LAB sindikatua Jaurlaritzari 2015ko aurrekontuak onartezinak direla eta unibertsitate publikoa arriskuan jartzen duela esan dio gaur Bilbon egindako elkarretaratzean. LABek ez du onartzen UPV/EHUren funtzio publikoa arriskuan jartzea eta Errektoreari, unibertsitatearen jardunerako behar diren baliabideak exijitzea eskatzen dio.

EUSKO JAURLARITZAREN 2015erako AURREKONTUAK, ONARTEZINAK. UNIBERTSITATE PUBLIKOA ARRISKUAN 

1. Onartezinak, arriskuan jartzen dutelako UPV/EHUren izaera publikoa. Finantziazio pribatua edo tasen igoera justifikatzeko diru nahikorik ez izatea aitzakia ezin hobea bihur daitekeelako pribatizazioaren bidean. 

2. Onartezinak, enplegua, soldatak eta lan baldintzak arriskuan jartzen dituztelako. Aurrekontuetan aurreikusitakoarekin UPV/EHUk ezin izango duelako Jaurlaritzak iragarri duen 2012ko aparteko ordainsariaren %25 ordaindu. Are gehiago pertsonaleko egungo kostuak behar bezala ez aurreikusteaz gain beste administrazio publikoek igoerak eta hobekuntzak iragartzen dituzten bitartean UPV/EHUko langileentzat ez dutelako  halakorik aurreikusten.

3. Onartezinak, Euskal Unibertsitate Sistemaren Legeak agindutakoa baztertuz, egungo finantziazio eredua arriskuan jartzen dutelako. Nahiz eta 3/2004 Legeak horrela agindu, oraindik UPV/EHUk ez duelako ezagutzen finantziazio nahikoa izango duen ez 2015eko ekitaldirako ezta, Unibertsitate Planaren eskutik, 2018arte garatu nahi dituen proiektuak finantzatzeko. 

4. Onartezinak, arriskuan jartzen dutelako Unibertsitate Plana eta Urte Askotariko Planaren ondorioz sortutako eraikuntza berrien irekiera. UPV/EHUk bost eraikuntza berri (Leioako Plataforma Zientifikoa, Bioteknologia Zentroa eta Biofisika Zentroa; Gasteizko Ikerkuntza eta Ikasketa Aurreratuetako Zentroa eta Donostiako Prestakuntza eta Berrikuntzarako Balioanitzeko Zentroa) martxan jartzeko asmoa bazuen ere ezin izango duelako egitasmo hori gauzatzea finantziazio nahikorik izan gabe.

5. Onartezinak, ezin delako  aurrekontuetan ezer aurreikusi gabe medikuntza fakultate berria eraikiko dela iragarri. Are gehiago, indarrean izan behar zen Urte Askotariko Inbertsio Plana bertan behera utzi ondoren horrelako iragarpena lotsagarria dela deritzogu. 

6. Onartezinak, arriskuan jartzen dituztelako  datozen urteetarako ikerkuntza proiektuak. Egun ezinbestekotzat jotzen eta behin eta berriz goraipatzen diren ikerkuntza eta berrikuntza garatzea ezinezkoa izango delako inbertsiorik gabe. Eta bi egiteko horien oinarrian EAEn UPV/EHUk buruturiko ikerkuntza lana azaltzen da eragile nagusi gisa. Baina 2011-2014 Unibertsitate Planak aurtengo abenduaren 31n epe-muga badu ere eta 2015erako Aurrekontu-proiektua aurkeztu bada ere, oraindik 2015-2018 Unibertsitate Plan berria ez dugu ezagutzen.

7. Onartezina, beketarako 2014an baino bi milioi gutxiago aurreikusten direlako 2015erako aurrekontuetan. Aurten unibertsitateko bekentzat ia 30 milioi egon badira ere, 2015erako aurreikusten dena ez da heltzen 28 milioira.

LABek ez du onartzen UPV/EHUren funtzio publikoa arriskuan jartzea eta Errektoreari, unibertsitatearen jardunerako behar diren baliabideak exijitzea eskatzen dio. UPV/EHUk etorkizunik izatea nahi badu, Eusko Jaurlaritzak urtea bukatu baino lehen onartu behar diren  Aurrekontuetan finantziazio nahikoa bermatu behar du 2015 eta hurrengo urteotan irakaskuntza eta ikerkuntza, enplegua eta lan-baldintzak ez daitezen nabarmen okertu.

1.	Grafikoa. Eusko Jaurlaritzaren ekarpenak UPV/EHUri. 2010-2015 bitarteko bilakaera.

 
DATUAK

1.    Gastu arrunterako aurrekontu-proiektuak 2014an baino 1.463.000 € gehiago jasotzen ditu, baina:

  • 2012ko aparteko ordainsariaren %25a  2.800.000 € dira.
  • Pertsonalaren gastu-irristatzea  gutxienez 1.100.00 €  suposatuko du.
  • Hornigaien gastu-igoerarik ez da aurreikusi.

2.    Inbertsio eta azpiegiturak:

  • 2014an 6.000.000 €  aurreikusi ziren; 2015erako ezer ez (0 €).
3.    Bekak:
  • 2014an 29.695.900 € jasotzen ziren aurrekontuetan. 2015ean aurreikusita dagoena 27.803.700 € dira (-1.892.200 €).