2026-01-20
Blog Page 1203

Langabeziak joera eten du eta abuztuan handitu egin da berriro

Estatuko Enplegu Zerbitzu Publikoak emandako datuen arabera, erakunde horrek Hego Euskal Herrian dituen bulegoetan 215.390 langabetu erregistratu ziren. Horrez gain, honi gehitu beharko genizkioke lanik ez duten eta erregistratutako langabezia-kopuru ofizialean agertzen ez diren (maiz, datuotan azaldu ez izana justifikatzen duen arrazoirik adierazi gabe) 12.400 enplegu-eskatzaile.

Lau hilabeteko jaitsiera aldiaren ondoren, behin udarari lotutako aldi bateko kontratazioa amaituta, langabezia ohiko bilakaera berrartu du. Nafarroan bakarrik egin du behera langabeziak aurreko hilarekin alderatuz (545 langabetu gutxiago), aroari lotutako nekazaritza-kanpainak eraginda. Gainontzeko eskualdeetan langabeziak 1.795 pertsonetan egin du gora, aipatu gehikuntza zerbitzu sektorean eta industrian bilduz.

Dena dela, Gizarte Segurantzako afiliazio datuak are negatiboagoak izan dira. Zehaztearren, abuztuan lau herrialdeetan sistemari afiliatutako pertsonen kopuruak 7.338 pertsonetan egin du behera.

Hortaz, datu horiekin egiaztatu dugu, datu makroekonomiko batzuk adieraz dezaketen ekonomiaren susperraldi arina ez dela islatu lanpostuen sorrera garbian. Aitzitik, enpleguaren suntsipenak bere horretan dirau, nahiz eta behin-behineko eta aldi bateko kontratazioa hedatzen ari den. Horrek frogatzen du Espainiako gobernuak ezarri dituen ondoz ondoko lan erreformek porrot egin dutela.

Izan ere, abuztuan sinatu ziren kontratuen %95a baino gehiago aldi batekoak izan ziren. Halaber, bigarren hiruhilabetekoari dagokion Biztanleria Aktiboaren Inkestaren arabera, iaz egun osoko 11.400 bat lanpostu suntsitu ziren eta aldi baterako okupazioa 7.300 pertsonetan handitu zen.

Bien bitartean, krisialdiaren iraunkortasuna eta langabezia-babesaren murrizpena estaldura-tasa murrizteari laguntzen dioten faktoreak dira. Gaur egun, langabetu-kopuruaren erdia baino gutxiagok jasotzen dute langabezia-laguntzaren bat, eta ordaindutakoaren araberako prestazioen batez besteko zenbatekoa %4,3an gutxitu da iazko urtearekin alderatuta.
 

 

 

Lana eta familia bateragarri egiteko laguntzaren diru-partida zabaltzea eskatzen dio LABek Jaurlaritzari

Jaurlaritzak lana eta familia bateragarri egiteko laguntza agortu direla onartu berri du. LABek laguntza hauen desagerpena Eusko Jaurlaritzak langileon bizi kalitateari egiten dion erasoa dela deritzo eta berehala langile guztion eskubidea bermatzeko diru-partida zabaltzea exijitzen dio.

Eusko Jaurlaritzak onartu egin du lana eta familia bateragarri egiteko laguntzak agortu egin direla, noiz eta oraindik lau hilabete falta direnean urtea amaitzeko. Hortaz, langileak diru-laguntzarik gabe geratuko dira seme-alabak, mendeko pertsonak edo osasun egoera larrian daudenak zaintzeko eszedentzia hartu edo lanaldia murriztu behar dutenean.

Hau da Eusko Jaurlaritzaren politika sozialaren beste ondorio kaltegarri bat. Beste behin ere noiznahi erabiltzen duten “konpromezua pertsonekin” delako leloa propagandarako amarru hutsa bihurtzen da, langileon bizi kalitatearen eguneroko okertzea estali ahal izateko. Adibideak begi bistan daude: azken lau urteotan lana eta familia bateragarri egiteko aurrekontua 35-etik 17 miloi eurora murriztu egin da, pertsonek 6 hilabete baino gehiago jasan behar izan dute diru-laguntzak jaso aurretik, diru-laguntzen izoztea azken urteotan, zaintza behar dutenen pertsonen arreta bermatu beharko luketen errekurtso sozialen garapen eza,… 

Neurri guzti hauek larritu eta zaildu baino ez dituzte egiten langileen aukerak bizitza pertsonala, lana eta familia batera eramateko orduan. Eta horri gehitu behar diogu lan munduan nagusi diren prekarietatea, ordutegien malgutasunaren inposizioa, soldaten apaltzea, …. Ondorioak nabariak dira: estresa, sufrimendua eta gainkarga ekonomikoa langileentzako. Laneko prekarietatea eta murrizketa sozialak, patronala eta Eusko Jaurlaritza, biek eskutik pertsonen ongizatearen aurka. 

Beraz, LAB sindikatuak eskatzen dio Eusko Jaurlaritzari berehala zabaltzea diru-partida hau lana eta familia bateragarri egiteko diru-laguntza hauek eskatzen dituzten langile guztien eskubidea bermatzeko. Eta horrekin batera, LABek azaldu nahi du badela garaia politika sozial berri bat martxan jartzeko kontziliazioari begira bestelako oinarrien gainean: diru-laguntzen unibertsaltasuna, pertsonen eskubideen zerbitzuan fiskalitate berri bat, egungo lan baimenak eta programen berrikusi irizpide berdinzaleen arabera, zaintza lanen balorazio soziala eta kontziliazioarako zerbitzu sozial publiko baten garapena.
 

 

 

2014an Euskal Herrian 30. heriotza lan istripuan

Azken heriotz istripua salatzeko ELA, LAB, STEE-EILAS, HIRU eta EHNE sindikatuok elkarretaratzea deitzen dugu bihar asteartea goizeko 11.00etan Deustuko San Pedro plazan.

Behargin bat hil da gaur Arangoitin, lanean ari zela, “Dumper” baten azpian harrapatuta geratu ondoren. Langileak 49 urte zituen, eta RIBASA enpresako langilea zen. RIBASA enpresa EXABASA AMENABARren azpikontrata da.

LAB sindikatuak lehenik eta behin hildakoaren familia, lagun eta lankideei dolumina eta elkartasuna adierazi nahi die.

Dagoeneko 2014an Euskal Herrian gutxienez 30 langile hil dituzte euren lanpostuetan edo horien ondorioz, 3 Araban, 12 Bizkaian, 7 Gipuzkoan eta 8 Nafarroan.

Oraindik ez da ezagutzera eman ezbeharra nola gertatu den. Langilea “Dumper” bat gidatzen ari dela gertatu da istripu hilgarria. Etxebizitzak (salmenta librekoak, tasatuan eta babes ofizialekoak) eraikitzen ari diren obra batean izan da ezbeharra, Arangoitin.

Azken hiru astetan izan den bostgarren istripu hilgarria dela salatu behar dugu, horietatik hiru dira eraikuntzan jazotakoak.

Beti errepikatu izan dugu lan istripuak ez direla zoritxarraren edo ezbeharren ondorioa, baizik eta prekarietatea eta lan baldintza txarrak eragiten dituztela. Izan ere, esplotazioak, lan baldintza kaskarrek, lan erritmoak, formazio ezak eta prebentzio neurrien faltak hil egiten dute.

Langileon heriotza eta lan osasun galerak (lan istripu arinak, larriak eta gaiixotasun profesionalek) ardura patronalak dauzka. Baina ezin dugu ahaztu administrazio publikoen ardura. Askotan administrazio publikoek beste alde batera begiratuz egoera hauek gertatzea ahalbidetzen dute.

Izan ere, non dago lan ikuskaritza edo Osalan, eraikuntzan egiten zituzten kanpainak egiteko? Zergatik ez dute baloratu zer egin behar den, kanpainak zuzenean bertan behera utzi beharrean?

Gainera, kasu honetan ardura ez da soilik kontrolaren eremura mugatzen (behar beharrezkoa dena), etxebizitza horietan zenbait bloke babes ofizialekoak dira, eta beraz, Gasteizko Gobernuak bere “txiringitoekin” zozketak egingo ditu eta lau haizetara zabalduko du babes ofizialeko zenbat etxebizitza esleituko diren… Baina badu beste eginbehar bat, obra horren parte denez, bertan ari diren langileen bizitza eta osasuna zaintzeko neurriak hartzea alegia. Halaber, Urkulluren gobernuaren ardura morala ere argia da.

LAB sindikatutik bestelako eredu bat aldarrikatzen dugu, ez bakarrik gaurko istripuaren harira, ezta azken 20 egunetan ematen ari diren jazoera larriei begira soilik, orohar, horri guztiari erantzungo dion kalitatezko enplegu eta lan harreman eredu bat eraikitzeko beharra eraikiko dena hain zuzen ere.

Heriotz istripuekin amaitzeko administrazio publikoen inplikazio aktiboa behar dugu. Aski ezagunak dira San Mames berriaren obrei lotuta eginiko salaketa sindikalak (lanaldi amaigabeak, denboran eta lan erritmoetan ezarritako presioa, prebentzio neurririk eza, hitzarmen probintzialaren inkunplimendua, azpikontratazio katea etab. Laburbilduz, esklabu baldintzak), edota AHTaren lanetan hildako langileak, baita Supersurren eraikuntzan hildakoak ere, BECekoak nahiz Bilboko Udalaren anpliazioan gertatutakoak etab. Obra horietan guztietan bermatu beharko lituzke administrazio publikoak lan baldintza duinak.

Gipuzkoako Foru Aldundiak egindako arau foralaren bidea jarraitu eta sakondu behar dugu. Ipar Orratza markatuta, hots, langile klasearen bizitza eta osasuna ziurtatzeko, eta lan balditzen hobekuntza lortzeko.

ASKI DA! EREDU EKONOMIKOA ALDATZERA GOAZ!
LAN ISTRIPU GEHIAGORIK EZ! PREKARIETATEA HILTZAILEA.

Bilbon, 2014ko irailaren 1ean

 

 

 

Sarrelle Equipos enpresak, mehatxuak egi bihurtuz, 5 langile kaleratu ditu

0

Sarralle lantegiko Langileak urtebete luzea daramate zuzendaritzaren jarrera anker, inposatzaile eta zatitzailea salatzen. Oraingoan gezurrak erabiliz, inongo eskrupulorik gabe eta mehatxuak egi bihurtuz abuztuan zuzendaritzak 5 langile kale gorrian utzi dituela salatu dute langileen ordezkariek.

Sarralleko Langileen Ordezkarien irakurketa
SARRALLE EQUIPOS.- Mehatxuak egi bihurtuz, 5 LANGILE KALERATUAK!

«Urtebete luze igaro da Sarralle Equipos-eko zuzendaritzaren jarrera anker, inposatzaile eta zatitzailea salatzen hasi ginenetik. Gaurkoa ez da ezberdina zoritxarrez, eta Enpresa hontako arduradunen azken azpijokoa salatzera gatoz.

Iazko uztailean langileon eskubideak erabat deuseztea helburu zuen lan erreforma indarrean sartu zenetik, egonkortasuna, langiro atsegina eta lankidetza hitzen esanahiak errotik moztu zituzten.

Denbora guzti honetan, aurrez salatu izan ditugun hainbat jazarpen bizi izan ditugu. Legeak dioenari muzin egin eta egoera ekonomikoaren transparentzia eza; heuren hitza sinistu besterik ez zen egoera batean, soldata beherakadak eta 200 orduko lanaldi igoera ilegala ere aplikatuarazi nahi izatea; eseri eta negoziaketa erreal bat eman nahi ez izatea; langileon zatiketa bilatzea batzarrak biziatuz; langileon artean lanpostua galtzearen beldurra zabalduz eta langileok indibidualki zuzendaritzaren alde jartzeko presionatuz eta mehatxatuaz; Zuzendaritzak berea lortzera bidean, lanik ez zegoela argudiatuz bertoko langileak EREan ginela, lanaren deslokalizazioa Palentziako lantegira; Lanik ez zegoela eta langile batzuok, EREa dela eta, etxean langabezia jaten ginen bitartean, beste batzuei ordu extrak sarraraztea; eta azkenik soldaten %10aren jeitsiera eta 103 orduko lanaldiaren gorakada unilateralki aplikatu zuen Zuzendaritzak “lanik ez dagoela” esaten dutenean?. Esan besterik ez da, hauek gaian kokatzeko adibide soil batzuk besterik ez direla.

Salaketak ere ugariak izan dira Lan Inspekzioan, eta langileon aldeko erantzunak jaso ditugun arren, guzti honen aplikazioaren epaiketa burutzekoa da datorren Irailaren 2an Donostian.

Bada ordea azpimarratu nahi dugun zerbait. Denbora guzti honetan, langilegoaren taldetxo batek Zuzendaritzaren arrazoitu gabeko nahiei, kontrakotasuna adierazi diegu. Gauzak ondo egin zitzala eskatzen genion, garbia izan zedila kontu ekonomikoekin, arrazoiak behar bezela argudiatuaz zintzo jokatu zezala eta negoziatzera eseri zedila, ez besterik. Zuzendaritzak, bere hitza zalantzan jartzen zuena “X” batekin markatzeari ekin zion. Langileon ordezkariak eta arazoaren funtsa beste termino batzuetan ikusten dugun langileok, jazarpen eta presio ikaragarriz, egoera jasanezinean aurkitzen gara. Zuzendaritzak “nire alde, edo nire kontra zaude” teoria jarri zuen martxan eta horri jarraitzen dio.

Horren adibide da Abuztu honetan pasa dena. Gezurrak erabiliz, inongo eskrupulorik gabe eta azken urtean bota eta bota ari zen mehatxuak egi bihurtuz, 5 langile kale gorrian utzi ditu nahiz eta, lan eta langile berri ugari izan. Eta bai, Zuzendaritzak zituen helburuen aurrean oztopo ikusten zituelako izan dira kaleratuak. Auzibidea hartzearen mendekua ere ba ote? Onartezina da!

Ez da kasualitatea guzti honen burutzea. Iazko Uztailaren 7an lan erreformak gure herrialdeko hitzarmenak baliogabetu zituenetik, enpresa asko dira euren anbizioak eta interesak langilegoaren baldintzen gainetik jarri dituztenak eta komeni zaienean legea erabiliz eta komeni ez zaienean legea alboratuaz, prekarietatea sortu eta langileak esklabuak bagina erabiltzen gaituztenak. Gure kasuan Adegik langileak estutzeko agindu irmoa emana du, noski komeni zaion tokietan. Erreforma baliatuz bere urteetako nahiak bete arazi nahi ditu eta gutxi batzuen irabaziak handitzen segi langilegoaren bizkar. Gainera kasu honetan Sarralle ez da edonolako enpresa, irabazi sendoak izan dituen enpresa izanda, ezin dugu beste aldera begira egon!
Guk gure bidean jarraituko dugu eta ez dugu etsiko 5 langile hauek berrartuak izan arte! Harro gaude gure eskubideak defendatzeaz! Hori bai, gaur gurean gertatzen ari dena ez da foko gorri soil bat, tamalez Euskal Herri osora zabaltzen ari den estrategia zapaltzaile baten baitan kokatzen dugu hau. Krisiaren aitzakiatan langileok beldurtu eta gure beharrekin jolasten dute eta ezin dugu hori inondik inora onartu.
Hemendik dei egin nahi diegu Instituzio ezberdinei, honelako jarrerak baztertu eta gure herriak behar duen benetako Industria sarea indartzerako orduan kontutan izan ditzaten langileon eskubideak. Lan baldintza duinik gabe eta lan harreman egoki eta kordialik gabe ez baitago langile emankorrik, ez eta Industria sare konpetitiborik.

Erreformarik ez!
Kaleratzerik ez!
Mendekurik ez!
Gora Sarralleko Langileria!
Gora Urola-Kostako langileria!
»

 

 

 

Zumarragako Arcelor Mittali buruz hedabideetan zabaltzen ari den informazioaren aurrean

0

Gaur, beste behin ere, Euskal Herrian ekonomikoki trakzio-enpresa den eta lanpostu kopuru garrantzitsua sortzen duen enpresa batek zalantzan jarri du bere jarraikortasuna. Beste behin ere, langileek komunikabideen bidez jakin dute Arcelor Mittal multinazionalaren asmoen berri. Errespetu falta izugarria da, lantegia itxiz Zumarragako jarduerarekin behin betiko amaitzearen aldeko apustua egiten ari dira, argitu gabe zergatik, zertarako eta zenbat denboran, eta azaldu gabe langileekin eta eskualdearekin konpromisorik hartuko den.

Gogoratu nahi dugu Arcelor Mittal Zumarragako langileek soldata eta lan baldintzen murrizketa jasan zutela iaz, CCOO eta UGTk sinatutako akordioaren eraginez. Alabaina, aurreikusten zen bezala, horrek ez du inolako bermerik ekarri multinazional honetan. Bistan da multinazionalarentzat akordio hark zuen balioa.

Herri honek ezin du onartu itxiera industrial gehiagorik. LABek lantegi honek aurrera egin dezan defendatzen eta borrokatzen jarraituko du, bertako langileen lan eskubideen alde, eta Euskal Herrian Arcelor Mittal taldeak dituen gainerako lantegietako beharginen eskubideen defentsan.

Zumarragan, 2014ko abuztuaren 29an
 

 

 

Ormazabal konpainiako delegatuek Igorreko lan zentruan kaleratutako bi langileak berronartzea exijitzen dute

0

Velatia taldeko enpresetako ordezkariek, astelehenean, irailaren 1ean eguerdiko 12etan, berriz ere elkarretaratzea burutuko dute Zamudion dagoen taldeko egoitza zentralaren aurrean (Teknologia parkea, 104 eraikina). Elkarretaratze honen bidez, Ormazabal y Ciak kaleratutako bi langileren berronartzea eskatuko dute.

 2013ko abenduan, Ormazabal y Ciak, 5 langile kaleratu zituen eta ondoren, urtarriletik uztailera langilegoaren gehiengoari aplikatu zaion EEEa aurkeztu zuen. Zuzendaritzak hartutako neurriak justifikazio gabekoak izan dira eta ez diote enpresaren beharrizan errealari erantzuten.

Azken hilabeteotan kaleratutako bi langileek berronartzearen alde borrokan jarraitu dute, egunero Gosa lantokiaren aurrean elkarretaratzeak burutuz.

Bitartean, zuzendaritzak langileak EEEan egon ziren bitartean aparteko orduak egitearen aukera eskatu zion enpresa batzordeari (guztiz ilegala den aukera). Orain berriz, borondatezko malgutasuna eskatu die langileei eta aldi baterako langileak kontratu behar izan ditu produkzioa atera ahal izateko.

Horregatik, gure lankidean berronartzea eta behingoz gatazka honi konponbide erreal bat ematea exijitzen diogu enpresa zuzendaritzari.

Zamudion, 2014ko abuztuaren 29an
 

 

 

Nafarroako gobernuaren proposamen fiskala UPNren estrategia elektoralista hutsa da

UPNren Nafarroako Foru Gobernuak iruzurrarekin aurrera jarraitu eta erreforma fiskalerako bere proposamena Nafarroako Parlamentura eramatea erabaki du: errentarik altuenei, kapitalaren errendimenduei, ondare handiei eta irabazi enpresarialei karga fiskala jaisteko neurri sorta da sustatutakoa.

Yolanda Barcinaren Gobernuak ez du inolako borondaterik bere zerga ereduaren norabidea aldatzeko. Kontrakoa, ahalegin fiskalen banaketa are bidegabeagoa ahalbidetzen du neurriokin, bere politika fiskalaren orientazio erregresiboan sakatuz. 

Zentzu honetan, azpimarratzekoa da egun lanaren errentek kapitalaren errenten eta irabaziak dituzten enpresen aldean hiru aldiz zerga zuzen gehiago ordaintzen dituztela, nahiz eta soldatei loturiko ordainsariek BPGaren %42 ordezkatu, enpresen eszedenteek ordezkatzen dutena 48,8ekoa den bitartean. 

Bestalde, entzun ditugu foru exekutiboko zenbait arduradun behin eta berriro errepikatzen “nafarrak ez daitezela egon Estatuko gainerakoak baino baldintza txarragoetan”. Alabaina, gogoratu behar dugu Nafarroako presio fiskala Estatuko murritzena dela eta Europar Batasunean baxuenetarikoa ere bai.

Gainera, atzokoan Gobernuak onartutako erreforma proposamenak, Parlamentuaren oniritzia jasotzen badu, 71 milioi euro inguruko beherakada ekarriko luke zerga-bilketan. Alegia, 71 milioi euro gutxiago oinarrizko zerbitzuetan, hezkuntza eta osasungintza kasu, 71 milioi euro gutxiago suspertze ekonomikoko politiketarako, lana sortzeko edota pobrezia eta ezberdintasun sozialei aurre egiteko… Zaila izango da nafarrei sinestaraztea hori onuragarria izango denik bizi dugun egoerarentzat, edota krisia sortu duten arrazoiak konponduko dituenik. 

Badirudi erreforma proiektuak oposizioko taldeen gehiengoaren kontrakotasuna jasoko duela. Bien bitartean, espero dugu inor ez dela engainatzen utziko “beherapen fiskalaren” leloarekin, usain elektoralista duen lurrina baita hori, porrotera kondenatua, eta Nafarroako gehiengo sozialarentzat inolako onurarik ez duena.  

 

 

Gehiengo sindikalaren kontzentrazioa Getxon istripuz hildako langilearen heriotza salatzeko


Goizeko 11:00etan elkartu dira Ajedrez plazan langileak gehiengo sindikalaren deialdiari jarraiki. “Lan istripu gehiagorik ez! Prekarietatea hiltzailea” zioen pankartarekin egin dute mobilizazioa, helburu moduan herenegun lan istripuz Getxon hildako langilearen heriotza salatzea zuena.

Jaialdi baterako prestaketa lanetan ari zela izan zen istripua. LAB sindikatutik istripua eragin duten gertaera eta horien erantzukizunak lehenbailehen argitzea eskatzen dugu. 
 
 

LABek Arriaundiko gozogintza ataleko langile guztien subrogazioa eskatzen du

0


Uztailean Arriaundi S.L. enpresak, gozogintza eta okindegi atal banaren jabe denak, Bingen Vizcarra arduraduna buru duela, planteatu zuen amaiera Enplegu Erregulazio Espedientea erretiratzea erabaki zuen langileen presioaren aurrean. Hauek greba mugagabea eta mobilizazio ezberdinak egin zituzten.
Momentu horretan LABek argi utzi zion enpresari ez zituela bere planteamenduak onartuko Arriaundi S.L.ko gozogintza ataleko langile guztien defentsa mahai gainean ez zegoen bitartean.

Azken bileran, planteatu zitzaigun dagoeneko ez zela gozogintza atala itxiko eta argi zuten gauza bakarra, eta horrela planteatu zitzaigun, lanpostuak amortizatuko zirela izan zen. Hitz polita lankideak kaleratu egingo dituztela adierazteko.

Batzuk subrogatuak diren bitartean (enpresaren aldebakarreko erabakia langileen batasuna zatitzeko ahalegina), beste batzuk kaleratuak izango dira miseriazko kalteordain batekin, horixe zelarik enpresaren hasierako asmoa. Legeak babesten ditu eta bere ostean izkutatzen dira zatitzen ahalegintzeko eta oso urruna ez den etorkizun batean euren helburuak betetzeko, behin betiko gozotegia ixtea.

Hau ez da nahikoa LABentzat. Ez da inongo momentutan egon planteamendurik enplegua mantentzeko edo irteera ez traumatikoak sustatzeko eta okerrena da eurek euren buruei planteatu ere ez dietela egin.

Okindegi-ataleko ELA eta CCOOeko delegatuen sumisioa lortu ondoren, soldata jaitsiera iraunkorra sinatuz, gozogintza atala soberan dute. Soberan dute gozogintza ataleko langileek euren lanpostuen alde borrokan egiteko eta burua ez makurtzeko determinazioa hartu dutelako, ELA eta CCOOeko delegatuek egin dutenaren kontrara.

Gozogintza ataleko langileak zuzendaritzak erakutsitako inpunitate eta harrokeriaren aurrean erantzuten ari dira, duintasunez. Langileen %100ak babestu dituen mobilizazioekin hasi dira. Arriaundiko zuzendaritzak soberan ditu langile hauek eta hauek euren lanpostuen defentsan ari dira.

Argi dugu langile bezala gure lanpostuak defendatu behar ditugula guztiaren gainetik eta horrela egingo dugu. Horrela egin dugu posible den guztia eginez inpunitatea eta prepotentziak 15 lanpostu suntsi ez ditzaten.

LABek gozogintza atalean dauden langile guztien berehalako subrogazioa eskatzen du eta negoziazio unitate bakarra egin dadila, Arriaundi S.L.k izan ditzakeen arazoez benetan hitz egin ahal dezagun balizko konponbideak bilatu ahal izateko. 
Aste honetan egingo diren mobilizazioetan parte hartzeko deia egiten dugu. Bihar osteguna, abuztuaren 28an, mobilizazioa egingo dugu 12:00etatik 13:00etara Durangoko Andra Mari elizan. 

Durangon, 2014ko abuztuaren 27an