2026-07-03
Blog Page 1146

Miasako lau langile gose greban lan eskubideen urraketen kontra

0

Gaurko egunez, MIASAn, enpresak soldatak murrizteko eta lanaldia luzatzeko asmoaren aurka egiten ari diren greba mugagabearen hamaikagarren eguna bete da. Nahiz eta irailaren 9an, gauez, Batzordeak alternatiba bideragarriak agertu, enpresak uko egin zion negoziatzeari. Egoera honelakoa izaki, Miasako langileek, atzokoan, jakinarazi zuten greba mugagabeari eutsiko ziotela, eta haietako batzuk aditzera eman zuten gose greba mugagabeari ekinen ziotela.

LABek ez du parte hartuko osakidetzako 2014-15 EPEko epaimahaietan

0

LABek ez du EPEko epaimahaietan parte hartuko, EPEa iraingarria delako, inposatua eta langileon mobilizazioak desaktibatzea baino ez baitu helburu. Osakidetzako Zuzendaritzak negoziatu gabe jarraitzen du, gure aldarrikapenei muzin eginez eta bitartean, mota guztietako murrizketak gauzatuz. Pasa dugun uda honen adibide garbia izan da. Ondorioz, LABen iritziz faltsua den normaltasun irudia ezin dugu elikatu.

EPEari buruz berresten dugu:
• Ez nahikoa dela, batasun sindikalaren 3000 lanpostutik urrun, eta are urrunago 2018.urtera bitartean beharrezkoak izango liratekeen 15.311 plazetatik. EPE honek enplegua suntsitzen du, erretiroak plaza berriak baino gehiago direlako.
• Kategoria asko ez dira aterako, batzuk urtetan deituak izan gabe.
• Ez sanitarioak sanitarioak bezain garrantzitsuak dira, baina Osakidetzak desagerrarazi nahi ditu.
• Ez du aurreikusten langilego zahartuaren arazo larria.

Epaimahaietan parte hartu ez dugun arren, prozesu osoaren gardentasuna exigitu nahi dugu:
• Tarteko-nagusirik ez epai-mahaiak betetzen.
• Publikoki argitu behar da kategoria bakoitzeko merituen baremazio irizpideak.
• Hartzen diren erabakiak publiko egin behar dira.
• Tarteko-nagusirik ez azterketak zaintzeko plaza guztiak okupatzen.
• Baliabide nahikoak erabili, EPE prozesua ez luzatzeko 4 urtez.

 

 

 

Gaztetxeak eta gune autogestionatuak defenda ditzagun irailaren 12an Bilbo eta Donostian

0

Hiri eta auzoetan zeuden hutsuneak betetzeko helburuarekin, herriak eta herriarentzako sortutako guneak dira gaztetxe eta espazio autogestionatuak, herritarren autoantolaketaren emaitza. Udal batzuek ordea, autogestionatutako gune hauen kontrako jarrera nabarmena hartu dute hasieratik, ahal duten heinean gune hauen ibilbidea oztopatuz. Kukutza eta Kortxoenean gertatutakoan honen adibide ezin hobea dira. Gertatutakoa salatu beharra dago eta beste hainbat eragilerekin batera irailaren 12rako deituta dagoen manifestazioan izango da LAB.

Helburu garbi batekin jarri ziren martxan Euskal Herriko txoko askotan gaztetxe eta espazio autogesionatuak : auzo eta hirietan zeuden gabeziei erantzuteko eta kultur proiektu anitz eta parte hartzailea eraikitzea. Urteetako lanaren poderioz hainbat kolektibo eta talderen bilgune bilakatu dira eta ehunka ekimen eraman dituzte aurrera.

Tamalez PP, EAJ eta PSEren asmoa bestelakoa da, hiriak eta herriak salgai huts bilakatu nahi dituzte, turistentzako erakusleiho. Helburua hau aurrera eramateko oztopo gisa ikusten dituzte proiektu hauek. Hor dago Kukutza eta kortxoenea gaztetxeen kontrako erasoen arrazoia.

LABek herriaren beharren arabera eta herritik bultzatutako eredua defendatzen duen heinean honelako proiektu autogestionatuen alde egiten jarraituko du. Irailaren 12rako deituta dagoen manifestazioan izango da eta autogestioaren alde egiten duen orori bertaratzeko deia luzatzen dio sindikatuak.

 

 

 

La Merced Helduen Hezkuntza Ikastetxearen egoera kaskarra salatzen du LABek

Ikasturtea hastear gauden honetan, LABek berriro salatu behar du Bilboko La Mercek HHI publikoaren egoera. Arrazoi ezberdinengatik ikastetxe honen egoera kaskarra jasaten ari gara. Joan den ikasturtean, LABek Bilboko ikastetxe publiko batzuetan, hauen artean La Merced HHI-a, jasan ohi zen hotza salatu zuen. Aipatu ikastetxean jasan ohi zen tenperatura lan osasunaren araudian jasotzen denaren azpitik zegoen; egoerak langileen zeregina zailtzen zuen, baita eskola hartako ikasleena ere.

Tenperaturaren arazoaz gain, eraikina egoera txarrean dagoela antzeman zen ere; eraberritze sakona behar du, 300.000 bat eurotan baloratu dena. Jakin dugu, joan den martxoan, teilatu-hegal bat askatu zela; hori ikastetxearen benetako egoeraren adierazgarria da. Badakigu, kalteak saihesteko, oinezkoak babesteko egitura jarri dutela eta aipatu egitura martxoaz geroztik muntatua dagoela.

300.000 eurotako aurrekontua duen eraberritzea egiteke dago oraindik. Arazoa eraikuntzaren titulartasunean datza: Udala eta Hezkuntza Saila oraindik ez dute adostu nori dagokion eraberritzea. Horrela, berriro, ikasturte berriaren atarian gauden honetan, zailtasunak izan ditzakegu.

Egia da hotzaren arazoa berotze orduak handituz konpondu zela, dena den, gure iritzian neurria eskasa izan zen, susmatzen dugulako egiteke dagoen eraberritzea egingo ez den bitartean, arazoa ez dela amaitutzat joko.

LABen iritziz erakundeak (Bilboko udalak eta Hezkuntza Sailak) erakusten ari diren axolagabekeria kezkagarria da, egiturak diru altxorrari, egunero, 214 eurotako kostua eragiten baitio. Aipatu kopurua ipinia dagoen egun kopuruarekin biderkatzen badugu, horren zenbatekoa 33.473,88 eurotakoa da, eta egoerak beste urte batez luzatuko balitz, azkenean esleituko litzatekeen kopurua 76.176,54 euro izango da, hots, aurrekontuaren %25a. Gauzak horrela geure buruei galdetu beharko genioke nork hartuko duen bere gain gastu hori? Ez da kudeatze txarra titulartasuna norena den ezin argitzeak eragin dezakeen gainkostua? Noiz arte jokatuko dute katua eta sagura Bilboko udalak eta Hezkuntza Sailak? Eta are garrantzitsuagoa dena, noizko ezabatuko dira eraikuntzaren arriskuak?

 

 

 

Michelin-eko LAB Gorbeian hitzarmen duin baten alde

Gasteizko Michelin-eko LABeko sail sindikala hitzamen duin bat lortzeko dinamikari hasiera eman dio. Lehen ekintza Gorbeia mendiko tontorrean egin berri dute, gurutzean langileen aldarrikapenekin osatutako pankartak zabalduz. Dinamikarekin hitzarmenaren negoziazioa bultzatu eta plantila osoaren benetako eskakizunak aintzat hartzea eskatzen dute.

 

 

 

Alternatiben Herria urriaren 24an Bilbon #alternatibenherria

Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartak deituta, ALTERNATIBEN HERRIA ekimena egingo da datorren URRIAREN 24AN BILBON"BIZITZA BURUJABEA ESKUBIDE OSOZ" lemapean. Alternatiba Herria aldarrikapen eta ospakizun eguna izango da, egunerokoan bizia ematen diguten hamaika proposamen handi eta txikien erakusleihoa. Alternatibak dituen herria bizirik dagoen herria da.
Egungo sistema aldatu behar da, Euskal Herriak alternatibak ditu eta jada martxan daudela erakutsi behar dugu. Bide horretan Alternatiben Herria ekimenaren oinarriak azaltzen dituen manifestua osatu dugu.

Gehitu deialdiari eta aldarrikatu gure herriak dituen alternatibak manifestua sinatuz eta zabalduz!

ALTERNATIBEN HERRIA
Ekimenean parte hartu nahi baduzu edo edozelango zalantzarik baduzu, jar zaitez gurekin harremanetan

http://alternatibenherria.eus
kontaktua@alternatibenherria.eus
@alterherria
Alternatiben-Herria

 

LAB Diadan izango da Herrialde Katalanetan abiatutako prozesu indepedentistari babesa emanez


Irailaren 27ko hauteskundeen bezperatan, Diada eguna ospatuko du Kataluniak ostiral honetan, irailak 11. “Via lliure a la república catalana”, lelopean, kataluniar errepublikaranzko bidean aurrera jarraitzen dute kataluniarrek. Eta bide horrekin bat eginda, aurten ere Diada egunaren bueltan Bartzelonan izango da LAB.

Modu honetan LABek babesa adierazi nahi dio Kataluniak abiatutako prozesu indepedentistari. LABentzat independentziarena da biderik eraginkorrena langile klaseari erabakitzeko gaitasuna aitortuko dion estatu libre bat sortzeko, instituzio propioen sorkuntzatik abiatuta errealitatea aldatzeko, eta aldaketa soziala lortzeko. Kataluniako prozesu soberanistari dagokionez herriaren borondatea oinarri duen mugimendu politikoa da han aldaketaren aldeko giltzarria.

Euskal Herritik Kataluniara begira gaude, eta Kataluniara goazelarik Euskal Herrira ere begiratuko dugu, gaur inoiz baino gehiago, herrien erabakitzeko eskubidea aldarrikatzeko. Diadaren ekitaldi nagusian Independentistak sareak "euskal tramoa" deitutako gunean izango gara, eta ostean, arratsaldez, Kataluniar Herrialdeetako ezker independentistek antolatutako mobilizazioan parte hartuko dute sindikatuko ordezkariek.

Aurreko urteetan bezala, Intersindical Alternativa de Catalunyak ekitaldia antolatu du Diadaren bezperan. Ainhoa Etxaide, LABeko idazkari nagusia, bertan izango da Europar Batasuneko eskubide sozial eta laboralen gainean eta herrien europa baten eraikuntzaren beharraren inguruan solasean. Zita irailaren 10ean Bartzelonako Cotxeres de Sants-en izango da, arratsaldeko 19:00etan.

I-27ko hauteskundeak
Irailaren 27a data garrantzitsua da dudarik gabe kataluniarrentzat, eta nola ez Euskal Herriarentzat ere bai. Asko dago jokoan. Kalaluniar herriak duen erabakitzeko eskubidearen egikaritza batetik, eta horren ondotik, bestelako eredu sozioekonomikoaren eraikuntza, independetziaren bidetik.

I-27an kataluiniar herriak independentziaren bideari ekiteko lehen urratsa emateko aukera du, espainiar gobernuaren inposizioen aurrean bere etorkizuna nolakoa izan behar duen ozen adierazteko.

Hauspotu ditzagun bada burujabetza prozesuak, Katalunian nahiz Euskal Herrian tokian toki, bestelako eredu politiko, sozial eta ekonomiko baten aldeko borrokan aurrera egiteko.

Gure aukera bakarra gure etorkizunaren jabe izatera eramango gaituen bidea da. Eta hori, nahitaez, burujabetza eta independentziaren bidetik egingo dugu.

 

IRAILAK 10
LA U€ CONTRA LA SOBIRANIA DEL POBLES
Diadaren bezperan Ainhoa Etxaide, LABeko idazkari nagusia, "LA U€ CONTRA LA SOBIRANIA DEL POBLES" ekitaldian parte hartuko du.
 

IRAILAK 11
DIADA EKITALDI NAGUSIA
Independentistak sareak "euskal tramoa" deitutako gunean izango da LAB Diadaren ekitaldi nagusian.

IRAILAK 10 eta 11
ESQUERRA INDEPENDENTISTA
Kataluniar herrialdeetako ezker independentistek arratsaldean antolatutako manifestazioan izango dira sindikatuko ordezkariek.

 

 

MIASAko langileak greba mugagabean

0


Joan den abuztuaren 31z geroztik Miasako langileek greba mugagabean dira enpresako zuzendaritzak lan baldintzen okertzea dakartzan neurriak ezarri nahi dizkiela salatzeko. Egoera salatu eta publiko egiteko mobilizazio ezberdinak egingo dituzte, gaur adibidez, bide mozketa bat egin dute.

Enpresako zuzendaritzak, besteak beste, honako neurriak ezarri nahi dizkie:

– Soldataren %15-ko jaitsiera.
– Egunean 20 minutu lan eginarazi.
– Kontratazio berrientzat behin betiko soldata taula baxuagoa.
– Egungo hainbat eskubide sozial kendu.
– Antzinatasun eta I.T. gatiko plusak ezabatu.
-Lana kanporatu…

Orain arte enpresak gezurrak besterik ez ditu esan. Langileek aurreko enpresako itunean soldataren %9-ko jaitsiera onartu zuten arren, aipatutako jaitsiera soilik tailerreko langileek jasan zuten. Zuzendaritzakoek zein bulegoko langileek (hau da, soldata altuenak dauzkatenak) ez zuten jasan, denontzako neurria zela adostu zen arren. Halaber, enpresak adostutako inbertsioak ez ditu aurrera eraman.

Langileek hitza bete dugun arren, enpresak ez du gauza bera egin. Enpresak ez ditu bere akordioak bete.

Langileek lanpostuak defendatzeko garaia dela aldarrikatzen dute, akordioak errespetatzeko garaia da. Enpresaren jarrera harroari aurre egitea erabaki dute langileek. Horregatik, gaur errepedia moztu dute protesta gisa. Eta mobilizazioekin eta grebarekin tinko jarraituko dute konponbide justua lortu arte.
 

 

 

ALTERNATIBEN HERRIA URRIAREN 24an BILBON

0


ALTERNATIBEN HERRIA
URRIAREN 24an BILBON

Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartak deituta, ALTERNATIBEN HERRIA ekimena egingo da datorren URRIAREN 24AN BILBON, "BIZITZA BURUJABEA ESKUBIDE OSOZ" lemapean. Alternatiba Herria aldarrikapen eta ospakizun eguna izango da, egunerokoan bizia ematen diguten hamaika proposamen handi eta txikien erakusleihoa. Alternatibak dituen herria bizirik dagoen herria da.

Egungo sistema aldatu behar da, Euskal Herriak alternatibak ditu eta jada martxan daudela erakutsi behar dugu. Bide horretan Alternatiben Herria ekimenaren oinarriak azaltzen dituen manifestua osatu dugu.

Gehitu deialdiari eta aldarrikatu gure herriak dituen alternatibak manifestua sinatuz eta zabalduz!

ALTERNATIBEN HERRIA
 
Ekimenean parte hartu nahi baduzu edo edozelango zalantzarik baduzu, jar zaitez gurekin harremanetan

 http://alternatibenherria.eus  kontaktua@alternatibenherria.eus 
 
@alterherria  Alternatiben-Herria