2025-12-25
Blog Page 175

Estatuan baino gutxiago ordaindu beharko dutenez, Fortuna Handien gaineko Zergaren inguruko akordioak patronalari eta kapital errentei mesede egiten die

Ditugun eskumenak presio fiskala areagotu eta zerga sistema sakonki eraldatzeko baliatu behar direla uste dugu LAB sindikatuan. Hala, EAJ-PSEren gobernuak Elkarrekin Podemosekin egindako akordioa ez da inondik inora ere nahikoa, eta kontrako norabidean doa.

Madriletik ezarritakoa baino progresibitate nahiz eragin handiagoa beharko luke Fortuna Handien Gaineko Zerga honek herritarrak zaindu eta babesteko ezinbestekoak zaizkigun zerbitzu publikoak indartu nahi badira. Kontrara, akordio honek langa jaitsi eta EAEko eskumenak kapital errentak Estatu espainolean baino gutxiago zergapetzea dakar.

Azken hamarkadetan EAEko aldundiek garatu duten zerga politikaren ondorioz, behar baino diru gutxiago bildu da. Gogoratu behar dugu Europar Batasuneko bataz besteko presio fiskaletik 7 puntuko aldera kokatzen direla egun Hego Euskal Herriko lurraldeak. EBko batazbestekora parekatuko bagina Eusko Jaularitzak ia 6.700 miloi euro gehiago bilduko lituzkete.

Modu berean, kapital errentek Sozietateen Gaineko Zerga bidez zein PEFZen bidez egindako ekarpenak behera egin du azken hamarkadetan langile prekarietatea hedatu eta enpresen mozkinak izugarri handitu diren bitartean. Kontua beraz ez da solik gehien duenak ez duela gehiago ordaintzen; urteetan ogasunei egindako ekarpena geroz eta baxuagoa izan dela baizik.

Erronka handiak ditugu parez pare askotariko krisiak gurutzatzen ari diren testuinguruan. Eraldaketa sozioproduktiboak gauzatu beharko dira larrialdi ekologikoak eta energia krisiak eraginda; zerbitzu publiko indartsuak behar ditugu, gutxieneko pentsio duinak eta iragan astean Euskal Herrian lehen aldiz historian egindako Greba Feminista Orokorrean milaka herritarrok adierazi bezala, zaintzarako sistema publiko eta komunitarioa eraikitzeko garaia da.

Horregatik da beharrezkoa Zerga sistemaren sakoneko erreforma. Horregatik Fortuna Handien gaineko Zerga aukera paregabea zen sistemaren progresibitatean sakondu eta EAEko aberatsenek haien ekarpena handitzeko neurriak hartzeko, baina ezagutu berri dugun akordioa helburu hori lortzetik oso urrun dago.

Iaz EAJ-PSEren erabakiz ez zen aldibaterako Zerga hau ezarri, baina LAB sindikatuarentzat aukera galdua da ezagutu berri dugun akordioa. Ez da nahikoa zerga ezartzea lortzea: Estatuan ezarritakoa baino presio maila baxuagoa izanik, EAEko kapital errentak gutxiago zergapetuko dira eta ondorioz ogasunei egindako ekarpena murritzagoa izango da.

Salatzen dugu atzo Erandion hildako langileak 66 urte zituela eta bakarrik ari zela soldadura lanak egiten

Lankide, senitarteko zein lagunei elkartasuna adierazteaz gain, lan-erreformek prekaritatea areagotu baino ez dutela egin nabarmendu du sindikatuak, lan-osasuna bermatu behar duten instituzioek gaiarekiko duten axolagabekeria kritikatzeaz gain.

Astearte eguerdian Erandioko Astilleros Muruetan M.A.C.P 66 urteko langile azpikontratatua hil zen soldeatzen ari zen hodi handi bat gainera etorrita. Antza, hodia eusten zuen polipastoak huts egin eta azpian harrapatuta gelditu zen. 2023an Euskal Herrian lan istripuz hildako 53. langilea litzateke.

LAB sindikatuak, gertatutakoaren aurrean, honako galdera hauek egin nahi izan ditu: “Nola onartu daiteke 66 urteko langile bat baldintza horietan lanean bakarrik jardutea? Zergatik ez dira segurtasun neurriak bete? Zergatik ez da errekurtso prebentiboaren figura bermatu? Nola onartu daiteke ontziola baten ekoizpenaren zati handiena azpikontratek egina izatea? Ze lan baldintzapean daude langile azpikontratatu horiek?”

Galdera hauen atzean daude istripuaren arrazoiak, sindikatuaren esanetan. Azken erreformek sortu dituzte istripu honen atzean dauden baldintzetako batzuk ere, adinarena esaterako. Beraz, esan daiteke langileen aurkako lan eta pentsio erreformek eragin duten prekarizazioak lan istripuak areagotu dituela.

Astilleros Muruetaren kasuan, gainera, azpikontratazioa da bertako langileen lan baldintzen prekarietatea areagotzen duen elementu nagusienetakoa. Azken urteetan Astilleros Muruetaren negozioaren oinarria azpikontratatutako enpresa eta langileetan oinarritu da. Honek, bertara lanean doazen enpresa ezberdinetako langileen baldintzak kaskartu eta lan-osasunari dagozkion neurriak ez bermatzea ekarri du.

Egoera hilgarri hauek horren modu ohikoan gertatzearen atzean, bestalde, administrazioaren utzikeria dago. LAB aspalditik salatzen ari den moduan, Osalanen funtzioa aholakularitza hutsa da, ez du enpresen jarraipenik egiten eta, are gutxiago, araudia betearazten. Bitartean, Jaurlaritzaren eskumenpean dagoen lan ikuskaritzak ez du gaitasunik ezta jarrerarik araudia bere horretan betearazteko. Honen eraginez, laneko osasunerako araudia gutxien betetzen dena da, eta langileek beren bizitzarekin ordaintzen dute.

Donostiako La Perlan kontzentrazioa egingo dugu bihar, abenduak 7, enpresak langileek esateko dutena behingoz entzun dezan

La Perlako Langile Batzordearen gehiengoak langile kolektiboa gonbidatu nahi du bihar, hilaren 7an, egingo den elkarretaratzean parte hartzera.

Urte eta erdi eta gero, nazkatuta gaude. Enpresak hainbat negoziazio arlotan ez du mugitzeko asmorik, langile gehiengoaren iritziari entzungor egiten dio, lan-hitzarmenak eta gure eskubideak errespetatu ditzan atzetik ibili behar gara, baldintzak hobetzeko itun bat negoziatzeari uko egin dio, eta, erabakiak aldebakarrez hartuta ere, gero asko, ez ditu betetzen. Hau dela eta, Batzordetik protesta bat antolatu dugu abenduaren 7rako.

Elkarretaratze hori, langileen parte-hartzea errazteko, hiru ordu-tartetan kontzentrazio zaratatsu bana antolatu dugu: 12:00etatik 12:30era, 16:00etatik 16:30era eta 20:00etatik 20:30era. Helburua da lantokian bizi dugun egoera gizarteratzea, enpresak lan baldintzak errespetatzen ez dituela eta negoziatzeari uko egin diola salatzea, eta noski, aldaketarako presioa egitea.

Duela urte eta erdi hauteskunde sindikalak egin genituen, legezko ordezkaritza bat izateko eta, horrela, kolektiboaren baldintzak defendatzeko eta hobetzeko. Harrezkero lan horretan aritu gara Langile Batzordetik, hitz egin eta negoziatzen saiatu gara. Baina badirudi enpresari berdin zaiola langileen iritzia. Ezin gara eskuak gurutzatuta geratu.

Parte hartzera eta mobilizazioan parte hartzera animatzen zaituztegu.

Noaingo Knauf enpresan, langileen mobilizazioei esker, KPIren araberako soldata igoerak jasotzen dituen akordioa #LortuDugu

LAB sindikatuak akordioa lortu du Noaingo (Nafarroa Garaia) Knauf enpresan eta, horren arabera, KPIri loturiko soldata igoerak izanen dituzte, bajak lehen egunetik %100ean konpentsatuko dira eta aurreikusita zegoen ABEEE Aldi Baterako Enplegu Erregulazioa Espedientea bertan behera gelditu da. Enpresa txiki horretako langileek hiru urte zeramatzaten haien lan baldintzak hobetuko zituen itun bat eskatzen. Azkenean, iragan urrian planto egin zuten, hiru egunetan lanuzteak egin zituzten eta horri esker lortu da Espainiako hitzarmena gainditzen duen akordioa ixtea.

Orain arte, Espainiako Industria Kimikoko hitzarmena ezarria zuten Noaingo Knauf enpresan. LAB sindikatuaren iritziz, hitzarmen hori ez da nahikoa Nafarroako errealitaterako, eta horregatik hitzarmen propioa lortzearen alde dago. Baina ailegatu bitartean, Knaufen kasuan bezalaxe, LAB eta langileak beren lan baldintzak duinduko dituzten enpresa akordioak lortzearen alde borrokatzen dira. Knaufen erdietsi da, langile borrokaren bidez erdietsi ere.

Noaingo Knauf enpresa txikia da, eta delegatu bakarra du, LABekoa. Langileek hiru urte eman dituzte dagokiena eskatzen. Baina hiru urte horietan enpresa luzamendutan ibili da, denbora irabazi nahian. Egoeraz nazkatuak, langileek lanuzteak egin zituzten pasa den urriaren 18, 19 eta 20an. Borroka hartan eskertzekoa izan zen BSH lantegiko langileek erakutsitako elkartasuna; Knauf enpresak bere ekoizpenaren %90 BSHrendako egiten du.

Estatalizazioak (bertako hitzarmenen ordez Espainiakoak izateak) prekaritatea dakar. Horregatik da hain beharrezkoa bertako negoziazio esparruak izatea eta horregatik ari da LAB saiakera berezia egiten Nafarroako Industria Kimikoko hitzarmena lortu ahal izateko, UGT eta CCOO sindikatuen kontrakotasunarekin bada ere ‒kurioski, EAEn alde daude‒. Hartara, beharrezkoa den edozein esparrutan, LABek borrokan jarraituko du Euskal Herriko langileen baldintzak duintzearen alde. Adibidez, borrokari esker lortu da Knaufen KPIari loturiko soldata igoerak izatea, bajak %100 konpentsatzea lehen egunetik eta aurreikusten zen ABEEE bertan behera uztea.

Gaur, abenduaren 6an, ez dugu zer ospatu

Abenduaren 6a jai egun inposatua da Hego Euskal Herrian, Espainiako Konstituzioaren urteurrena dela eta. Bada, lan egutegi propio bat aldarrikatzen dugun neurrian, planto egingo diogu inposatutako jai egun horri, eta lan eguna izango da guretzat. Hain zuzen ere, egoitza guztiak zabalik izango ditugu, ohi moduan.

Espainiatik alde egin nahi dugunok ez dugu ezer ospatzeko. 1978az geroztik geure borondatearen kontra lotzen gaituen katea, Espainiako Konstituzioa, lan duina eta bizi duinaren aurkako eraso zuzena da. Eta zer esan emakumeon* egoera espezifikoari dagokionez, Konstituzioaren aterkipean garatu den sistema kapitalista eta heteropatriarkalaren ondorio baitira egun bizi-bizirik dauden diskriminazio ezberdinak, soldata arrakala eta indarkeria matxista.

Ez dugu zer ospatu, baina badugu zer borrokatu: independentzia, sozialismoa eta feminismoa. Demokrazia, justizia eta bakea. Burujabetza. Konstituzio propio bat, Estatu egitura propio bat. Azken batean, Euskal Errepublika aldarrikatzen dugu. Berton bizi gara, berton egiten dugu lan, eta gure lan egutegia berton erabakitzeko eskubidea dugu. Hori dela eta, gaur normaltasunez izango ditugu zabalik gure egoitzak, beste edozein lanegunetan bezala.

Aurrerapausorik gabe amaitu da Gizarte Ekimeneko ikastetxeetako sindikatuon eta Hezkuntza Sailaren arteko bilera

Sindikatuok gatazka bideratzeko esku har dezala eskatu diogu Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailari.

Bilera izan da gaur Lakuan Gizarte Ekimeneko ikastetxeetan ordezkaritza duten LAB, ELA, STEILAS, CCOO eta UGT sindikatuen eta Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailaren artean.

Kristau Eskola eta AICE-IZEA patronalek sortutako gatazka bideratzeko esku har dezala eskatu diote bertan sindikatuek.

Izan ere, Eusko Jaurlaritzako hezkuntza Sailarena ere bada Itundutako eskolek dituzten finantzaketa iturrien gaineko
gardentasuna kontrolatzeko ardurarekin batera langileen lan baldintza egokiak bermatzeko ardura ere.

Hezkuntza Sailak Hitzarmena negoziatzea sektoreko sindikatuen eta patronalen eskumena dela adierazi die sindikatuei, eta epe luzera lanketak egiteko asmoetaz haratago gaur gaurkoz ez du proposamen zehatzik egin.

Hitzarmen berria sinatzeko edukien alde, Gizarte Ekimeneko ikastetxeetako langileek 4 greba egun egin dituztela jadanik gogoratu dute sindikatuek. Baita beste bost greba egun dituztela deituta abenduaren 11 eta 15 bitarte ere.

Aurreko Hitzarmena sinatzea ahalbideratu zuten proposamenak mahai gaineratzeko 29 greba egun gauzatu behar izan ziren 3 ikasturtetan banatuta. Sindikatuek aurreko hitzarmena sinatu ahal izateko egin behar izan zuten bidea ez dutela errepikatu nahi adierazi diote hezkuntza Sailari.

Azkenik, argi daukate azken asteetan eman diren mugimenduak, azaroaren 27ko mahai negoziatzailea eta gaurko Hezkuntza Sailarekin izandako bilera abian den greba dinamikaren ondorio direla. Eta hori dela jarraitu beharreko bidea hitzarmena sinatzea ahlbideratuko duten proposamenak izan arte.

Hau horrela, LAB, ELA, STEILAS, CCOO eta UGT sindikatuek Gizarte Ekimeneko langileak abenduko grebetan ere nabarmen parte hartzera animatzen dituzte.

Zerbitzu publikoetako langileen elkarretaratzeak deitu ditugu grebaren atarian

Abenduaren 12an egingo dira kontzentrazioak. Urriko grebak aurrerapen txikiak ahalbideratu dituen arren, sindikatuok ziurtatu dugu mobilizatzen jarraitu behar dela enplegua, soldatak eta zerbitzu publikoen egituraketa hemen erabakitzeko. LAB, ELA, CCOO, STEILAS, SATSE eta ESK sindikatuok dei egiten diegu EAE-ko sektore publikoko langileei abenduaren 12an lantokietan Zerbitzu publikoak indartzeko, soldata eta enplegua hemen adostu lelopean elkarretaratzeak aurrera eramatera.

Elkarretaratze horiek abenduaren 19rako deitutako grebaren atarikoak izango dira, eta joan den urriaren 25eko grebari jarraipena emango diete. Greben helburua da Euskal Herriko erakunde eta alderdi politikoek politika publikoak aldatzea zerbitzu publikoen alde, eta bertako langile publikoen enplegua, soldatak eta lan baldintzak hemen erabakitzea.

Urriko greba arrakastatsua egin eta hilabetera, sindikatuek uste dute helburu horiek lortzeko aurrerapauso txikiak eman direla, hala nola, hainbat esparruetan mahai negoziatzaileak deitu dira,eta EAJk PSOErekin lortutako inbestidura akordioan jasotzen da euskal langileen enplegua eta soldata igoerari buruzko atal bat.

Deitutako mahaiei dagokionez, ez dituzte oraindik barneratzen greban plazaratutako aldarrikapenak. EAJ eta PSOEren akordio testuari zehaztasuna falta zaio, eta ez du bermatzen enplegua eta soldatak hemen erabaki ahal izatea. Hala ere, sindikatuek uste dute greben eta mobilizazioen jarraipen zabalak lortu duela hamarkada baino gehiagotik itxita zegoen bidea zabaltzea. Denbora horretan, Estatuak, Euskal Herriko erakunde eta alderdi politiko batzuen bermearekin, bertako langile publikoen lan baldintzak inposatu ditu, eta horrek ondorio larriak izan ditu bai langileentzat, bai euskal zerbitzu publikoen kalitatearentzat. Behin eta berriz sindikatuek adierazi bezala, borondate kontua da zerbitzu publikoen egituraketa eta nondik norakoak hemen erabakitzea, eta hori lortzeko unea iritsi da.

Hori honela, sindikatuek dei egiten diete langileei kontzentrazioetan eta grebetan parte hartzeko, erakunde eta alderdi politikoek negoziatu behar dituzten aurrekontuetan eta EAJ eta PSOE akordioaren balizko garapenean Estatutik datozen mugak eta beto guztiak kentzeko eta negoziazio mahaietan irailean aurkeztutako aldarrikapenak errealitate bilakatzeko. Zehazki, honako hauek:

  • % 10eko soldata-igoera eta aurretik hartutako zorra berreskuratzeko konpromisoa.
  • Pribatizazioei atea ixtea eta publifikazio planak adostea.
  • Enplegu publikoa sortzea eta kontsolidatzea , behin-behinekotasuna % 8ra jaitsiz.
  • Lan-kargak arintzea, plantillen osasuna bermatuz.
  • Politika feministak, berdintasunerako plan erreal eta eraginkorrak adostea.
  • Administrazioak eta langileak euskaraz, iruzurrik gabe.
  • Jardunaldiaren murrizketa 32 orduko lan astearen norabidean

Luzaro borroka egin ostean hitzarmen berria #LortuDugu Tolosaldeko Asunción Klinikan

Gaur arratsaldean langileen batzarrean bozkatu da enpresaren azken proposamena, baiezkoak irabazi duelarik. Hala, KPIa bermatzen duten igoerak izango dituzte langileek beren soldatetan, eta beste hainbat aurrerapen ere adostu dituzte. Lorpen honek borrokak merezi duela erakusten du.

Inviza enpresa jabe duen Tolosaldeko Asunción Klinikako langileek, borroka ziklo luze baten ostean, ontzat eman dute enpresak mahai gainean jarritako proposamena. Borroka luze bezain gogorra eraman dute aurrera hainbat hilabetetan zehar; izan ere, lehenengo grebekin udaberrian hasi ziren, eta bestelako mobilizazioekin are lehenago.

Hala, greba egun, mobilizazio, pikete, elkarretaratze eta manifestazio ugari egin dituzte Asunción klinikako langileek, enpresako lan hitzarmena berriztu nahian. Tolosaldea goitik behera astindu duen borroka izan da. Gaur, LABek aukera eman die langileei bozkaren bitartez akordioaren aldeko edo kontrako bozka emateko; izan ere, negoziazio hasieraz geroztik oraingoa izan da enpresaren aldetik aldaketarik garrantzitsuenak jasotzen zituen proposamena.

Bada, langileek proposamena bozkatu dute eta baiezkoa eman diote. Gauzak horrela, honako hobekuntza hauek jasoko ditu hitzarmen berriak:

> 2024ko urtarrilaren 1an %11ko igoera izango dute langileek beren ordainsarietan

> Kontzertazio berriekin, enpresak 2022-2023ko atzerapenak ordainduko ditu

> Enpresak 2024ko KPIa hurrengo urtean negoziatzeko konpromisoa hartu du

> 38 orduko murrizketa lan-orduetan, lau urtetan 1592 ordutara helduko delarik orduen kopurua

> Langileek egunero ordaindu beharreko aparkaleakuak %50eko beherapena izango du

Borrokarik gabe akordio hau ez litzateke posible izango. Greben eta mobilizazioen bitartez enpresa estutzea lortu dugu, eta KPIa bermatzen duen eta bestelako hobekuntzak dakartzan akordioa mahai gainean jarrarazi diogu zuzendaritzari.

LABetik Asunción klinikako langile guztiak zoriondu nahi ditugu borroka eredugarria aurrera eraman dutelako, eta inoiz baino indartsuago bukatzen dugu gatazka hau, hurrengo negoziazioan ere onena emateko prest.

Mecaner-eko enpresa-batzordea Eusko Jaurlaritzarekin batzartu da, enpresarentzat eta bere langileentzat alternatiba bat bilatzeko jarrera aktiboa eskatzeko

Gaur Mecanerreko langileek beste greba egun bat egin dute. Enpresaren eta bere lanpostuen etorkizunaren alde borrokatzeko egun berri bat. Greba-egun hori enpresa-batzordeari Eusko Jaurlaritzako Industria Sailarekin zuen bilerara laguntzeko deitu da. Gaurko bilera, batzordea erakundeekin (tokikoak, eskualdekoak, probintziakoak eta autonomikoak) egiten ari den errondaren barruan kokatzen da, haien egoera gizarteratzeko eta Mecanerrentzat etorkizuna bilatzeko lankidetza eskatzeko.

Hiru hilabete igaro dira Stellantis multinazionalak lantegia ixteko asmoa eta 144 lan-kontratuak bertan behera uzteko prozesua hasteko asmoa zuela jakinarazi zienetik. Harrezkero, Stellantiseko zuzendaritzarekin zuzeneko komunikazioa izateko enpresa batzordeak egindako ahalegin guztiak alferrikakoak izan dira.

Horregatik, batzordeak, gaur Eusko Jaurlaritzarekin egindako bileran, lantegiari etorkizuna ziurtatuko dioten alternatiben bila lan egiteko asmoa azaldu du, Stellantisek dituen asmoak alde batera utzita. Batzordeak Eusko Jaurlaritzari azaldu dio ez dagoela prest geldirik geratzeko kaleratzeen zain, eta, horregatik, bideragarritasun-plan bat aztertzeari ekin dio, etorkizuna ziurtatuko duen irizpide ekosozialekin. “Ez da onargarria gure herriaren etorkizun industriala multinazionalen esku egotea”, adierazi dute enpresa-batzordearen ordezkariek.

Honetaz gain, Eusko Jaurlaritzari exijitu diote batzordeari aktiboki laguntzeko Mecaner-entzat alternatiba bat bilatzeko. Interpelazio horren aurrean, Eusko Jaurlaritzak adierazi du batzordearen proposamena aztertzeko prest dagoela. Batzordeko ordezkariek adierazi dutenez, “dena hitz politetan ez geratzea espero dugu”.

Bitartean, Mecanerreko langileek borrokan jarraitzen dute, eta datorren astelehenean Gasteizko Legebiltzarrera joango dira alderdi politikoen aurrean Stellantisen asmoen berri ematera eta Mecaner itxi ez dadin ahal duten guztia egiteko eskatzera.