2024-10-13
HomeEkintza SindikalaIruñeko eremu urdineko langileek greba eginen dute martxoaren 25ean, 26an eta 27an,...

Iruñeko eremu urdineko langileek greba eginen dute martxoaren 25ean, 26an eta 27an, Dornierrek uko egiten baitio hitzarmen justua negoziatzeari

Iruñean “eremu urdin” gisa ezagutzen den arauturiko aparkatze zerbitzuaren esleipena duen Dornier-eko Enpresa Batzordeko ordezkariek prentsaurrekoa eman dute gaur goizean, enpresaren egoitzaren ondoan, Aste Santuaren aurreko hiru egunetan greba eginen dutela jakinarazteko. Langileek adierazi dute sindikatuek ekarpen eta hurbiltze-saiakera ugari egin dituzten arren, negoziazio-oinarri batzuk ezartzeari begira, Dornierrek uko egin izan diola beti langileentzako baldintza duinak negoziatzeari.

Martxoaren 25, 26 eta 27ko greba deialdia Dornierreko Enpresa Batzordeak aho batez egin du –LABeko 3 delegatuk, ELAko 3k, UGTko 2k eta CCOOko 1ek osatzen dute–. Langileen ordezkariek erran dute enpresak ez duela “deus negoziatzeko”, ez baitu hurrengo baldintza-agiriaren “ez informaziorik ez zenbatekorik”. Bere aldetik, Dornierreko langileek uste dute negoziatu eta akordio batera iritsi behar dela baldintza-agiria atera baino lehen; izan ere, behin aterata eta aurrekontu-partida emanda dagoelarik, ez da mugimendu aukerarik izanen plantillaren lan-baldintza prekarioak hobetzeko.

Enpresa Batzordeak gogorarazi duenez, Dornierri esleituriko baldintza-agiria luzatuta dago, eta, beraz, urtarriletik apirilera 331.500 euro jasoko ditu enpresak garabien zerbitzuagatik, eta 3.360.833,23 euro arauturiko aparkaleku zerbitzuagatik; horri disuasio-aparkalekuetako sarrerak gehitu beharko zaizkio. Enpresa Batzordearen iritziz prezioak igo egin dira, baina Dornierrek ez du nahi igoera horiek langileen soldatetan eraginik izatea. “Euren borondate ona euren helburuak betetzea baino ez da, gure ahaleginaren, soldata prekarioen eta erosteko ahalmenaren etengabeko galeraren kontura”, gaineratu dute.

Grebako hiru egunetan Dornierreko langileek elkarretaratzeak eginen dituzte goizean Udaletxe plazan eta arratsaldean Merindadeen plazan. Goizeko kontzentrazioak 12:00etan izanen dira (astelehenekoa izan ezik, 11:00etan izanen baita), eta arratsaldekoak, 18:00etan.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Bilboko Udalak berriro utzi du Etxez Etxez Laguntza Zerbitzua multinazionalen esku

Lau urterako lizitatu du zerbitzua hobekuntzetik inbertsiorik egin gabe eta langileen aldarrikapenak kontuan hartu gabe.

Lan egiten zuen enpresaren aurrean salatu dugu astelehenean Funesen hildako langilearen heriotza

Urriaren 7an hil zen 29 urteko langilea Funesen, bezperan makina batek harrapatuta. Azken honekin, gutxienez 45 dira Euskal Herrian urte hasieratik hildako langileak.

Jarrera aldatu eta Gipuzkoako Salgaien Errepide bidezko Garraioaren Hitzarmenaren negoziazioa ahalbidetzea eskatzen diogu GUITRANSi

Gaur egin da Gipuzkoako Errepide bidezko Salgaien Garraioaren Hitzarmenaren negoziazio mahaiaren bilera, Donostiako Lan Harremanen Kontseiluan. Bilera aurretik, LAB, ELA, CCOO eta UGT sindikatuok mobilizazioa egin dugu patronalaren aldetik ez dugulako benetan negoziatzeko inolako asmorik ikusten.