2026-09-18
HomeEkintza SindikalaLABek mutualitateen eta Espainiako Gobernuaren arteko akordioa ez ezartzeko konpromisoa eraman du...

LABek mutualitateen eta Espainiako Gobernuaren arteko akordioa ez ezartzeko konpromisoa eraman du Nafarroako Lan Osasuneko Kontseilura, UGT eta CCOO sindikatuen zein patronalaren amorraziorako

Langileen gaixotasun arrunten kudeaketa mutualitate pribatuen esku uzteko hitzarmen asmoaren arbuioa Nafarroako Lan Osasuneko Kontseilura eramatea lortu du LAB sindikatuak, eta horrek bertako patronalak zein UGT eta CCOO sindikatuak erretratatu ditu: amorrazioz hartu dute LABen proposamena eta mutualitateen aldeko halako formulen defentsa egin dute. LABek bere esku dagoen guztia egiten jarraituko du osasungintza pribatizatzeko saiakera guztiak desaktibatzeko.

Duela urtebete, LAB sindikatuak publikoki salatu zuen AMAT Espainiako mutualitateen elkarteak eta gobernu espainolak ituna hitzartua zutela, osasun sistema publikoaren pribatizazioan jauzi erraldoia proposatzen zuena; mutualitateen esku gero eta eskumen gehiago uztearekin batera langileak patronalaren aitzinean gero eta egoera ahulagoan uzten zituena. Itun hura ezagutu bezain laster LABek Nafarroako Lan Osasuneko Kontseiluan eztabaidatua izan zedin erregistratu zuen. Baina aurtengo otsailaren 8 arte ez zen gaia landu; hau da, 11 hilabete geroago.

Lan Osasuneko Kontseiluaren otsaileko bileran, Nafarroako Gobernuaren ordezkariek (Lan zein Osasun departamentukoek, zein Kontseiluko lehendakariak) aipaturiko akordio horrekin bat ez egiteko borondatea azaldu zuten, bere garaian Nafarroako Parlamentuak foru gobernua premiatu bezala. Adierazpen hori etsipenez hartu zuten UGT eta CCOO sindikatuek zein CEN eta ANEL patronalek, eta mutualitateen aldeko halako formulen defentsa egin zuten.

Aipatu beharrekoa da bilera horretan zoritxarrez gaiari partzialki heldu zitzaiola. LABek eskatua zuen bere proposamenaren gainean bozkatzea, AMAT eta Espainiako Gizarte Segurantzaren Ministerioaren artean erdietsitako ituna zuzenki arbuiatuz eta gaitzetsiz. Baina Lan Osasunaren Kontseiluko lehendakariak soilik eztabaidara eraman zuen puntua, bozkatzea eragotziz; UGT, CCOO, CEN eta ANEL eragileen oniritziarekin. LABek juridikoki aztertuko du ea lehendakariak hartutako erabaki ez demokratiko horrek organo honen araudia urratzen duenetz.

Bistan da LAB sindikatuak orain urtebete eginiko salaketak bere efektua izan duela eta, oraingoz behintzat, mutualitateen eskumenen hedapena eragoztea lortu duela. Nahiz eta mutualitateen publifikazioaren helburutik urrun egon, lorpen txiki hauek beharrezkoak dira helburuetara iristeko

LAB sindikatua ahal duen esparru eta foro guztietan saiatuko da eragozten gobernuek zein UGTk, CCOOk eta CENek defendatzen duten osasungintzaren ezein pribatizazio. Eta frogatzen ari da LABen lanak baduela eraginik: aipaturiko eragile horiengan sortu den ezinegona eta jarrera defentsiboa ikusi besterik ez da behar.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Sidenorren akordio markoaren negoziazioaren eratzea eten dadila eskatzen dugu, langileoi hitza emateko

Basauriko lan zentroan erreferenduma egitea eskatu dugu, marko horretan jarraitu beharko litzatekeen edo ez erabakitzeko.

Voestalpine Railway Systems JEZ-en langile baten diziplinazko kaleratzea salatzen dugu eta beldurra kudeaketa-tresna gisa erabiltzeaz ohartarazten dugu

Sindikatuaren ustez, erabakia justifikaziorik gabea eta neurriz kanpokoa da, eta ohartarazi du horrelako erabakiek presio giroa eta segurtasunik eza sortzen dutela langileen artean.

Ekialdebuseko lankide batek jasandako erasoa salatzen dugu

Ez da halako zerbait gertatzen den aldia, eta segurtasun arazoa salatu du Oarsoaldeko eta Bidasoaldeko autobus zerbitzuko LABek. Oraingoan E05 linean gertatu da, Errenteriako Beraungo anbulatorioaren parean.