2026-07-15
HomeEkintza SozialaEuskal Herriko pertsona guztientzako eskubide guztien aldeko konpromisoan berresten gara

Euskal Herriko pertsona guztientzako eskubide guztien aldeko konpromisoan berresten gara


Ezohiko erregularizazioaren argi-itzalak.

Atzo ekainak 30, Ezohiko Erregularizazio prozesuaren epea itxi zen. Espainiako Estatuan 1.200.000 eskaera baino gehiago aurkeztu ziren, aurreikusitakoaren bikoitza baino gehiago.

Momentuz, Hego Euskal Herrian ez dugu datu zehatzik, baina LABek informazio hau partekatu nahi du:

Madrilen atzerritartasuneko erakunde laguntzaile gisa gure izen-ematea onartu ez badute ere, LAB sindikatuan erregularizazioaren aldeko kanpaina aktiboa egin dugu. Izaera politiko sakoneko apustua izan da, sindikatu honetako dozenaka militantek erakutsitako konpromisoari esker eutsi ahal izan dioguna.

Sei astez arreta eskaini dugu Hego Euskal Herriko hiriburu guztietan: Bilbon, Donostian, Iruñean eta Gasteizen, baita Azkoienen ere (Nafarroako Erribera).

  • 253 pertsona artatu ditugu aurrez aurre.
  • 107 espediente prestatzen lagundu dugu, eskatutako dokumentazio guztiarekin.
  • Guztira 102 erregularizazio-eskaera izapidetu ditugu.

Lagunen % 40 inguru emakumeak izan dira, eta % 60 gizonak.


Profilak oso anitzak izan dira:
Kale-egoeran dauden gazteak (gehienak aljeriarrak).
Egoera irregularrean egon arren, funtsezko sektoreetan lan egiten duten langileak, hala nola landa-sektorean, eraikuntzan, garbiketan eta etxeko enpleguan.
Sektore feminizatuetan eta prekarizatuetan lan egiten duten amak, beren kargura adingabeak dituztenak.

Pertsona horiek zailtasun handiak izan dituzte prozesu horretan, hala nola epeen zurruntasuna eta Espainiar Estatuko eta jatorrizko administrazioen nahiz irabazi-asmoarekin jardun duten bitartekarien lankidetza falta. Era berean, umiliagarria eta estigmatizazio bikoitza izan da haien zaurgarritasuna frogatu behar izatea.

Pertsona hauek, neurri handi batean, Euskal Herriko ekonomiaren funtsezko sektoreei eusten diete. Baina kontuz: langile hauek askoz gehiago dira lan-esku merke hutsa baino. Gure auzokideak dira, gure lantokietako kideak, gure seme-alaben lagunen gurasoak. Haiekin eta haien herri eta lurraldeekin zor historikoa dugu aitortzari, eskubideei eta aukerei dagokienez. Erregularizazioa aukera bat ere bada Euskal Herriko auzo eta herrietan egiten ari diren ekarpen guztiaren zati txiki bat itzultzeko.

Prozesu hau bide luze baten lehen urratsa baino ez da. Gure lekutik lanean jarraituko dugu:

  • Lortutako eskubideak paperean bakarrik gera ez daitezen, benetan bete eta pertsona guztiei berdin errespetatu dakizkien.
  • Lan-arrazakeriarekin, xantaiekin, beldurrarekin eta egoera administratibo irregularrean daudenek nahiz baimenak etengabe berritzera behartuta daudenek maiz pairatzen dituzten gehiegikeria espekulatzaileekin amaitzeko.

Gure sindikatutik adi egongo gara, eta onarpenen, jakinarazpenen eta espedienteen osatze-prozesuaren jarraipena egingo dugu. Kezkatzen gaitu bai eskaera ukatua edo izapidetzeko onartu gabe geratzen zaien lankideen egoerak, bai hasieratik prozesu honetatik kanpo utzi dituzten pertsonenak ere.

Ez dezagun ahaztu garai konplexu bezain arriskutsuetan bizi garela. Jazarpenak, kontrolak eta oinarrizko eskubideen ukazioak bere horretan dirau, eta areagotu egiten dira. Erregularizazio honek ekar dezakeen eskubideen aurrerabidearekin batere pozik ez dagoen marko atzerakoi eta arrazista baten aurrean gaude.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Arabako esku-hartze sozialeko sindikatuok negoziazioa desblokeatzeko aurkezturiko proposamena aurkeztu dugu, aldarrikapenei erantzun gabe segitzen duen patronalaren aurrean

ilabete eta erdi baino gehiago patronalaren aldetik inolako proposamenik gabe egon ondoren, atzoko mahaian AISAk uztailaren 29rako proposamen bat aurkezteko konpromisoa hartu zuen, eta, bertan, sektorearen aldarrikapen ugariri behingoz erantzutea espero dugu.

Patronala Gipuzkoako gasolindegien hitzarmenaren negoziazioa blokeatzen ari da

LAB, ELA eta UGT sindikatuok, ordezkaritzaren % 70,27 dugunok, elkarretaratzea egin dugu gaur Donostian, AEGA patronalaren jarrera salatzeko asmoz; izan ere, sektorean dauden benetako arazoei ez die erreparatzen patronal horrek. Hitzarmenaren negoziazioa hasi zenetik urte eta erdi baino gehiago igaro ondoren, AEGAk negoziazioa blokeatu du, eta Gipuzkoako gasolindegietan lan egiten duten pertsonen lan-baldintzak duintzeko akordio bat lortzea eragozten ari da.

Langileen osasuna bermatu dadila eskatzeko mobilizatzen ari dira Siban enpresaren lantegietan

Abanto Zierbenan kokaturiko Siban Peosa eta Siban Innobelting enpresetako langileek greba partziala egiten ari dira gaur, uztailak 15, 12:00etatik 16:00etara arte, hilaren 1ean Siban Innobelting lantegian izandako lan-istripua salatzeko.