2026-04-17
Blog Page 17

Amarradoreek errepresio sindikalaren aurrean erantzun kolektiboa eta mobilizazioa abiatuko dituzte

LAB sindikatutik agerraldia egiten dugu gaur lan gatazka honetan eraso zuzena egin dela salatzeko.

Enpresak LABeko gure ordezkari sindikala kaleratu du eta hiru langile zigortu ditu. Jada ez gaude lan-baldintzei buruzko desadostasun baten aurrean. Errepresio sindikala da eta langileak zuzenean zirikatzearen estrategia deliberatu baten aurrean gaude.

Ordezkari sindikal bat kaleratzen denean eta bere eskubideak defendatzeagatik langileak zigortzen direnean, ez da enpresa bat kudeatzen ari; beldurra ezartzen saiatzen ari dira.

Gatazka hau lan-baldintzen funtsezko aldaketa batekin hasi zen, judizialki errekurritu zena. Ebazpen judiziala argia izan zen: gure eskaria aintzat hartu eta martxoaren 11ko epaiketa egin arte lanaldiaren aldaketa kautelaz geldiarazteko agindu zuen, berariaz adieraziz ez zegoela enpresaren erabakia justifikatzen zuen arrazoirik.

Norabidea zuzendu beharrean, enpresak beste bide bat hartu du: 18 amarradore berri kontratatuz, funtsezko aldaketaren bidez inposatu nahi zuen ordutegi harekin. Agintaritza judizialak kautelaz geldiarazteko agindu duen lanaldi eredua, legez ezarri ezin duena, egitateen bidetik aplikatzen saiatzen da, ebazpen judizial irmoa saihestuz. Gainera, kontratazio horiek adostutako deialdi-irizpideei jaramonik egin gabe egin dira, eta kanpoan utzi dira aspalditik zerbitzuak ematen zituzten behin-behineko langileak.

Erabaki hau epailearen ebazpena saihesteko ahalegin argia da, bai eta behin-behineko langileen aurkako eraso zuzena ere.

Orain enpresak beste pauso bat eman du: gure ordezkari sindikala kaleratu eta hiru langile zigortu ditu. Hau ez da kasualitatea. Hau ez da akats administratibo bat. Hau ordezkari sindikalen eta langile guztien aurkako eraso kontzientea da. Enpresak liskar zuzena bilatzea erabaki du.

Egoera honen aurrean, LABek argi eta garbi dio:

  • Ez dugu kaleratzerik onartuko.
  • Ez dugu zigorrik onartuko.
  • Ez dugu lankiderik abandonatuko, finkoak edo behin-behinekoak izan.
  • Ez dugu ekintza sindikalerako eskubidearen urraketarik onartuko.

Enpresak uste badu beldurraren bidez plantilla zatituko duela, oker dago. Eraso bakoitzak gure determinazioa eta batasuna indartzen ditu.

Eskaladaren erantzukizuna enpresarena baino ez da. Ebazpen judiziala errespetatzeko, funtsezko aldaketa deuseztatu eta benetako negoziazio prozesu bat irekitzeko aukera izan dute. Errepresioaren bidea aukeratu dute. 

Honen aurrean, langileen batasun eta antolakuntzaz erantzungo dugu. Gatazkaren beste fase bati ekingo diogu. Ez nahi dugulako, enpresak inposatu duelako baizik.

Berehala eskatzen dugu:

  • Kaleratutako ordezkari sindikala berriz hartzea.
  • Ezarritako zigor guztiak kentzea.
  • Kautelazko neurri judiziala osorik errespetatzea.
  • Lan-baldintzen funtsezko aldaketa behin betiko kentzea.
  • Lekualdatutako behin-behineko langileak itzultzea.

Berehalako zuzenketarik ez badago, eskura ditugun tresna sindikal eta juridikoak aktibatuko ditugu eta mobilizatuta egongo gara.

Ez dugu gatazka bilatzen, baina ez diogu beldurrik. Ordezkari sindikal bati erasotzen zaionean, langile guztiei erasotzen zaie. Eta langileei eraso egiten zaienean, erantzuna kolektiboa izango da.

Langile guztien batasunerako deia egiten dugu. Hau ez da etsipenaren unea. Duintasunaren, antolakuntzaren eta borrokaren garaia da. Enpresak konfrontazioaren bidea aukeratu du. Guk gure eskubideen defentsa irmo eta kolektiboaren bidea aukeratu dugu.Ā 

Kubarako LABek bildutako osasun materiala aste honetan bertan aterako da Euskal Herritik

Pasa den urteko udazkenean, LABek Kubarako osasun materiala biltzeko kanpaina abiatu zuen.

Langile askoren lanari eta ekarpenari esker, LABen egoitzetan eta osasun zentroetan egindako bilketak aurreikuspen guztiak gainditu zituen.

Berriro ere euskal langileriak elkartasun internazionalistaren ariketa erraldoia burutu du eta zoriontzekoa da.

Elkartasun uholde hori zenbakietara ekarrita, gogoratu behar dugu:

  • 6 tona osasun material bildu dela
  • 185 kilo sendagai, 36.000 euroko balioa duena
  • Gainera, 12.000 euro baino gehiagoko diru ekarpena bildu da. Gogoratu behar dugu diru hori bideratuko dela taupada markagailuak erosteko, Medicuba Europa kanpainaren barruan

Gaur kanpaina itxi dugu Santurtzin. Aste honetan bertan abiatuko dira Kubara material honekin beteko ditugun bi edukiontzi.

Kubaren kontrako blokeoa areagotzen ari den une honetan are garrantzi handiagoa hartzen du blokeoa hausteko martxan jartzen den elkartasun internazionalistako edozein ekimenek. Horregatik jarri nahi dugu balioan osasun material honen bilketan inplikatu diren ehunka lagun: ospitaletan, auzoetan eta herrietan.

Kubaren kontrako erasoak salatzeko eta osasun eskubidearen aldeko ariketa internazionalista izan nahi du honek.

Blokeoa apurtzea eta Kubari laguntza material hau bideratzea inperialismoaren kontrako oihu bat da. Euskal Herritik eta LAB sindikatutik ozen esaten dugu Kuba ez dagoela bakarrik.

Inperialismoaren injerentziarik ez. Herrien burujabetzaren alde.

Langileon elkartasunez, blokeoa hautsi!

Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusia-k Maderas de Llodio enpresak ezarritako EREa bidegabea dela ebatzi du

Auzitegiak enpresak aplikatutako EREa bidegabea dela ondorioztatu du, eta arrazoia eman dio LABek lehen egunetik salatu duenari: espedientea ez zegoen justifikatuta, eta enpresak alegatutako arrazoiak ez ziren behar bezala egiaztatu.

Hasieratik bertatik eutsi diogu —eta hala egiten jarraitzen dugu— ez zegoela nahikoa arrazoi produktibo eta antolakuntzazkorik ERE bezalako neurri larri bat justifikatzeko.

Une honetan, gure zerbitzu juridikoak epaiaren eduki osoaren azterketa sakona egiten ari dira. Azterketa hori amaitu bezain laster, aurrerantzean emango ditugun urratsen berri emango dugu.

Era berean, eta Maderas de Llodio enpresako Enpresa Batzordearen izenean, jakinarazten dugu bihar 12:00etan prentsaurrekoa egingo dela. Bertan, Batzordeak epaiaren balorazioa egingo du eta zein izango diren hurrengo urratsak azalduko ditu.

LABek komunikabideei eta herritarrei dei egiten die agerraldi horretara etor daitezen.

LABek langileen eskubideak defendatzen jarraituko du, bere esku dituen tresna sindikal eta juridiko guztiak erabiliz, enplegua eta lan-baldintza duinak bermatzeko.

Hamaika eragile eta mugimendu sozialek bat egin dute M17ko greba orokorrarekin

1.500 euroko gutxieneko soldata propioaren aldarrikapenarekin bat egin dute eta bestelako aldarrikapen sozialei tokia eman diete

Euskal Herriko mugimendu sozial, kolektibo eta eragilek gaur jakinarazi dute bat egingo dutela datorren martxoaren 17ko greba orokorrarekin. Helburua argia da: 1.500 euroko gutxieneko soldata propioa ezartzea.

Gaur egun indarrean dagoen gutxieneko soldatak ez du bermatzen bizitza duinik. Prezioen igoerak, etxebizitzaren garestitzeak eta elikagaien eta zerbitzuen kostuak gero eta handiagoak dira, prekaritatea handitzen ari den heinean, bereziki emakumeen, gazteen, migratuen, aniztasun funtzionala duten pertsonen eta sektore feminizatuetako langileen artean.

Eragileek irakurri duten manifestuan salatu dute egungo krisi ekonomiko, sozial eta ekologikoaren testuinguruan pobrezia eta prekaritatea hedatzen ari direla, eta aberastasuna gero eta esku gutxiagotan pilatzen ari dela. Egoera horren aurrean, bertan bizi eta lan egiten duten pertsona guztiek oinarrizko beharrak asetzeko adinako diru-sarrerak bermatzea ezinbestekoa dela azpimarratu dute, herri honen gizarte-justizia eta burujabetza indartzeko bidean.

Hau horrela izanda, haien aldarrikapenak ez dira soilik soldaten aldeko borrokara mugatzen; greba orokor oro politikoa da eta beste proposamen sozialek ere espazioa izango dute martxoaren 17an: genero arrakala ezabatzea, jatorriarekin edo arrazarekin zerikusia duen diskriminazio ororekin amaitzea, aniztasun funtzionala duten pertsonen bizitza hobetzea, zerbitzu publikoen defentsa, jende guztiarentzako etxebizitza duina bermatzea, pentsio eta prestazio sozialen hobekuntza, euskararen eta erabakitzeko eskubidearen defentsa edota lan prekaritatearen aurka borrokatzea.

Era berean, azpimarratu dute egungo zaintza sistemak duen egitura klasista, arrazista eta patriarkala. Zaintza eta etxeko lanetan diharduten langile askok —gehienetan emakumeak eta pertsona migratu edo arrazializatuak— prekaritate baldintzetan jarduten dute, maiz dagozkien soldatak jaso gabe eta gehiegizko lan-orduak eginez. Horren aurrean, lan harreman justuak sustatzeko eta zaintza lanari aitortza, balioa eta baldintza duinak emateko beharra aldarrikatzen dute.

Modu honetan, mugimendu sozialek dei egiten diete langileei, ikasleei, pentsiodunei eta herritar guztiei martxoaren 17an greban parte hartzera eta deitutako mobilizazioetan kalera ateratzera. Adierazi dutenez, ā€œegoerari erantzuteko garaia da. Antolakuntza eta mobilizazioa dira bide bakarra lan eta bizi baldintza duinak lortzekoā€. Horregatik, martxoaren 17an kaleak eta lantokiak hutsik uztera eta plazak betetzera deitu dute.

Lehen atxikimenduak

Aiaraldeko Greba Batzordea – SOS Aiaraldea
Amara Berri Ehuntzen
Amurrioko Gazte Asanblada
Amurrioko Emakumeon* Sarea – Red de Mujeres* de amurrio
Arteako Herriko Benta
Asociación de Empleados y Empleadas de Hogar de Navarra
ATHCA/AEZLE
ATH-ELE
Auzoan Bizi Etxebizitza Sindikatua
AZET Etxebizitza Sindikatua
Bakea eta Duintasuna – OMAL
Basauriko Asanblada Feminista
BATUTA Judimendi
Bilbo Palestina Herri Ekimena
Colectivo BachuƩ Elkartea
Congreso de los Pueblos
Denon Bizitzak Erdigunean
Donostiako Harrera Sarea
Eginaren Eginez
Euskal Gune Ekosozialista
Euskal Herriko Bilgune Feminista
Euskal Herrian Euskaraz
Euskal Herriko Gazte Feministak
Euskal Herriko Etxebizitza Sindikatuen Sarea
Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimendua
Ernai
Errotik (Gasteizko ikasle feministak)
Gerrarik EZ Euskal Herruia
Gure Esku
Haritu Etxebizitza Sindikatua
Hitz&Hitz fundazioa
IKAMA
Irungo Harrera Sarea
Jardun Koordinadora
Jauzi Ekosoziala
Kiskali. Basauriko gazte talde feminista
Koordinadora antimilitarista Kakitzat
Malen Etxea – Mujeres Migrantes
Mugak Zabalduz
Nafarroako Osasun Publikoaren Aldeko Plataforma
ONEKA – EH Emakume Pentsionisten Plataforma
Ongi Etorri Errefuxiatuak Araba
OPA Herri Plataformak
RIF Amazigh EH
Sagarrak talde ekologista
Saretxe Etxebizitza Sindikatua
Sasoia
Sorginenea
THYCNA – Trabajadoras de Hogar y Cuidados de Navarra
Trabajadoras No Domesticadas
Usurbilgo Xauxar txosna batzordea

Euskal Herria harrera herri izan dadin borrokan ari diren ekintzaile solidarioen lana goraipatzen du LAB sindikatuak

2024ko ekintzagatik auzipetutakoak absolbitu izanak LABek hasieratik defendatu duena berretsi baino ez du egiten: klase elkartasuna antolatzea ez dela delitua, eta, aitzitik, eginbeharra dela.

Bi urte pasatu dira 2024ko ekintza desobediente hartatik. Milaka lagun Korrikarekin euskararen alde Irun eta Hendaia arteko igarobidea egiten ari zirela baliatuta, ekintzaile talde batek migrazio prozesuan ziren 36 pertsonekin batera igaro zuen Santiagoko zubia.

Epaitua izan zen ekintza hura, eta gaur jakin da epaia: absolbitu egin dituzte epaituak izan ziren zazpi ekintzaileak. Epaiak LABek hasieratik defendatu duena berretsi du: klase elkartasuna antolatzea ez dela delitua, eta, kontrara, eginbeharra dela.

Epaitua izan den ekintza haren alde, milaka izan ziren autoinkulpatu ziren herritarrak, eta ehunka eragilek ere bat egin zuten salaketa kanpainarekin. LAB sindikatuak elkartasun uholdea txalotu nahi du, eta argi du elkartasun olde horren ondoriozkoa dela epai hau. Herri garaipena izan da, azken batean. Halaber, LABek bere komunitate osoaren babesa eta harrotasuna helarazi nahi dizkie epaituak izandako lagunei, eta, bereziki, ekintza honen harira auzipetutako LABeko kideei. Sindikatuko militanteak buru-belarri ari dira, beste hainbat borroketan bezala, honetan ere, eta hainbat kide izan dira ekintza horretan auzipetutakoak.

Epaiketa ez zen ospatu behar. Heriotza, arrazismoa eta eskubideen urraketa sistematikoa gauzatzen duten lege eta politikak, baita berauek sustatu eta sostengatzen duten agintariak eta gauzatzen dituzten poliziak ere, dira epaitu beharrekoak. Elkartasuna ez delako delitua. Migrazioa ez delako delitua.

Askotariko arrazoiek bultzatzen dituzte pertsonak migrazio prozesuei ekitera. Gehiegitan, arrazoi politiko, ekonomiko eta klimatikoak dira; gerratik, segurtasun ezetik, pobreziatik eta eskubideen urraketetatik ihes egiten dute munduan zehar miloika pertsonek. Bizi dugun sistema kapitalista eta kolonialistaren ondorioak modu zuzenean bizi dituzte.

Eta hala heltzen dira asko eta asko gure lurraldeetara. Batzuek bertatik igaro nahi dute soilik, eta besteek bertan bizi proiektu duina garatu. LABek patronalaren eta agintari politikoen ikuspegi utilitarista eta merkantilista salatu nahi du, pertsona migratuak eskulan merke bilakatzeko joera etengabea dutelako. LABek, ordea, argi du gurea harrera herria dela, pertsona guztiak eta eskubide guztiak defendatzen jarraituko duela eta migrazio prozesu aske eta seguruak defendatzen. Inori mugak ezartzekotan, kapitalari ezarri behar zaizkio, baita langileon aurkako diskriminazioan eta gorrotoan oinarritzen diren mezu eta praktika faxistei ere.

Epaiketa honekin ez da ezer hasten edo bukatzen. LABek dei egiten du ekintza soziosindikal antirrazista garatzen eta sakontzen jarraitzera, eta dei egiten die langileei, halaber, helburu horrekin antolatzen diren eragile eta kolektiboekin elkarlana estutzera eta bide horretan jarraitzera.

LAB, ELA, STEILAS, Etxalde eta HIRUk gutxieneko zerbitzuen gehiegikeria salatu eta proposamena aurkeztu dute martxoaren 17ko greba orokorraren harira

LAB, ELA, STEILAS, Etxalde eta HIRU sindikatuek proposamen bateratua helarazi diote EAEko Lan eta Gizarte Segurantza Zuzendaritzari, berrikusi ditzan 2026ko martxoaren 17rako Hego Euskal Herrian deitutako greba orokorraren harira gutxieneko zerbitzuen inguruko irizpideak.

Sindikatuek salatu dutenez, azken urteetan gutxieneko zerbitzuen aplikazioa sistematikoki handitzen joan da, eta Lan Sailak oinarrizko zerbitzuen interpretazio gero eta zabalagoa egiten du. Haien ustez, joera horrek zalantzan jartzen du greba eskubidea, eta urratu egiten du greba orokor batek eskatzen duen proportzionaltasun printzipioa.

Deitzaileek hezkuntzan, garraio publikoan eta komunikabide publikoetan aplikatu beharreko irizpideen inguruko proposamen zehatzak aurkeztu dituzte:

Hezkuntzari dagokionez, sindikatuek defendatzen dute gutxieneko zerbitzurik ez ezartzea, uste baitute egun bakarreko greba orokor batek ez duela hezkuntza jasotzeko eskubidea arriskuan jartzen. Azken urteetan arlo horretan ezarritako gutxieneko zerbitzuak handitzen joan dira, praktikan greba eskubidea mugatzeraino. Gainera, greba orokorrak balio pedagogikoa ere badu, eta heldutasun nahikoa duten hezkuntza etapetan langile-borrokaren, kohesio sozialaren eta balio demokratikoen inguruko lanketa egiteko aukera baliatu beharko litzatekeela iritzi diote sindikatuek.

Garraio publikoari dagokionez, gehiegizkotzat jo dituzte ezarritako gutxieneko zerbitzuak, eta kritikatu dute egungo ereduan lanerako eskubideari ematen zaiola lehentasuna, grebarako eta mobilizaziorako eskubideen kaltetan. Administrazioaren betebeharra oinarrizko zerbitzuetara joateko mugikortasuna bermatzea da, eta ez ohiko jarduera ekonomikoa mantentzea. Horregatik, gutxieneko zerbitzuak ez ezartzea eskatu dute, eta ezarriko balira, izan daitezela lehentasunez erabiltzaileei oinarrizko zerbitzuetarako irismena bermatzeko eta greba eskubidea bermatzeko ekimen eta mobilizazioetara joan ahal izateko. 

Komunikabide publikoen kasuan, EITB taldeari dagokionez, sindikatuek ohartarazi dute greba orokorraren aginduak asteburuko informazio zerbitzuak bermatzea baino ez duela zehazten, baina EITBren zuzendaritzak aldebakarrez entretenimenduzko saioen errepikapenak programatu izan dituela, grebaren ikusgarritasuna murrizteko asmoz. Haien ustez, greba egunean informazio zerbitzuek interes publikoko informazioa, bereziki eskubide zibil eta politikoekin lotutakoa lehenetsi beharko lukete, entretenimendu hutsezko edukien gainetik. Era berean, diote bermatu behar dela informazio zerbitzuak asteburuko langile kopuruarekin egitea. Azkenik, greba ikusgarri egiteko neurriak proposatu dituzte: programen errepikapenik ez emititzea, une oro greban dauden langileen berri emango duen scroll-a jartzea eta gutxieneko zerbitzuak betetzen ari diren kazetariek hori adierazteko elementuak jasotzeko eskubidea izatea.

Bestalde, sindikatuek salatu dute gutxieneko zerbitzuen aginduak askotan azken momentuan argitaratzen direla, eta horrek greba eskubidea baldintzatzen duela. Horregatik, martxoaren 17ko greba orokorrerako agindua martxoaren 7a baino lehen argitaratzea eskatu dute. 

FVEMek lan eskubideetan murrizketak eta atzerapenak jarri ditu mahai gainean Bizkaiko metalaren negoziazioan

Gaur Bizkaiko metalgintzako hitzarmenaren negoziazio-mahaiaren hirugarren bilera egin da, eta FVEM patronalak aurrez ohartarazi duguna baieztatu du: ez du sektoreko langileen lan-baldintzetan hobekuntzak negoziatzeko benetako borondaterik, eta dagoeneko finkatuta dauden eskubideetan atzera egiteari buruzko eztabaida ireki nahi du.

Patronalak sindikatuek aurkeztutako plataformei erantzun behar zien. Hala ere, ez du horien balorazio zehatzik egin, eta soilik adierazi du planteatutako soldata-igoerak enpresek beren gain har dezaketenaren ā€œoso gainetikā€ daudela. Era berean, lanaldi-murrizketa oro baztertu du, eta kontziliazioa, lizentziak, telelana, berdintasuna edo lan-osasuna bezalako gaiak egungo hitzarmenera eta indarrean dagoen legeriara bideratu ditu, nahikotzat jotzen baititu.

Sindikatuen aldarrikapenei atea itxi ondoren, FVEMek hamar puntuko proposamena aurkeztu du, eta horietatik zazpik egungo hitzarmena nabarmen okertzen dute. Patronalak atzerapenak planteatzen ditu gai sentikorretan, hala nola gutxieneko bermean, malgutasunean (malgutasuneko orduak 100etik 200era igoz), lan-istripuagatiko eta lanbide-gaixotasunagatiko aldi baterako ezintasunaren osagarriaren denbora-mugan, kontratu-eteteen eta lizentzien aurreabisuetan, produkzio-arrazoiengatik behin-behineko kontratuaren gehieneko iraupena urtebetera luzatzean, praktikaldiko kontratuetan eta eskubide sindikaletan.

LABek uste du patronalaren jarrera ez dela koherentea eta kontraesankorra dela. Eskubideetan hobekuntzak errefusatzeko egungo legedia nahikoa dela babesten duen bitartean, atzerapenak eta eskubide-galerak justifikatzeko araudia nahasia edo eskasa dela dio.

LAB ez da mahai honetan murrizketak negoziatzera eseri. Bizkaiko metalgintzako langileen aldarrikapenak eta beharrak defendatzera eseri gara. Ildo horretan, gogorarazi dugu lau sindikatuetako plataformek elementu komunak jasotzen dituztela, eta patronalak benetako negoziatzeko borondatea badu, puntu partekatu horiek izan beharko liratekeela negoziazioan aurrera egiteko abiapuntua.

LABek irmotasunez eta erantzukizunez defendatuko du bere plataforma. Sektoreak ez du murrizketarik behar; hobekuntzak behar ditu soldatetan, lanaldian eta lan-eskubideetan. Eta patronalak atzerapausoak planteatzeko jarrera hori mantentzen badu, sektoreko langileak izango dira negoziazio honen norabidea markatuko dutenak. 

Enpresek 461 milioi euroko mozkinak ateratzen dituzteĀ 1.500 euroz azpiko soldatekin

Bost langiletik batek 1.500 euroz azpiko soldata du Hego Euskal Herrian, eta azken 15 urteetan 3 puntu jaitsi da soldatek Barne Produktu Gordinean duten pisua. Horregatik, martxoaren 17an euskal langileek ā€œargi hitz egingo duteā€, GarbiƱe Aranbururen arabera.

Hego Euskal Herrian gutxieneko soldata propiorik ez izateak langileentzat dituen ondorioak aztertu ditu Ipar Hegoa fundazioak, EHUko Ekonomia eta Kudeaketa saileko irakasleekin lankidetzan, eta argigarriak dira emaitzak: bost langiletik batek 1.500 euroz azpiko soldata dauka. Gizarte Segurantzaren erregimen orokorrean eta etxeko langileen erregimenean diharduten langileak izan dira azterketarako lagina.

Jagoba Zulueta Ipar Hegoa fundazioko arduradunak xehetu ditu azterketaren emaitzak. LGS Lanbide-arteko Gutxieneko Soldata propio bat ezartzeari uko egiteak Hego Euskal Herriko milaka eta milaka langile zuzenean kaltetzen dituela azaldu du, eta langileria osoa zeharka. Izan ere, soldaten zorua 1.500 eurotan kokatuta egon beharrean 1.184 eurotan egoteak (%21,07 beherago) langile guztiei eragiten die, soldata egitura osoa desitxuratu eta debaluatu egiten delako. 

Azterketak erakusten du Hego Euskal Herrian BPG Barne Produktu Gordinarekiko pisua galdu dutela soldatek. Izan ere, Zuluetak azaldu du Espainiako Estatuan LGSa igo egin dela azken urteetan, baina, hala ere, horrek ez duela inpakturik Hego Euskal Herriko egoera sozioekonomikoan. Zehazki, azken 15 urteetan soldaten pisuak 3 puntu egin du behera Hego Euskal Herriko BPGean. Aldiz, goranzko joera antzematen da Europako Batasunean estatu egiturak dituzten nazioetan. Estatu egiturarik ez izateak edo gutxieneko soldata propiorik ez izateak, hortaz, soldaten pisua galtzea dakarrela ondorioztatu du azterketak. 

1.500 euroren azpitik lan egiten duten langileen artean, hirutik bi (%66,91) emakumeak* direla zehaztu du Zuluetak, eta emakume* enplegatu guztiena artean herena baino gehiago direla gutxieneko horren azpitik daudenak. Halaber, langile migranteek nozitzen dituzten baldintza kaskarren erakusle ere bada argazkia: 1.500 euroren azpitik jasotzen duten 239.535 langile horietatik 118.999 Hego Euskal Herritik kanpo jaiotakoak dira; alegia, bitik bat. Gazteei ere egin die aipamena. 30 urtez azpikoen kasuan, aztertutako laginaren laurden bat (%25,84) dago 1.500 euroko soldataren azpitik: 61.896 pertsona. 

1.500 euroren azpitik lan egiten dutenek jasotzen duten solataren eta LGS propio batekin jasoko luketenaren arteko tartea ere aztertu dute. Argia izan da Zulueta: ā€œDirua ez da arazo bat. Enpresen mozkinak gorantz doaz; gorantz doaz, langileen soldatak igo direna baino askoz goragoā€. Izan ere, 2024ko abenduko soldatak erreferentziatzat hartuta, ikusi dute 461 milioi eurokoa litzatekeela zenbateko hori; alegia, urteko soldatetan langile horiek 1.500 euroko soldata ez izateagatik irabazten ez dutena hori dela. Ondorioa argia da, Zuluetak gogoratu duenez: 461 milioi euro gehitu dituzte enplegatzaileek, enpresari pribatuek eta administrazio publikoak, euren mozkinetara. Edo, bestela esanda: 461 milioi euroko plusbalia erantsia atera diete langile zaurgarrienei Hego Euskal Herrian. 

Horrenbestez, 1.500 eurotik beherako soldatak ez daude Hego Euskal Herriko egoera sozioekonomikoaren, bizi mailaren eta prezioen arabera doituta, eta langileak erosahalmena galtzen ari dira. 

Zentralizazioarekin, prekarizazioa

GarbiƱe Aranburu LABeko koordinatzaile orokorrak azken urteetako lan harremanei erreparatu die, eta azaldu du Espainiako Estatuko erregulazioak ā€œlan harremanak zentralizatzeko grinaā€ duela, ā€œbatez ere, azken lan erreformen ondoriozā€. Horrek ā€œbeheranzko uniformizazioa eta soldaten eta lan baldintzen prekarizazioaā€ dakartza berekin, haren esanetan. 

Horregatik, LGS propio bat ezartzeko gaitasuna izatea ā€œestrategikoaā€ dela gogorarazi du, bertako errrealitate sozioekonomiko eta sindikalaren araberako soldatak izateko, eta baita ā€œaberastasunaren banaketa ekitatiboagoa izan dadin eta langileen prekarizazio eta pobretze prozesuari aurre egitekoā€ ere. Hori dela eta, gutxieneko soldata propioa lortzeko euskal gehiengo sindikalak hainbat iniziatiba martxan jarri dituela oroitu du, ā€œguztiak bideragarriak eta osagarriakā€. Ordea, orain arte aukera guztiak itxi zaizkiela eta, martxoaren 17an greba orokorrera deitu du gehiengo sindikalak, azaldu duenez. 

Edozein kasutan, itxitako ateak irekitzako aukerak egon badaudela nabarmendu du Aranburuk. Batetik, EAEn eta Nafarroan, lan harremanetarako gutxieneko soldata bat ezartzeko Gai Zehatzeko Akordio Marko bat negoziatu daiteke patronalarekin EAEn eta Nafarroan. ā€œHori da Confebasken aurka sartu genuen demandaren sententziatik ondorioztatzen dugunaā€ adierazi du LABeko ordezkariak. ā€œPatronal esplotatzaile eta harroputza dugu aurrean, lehenago edo beranduago negoziazio mahai batean esertzera behartuko dugunaā€, gaineratu du.

Bigarrenik, aipatu du LGS propioa ezartzeko eskuduntzak eskuratzeko, legebiltzarretan lege proposamenak egin daitezke. Aranburuk nabarmendu du EAJ eta PSE-PSNk eztabaida ukatu nahi dutela, ā€œjarrera antidemokratikoa erakutsi duteā€, zehaztu du, baina gaineratu du beste talde batzuek lege proposamenak eraman ditzaketela parlamentuetara. ā€œNafarroan dagoeneko EH Bildu eta Geroa Baik erregistratu dute eta EAEn era aukera hori mahai gainean dagoā€, gogoratu du.

Hirugarrenik, Langile Estatutua aldatu daiteke. Katalunia eta Galizako sindikatuekin Madrilera egindako bidaia izan du hizpide. Honela, PSOE, Sumar, Podemos eta nazio bakoitzeko alderdiekin egindako bilerak aipatu ditu eta adierazi du Langileen Estatutuaren 27.en artikulua moldatu eta LGS propio baten aukerari babes legala emateko proposamen oso zehatza eraman dutela sindikatuek bertara. ā€œTalde politiko batek baino gehiagok iniziatiba hartu eta eztabaida Espainiako Diputatuen Kongresura eramateko aukerak irekiak daudeā€, nabarmendu du.

Aukera badagoelako, ā€œeuskal langileek argi hitz egiteakā€ duen garrantzia azpimarratu du, gogorarazita martxoaren 17an horretarako aukera izango dutela: ā€œgrebara atera, mobilizazioak indartu eta gutxieneko soldata propio bat nahi dutela adierazteko, soldata guztiak hobetu nahi ditugula argi uztekoā€. 

Azkenik, gutxieneko soldata sexuaren araberako lan banaketak sortzen dituen arrakala matxistei aurre egiteko neurria ere badela adierazi du koordinatzaile orokorrak, eta, horregatik, otsailaren 22aren (Soldata Arrakalaren kontrako Nazioarteko Egunearen) testuinguruan, LABek gutxieneko soldata propioaren beharra kalera aterako duela aurreratu du. Bi mobilizazio egingo ditu otsailaren 20an sindikatuak, Bilbon eta IruƱean.

LABek Gipuzkoako helduen egoitzetako egoera salatzeaz gain, antolatzeko eta mobilizatzeko beharra azpimarratu, eta elkarlanean aritzeko deia luzatzen du

Gipuzkoako helduen egoitzetako langileon egoeraz eta oro har sektore osoaren errealitatearen inguruan, honakoa adierazi nahi du LAB sindikatuak:

Herrialdeko hitzarmenaren negoziazio erreala aldarrikatzen dugu. Sektoreak behar dituen lan baldintzak arautuko dituena eta dituen arazoei irtenbidea emango diena.

LAB, beste sindikatuekin elkarlanean, Matia fundazioan, Zorroaga Fundazioan, Sanitas Miramonen eta beste hainbat lan zentrutan asanbladak, elkarretaratzeak eta mobilizazioak egiten ari gara. Izan ere, herrialdeko hitzarmenaren blokeoak eragina izaten ari da Gipuzkoan zehar dauden helduen egoitza ezberdinetan: ratioekin zerikusi zuzena duten lan kargen egoera kaskarra, aldi baterako ezintasunekin (IT, bajak) loturiko murrizketak, absentismoaren mamua baliatuz eskubideak murrizteko saiakerak, KPIa bermatzen ez duten soldata igoerak, eta beste hainbat arazo larri.

LABen iritziz, ZAINTZA LANAK PUBLIFIKATZEA da alternatiba bakarra, garbi dugulako zaintza lanak ezinbestekoak izateaz gain, negozio izateari utzi behar diotela, pribatizazioa gaindituz, eta zerbitzu publikoek behar dutela izan hauek bere osotasunean kudeatzeko ardura.

LAB sindikatutik Gipuzkoako helduen egoitzetako egoeraren aurrean, elkarlanerako deia luzatzen diegu gainontzeko sindikatuei nahiz eragin zuzena pairatzen duten egoiliarren senideei ere, ezinbestekoa baita gauden ataka honetatik atera eta langileen lan eta bizi baldintzak hobetzeko pausoak emanez jarraitzea eta egoiliarren arretaren kalitatea bermatzeko baldintzak eskaintzea.

Honenbestez eta beste behin ere: Diputazioari eta patronalei deia luzatzen diogu, beraien ardura hartu dezaten, hitzarmenaren benetako negoziazioari ekitea, behingoz ratioak aldatzea eta Helduen egoitzak publifikatzeko prozesua bere gain hartzea.

Borrokan jarraituko dugu, borrokan topatuko gara!