2026-11-01
Blog Page 11

CCOOk Gipuzkoako zerbitzuguneen sektoreko langileak saldu ditu

Sektorean indar gutxiengoan egonik, AEGA patronalarekin eragin mugatuko akordioa sinatu du.

CCOOk Gipuzkoako gasolindegietako langileak saldu ditu, patronalarekin eragin mugatuko akordioa sinatu baitu. Hilabeteetako blokeo egoeraren aurrean, borroka sindikala eta kapitalarekiko konfrontazioa bilatu beharrean, gehiengoak ez errespetatzearen hautua egin du.

Nabarmena da LABek, ELAk eta UGTk osatzen duten gehiengoaren aurka patronalak eta CCOOk egin duten kanpaina zikina. Lerroburuan aipatu bezala, azken horiek sektoreko langileengan eraginik izango ez duen akordioa erdietsi dute, zer eta langileek historikoki aldarrikatu dituzten hainbat neurriri bizkar emanez, hala nola lanaldi murrizketa esanguratsuari, igande eta jaiegun berezietako plusari, kontziliaziorako behar bezalako baldintzei eta, finean, aberastasunaren birbanaketa justuagoari. Ekintza antidemokratiko horrek, gainera, hurrengo lau urteak baldintzatuko ditu sektorean.

LABen ustez, Gipuzkoan hitzarmen duina lortzeko borrokara jo beharra zegoen, eta aldarrikapen horri eutsi dio 2026ko urtarriletik oraintsura arte. Gainerako sindikatuak batzeko zailtasunak zailtasun, uztailean, ELA eta UGT sindikatuek LABen erronkari eutsi eta borroka zikloa batera aktibatzeko beharra ikusi zuten. Ordea, gaurko traizioak sektorearen gehiengo zabalak (%70’27ak) zuen borrokatzeko grina zapuztu du.

Negoziazio guztian zehar CCOO gezurretan aritu da eta gainontzeko sindikatuoi leporatu digu hitzarmenaren negoziazioaren blokeoa. Are, sindikatu horrek adierazi du “sektoreko langile gutxi batzuen erruz” ez dagoela hitzarmenik. Bada, horixe da, hain zuzen ere, CCOOk egin duena. Hots, sindikatu batek sektoreko langileak batasunerantz bideratu ordez, bereizketara bideratzea. Horrek duen esanahi sinboliko negatiboa ikusgarria da.

LAB sindikatuak Euskal Herriko langile klasearen artikulazioan eta askapenean lan egiten jarraituko du eta Gipuzkoako zerbitzuguneetan ere beste hainbeste egingo du. Hauteskunde sindikalen epealdi trinkoa den garaiotan, argi dago sektoreko langileek gogoeta egin beharko dutela bi ereduren artean aukeratzeko. Lehena, CCOOrena; langile klasea saltzen duena. Bigarrena, LAB sindikatuak lideratzen duena; langile klasearen defentsan aritzen dena.

Donostiako Udalak, berriro ere legedia kontutan hartu gabe, zeroan utzi ditu SPEIS-en inbertsioak


2027ko aurrekontu-proiektuak suhiltzaile-etxe saturatua handitzea eragozten du, 2026an hasitako blokeoa luzatzen du eta Eneko Goia alkateak 2023ko azaroaren 16an langileekin egindako bileran bere gain hartutako isilbidezko konpromisotik aldentzen da: UNESPA aseguru-etxeen patronalaren bidez bildutako diru-sarrerek beti izango zutela izaera finalista eta Prebentzio, Su Itzalketa eta Salbamendu Zerbitzua(SPEIS) handitzeko eta hobetzeko inbertsioetara bideratuko zirela.

Donostiako Prebentzio, Su Itzalketa eta Salbamendu Zerbitzuko langileek salatzen dute 2027ko udal-aurrekontuaren proiektuak zero euro esleitzen dizkiela SPEISeko inbertsio errealei. Erabaki horrek 2023ko egoera errepikatzen du.

Udalak langileen ordezkariekin hartutako konpromisoa betetzen ari da bi urtean hamabi suhiltzaile sartzeko: sei 2026an eta beste sei 2027an. Helburua sei brigadetako bakoitzean bi suhiltzaile gehiago izatea da. Plantilla handitzea beharrezkoa da, baina ezin da instalazioen handitzetik bereizi. Gaur egun ia ez dago leku erabilgarririk armairu berriak jartzeko, aldagelak handitzeko edo txaketoiak eta gainerako babes-ekipoak behar bezala gordetzeko. Hamabi langile berriek espazio egokiak behar dituzte, arropa garbia eta kutsatuta egon daitezkeen ekipoak bereizteko eta higiene-, segurtasun- eta antolaketa-baldintza egokiak bermatzeko.

2026ko aurrekontuak berak behar hori aitortu zuen: aldagelak handitzea, txaketoi-gune berria sortzea eta prestakuntza eta bileretarako erabilera anitzeko aretoa egokitzea aurreikusi zuen. Eraikin eta bestelako eraikuntzen partidan 322.500 euro jarri ziren. Gainera, pasa den irailaren 1ko Tokiko Gobernu Batzordeak suhiltzaile-etxea handitzeko proiektua onartu zuen; beraz, Udalak berak jada planifikatutako jarduera da.

Hala ere, (jada salatu genuen pasa den irailaren 10ean) Udalak SPEISeko bost inbertsio-partida blokeatu egin ditu, guztira 408.133,88 euro, eta suhiltzaile-etxea handitzeko partida osoa erabilgarritasunik gabe utzita. Orain, 2027ko proiektuak inbertsioen kapitulua erabat ezabatzen du, nahiz eta suhiltzaile-zerbitzua mantentzeko tasan 1.209.160 euroko diru-sarrera aurreikusi.

Donostiako Administrazioarekiko Auzien 3 zenbakiko Epaitegiaren 139/2025 Epaiak, uztailaren 2koak, ezarri zuen UNESPAri dagozkion diru-sarrerak SPEISen inbertsio errealetara bideratu behar direla, zerbitzua handitu eta hobetzeko, soilik, esklusiboki eta osorik.

Epaia langileek bultzatutako ekimenaren ondorio izan zen. Zerbitzuko langileen gehiengo handi batek ekarpen ekonomiko pertsonalak egin zituen erreklamazio judiziala izapidetu zuen abokatu-bulegoa kontratatzeko. Ahalegin kolektibo horren eta aldeko ebazpenaren ondoren, ez da onargarria inbertsioek blokeatuta jarraitzea.

Plantillak eskatzen du, 2027ko aurrekontua behin betiko onartu aurretik, parkea handitzeko 2026ko partidak eranstea, UNESPAren diru-sarreren xedearekin konpromisoa hartzea 2027ri begira eta epaia benetan betetzea. Zerbitzua zabaltzea eta hobetzea ez da aukerakoa, baizik eta behar operatibo, prebentibo eta antolatzailea.

Suhiltzaile zein hiritarren segurtasuna ezin da jokoan jarri !!!!

Aguraingo kale garbiketa zerbitzuan akordioa #LortuDugu!

Joan den astean, gure borroka publiko egin eta urrirako sei greba egun deitu zituzten Aguraingo kale garbiketa zerbitzuan lan egiten duten SEULA enpresako langileek, herriko jaiekin bat etorriz. Gaur, enpresak premiazko bilera batera deitu gaitu eta, azkenean, orain arte defendatu izan ditugun baldintzetan lortu dugu akordioa sinatzea.

Hilabeteetako negoziazioaren ondoren, gaur esan dezakegu borrokak bere fruituak eman dituela. Lortutako akordioak hobekuntza garrantzitsuak ekarriko ditu Aguraingo kale garbiketako langileon lan baldintzetan:

– Urteko lanaldia 1.604 ordura murriztea.

– Baja osagarria nabarmen hobetzea: 1. egunetik 14.era %80raino eta 15. egunetik 180.era %90eraino.

– Soldatak KPIaren arabera eguneratzea, erosahalmena gal ez dezagun.

– 2 opor egun gehiago eta norberaren aukerako egun 1 gehiago.

– Makineria erabiltzeagatik hilean 30 euroko plus berria.

– Lizentzia eta baimenetan hobekuntzak. (Senideak mediku kontsultetara laguntzeko ordu kopurua handitzea, Aguraingo jaietarako 2 egun libre izatea,…)

– Jaiegunetako orduaren balioa %33 igotzea.

– Laneko arropa eta uniformeetan hobekuntzak.

Baina lortutako edukiez harago, egindako borroka jarri nahi dugu balioan. Langileak batuta mantendu dira, antolatu egin dira eta, beharrezkoa izan denean, aurrera pauso bat eman eta bere eskubideen alde borrokatzea erabaki dute.

Eta erabaki horrek eman ditu emaitzak. Ez digute ezer oparitu. Lortu duguna langileon batasunari, antolakuntzari eta borrokari esker lortu dugu. Beste behin ere erakutsi dugu antolatzeak balio duela, borrokatzeak emaitzak ekartzen dituela eta langileok elkarrekin indartsuagoak garela.

ZORIONAK LANGILE GUZTIOI!

BORROKAK MEREZI DU!

Nafarroako ikuskizun eta ekitaldietako profesionalak grebara doaz berriz hitzarmen bat exijitzeko

LABek, Nafarroako ikuskizun eta ekitaldi sektorean %100aren ordezkaritza duenak, urriaren 10ean grebara deitu ditu sektoreko langileak, patronalari exijitzeko Nafarroako ikuskizun eta ekitaldietarako laguntza teknikorako lehen hitzarmen autonomikoa. Lau elkarretaratze egingo dira, 11:00etan Nafarroako Jauregiaren aurrean, 12:00etan Baluarte aurrean, 18:30ean Gayarre antzokiaren aurrean eta 20:00etan Baluarte aurrean.

Ikuskizun eta ekitaldietarako teknikariek patronalaren jarrera salatu dute, sektoreko lehen grebatik bost urte pasa direlarik eta bi urte sektorearen lehen hitzarmena negoziatzen hasi zenetik, aurrerapenik gabe. Mobilizazio sindikalari berriro heltzerik baino ez dutela adierazi dute. “Egoera onartezina da”, salatu dute, “Nafarroarentzat hitzarmen bat behar dugu urgentziaz”.

Langileen ordezkaritza legalak hilabeteak daramatza patronalarekin komunikazioa ezarri nahian, negoziazioarekin jarraitzeko eta sektoreko lan baldintzak hobetu eta arautzeko hitzarmen kolektibo bat sinatzeko. Azaldu dutenez, erantzuna isiltasuna izaten ari da eta patronalak ez ditu lan ordezkaritzaren deiak hartzen.

Sektoreko profesionalek ekitaldi eta jarduera kulturalak egunero aurrera ateratzea posible egiten dutenekiko errespetu falta dela deritzote. “Muntaia, desmuntaia, eszenatoki, talde tekniko eta lanaldi bakoitzaren atzean lan baldintza duinak eta egonkorrak merezi dituzten langileak daude.”

Era berean, defendatzen dute hitzarmen kolektiboa sektorea ordenatzeko, egiten den lana aitortzeko eta alde guztientzako baldintza argiak ezartzeko tresna dela. Horregatik, erreklamatzen dute elkarrizketa eta negoziazio kolektiboa, eta eskatzen diote patronalari bere jarrera alde batera uzteko eta negoziazioari berriro ekiteko, lan-baldintza duinak lortzeko bidean, egunez egun Nafarroako ikuskizun eta ekitaldien sektorea sostengatzen dutenen lan-bizitza eta bizitza pertsonala uztartu ahal izateko.

Egoera horren aurrean, adierazi dute: “Isiltasuna ez da erantzun bat eta negoziatzeko borondate ezak ondorioak ditu. Horregatik, egoera honi buelta emateko enpresarien borondate hutsa ikusirik, mobilizatzera behartuta ikusten gara.”

Lehenengo mobilizazioa urriaren 10ean izango da, eta sektoreko langile guztiei grebarekin bat egiteko deia egin diete. Patronala negoziatzeko esertzera behartzeko eta sektoreko lehen hitzarmena sinatzeko eskura dituzten tresna guztiak erabiliko dituztela berretsi dute, eta ez dute baztertzen greba egun gehiago egitea euren aldarrikapenei erantzuten ez bazaie.

Patronalaren blokeoa salatzen dugu eskola garraioko eta jolastokiko zaintzaileen hitzarmenean, eta Hezkuntza Sailari exijitzen diogu EAEko eskola publikoetan enplegua suntsitzeari utz diezaiola

Interim enpresak soldaten parekatzea mantentzeari uko egin diola salatzen dugu, eta langileei eta hezkuntza komunitate osoari mobilizatzera dei egiten diegu.

Hitzarmenaren negoziazio batzordea joan den astean bildu zen eta emaitza berbera izan zen berriz ere: erabateko blokeoa eta aurrerapausorik ez.

EAEn zerbitzua kudeatzen duen Interim enpresak langileek lortutako soldata parekatzea onartzeari uko egiten dio, eta, gainera, egungo lan-baldintzek okerrera egitea planteatzen du.

LABek egoera onartezina dela uste du, eta lorturiko eskubideetan atzera pausorik ez dutela onartuko adierazi du. Urte hauetan lortutako guztia langileen antolakuntza eta borrokaren emaitza izan da, eta hitzarmenaren negoziazioa eskubideak murrizteko erabili ahal izatea arbuiatzen du.

Eskola-garraioa oso sektore feminizatua da, eta emakumeek* kontratu eta lanaldi partzialek eta prekaritateak markatutako lan-baldintzetan jarduten dute.

Testuinguru honetan, LABek uste du soldatak parekatzea eta lan-baldintzak hobetzea ez direla bigarren mailako gaiak. Egunero-egunero funtsezkoa den zerbitzu bat aurrera ateratzen duten langileen aldarrikapen guztiz justuak dira.

Sindikatuak azpimarratu du langileek soldata duina, egonkortasuna eta lan baldintza duinak izateko eskubidea dutela, eta onartezintzat jotzen du zerbitzu hori egunero aurrera ateratzen dutenek murrizketan eta prekaritatean oinarritutako kudeaketaren ondorioak ordaintzea.

Era berean, Begoña Pedrosak zuzentzen duen Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak sektoreko enplegu suntsiketan duen erantzukizun zuzena salatzen du LABek. Hezkuntza Sailak berak erabakitzen du eskola garraioko ibilbideak kentzea, eta erabaki horiek ondorio zuzen bat dute: lanpostuen galera. Hori dela eta, zerbitzu publikoa murriztu eta enplegua suntsitzen duten erabakiak aplikatzeari uzteko exijitzen dio LABek Hezkuntza Sailari.

Ezin da zerbitzu publikoaren defentsaz hitz egin Hezkuntza Sailetik bertatik ibilbideak eta, ondorioz, lanpostuak kentzen diren bitartean. Kentzen den ibilbide bakoitzak ondorioak ditu langileentzat eta familientzat.

Egoera honen aurrean, LABek uste du eskola garraioaren defentsa ez dela soilik lan kontu bat. Ikasleek ikastetxeetara sarbidea izatea bermatzeko beharrezkoa den zerbitzu publiko bat defendatzea ere bada asmoa, hori posible egiten dutenentzako baldintza duinak ziurtatzearekin batera.

Hori dela eta, LABek dei egiten die eskola publikoetako familiei, hezkuntza eta gizarte eragileei eta, azken finean, hezkuntza komunitate osoari, ikastetxeetan bertan inplikatu eta mobilizatu daitezen.

Aldarrikapen hori negoziazio mahaitik atera eta ikastetxeetara, familietara eta hezkuntza komunitate osora iristea nahi du sindikatuak. Enpleguaren eta lan-baldintza duinen defentsa eskola-garraio publiko, egonkor eta kalitatezkoaren defentsarekin lotuta dago.

Negoziazioaren blokeoaren eta sektorearen baldintzen okertzea ikusita, LABek uste du mugarri baten aurrean dagoela sektorea. Sindikatuak dei egin die eskola garraioko langileei elkartuta eta prest egon daitezen hurrengo mobilizazioetarako, eta hezkuntza komunitate osoari, zerbitzu publikoaren eta lanpostuen defentsan bat egin dezan.

Osakidetzan bidea borroka dela aldarrikatzen dugu

Osakidetzako mobilizazio dinamikaren hasierak negoziazioa ireki du, baina Osakidetzako lan baldintzak arautzen dituen akordioa negoziatzeko lehenengo zirriborroak eta giza baliabideak antolatzeko plan berriaren proposamena behar bezain garatuta ez daudela uste du LABek. Horregatik, egoera bideratzeko, greba eta mobilizazioak giltzarri izango direla uste du sindikatuak.

LABek balioan jarri nahi du joan den asteazkeneko Osakidetzako ospitaleetan, lehen arretako zentroetan eta bestelako lan zentroetan egin ziren kontzentrazioen arrakasta. Kategoria desberdinetako ehunka langile batu ziren, garbitzaileetatik falkultatiboetaraino, euren lan-baldintzen defentsan eta euskal osasun sistema publikoa indartzeko eskatzeko. Agerian geratu dira plantillaren nekea eta haserrea.

Greba eta mobilizazio dinamikaren hasierarekin batera, 18 urteren buruan Osakidetzako lan-baldintzak arautzen dituen akordioa negoziatzeko lehenengo zirriborroa eta giza baliabideak antolatzeko plan berriaren egituraren proposamena heldu dira.

LABek, lehen balorazio azkarra eginda, argi du proposamen hau greba eta mobilizazio dinamikaren iragarpenak bultzatu duela, gobernu hau soilik horrela mugitzen delako. Edukiari kasu eginez, LABek azterketa sakona egingo du ekarpen kualitatiboak egiteko, helburua izanda ereduaren aldaketa, pribatizazioaren lehengoratzea, unitate eta kategorien araberako ratioen hobetzea, langileen eta erabiltzaileen euskara eskubideak bermatzea, lana eta bizitza pertsonala uztartzea, guardiak eta formakuntza orduak urteko lanorduen barruan egotea, erosahalmena berreskuratzea eta abar.

Zoritxarrez, bidalitako proposamenean, LABek ez ditu gai hauek behar bezala garatuta ikusi: ez dago urteko lanaldiaren jaitsierarik eta ordainsarien inguruko proposamenik ez da garatu, osagarrien deskribapena egitera mugatzen baita. Euskarari dagokionez, asmoen adierazpen bat baino ez da jasotzen, eta berdin berdintasun planari dagokionean edo telelana arautzeko artikuluetan.

Bestalde, giza baliabideak antolatzeko plana garatu gabe bidali dutela adierazi du LABek, eta plan horretan izendatzen dituzten hainbat gai akordioaren negoziazioaren esparruan txertatzea eskatuko du; besteak beste, unitate eta kategorien araberako ratioen inguruko negoziazioa, behin-behinekotasunaren tasa, kontratazio-poltsak kudeatzeko irizpidea eta plantillaren gazteberritze plana, eta arrisku psikosozialak.

Era berean, lan osasunari lotutako absentismoari lotutako aipamenak oso larriak iruditzen zaizkio sindikatuari.

Beraz, gatazka konpontzeko lan asko dagoela azpimarratu du LABek, eta langileekin edukia konpartitu eta lanean jarraituko du, kalean zein negoziazio mahaietan. Sindikatuak argi du eredua eta egoera bideratzeko mobilizazio zein grebak giltzarria izango direla argi du.

Bestetik , LABek balioan jarri nahi du intersinkaleko greba eta mobilizazio dinamika hau martxan jartzeko SATSE, ELA, CCOO eta UGTk elkar ulertzeko izan duten gaitasuna, eta sinetsita dago guztiak batuta presio gehiago eta akordio hobea lortuko dutela.

Ez dugu sinatu Gipuzkoako enpresa transitarioen sektoreko hitzarmena


Sindikatuak ez du babestu nazioarteko salgaien garraioaren logistikaren kudeaketan jarduten duten enpresen sektoreko hitzarmena; izan ere, ATEIAk, sektoreko patronalak, egin duen azken eskaintzak ez die sektoreko langileek dauzkaten behar errealei erantzuten.

Pasa den hitzarmenaren iraunaldia amaitu baino lehen, gure komunitatearekin batera saretze lana egin eta lanketa berezia burutu genuen sektoreak zeuzkan egiazko beharrak identifikatu eta aldarrikapen plataforma integrala egiteko. Hala, hitzarmen berria negoziatzeari ekitean, 16 puntuz osatutako plataforma aurkeztu genion ATEIAri. Ordea, patronalak entzungor egin die aldarrikapen guzti horiei eta iraunaldian, soldata-taulen gaineko soldata igoeretan eta lanaldi murrizketan baino ez du fokua jarri.

Itxura batez akordio ona dirudienak, baina, mamia falta du. Izan ere, langileen ehuneko handi batek soldata taulen gaindiko soldatak dauzka aspaldi eta akordioak aurreikusten dituen soldata igoerek ez dute langileen ehuneko handi horrengan eraginik, izan ere, hitzarmenak ez du soldata errealen gaineko soldata igoerarik aurreikusten. Gainera, hitzarmenak hainbeste lan-kategoria edukita, horietako bakoitzaren funtzioen definizioen arteko aldea oso txikia da, ondorioz, maiz egin behar izaten ditu langileak haren lan-kategoriari ez dagozkion funtzioak. Hori konpontzeko, barne promozio automatikoak arautu izan ditugu iraganean, oraingoan, ordea, patronalak ez dio arazo horri konponbiderik eman nahi izan. Hori gutxi ez eta, gainera, zenbat eta denbora gehiago pasa, orduan eta zaharragoa da bertan lan egiten duen langilearen profila. Horri konponbidea eman eta sektorea gaztetzeko, errelebo kontratuak derrigor egitea arautu nahi genuen, baina, beste behin, ATEIAK ez du ezer konpondu nahi izan.

Horregatik guztiagatik, sektoreko LABen komunitateko langileekin edukia aztertu balantzan jarri ondotik, hitzarmena ez sinatzea erabaki dugu.

Aurrerantzean, sektoreko hitzarmenaren testuinguruan erdietsi gabeko edukiak lortzeko, enpresaz enpresa lan eta borroka egingo dugu tokian tokiko hobekuntza paktuak eginez. Era berean, akordio hori aski ez dela uste duten langileei deia luzatzen diegu LABekin batera bidea egin eta lan-baldintzak behar bezala hobetzeko.

Udalhitzeko negoziazioari atea itxi diote EAJk eta PSEk, EHBilduk negoziatzen jarraitzeko borondatea agertu duen bitartean

Urriaren 8ra bitarteko epea daukate edukiak ekarri eta langileen ordezkariekin adosteko. Bestela, udal sektore osoak grebara joko du.

Gaurko egunez bildu da Udalhitzeko mahai negoziatzailea. EAJk eta PSEk ateak itxi dizkiote negoziazioari hainbat gaietan ez dutelako inolako mugimendurik egin nahi izan. Udalhitzeko negoziazioari bukaera eman diote EAJk eta PSEk inolako mugimendurik egin gabe. Bi alderdi hauek garbi utzi dute ez direla mugituko proposamen horretatik.

EHBilduk, ordea, negoziazioak aurrera egiteko proposamenak jarri ditu mahai gainean; bereziki, euskararen alorrean eta azpikontrataturiko langileen subrogazioari dagokionean. Gainerako gaietan hitz egiteko prestutasuna adierazi du ere.

Bi urteko negoziazioaren ondoren, gai hauetan ez mugitzeagatik, EAJk eta PSEk blokeoa sortu dute eta negoziazioa itxitzat eman nahi izan dute. LABen ustez ezinbestekoa da grebaren bidez negoziazio mahai ez ixtea eta eduki hauek borrokatzea:

  • Publifikatuko diren zerbitzuetako langileen subrogazioa jasotzea. EAJ-PSEk ez dute subrogazioa bermatzen.
  • Euskararen gaian zaharrak berri. EAJ-PSEk aurkezturiko proposamenak ez du euskaraz lan eta bizi ahal izateko tokiko administrazioetan neurri gehigarririk hartu nahi, ez eta sarbidean euskara gaztelaniarekin parekatu nahi. LABetik behin eta berriz adierazi diegu euskara gaztelaniaren pare jartzeko garaia dela eta sarbidean euskararen hizkuntza-eskakizuna ere derrigorra izan behar dela, tokiko hizkuntza-plangintzaren arabera lanpostu batzuk salbuetsiz eta hizkuntza eskakizuna eskuratzea kasu horietan geroratuz; horretarako, udalek langileak euskalduntzeko baliabide eta liberazioak eskaini behar dituztelarik. Hori da hain zuzen ere EHBilduren proposamenak jasotzen duena.
  • Soldatak berreskuratzeko, zorra onartzeko eta erosahalmena bermatzeko igoerak zenbatekoak izango diren ez dute adostu nahi izan, ez eta horiek egiteko tresna ezberdinak nola baliatu.

EAJk eta PSEk, beraz, negoziazioari ateak itxi dizkiote urte luzeetako negoziazioa pikutara bidaliz. Orain da ordua borrokaren bidez langileak aktibatu eta urriaren 8ko grebaren bitartez ezinbestekoak falta diren edukiak borrokatu eta eskuratzeko. Langileon ordua da! Borrokatu dezagun dagokiguna!

Goizean eserialdia EUDELen

Gaurkoan, adostuta genuen azken mahaia negoziatzailea burutu baino lehen LABek eta ELAk protesta ekintza bat egin dugu. Kanpoan kontzentrazioa burutzeaz gain, beste pausu bat eman dugu eta Eudelera sartu gara bertan salaketa eserialdi bat egitera. Nazkatuta gaude mugimendurik gabeko mahaiez eta horregatik gaurko ekintzarekin LABetik eta ELAtik zuzen interpelatu nahi izan ditugu EUDEL osatzen duten alderdiak. Gogorarazten dugu, Udalhitzeko mahaian eduki nahikoa duen adostasuna lortu ezean, urriaren 8an egun osoko greba egingo dugula.

Greba mugagabean dauden ITASUAko langileei babesa erakusteko manifestazio jendetsua Bergaran

Dagoeneko 77 egun daramatzate greban Zarauzko eta Bergarako Ibilgailuen Azterketa Teknikoaren (IAT/ITV) zerbitzuko beharginek, eta enpresa mugiarazi eta negoziazioaren blokeoa eten arte borrokan segitzeko asmoa iragarri dute. Hurrengo pausuen artean, astelehenean Gipuzkoako Lan Ordezkaritzan bilera izango dute enpresarekin, eta Bergarako hurrengo Osoko Bilkuran mozioa landuko da gaiaz.

Erakutsitako elkartasunagatik eskerrak eman dizkiete herritarrei ITASUAko langileek:”Gure aldarrikapena Bergarako kaleetara zabaltzea erabaki dugu. 76. eguna greba mugagabean izanik, badakigu gure lanak, eskaintzen dugun zerbitzuan eragiten duela eta zuetako asko ere ondorioak jasaten ari zaretela. Gure asmoa enpresa mugiaraztea da gure lan baldintzak hobetzeko helburuarekin. Enpresaren blokeoak eta negoziatzeko benetako borondaterik ezak bide hau hartzera eraman gaitu Langileok gure lan baldintzak defendatzeko eskubidea dugu, eta horixe egiten ari gara”.

Langile hauek duela aste asko negoziazio prozesu bat abiatu zuten, helburu argi batekin: lan baldintzetan aurrerapauso garrantzitsu bat ekarriko zuen enpresa hitzarmen bat sinatzea. Eskaerak ez dira neurrigabeak; sektore berean, lan bera egiten duten langileen arteko berdintasuna eta justizia bilatzen dute. Gipuzkoan dauden beste IAT/ITV enpresa bateko langileek baino 133 ordu gehiago egiten dituzte urtean, eta soldata askoz ere txikiagoak jasotzen dituzte.

ITASUAren jarduera berezia da. Herritar guztiak behartuta daude beren ibilgailuak aldizka IATra azterketa teknikoa egitera eramatera, segurtasuna bermatzeko. Neurri hori beharrezkoa eta egokia da, noski. Hala ere, ezin dugu ahaztu jarduera hau derrigorrezkoa dela herritarrentzat, eta, horregatik, interes publikoko zerbitzu baten ezaugarri asko dituela.

Urtez urte, jarduera horrek etekin ekonomiko handiak sortzen ditu. Azken 5 urteetan, Larrauri familiak 5.000.000 € inguru eraman ditu etekinetan. Ezin da onartu zerbitzu honen etekinak gutxi batzuen aberastasuna handitzeko erabiltzea, langileen lan baldintzak atzean uzten diren bitartean. Zerbitzu honek gizarte osoari mesede egin behar dio, eta horrek langileen baldintza duinak ere bermatzea esan nahi du.

Negoziazio prozesuan zehar, zoritxarrez, enpresak benetako akordio baterako borondate eskasa erakutsi du. Horren adibide da Gasteizko hiru ordezkarirekin sinatutako eraginkortasun mugatuko akordioa. Akordio hori ez da ITASUAko langile guztien ordezkaritzarekin adostu, eta ez du gatazka honi irtenbide orokorrik ematen. Hala ere, enpresak akordio hori baliatu nahi izan du negoziazio kolektiboa amaitutzat emateko. Jarrera hori arduragabetzat jotzen dugu, langileen zati handi batek ez baitu akordio hori onartu eta negoziatzen jarraitzeko borondate argia erakutsi baitu.

Bergarako eta Zarauzko ordezkariek eta langileek ez dute akordio horrekin bat egin. Gure konpromisoa argia da: negoziazio mahaian benetako akordio justu bat lortzea. Enpresari luzatzen diogu dei hau, oraindik garaiz baitago gatazka honi konponbidea jartzeko. Baina horretarako, edukien inguruan seriotasunez joka dezaten ere eskatzen dugu, ez gara edozein akordiorekin konformatuko egoera honetan.

Horrez gain, Eusko Jaurlaritzari ere dauzkan ardurak bere gain hartzea eskatzen diogu, Industria Sailetik ez-ikusiarenak egiten ari baitira gatazka hasikusiarenak egiten ari baitira gatazka hasi zenetik, eta egoera larritzen doa. Beraz, berririk ezean, langileek argi dute greban jarraituko dutela merezi dituzten lan baldintzak bermatuko dituen hitzarmena lortu arte.