2026-10-25
HomeEkintza SindikalaJaurlaritzak ez du benetako apusturik egin nahi euskaldunon eta langileon hizkuntza eskubideak...

Jaurlaritzak ez du benetako apusturik egin nahi euskaldunon eta langileon hizkuntza eskubideak bermatzeko

LABek bermeak exijitu ditu, eta 30 orduko lan astearen aldarrikapena egin du dagoeneko Eusko Jaurlaritzaren Mahai Orokorrean.

Gaur Gasteizen egindako Mahai Orokorraren bileran ohiko errotondari biraka jarraitu dugu. LABek ez dio Jaurlaritzari borondaterik antzematen landutako gaiak behingoz konpontzeko: euskara, jardunaldi murrizketa, erretiro-txanda kontratua, gazteberritze planak eta behin-behinekotasuna.

Euskara

Jaurlaritzak jendartearen eta langileon hizkuntza eskubideak bermatzeko erabateko ardura du. Egundoko ahalegina egiten ari dela eta baliabideak jartzen ari dela dio, baina bere jarduna ez doa norabide horretan. Batetik, Iralen eta Lanbiden atzerapauso lotsagarriak ematen ari da. Bestetik, euskararen kontrako oldarraldiaren aurrean eta legebiltzarrean eztabaidatzen ari diren bi proposamenen aurrean (EH Bildurena eta EAJrena) Jaurlaritza sostengatzen duten alderdiak arazoa betikotzearen aldeko apustua egiten ari dira. Benetako babes juridikoaren aldeko apustua exijitu die LABek, bide antzuak baztertuta.

Jardunaldia

2000. urtean egindako Greba Orokor baten ondorioz, administrazioan 35 orduko lan astea adostu ahal izan zen. 26 urte igarota, egoera aldatu egin da, baina jardunaldia murrizteko arrazoiak berberak dira, eta LABek lan astea 30 ordura jaistea aldarrikatu du gaurko bileran. Jaurlaritzak, ohi bezala, ez du gaiari heltzeko borondaterik agertu, eta bestelako gaietara desbideratu nahi du fokua. Argi utzi du beste behin ere, 2000. urtean bezala, borondate falta hori aldatu nahi bada, mobilizazioaren bidez izan beharko dela.

Erretiro-txanda kontratua

Gai hau ere errotondan mantentzen dute, Madrilera begira erosoa delako «segurtasun juridikoa» aitzakiatzat hartzea. Jaurlaritzak baditu tresnak aukera hau eremu guztietara zabaltzeko, enpresa publiko batzuetan dagoeneko egiten ari den bezala. Urtarrilean aurkeztutako testua, gutxiengoarekin adostuta, Gobernu Kontseilura eramango dutela adierazi dute.

Behin-behinekotasuna

Kasu honetan ere badaude tresnak behin-behinekotasuna Europak agintzen duen %8ra jaisteko, baina borondaterik ez dago. Madrilen zer erabaki begira gelditu baino, eskumenak exijitu behar ditu Jaurlaritzak, birjartze tasak eta lanpostu deialdiak hemen adostu ahal izateko.

LABek gai hauen guztien defentsan mobilizatzen jarraituko du, eta gogoratu nahi du hurrengo asteak eta hilabeteak garrantzitsuak izango direla jendartearen eta langileon euskara eskubideak legez behingoz bermatzeko. Langileei datozen mobilizazioei adi egoteko eskatzen die.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Etxebizitza politika okerren eta utzikeriaren ondorioa da Gasteizko etxegabetzea

Gasteizko Udalak larrialdi egoerei aurre egiteko baliabideak eta etxebizitza parke publikoa ez zaintzeak ekarri du egoera hau.

Vicinayn proposatutako kaleratzeak eta ABEE berria arbuiatzen ditugu, eta operazioaren atzean dauden interesei buruzko zalantza adierazi dugu

Plantillak hainbat urte daramatza Aldi Baterako Erregulazio Espedienteak pairatzen eta sakrifizioak egiten, eta orain enpresaren jarduerarekin loturiko arazoak ere langileek ordaindu behar izatea onartezina da sindikatuarentzat. Damaso Quintanak bultzatutako eta Eusko Jaurlaritzak babestutako operazioaren lehentasuna, enplegua eta Vicinayren industria-etorkizuna bermatzea baino, enpresaren lursailak ez ote ziren planteatu du LABek.

Amarratzaileen aurkako jazarpen sindikal larriaz ohartarazi du LABek, eta langileen antolaketarekiko konpromisoan berresten da

Sindikatuak agerraldia egin du Bilboko Portuan, sektorean askatasun sindikalaren aurkako erasoak etengabeak direla salatzeko eta arduradunei argi uzteko LABek ez duela bazter utziko langile klasearen eskubideen alde borrokatzeko bere betebeharra. Enpresak LABeko hiru ordezkari kaleratu ditu eta hainbat zigor ezarri ditu, mehatxuak eta xantaia baliatzeaz gainera.