zehatzekin), 2020ko txostenean adierazitako arazo estrukturalei irtenbidea emateko.
  • Bakante eta baja egoeran dauden postuak betetzea eta, era berean, pertsonal-saila premiaz indartzea.
  • Egonkortze prozesua garaiz eta era egokian bideratzeko behar diren baliabideak ziurtatzea.
  • Barne-sustapenak aktibatzea epe negoziatu eta argi batekin.
  • Giza baliabideen plan bat osatzea erretiroak planifikatu eta belaunaldi-erreleborako formulak negoziatzeko.
  • Udal-plantilla osoaren azterketa psikosoziala burutzea.

Kalitatezko zerbitzuak dituen udal bat behar dugu, XXI. mendera egokitutakoa, herritarrak eta langileak entzungo dituena eta egungo eta etorkizuneko erronkei erantzuteko gai izango dena. Horretarako, ezinbestekoa da barne antolaketa eta funtzionamendu eredu berri bat: Gernika hobetzeko eta gure onena eman ahal izateko.

Udal agintariei eta oposizioko taldeei egoera bideratzeko euren esku dagoen guztia egin dezaten eta Gernikako herriari denon eskubidea den kalitatezko udal zerbitzuen alde ekin dezan dei egiten diogu”.