2025-12-27
Blog Page 1201

Ormazabal konpainiako delegatuek Igorreko lan zentruan kaleratutako bi langileak berronartzea exijitzen dute

0

Velatia taldeko enpresetako ordezkariek, astelehenean, irailaren 1ean eguerdiko 12etan, berriz ere elkarretaratzea burutuko dute Zamudion dagoen taldeko egoitza zentralaren aurrean (Teknologia parkea, 104 eraikina). Elkarretaratze honen bidez, Ormazabal y Ciak kaleratutako bi langileren berronartzea eskatuko dute.

 2013ko abenduan, Ormazabal y Ciak, 5 langile kaleratu zituen eta ondoren, urtarriletik uztailera langilegoaren gehiengoari aplikatu zaion EEEa aurkeztu zuen. Zuzendaritzak hartutako neurriak justifikazio gabekoak izan dira eta ez diote enpresaren beharrizan errealari erantzuten.

Azken hilabeteotan kaleratutako bi langileek berronartzearen alde borrokan jarraitu dute, egunero Gosa lantokiaren aurrean elkarretaratzeak burutuz.

Bitartean, zuzendaritzak langileak EEEan egon ziren bitartean aparteko orduak egitearen aukera eskatu zion enpresa batzordeari (guztiz ilegala den aukera). Orain berriz, borondatezko malgutasuna eskatu die langileei eta aldi baterako langileak kontratu behar izan ditu produkzioa atera ahal izateko.

Horregatik, gure lankidean berronartzea eta behingoz gatazka honi konponbide erreal bat ematea exijitzen diogu enpresa zuzendaritzari.

Zamudion, 2014ko abuztuaren 29an
 

 

 

Nafarroako gobernuaren proposamen fiskala UPNren estrategia elektoralista hutsa da

UPNren Nafarroako Foru Gobernuak iruzurrarekin aurrera jarraitu eta erreforma fiskalerako bere proposamena Nafarroako Parlamentura eramatea erabaki du: errentarik altuenei, kapitalaren errendimenduei, ondare handiei eta irabazi enpresarialei karga fiskala jaisteko neurri sorta da sustatutakoa.

Yolanda Barcinaren Gobernuak ez du inolako borondaterik bere zerga ereduaren norabidea aldatzeko. Kontrakoa, ahalegin fiskalen banaketa are bidegabeagoa ahalbidetzen du neurriokin, bere politika fiskalaren orientazio erregresiboan sakatuz. 

Zentzu honetan, azpimarratzekoa da egun lanaren errentek kapitalaren errenten eta irabaziak dituzten enpresen aldean hiru aldiz zerga zuzen gehiago ordaintzen dituztela, nahiz eta soldatei loturiko ordainsariek BPGaren %42 ordezkatu, enpresen eszedenteek ordezkatzen dutena 48,8ekoa den bitartean. 

Bestalde, entzun ditugu foru exekutiboko zenbait arduradun behin eta berriro errepikatzen “nafarrak ez daitezela egon Estatuko gainerakoak baino baldintza txarragoetan”. Alabaina, gogoratu behar dugu Nafarroako presio fiskala Estatuko murritzena dela eta Europar Batasunean baxuenetarikoa ere bai.

Gainera, atzokoan Gobernuak onartutako erreforma proposamenak, Parlamentuaren oniritzia jasotzen badu, 71 milioi euro inguruko beherakada ekarriko luke zerga-bilketan. Alegia, 71 milioi euro gutxiago oinarrizko zerbitzuetan, hezkuntza eta osasungintza kasu, 71 milioi euro gutxiago suspertze ekonomikoko politiketarako, lana sortzeko edota pobrezia eta ezberdintasun sozialei aurre egiteko… Zaila izango da nafarrei sinestaraztea hori onuragarria izango denik bizi dugun egoerarentzat, edota krisia sortu duten arrazoiak konponduko dituenik. 

Badirudi erreforma proiektuak oposizioko taldeen gehiengoaren kontrakotasuna jasoko duela. Bien bitartean, espero dugu inor ez dela engainatzen utziko “beherapen fiskalaren” leloarekin, usain elektoralista duen lurrina baita hori, porrotera kondenatua, eta Nafarroako gehiengo sozialarentzat inolako onurarik ez duena.  

 

 

Gehiengo sindikalaren kontzentrazioa Getxon istripuz hildako langilearen heriotza salatzeko


Goizeko 11:00etan elkartu dira Ajedrez plazan langileak gehiengo sindikalaren deialdiari jarraiki. “Lan istripu gehiagorik ez! Prekarietatea hiltzailea” zioen pankartarekin egin dute mobilizazioa, helburu moduan herenegun lan istripuz Getxon hildako langilearen heriotza salatzea zuena.

Jaialdi baterako prestaketa lanetan ari zela izan zen istripua. LAB sindikatutik istripua eragin duten gertaera eta horien erantzukizunak lehenbailehen argitzea eskatzen dugu. 
 
 

LABek Arriaundiko gozogintza ataleko langile guztien subrogazioa eskatzen du

0


Uztailean Arriaundi S.L. enpresak, gozogintza eta okindegi atal banaren jabe denak, Bingen Vizcarra arduraduna buru duela, planteatu zuen amaiera Enplegu Erregulazio Espedientea erretiratzea erabaki zuen langileen presioaren aurrean. Hauek greba mugagabea eta mobilizazio ezberdinak egin zituzten.
Momentu horretan LABek argi utzi zion enpresari ez zituela bere planteamenduak onartuko Arriaundi S.L.ko gozogintza ataleko langile guztien defentsa mahai gainean ez zegoen bitartean.

Azken bileran, planteatu zitzaigun dagoeneko ez zela gozogintza atala itxiko eta argi zuten gauza bakarra, eta horrela planteatu zitzaigun, lanpostuak amortizatuko zirela izan zen. Hitz polita lankideak kaleratu egingo dituztela adierazteko.

Batzuk subrogatuak diren bitartean (enpresaren aldebakarreko erabakia langileen batasuna zatitzeko ahalegina), beste batzuk kaleratuak izango dira miseriazko kalteordain batekin, horixe zelarik enpresaren hasierako asmoa. Legeak babesten ditu eta bere ostean izkutatzen dira zatitzen ahalegintzeko eta oso urruna ez den etorkizun batean euren helburuak betetzeko, behin betiko gozotegia ixtea.

Hau ez da nahikoa LABentzat. Ez da inongo momentutan egon planteamendurik enplegua mantentzeko edo irteera ez traumatikoak sustatzeko eta okerrena da eurek euren buruei planteatu ere ez dietela egin.

Okindegi-ataleko ELA eta CCOOeko delegatuen sumisioa lortu ondoren, soldata jaitsiera iraunkorra sinatuz, gozogintza atala soberan dute. Soberan dute gozogintza ataleko langileek euren lanpostuen alde borrokan egiteko eta burua ez makurtzeko determinazioa hartu dutelako, ELA eta CCOOeko delegatuek egin dutenaren kontrara.

Gozogintza ataleko langileak zuzendaritzak erakutsitako inpunitate eta harrokeriaren aurrean erantzuten ari dira, duintasunez. Langileen %100ak babestu dituen mobilizazioekin hasi dira. Arriaundiko zuzendaritzak soberan ditu langile hauek eta hauek euren lanpostuen defentsan ari dira.

Argi dugu langile bezala gure lanpostuak defendatu behar ditugula guztiaren gainetik eta horrela egingo dugu. Horrela egin dugu posible den guztia eginez inpunitatea eta prepotentziak 15 lanpostu suntsi ez ditzaten.

LABek gozogintza atalean dauden langile guztien berehalako subrogazioa eskatzen du eta negoziazio unitate bakarra egin dadila, Arriaundi S.L.k izan ditzakeen arazoez benetan hitz egin ahal dezagun balizko konponbideak bilatu ahal izateko. 
Aste honetan egingo diren mobilizazioetan parte hartzeko deia egiten dugu. Bihar osteguna, abuztuaren 28an, mobilizazioa egingo dugu 12:00etatik 13:00etara Durangoko Andra Mari elizan. 

Durangon, 2014ko abuztuaren 27an
 

 

 

Getxon gertatu den lan istripuan langile bat hil izana salatzen du LABek

Dagoeneko 29 dira Euskal Herrian aurten hildako langileak.

Atzo eguerdian Getxoko jaialdi baterako prestaketa lanetan langile bat hil zen (zabaldutako datuen arabera Andorrakoa omen da hildako behargina). Atzoko heriotz istripuarekin Euskal Herrian dagoeneko 2014ean 29 langile dira lanean hil direnak.

Getxon gertatu den kasuak azpikontrazio bat izan daitekeela pentsatzera eramaten gaitu, eta horrela balitz, administrazioak lituzke ardurak, orain gutxi Leioan EHUn gertatu zen antzera. Azpikontratazio egoerek horrelako egoera larriak dakartzate, larriagoa dena, egoera horren arduraduna administrazio publikoa denean. LAB sindikatutik istripua eragin duten gertaerak eta horien erantzukizunak lehenbailehen argitzea eskatzen dugu.

Gehiengo sindikalak deituta ostegun honetan, hilak 28, Getxoko Ajedrez plazan goizeko 11.00etan heriotz istripu hau salatzeko mobilizazioa egingo da. LABek bertan parte hartzera deitzen du.
 

Abuztuan aparteko 1000 ordutik gora egingo da Metro Bilbaon

0

Aste Nagusiko eta Munduko Saskibaloi Txapelketako zerbitzu gehitzeak eraginda. Zuzendaritzak nahiago ditu ezohiko ordu horiek behin behineko langileekin egin enplegua sortu baino.

LAB sindikatuak salatzen du abuztuan 100 txanda osagarritik gora egingo direla Aste Nagusirako eta Munduko Saskibaloi Txapelketarako gehitutako zerbitzuak bete ahal izateko, hiriarteko trenak prentsa oharrean aitortu duenez. Zuzendaritzak duela urtebete zuen bi hitzordu horien berri baina aurreikuspenik ez izateak Metro Bilbaoko gidari eta geltokietako langileei aparteko orduak eragitea dakar.

Enpresa batzordeak zuzendaritzarekin izan zuen azkeneko bileran, abuztuaren 6an, LABek txanda horiek egiteko aparteko orduak egiteaz gain, ordu horiek geroago atseden ordu gisa berreskuratzeko aukera ere eskaintzeko proposatu zuen. Enpresak onartu zuen proposamena baina aitortu zuen txanda gehienak, %80tik gora, jada esleituta zeudela ordurako.

LABek gogorarazi nahi du duela hilabete gutxi kanpoko hautaprobak izan direla Bezeroen Arretan, Gidatzen eta Eremu Teknikoan aritzeko langileak bilatzeko. Geltokietarako hautatu dituzte jada 11 pertsona, honezkero lanerako prestatuta daudenak, baina gidatzeko, ordea, atzeratuta doa prozesua eta, hartara, oraindik ez dago arlo hori indartuko duen behin behineko langilerik. Aurreikuspen falta horri gehitzen bazaio enpresako zuzendaritzak, hiriarteko trenaren 19 urteotan, beti nahiago izan duela aparteko orduak ordaindu enplegua sortuko lukeen beste edozein neurri baino. Oraingoan txanda osagarri eta txanda luzatuen artean abuztuan eta iraileko lehenengo egunetan aparteko 1.000 ordu inguru sartzea ekarriko du. LABek zorrotz aztertuko ditu tarte horretan ordaintzen diren aparteko orduak, Langileen Estatutuak inork urtean ordaindutako 80 orduko lege mugarik gainditu ez duela egiaztatzeko.

LAB sindikatuak eskatzen du Metro Bilbaon aparteko orduak ZERO izan daitezen, edo oso gutxi izan daitezen, zerbitzua okerren doan egoeretara mugatuz, baina ez daitezen erabili zerbitzu bereziak eskaintzeko eta zerbitzua areagotzeko. Aparteko orduak ez dira lan banaketarekin bateragarriak. Metro Bilbaoren jarduera eremuan langabezia tasa kezkagarria dago eta aparteko orduak egiteak ez du indize horiek jaisten laguntzen. Bizkaiko Foru Aldundiak dioenez, munduko txapelketa horrek 314 enplegu berri sortu eta lehendik zeuden 581 lanpostu mantenduko ditu ostalaritzan, eraikuntzan, denda txikietan, higiezinen jardueretan, edari eta argindar alorretan. Eremu pribatuan denak. Bizkaiko Foru Aldundiaren beraren mendeko Metro Bilbao bezalako enpresa publiko batean, ordea, enplegu egonkor eta kalitatezkoa sortu beharrean aparteko orduak egitea sustatzen da. .
 

Ercilla hoteleko langileek protestan jarraitzen dute euren eskubideen alde eta lan erreformaren kontra

0


LAB, CCOO eta CNT sindikatuen deialdiari jarraituz, langileek 14 hilabete daramatzate kontzentrazioak egiten, gutxienez hilean behin, jasaten ari diren egoeraren aurrean: soldatak 2010etik hona izoztuta, azken urtean soilik 3.000 euro gutxiago suposatzen duten soldata murrizketak, hobekuntza sozialak galtzea, etab.

Bilboko Aste Nagusian zehar, bost kontzentrazio egin dituzte, astelehenetik ostiralera.
 

 

 

Argi dugu mobilizazioa eta borroka direla lan istripuekin eta hauek ekartzen dituzten kausa eta faktoreekin bukatzeko daukagun arma bakarra

25 hildako lan istripuz Euskal Herrian 2014ean, 6 heriotza Nafarroan.

Pasa den larunbatean, abuztuaren 23an, 43 urteko R.F.S La Hornilla (Errioxa) ogibidez mekanikoa zen langilea lan istripu baten ondorioz hilik suertatu zen. Hain zuzen ere N-121-A errepidean Zozaia (Baztan) parean zendu zen kamioi bat konpontzen ari zen bitartean.

Hildako langilea mekanikoa zen eta aurretik kamioi gidaria ere izan zen. Langile honek Gruas Barragan enpresarentzako egiten zuen lan, enpresa madrildarra baino Espainiar estatuko puntu askotan baseak dituena. Konkretuki langile hau Calahorrako basetik atera zen Zozaiaraino joan zen aipatu matxuratutako kamioia konpontzen saiatzeko. Hau da, langile honek larunbata batean 126 kilometro baino gehiago egin zituen aipatu kamioia konpontzera joateko.

LAB sindikatutik, prentsa ohar honen bitartez, langilearen senitarteko eta lankide guztiei gure dolumina eta elkartasuna helarazi nahi diegu. Halaber, heriotza honek eta oro har, langileriak pairatu izan dituen hamaika heriotza eta lan istripu guztien ondorioz zenbait datu helarazi nahi diogu jendarteari, gogoeta orokorra egin dezagun.

Heriotza berri honekin gutxienez 25 langile dira Euskal Herrian hil direnak aurten. Eta Nafarroan ematen den 6. lan istripu hilgarria da.

Aldi berean, oroitarazi eta salatu behar da, pasa den urtean gutxienez 50 langilek bizitza galdu zutela beraien lan postuan.

LABetik zenbait galdera eta kezka helarazi nahi dugu:
• Langile honek bere lana modu egokian egiteko segurtasun eta lan arriskuen prebentziorako beharrezkoak diren neurri guztiak betetzen ziren istripua gertatu zenean?
• Nola da posible kamioi baten matxura konpontzeko Kalahorratik mekaniko batek etorri behar izana. Ez zegoen inor hurbilago lan hori egiteko?

Halaber, azpimarratu nahi dugu garraioko sektoreko langile askoren lan eta enplegu baldintzen egoera. Sektore honetan beheranzko kontratuak ematen diren eta mugikortasun geografiko handi batera behartuak dauden.

LAB sindikatutik argi dugu mobilizazioa eta borroka direla lan istripuekin bukatzeko eta hauek ekartzen dituzten kausa eta faktoreekin bukatzeko daukagun arma bakarra.

Honengatik guztiarengatik LABetik lan istripuak sortarazten dituzten kausak salatzen jarraituko dugu eta laneko segurtasuna lehentasun bat izan dadila borrokan eta lanean jarraituko dugu, interes ekonomiko eta enpresarialei loturiko zerbait izan beharrean.

Bukatzeko Zozaian gertaturiko lan istripu honen kausak argitzea exijitzen dugu, berriro gertatu ez dadin beharrezkoak diren neurriak har ditzatela exijitzen dugun aldi berean.

Baztanen 2014ko abuztuaren 25ean
 

 

 


Omenaldia Lezon Imanol Ugalde “Manolitori”


Imanol Ugalde “Manolito” abuztuaren 17an hil zen gaixotasun larri baten ondorioz. Oarso Bidasoako administrazioko arduradun hainbat urtez izandakoa, sektoretik haratago eskualdean militante eredugarria izan zen "Manolito".

Abuztuaren 22an omenaldia egin zion sindikatuak Lezoko Herriko plazan. Omenaldi hunkigarria izan zen, Lezoko plaza lagun eta ezagunez beteta. Agurrarekin hasi zen omenaldia, jarraian bere ibilbide militanteari eskerrak eman zizkion Lezoko Ezker Abertzaleak, eta nola ez, LABek jardun sindikalaren errepasoa egin zuen. Azkenik, bere kuadrilak, “Manolitok” zuen alaitasunarekin gogorarazi nahi izan zuen eta plaza osoa berak hain gustoko zuen "Mi caballo prieto azabache" rantxera abesten jarri zuten. Internazionala eta Eusko gudariakekin amaitu zen, "Manolitori" buruz esan ahal ziren guztiak ezin esan.

Imanol Ugalde “Manolitoren” jardun sindikalaren errepasoa LABen eskutik

Arratsaldeon denori,

LAB sindikatuaren izenean eta bereziki azken urteetan berarekin lan egiteko zortea izan dugun bere lankideen izenean: Purri, Xabi Martin, Juantxo, Alfredo Viaña, Kontxi, Antton, Arantxa, Jon, Gorka, Jabi, Alfredo frontoikua… eta abar luze bat.

Paper batean sartu ditugu, liburu batean ere sartu ezin diren hitzak irakurtzera noa. 

Juan zaigu gure Manolito eta guztiok bere hutsunea nabarituko dugu. Bere senitartekoek saminez bizi dituzte egun hauek; besarkadarik beroena sindikatuko kideen aldetik. Besteok tristuraz, lagun eta militante paregabe baten aurrean aurkitzen gara, baina bere izakera eta egin zuen ekarpen paregabea gogoratzen dugunean harrotasunak tristurari aurre egiten dio. 

Azken finean “Manolito” gazte gaztetik Euskal Herri independientea eta sozialista baten alde borrokatzea erabaki zuen. Behin baino gehiagotan kontatzen zuen Iruñean poliziak German hil zuenean bera han zegoela, zezen plazan. Edo txispas bezala lan egiten zuen tailerra itxi zutenean, Lezoko langabetuen asanblean parte hartzen zuela. Hor ibiltzen ziren aparteko orduak sartzen zituzten enpresetan, guztientzat lanpostuak egon zitezen borrokatzen. 

Gerora Agente “Manolito” bihurtu zen eta horrela ezaguna egin zen mundu sindikalean. LAB sindikatua izan zelako, Tiñeluren baimenarekin noski, “Manolitoren” bigarren etxea. Lezoko udalean langileen ordezkari urte luzez izandakoa, bere ekarpena ez zen hor gelditu eta hainbat urtez sindikatuan liberatua egon zen administrazioko arduradun bezala. Sindikatuan lan egiten dugunok badakigu ez dela oso ohikoa horrelako prestutasuna erakusten duen pertsona bat aurkitzea; bere lanpostuaren erosotasunetik besteen arazoetara salto egitea. Berak ordea, sindikalgintza odolean zeraman eta egunero antzematen zitzaion, bilerak prestatzerako orduan, edonorren aurrean arrazoi zorrotzekin, kontsultak pasatzerakoan, legedia nola zegoen begiratzekoan (askotan esaten zigun, “hi.. politikoa haiz”).

Ikaragarria zen “Manolitok” langileak defendatzeko zeukan sena. Urte luzez izan zen gure eskualdeko langile publikoen arduraduna baina bere lana ez zen hor amaitzen. Oraindik irriparrez gogoratzen ditugu egoitzara etortzen ziren Lezoko jubilatuak “Manolitorengatik” galdezka, garbitzaileak, kiroldegiko langileak, eraikuntzakoak… bera zen erreferentea. LAB Lezon norbait bazan hura “Manolito” zen. Berak ireki zuen Lezoko LABeko egoitza, esaten zuelako Lezok kategoria nahikoa zeukala bertan egoitza jartzeko. 

Inplikazioa erabatekoa izan zen. Eskualdean berarekin batera lan egin dugun guztioi lagundu digu “Manolitok”. Zenbat enpresa “pateatu” ditu LABen apologia eginez, LABen antolatzea eskeiniz. Berak horrela ulertzen zuen bere lana ere; sindikatua indartsua izan behar da toki guztietan. Maisu handia izan genuen “Manolito” sindikatuan, ez bakarrik asko zekielako, bere jarrera eta militante izaera eredu izan direlako. 

Bere irripar bihurri horrek guztiok konkistatu gintuen. Azken urteetan osasunak ez dio bere lan sindikalarekin jarraitzen utzi baina… zenbatek galdetu izan digute “Manolitorengatik”? Afiliatuak, ez afiliatuak, beste sindikatuetako kideak, eta abar luze bat. Bere itzala luzea zen gure artean eta utzi duen oroimena paregabea. Gure artean beti izango dugu gogoan; hauteskunde sindikal batzuk prestatzen, ordezkaritza sindikalaren datuak aztertzen baina, batez ere, gogoratuko gera, momentu onenetan, deskonektatzeko, oso gustoko zuen urteko afaria ta parrandan, ta nola ez bi azukredun kafesne batekin, bere purito amaigabea eskutan eta norbaiti bazilatzeko beti prest.

Mila esker “Manolito”, ez zaitugu ahaztuko, agur eta ohore!