Aurreko urteko ekainean baino 902 langabetu gehiago daude Hego Euskal Herrian; guztira 132.512 dira, eta azken hilabetean 503 langile batuzaizkio zerrenda horri. Honen atzean bi arrazoi nagusi daude; alde batetik, ikasturte bukaera dela, eta bestetik, ezohiko erregularizazio prozesuaren lehen ebazpenak atera direla. Langabeziak gora egiteaz gain, egiturazko arazoak areagotzen jarraitzen dute eta prekarizazioa sistemaren muina bihurtu da.
Euskal gizartearen ekonomia eta lan eredua egiturazko arazoak ditu oinarrian eta, konpondu ordez, okerrera egiten dute. Ekaineko datuek ez dute baikortasunerako arrazoirik ematen, arrakalak handitzen baitoaz:
- Langabetuen %59,01 emakumeak* dira. Horrez gain, emakumeen* artean %57k jardunaldi osoa duen bitartean, gizonen kontratuei dagokienez %78 dira mota horretakoak. Gauza bera gertatzen da jardunaldi partzialei erreparatuz gero. Emakumezkoen* %25,3k jardunaldi partziala du, hau da, lautik batek. Gizonezkoen kasuan, aldiz, %11,8k, hau da, ia 10etik batek. Lan merkatuak emakumeak* zokoratzen dituenaren seinale argia da hau.
- Ezin ditugu pertsona migratuak ahaztu. Langabeziak gora egin du egoera zaurgarrian dagoen kolektibo honetan. Izan ere, datuek adierazten dute ia sektore guztietan jaitsiera gertatu dela – langabeziari dagokionez–, baina migratuen artean langabeziak gora egin du. Horrez gain, egoera prekariotik ezin irten, eta horietatik %49,57 zerbitzu sektorean dabiltza lan bila (baldintza kaskarrenak eskaintzen dituen sektorean, hain zuzen ere). Aurreko enplegurik gabekoen artean, gehienak migratuak dira.
- Adinak ere badu zerikusia zaurgarritasunari dagokionez; izan ere, langabeziak gogor kolpatzen ditu gazteak. Oraingo honetan, gazteen langabezia igo egin da azken hilabetetik hona, udako kontratazioa heldu baino lehen.
Ikasturte bukaerak sektore feminizatuetan dauka bere ondorioa, eta datu adierazgarriak uzten dizkigu:
– Azken hilabetean 580 emakume* gehiago dira langabezia zerrendetara batu direnak, gizonen artean 77 langabetu gutxiago direnean. Sektoreka, langabezia igo da zerbitzuetan, eta azken hilabetean 13.533 langile gutxiago daude afiliatuta sektore honetan, orain urtebete baino 19.406 afiliatu gehiago diren arren. Eta erregimen orokorrean afiliazioaren kontratu motei erreparatuz gero, 7.869 kontratu gutxiago daude, aldizkako finko gisa lan egiten duten pertsonei dagozkienak. Bada, langile horien %80 emakumeak* dira.
Ezohiko erregularizazioak bere ondorioak ditu, bai:
– Pertsona migratuen artean, berriz, 1.358 gehiago dira, aurreko urtearekin alderatuta, izena eman dutenak aurrez enplegurik izan gabe. Pertsona migratuen artean 9.786 langabetuak dira, hau da, langabetuen %35,07 osatzen dute, orain urtebete %31,91 zirenean. Ehuneko hauek aldatzen joango direla azaldu du LABek.
– Justizia ariketa bat da dagoeneko hemen denbora daramaten eta gure ekonomiaren oinarrizko sektoreak sostengatzen ari diren pertsonak eskubide-subjektu gisa aitortzea. Ezohiko erregularizazio prozesura batzeko eskaeraren izapidetzeko onarpena jasotzen duten pertsona migratu guztiek enplegu-eskatzaile aktibo gisa izena eman beharko lukete. Hori da dagozkien eta orain arte ukatuak izan dituzten hainbat eskubidetarako sarrera-atea; gainera, erregularizazio honekin eskuratuko duten aldi baterako baimena berritzeko ezinbesteko baldintza da.
Aurreko hilabetearekin alderatuta, afiliazioak behera egin du Hego Euskal Herriko erregimen orokorrean. 1.093.370 pertsona zeuden afiliatuta maiatzeko azken egunean, hau da, 12.059 afiliatu gutxiago.
Hala eta guztiz ere, sektoreka aztertuz gero langabeziak behera egiten duen arren, industriaren langabezia egoera ia bere horretan mantentzen da, 47 langabetu gutxiago baitaude. Industriaren egoera oso kezkagarritzat jotzen du LABek, afiliazioak behera egin baitu azken hilabetean. Eta industrian sortzen ari den enplegua prekarioagoa da suntsitzen ari den enpleguarekin alderatuta.
Bestalde, kontratu motei erreparatzen badiegu, aurreko urtean baino 10.026 kontratu gehiago sinatu dira ekainean zehar, guztira 113.821 direlarik. Baina bada kontu larri bat honen atzean; izan ere, horietatik %76,85 behin-behineko kontratuak izan dira, eta kontratu guztien %78,38 zerbitzuetan egin dira. Hau guztia ez da kasualitatea. Industriaren enplegu suntsiketak eta zerbitzuen sektorerako joerak bizitzaren prekarizazioa dakar. Izan ere, baldintza onak dituzten enpleguekin bukatu eta baldintza kaskarrak dituzten enpleguak sortzen ari dira.
LABi bereziki kezkagarria iruditzen zaio egoera hori egonkortzea. Sindikatuak urte erdi darama egiturazko arrakalak salatzen, baina horiek finkatzen doazela ikusten du. Patronalak ez ditu bere gain ardurak hartzen, eta sistema kapitalista indartzearen konplize nagusia da. Ez da kasualitatea egoera zaurgarrienean dauden kolektiboak izatea prekarizazio mailarik altuena bizi dutenak.
Enplegu prekarioa gizartearen kezka nagusia da. Izan ere, enplegua eduki arren, langileek ez dute bizitza duina bermatzeko haina diru-sarrera. Horri aurre egiteko dago borroka sindikala, sistema eraldatu eta langile klasea erdigunean jartzeko.

