2026-06-27
Blog Page 1074

Donostiako Zonalde Turistikoa zabaltzeak marka handien interesei erantzuten die

0

Jaietan Jai plataformako ELA, LAB, CCOO eta UGT sindikatuetako ordezkariek agerraldia eskaini dute Zonalde Turistikoaren inguruan udalak hartu duen erabakiaren harira egiten dugun irakurketa plazaratzeko. Hain zuzen ere sindikatuon iritziz neurri hauek ez dute aktibitate ekonomikoa handitzen ezta enplegurik sortzen ere.

Estatu espainarraren errege dekretu baten ondorioz, Donostian beste hiri batzuetan bezala, Turista – olde handiko gune bat arautzera behartua izan zen. Izan ere, hala egin ez balitz, hiri guztira zabalduko baitzen. Hala, egoerak bultzaturik eta sindikatu nahiz merkatari elkarteen iritzia kontuan harturik, 2014ko urriak 31 an onartu zen alde zaharreko eremu bat aitortzea eta denda irekiera 2015eko uztaila eta abuztuan egitea baimentzen zuen.

2015ko azaroaren 11ean berriz, eta oraingoan inorekin adostu gabe, Donostiako Tokiko Gobernu Batzordean Zona Turistikoaren definizioa aldatzea erabaki zen. Kasu honetan Alde Zahar osoa, Bretxa saltoki handia barne eta Zurriolako pasealeku eta etorbidea Zona Turistiko bezala izendatzeko neurria hartu zuten. Definizioa honekin, bertan kokatzen diren komertzioei igande eta jai egunetan irekitzeko eskumena ematen diete, 2016 urte osoan zehar.

Gaurko agerraldi honetan, neurri honen hiru puntu azpimarratu nahi genituzke:

– Neurriak bere baitan, merkataritza ordutegiaren liberatzea dakar eta honek, marka handien interesei erantzuteaz gain, denda txikiei eta ertainei kalte larriak eragiteko arriskua dakar. Bai eta, merkataritzako langileen lan-baldintzak okertzeko aukera ere.

– PNV eta PSEk, sindikatu, merkataritza elkarte eta gainontzeko alderdiei bizkar emanez onartu zuten. Ezkutuan eta eztabaidarik gabe, goizetik gauera.

– Aurreko legealdian sindikatu naiz merkataritza elkarteen iritziaz egindako Zona Turistikoaren definiziotik berri honetara moldatzeko ez da inolako arrazoirik aurkeztu.

Neurriaren larritasuna ikusita sindikatuok, EHBildu eta Irabazi alderdien babesarekin, mozioa sartu nahi izan dugu gaiaren inguruko eztabaida bat sustatzeko eta noski, gure aburuz bai langile eta baita komertzio txikiarentzat onena ikusten dugun aurreko zona turistikoaren definizioa mahai gainean jartzeko.

Egoera honen aurrean hemen batu garenok salatu nahi dugu Udalaren jarrera. Izan ere Zonalde Turistikoaren definizio berri honek marka handiko komertzioen interesei erantzuten die eta beraz, igande eta jai-egunetako merkataritza-ordutegiak erabat liberalizatzeko alfonbra gorria jartzen die udalak. Jakinda eta ondo jakinda ere jai egunetan komertzioak irekitzeak:

-Ez duela aktibitate ekonomikoa handitzen: Jai-egunean egiten den erosketa beste egun batean egiten ez dena da baita. Eros ahalmen handiagoa izateak ekarriko luke kontsumoaren gehitzea, ez ordutegiek liberazioak.

-Ez duela enplegurik sortzen: Sortzen den enplegua partziala da eta merkatal zentru haundietan prekarioagoa, merkataritza txikiko enplegua suntsituz.

-Bizitza familiarra eta profesionala uztartzeko mugak jartzen dituela. Azpimarratzekoa da gainera bereziki sektore feminizatua delaa kaltetuena.

-Kontsumitzaileei ez die askatasun gehiago ematen: eskaintza gutxitzen da eta herri eta hiriguneen desertifikazioa ematen da.

-Merkatari txikiak marka edo zentro handiekin lehiatzera behartzen dituela, ahalmen berdina ez dutenean eta arriskua handiarekin

Aurrekoa gutxi balitz, Donostia eta probintziako merkatari elkarteekin izan dugun elkarrizketetan jakinarazi digute, beraiek ere nahiago dutela 2015erako onartu zen proposamena, hau da, alde zaharra besterik izendatzen ez duena. Hau da, kale zehatz eta gutxi batzuetara eta uztaila eta abuztura mugatzen dena.

Horregatik, prentsaurreko honen bidez jakinarazi nahi dugu, aurkeztutako mozioaren bidez lortu nahi duguna: gaiaren gaineko eztabaida irekitzea eta ukitutako alde guztien iritzia aintzat hartzen duen prozesua abian jartzea 2017rako hartuko den erabiakiari begira.

Mozio hau maiatzaren 26an izango den plenoan eztabaidatuko da eta sindikatuok bertan izango gara.
 

 

 

10.000 aparteko ordu Bilbobusen, enpresaren erabilera iruzurtia eta Bilboko Udalaren eskuhartze falta

0


LABek Autobuses Urbanos de Bilbao (BILBOBUS) enpresaren TC2ei buruz egin duen azken ikerketan, 10.000 ordu estra baino gehiago egin direla antzeman du. Hauetako gehienak behin-behineko langileek bete dituzte. Aipatu langileak lanaldiaren zati bat bete dezaten kontratatzen baditu ere, gero ordutegia luzatzen diete, aparteko orduak betetzera behartuz. Enpresak zerbitzuan dauden premiak ezagutu arren eta kontratuak lanaldiaren portzentaia handiago batez lotu baditzake ere, ez du egiten, eta aldez aurretik ezagutzen duen zerbitzua betetzeko behar beste aparteko ordu egitera behartzen ditu.

10.000 aparteko orduez gain, enpresak aparteko ordu gehiago betetzera betetzen ditu langileak. Kopurua ezin dezakegu zehaztasunez koka, ez dituelako kontzeptu horrekin ordaintzen. Horrela jokatuz, Bilboko Udal Autobusak aipatu orduen kotizazioa aurrezten du, horrek dakarren guztiarekin. Horrela ez dio ekarpenik egiten Gizarte Segurantzaren kutxa komunari eta bilbotar guztien poltsikoetatik ateratzen den diruarekin geratzen da.

Ohar honen bidez LABek egoera hau salatzen du eta Udalari eskatzen dio diru publikoa gehiago kontrola dezala, diru publikoa jasotzen duten kontraten kontrol zorrotzagoa eginez.

Bilboko Udalari eskatzen diogu Bilboko Udal Autobus elkartea aparteko orduekin amaitzera behar dezala, TCetan onartutakoak nahiz haietan adierazten direnak. Xede horrekin, Udalak ziurtatu egin behar du Bilboko Udal Autobusek handitu egingo dutela lanaldiaren portzentajea behin-behineko kontratuetan, eta horrek honakoa ahalbidetuko du:

• Bilbobuseko behin-behineko langileen lan baldintzak hobetuko direla.

• Enpresak egiten duen iruzurrarekin amaituko dela.

• Kutxa komunari egiten zaion ekarpena eta behin-behineko langileen kotizazioa handituko direla.

• Ziurtatu behar da diru-publikoa esleitzen dela esleitu beharreko denera, eta ez dadila Alsa moduko multinazionalen poltsikora joan, hura baita Bilbobus zerbitzua ustiatzen duen elkartearen arduradun nagusia.

 

 

M28. NI ERE BILBORA!

#bideakBatuz M28 Bilbora!
NI BANOA!

Euskal Herria contra la precariedad

Maiatzaren 28a bitarte Mobilizazio Nazionalari babesa emateko argazki bidezko atxikimendu kanpaina jarri dugu martxan. Atera argazki bat M28rako zure aldarrikapenarekin eta bidali www.lab.eus helbidera edo whatsapp bidez
646 802 371 zenbakira.

Mecánica Mallabiko zuzendaritza arduragabekeriaz jokatzen ari da

0

Mecanica Mallabiko langileak 4 urte daramatzate ALFA Taldearen azpijoko eta zuzendaritza arduragabe baten ondorioak jasaten eta ordaintzen. Langileok erantzunak behar ditugu, benetako konpromisoak eskatzen ditugu, ahalik eta lanpostu gehienak mantentzea eta soldata eta kalteordainak ordaintzea.

Mecánica Mallabiko enpresa-batzordea

Orain dela 4 urtetatik, ALFA Taldearen azpijoko eta zuzendaritza negargarria baten ondorioak jasaten eta ordaintzen gabiltza.

Urte hauetan orain gertatzen dena salatu eta aurreikusi dugu.

Gertatu eta gero jakinarazten zaigu merkataritza arloko epaileak likidazio prozesuaren hasiera agindu duela, ezin diolako hornitzaileen hitzarmenaren lehen ordainketari aurre egin. Ordainketa honen zenbatekoa Abadiñotik Mallabiara eta berriz Mallabiatik Abadiñora makinak mugitzen gastatutakoa baino gutxiago da.

Ohartarazten digute likidazio prozesuak normaltasunez aurrera egin dezan lanean jarraitu behar dugula eta dena “ongi badoa” gure soldatak eta indemnizazioak kobratuko ditugula, baina ez digute honen bermerik ematen ezta hau egiaztatzen duen kontabilitate dokumenturik ere.

Honen ondoren eta aldarrikapen bezala enpresa eta konkurtsoko administratzaileari eskatzen zaio esandakoa bermatzea eta horretarako ALFA taldea inplikatu behar dela abal baten bitartez. “honen aurrean berdina esaten jarraitzen dute”, “ezin dugu eskatutako bermatu eta ALFA Taldeak ez du ezer jakin nahi”.

Maiatzaren 5ean, langileek, enpresaren promesez nekatuta, greba mugagabea hastea erabaki genuen eskari bakar eta sinple batekin; soldata eta indemnizazioak ziurtatzea, “datorren talde interesatuarekin” plan sozial bat egitea (gaur egun, oraindik ez dakigu nor datorren) eta taldeko beste enpresa batzuetan errekolokazioak egitea lanpostu gehienak ziurtatzeko.

Zoritxarrez, gaurko egunean berdin jarraitzen dugu nahiz eta 3 bilera egin diren;

• Maiatzak 12. Administrazio konkurtsala eta enpresarekin egiten da batzarra. Gauza berdinak esaten dizkigute, hirugarren batek interesa erakutsi duela eta gauzak ondo badoaz 40 pertsonarentzat lana egongo dela eta soldatak eta indemnizazioak bermatuta daudela “dena ondo badoa”.

• Maiatzak 13. Batzarra aurreko berdinekin gehi interesa erakutsi duten enpresako abokatuekin. Batzar horretan “esaten” digute enpresa berria zein den ez dela argituko, eta 25 lanpostu errekuperatuko dituztela miseriarik gabeko baldintzetan. Gainera “kategoriaren araberako soldatak”, “lan zentroa gaur egungoa izan daitekela edo Bizkaiako beste edozein” hitz egiten da. Azkenik, susmagarriena dena, enpresa berriak konpromisoak hartuko dituela bakarrik langile guztiak kalean daudenean.

• Maiatzak 15. Mallabian batzarra, bertan lan zuzendaria den Xabier Lo Santo, Mallabiako alkatea, bi administratzaile konkurtsal eta enpresa biltzen gara. Biltzarrean helarazten digute egoera esperotakoa baino txarragoa dela, bezeroak haserre daudela. Gainera talde inbertitzailea joan egingo dela abisatzen digute ez bagara lanean hasten. Lanean hasten bagara, kobratzeko aukera eta langileen parte batentzat lana izan ahal dugula ere esaten digute. Baina hau dena, “gauzak ongi badoaz” bakarrik gertatuko dela diote. Gainera lan zuzendariak dio “historia guzti honetan ALFA taldeak ez duela ezer jakin nahi”.

• Maiatzaren 17an Eusko Jaurlaritzan batzartzen gara, bertan negoziazioko alde guztiak bertaratzen gara ALFA taldeko ordezkaritza izan ezik. Bilera honetan ez da ezer berriaz hitz egiten baina akta jasotzea adosten da. Momentu honetan erdizka dagoen akta bat dugu, Administrazio konkurtsalaren jarrera islatu eta Eusko Jaurlaritzak hartzen dituen konpromisoak agertzen dituena. Alde sozialak aldaketa batzuk proposatzen ditu bide orri baten bitartez, gure lan eskaerak eta kalteordainak betetzen joateko. Akta eta bide orria adosten bazen, gu prest geunden greba bertan behera uzteko langile asanbleari kontsultatu ostean eta beti konpromezuak betetzen baziren.

Hasieran esan bezala ez dugu ezer eta momentuz berdin jarraitzen dugu. Ez ditugu “bakarrik” euren “arazoak” konponduko, hau da;

• Ez dugu likidazio ordenatu bat egingo arazo hau eragin dutenei ez molestatzeko.
• Ez diogu etorriko den taldeari alfonbra gorri bat ipiniko, inongo konpromisorik hartzen ez badu.
• ALFA Taldeak enpresa munduan bere izen onarekin jarraitzea nahiz eta guzti honetan ardura eta erantzukizuna eduki.

Bakoitzak bere ardura hartzea nahi dugu egin nahi dutenaren aurrean “gu kaleratzea, esku bat aurrean eta bestea atzean ipinita”

“Beraiek” ALFA LAN-en, 2014 urtean, 11 langilerekin (horietatik 4 zuzendari postuetan) 807.000 eurotako pertsonal gastua izan zuten, bien bitartean ALFA taldeko langileoi, 4 urtetan zehar, soldata murriztu eta izoztu digute. Administrazio kontseiluak 298.721 euroko “dibidenduak” banatu ditu, taldean 200 lanpostu suntsitu dituzten bitartean.

Guzti honekin, oraindik, aurpegi gogorra dute eta euskal enpresari eredu izendatzen dute euren burua.

Benetako konpromisoak eskatzen ditugu, ahalik eta lanpostu gehienak mantentzea eta soldata eta kalteordainak ordaintzea.
 

 

 

Gipuzkoako grafikagintzako negoziazio mahaia eratu da

0


Bi saiakera ondoren eta hilabete bat beranduago, azkenik Gipuzkoako Grafikagintzako negoziazio mahaia eratu da. Honek sektoreko langileen lan baldintzak berritzeko aukera zabalduko du. Hala ere, gaurko bileran ere patronalaren arteko liskarrak azaldu dira, horregatik patronalaren ordezkaritza neurtzeko sistema inoiz baino beharrezkoagoa dela uste du LABek.

Bi saiakera ondoren eta hilabete bat beranduago, azkenik Gipuzkoako Grafikagintzako negoziazio mahaia eratu da, ondoko portzentaiekin:

Sindikatuen aldetik:

-LAB: % 52,63 (gehiengo osoa).
-ELA: % 42,11.
-CCOO: % 3,51.
-UGT: % 1,75.

Patronalaren aldetik,

– ADEGI: % 82,58
– GAREN: % 17,42.

Gaurko egunean sektoreko mahaia eratu izanaz pozten gara, sektoreko langileen lan baldintzak berritzeko aukera izango dugulako. Hala ere, gaurko bileran ere berriro azaldu dira patronalaren arteko liskarrak euren ordezkaritza egiaztatzeko orduan, irizpide ezberdinak mantentzen baitituzte. Hori dela eta, patronalaren ordezkaritza neurtzeko sistema inoiz baino beharrezkoagoa dela uste du LABek. Helburu horrekin datozen egunetan LHKn (Lan Harremanen Kontseilua) proposamena aurkeztuko dugu.

Hurrengo bilera maiatzaren 31an izango da.

 

 

 

Metaleko Estatuko hitzarmena auzitara eramango dugu

0

LAB sindikatuak helegitea jarriko dio sinatu berri den estatuko metaleko hitzarmenari. Hitzarmen hau beste urrats bat da patronalak zein CCOOk eta UGTk metalgintzaren sektoreko lan harremanen erabakigunea Madrilera eramateko zein lan baldintzak prekarizatzeko egin duten apustuan. Zentralizazio horren baitan, LABen iritziz, Estatuko hitzarmenak legez kontrakoak diren hainbat eskumen bere gain hartzen ditu.

Hauek dira funtsean:

1.- Estatuko hitzarmenaren Batzorde Parekideari (sinatzaile berez osatua) ahalbidetzen dio herrialdeko hitzarmenaren negoziazioan esku hartzeko eta euren erabakia ezartzeko, nahiz eta inork ez eskatu eta ordezkaritzaren gehiengorik ez izan. Honek gure herrialdeko hitzarmenetan derrigorrezko arbitraia ezartzea ekarriko luke, euren ordezkaritza sindikalak hemen uzten ez diena inposatu ahal izateko, hain zuzen. Neurri honi legez baliogabea irizten diogu, juridikoki ez delako gauzagarria zuzentzen zaion negoziazio esparru beraren gehiengoak onartu ezean.

2.- Lan erreformak hitzarmenetarako ezartzen duen urtebeteko ultraktibitatea baino gehiago edota era mugagabean jasotzen dituen akordioak indargabetzeko gaitasuna bereganatzen du (Araba, Bizkaia nahiz Nafarroako metaleko hitzarmenak indargabetuz, alegia). Beraz, lan erreforma ezartzen du eta salatu zirenetik, urtebete berritu gabe igaro denean, etorkizunean ezarri ahal izan daitezen, herrialdeko hitzarmen hauetan adostu denaren kontra, nahi dute, epea amaitu ondoren, estatu-mailako hitzarmena ezar dadila hark arautzen dituen gaietan.

Neurri hauek askatasun sindikalaren zein bere bitarteko nagusia den negoziazio kolektiboaren eskubidearen aurkako erasotzat jotzen ditugu. Neurri hauek, gainera, ontzat ematen dute PPren lan erreforma. Onartezina da. LAB sindikatuak bere esku dauden neurri guztiak hartuko ditu negoziazio kolektiboaren eskubidea zein gure negoziazio eremuak defendatzeko asmoz.
 

 

 

Nafarroako sindikalgintzak euskarari bide eman behar zaiola aldarrikatzen du


Administrazio publikoan gehiengoa duten sindikatuek — LAB, ELA, STEILAS, EHNE, ESK, CGT eta HIRU — euskalgintzak ekainaren 4rako egin duen manifestazioraren aldarrikapenarekin bat egin dute eta bertan parte hartzeko deialdia luzatu diete euskaraz bizi nahi duten langile guztiei. Kontseiluko idazkari nagusi Paul Bilbaok, bestalde, elkarlanaren beharra nabarmendu du eta euskararen normalizazioan langile mugimenduaren beharra azpimarratu. Manifestazioa, 17:30ean abiatuko da Golemetatik.

Orain dela urtebete, Nafarroan aldaketarako nahia eta aldarrikapena puri purian zegoela, langile mugimenduaren gehiengoak aldaketa hori euskaratik egin behar zela aldarrikatu zuen euskalgintzaren eskaerarekin bat eginez. Euskaraz bizi nahi duen langileak benetako zailtasunak ditu bere eskubideak bermatuak izan daitezen alor sozio-ekonomikoan eta kontuan hartuz gure egunaren bi heren lanean ematen dugula, ez da makala.

Iaztik hona, Nafarroako gizarteak bultzatuta lortu da Gobernu aldaketa ematea eta hainbat egoera arintzea. Ez gaude, ordea, nahi genukeen egoeran. Euskaraz lan egin nahi dugu eta uste dugu hori bermatze aldera, berandu baino lehen beharrezkoa dela neurri ausartak hartzea. Oraindik ere, alor sozio-ekonomikoan ez da plangintzarik abiatu euskara normalizatzeko, ez alor publikoan ez pribatuan, eta honek bi kolpetako ondorio lazgarria du. Alde batetik, zerbitzua jasotzen duen herritarrak maiz ezin du zerbitzua euskaraz jaso. Bestetik, egoera zailak eta desatseginak sortzen ditu honek eta euskaldunaren kaltetan izaten da beti. Ugariak dira egunerokoan herritar gisa ezagutzen ditugun aipatu bizipenak.

Baina hain maiz ez da hitz egiten zerbitzua jaso beharrean zerbitzua eskaintzen duen langileaz, “barraren beste aldeaz”. Eta horrek ere sufritzen du bere lana, bere bizitzaren zati handi bat beraz, euskaraz egin ezin duenean. Batzutan euskara ikasi nahi eta lan jardunak errazten ez diolako. Bestetan euskara jakin bai, baina lan jardunak berak eragozten diolako: gainerako lankideak erdaldunak, betebeharrak gaztelaniaz… Gazte euskaldun prestatuak garai batean ez bezala ditugu, haien derrigorrezko hezkuntza euskaraz gauzatu dutena eta euskaraz lan egiteko gaitasuna dutena. Baina espazio horretan euskarak ez duenez lekurik irabazi, haiei ere lan munduan euskaraz aritzeko aukera ixten zaie. Hori gainditu beharra dago berandu baino lehen.

Horregatik, guk ere uste dugu euskarari bide eman behar zaiola, justiziazkoa delako, oreka soziala bermatzeko beharrezkoa delako.

Manifestazioan, euskaraz bizi nahi duten herritarrekin batera, guk ere Euskarari bide ematen diogula ere erakutsi nahi dugu. Lan mundua euskaldundundu dadin gure ekarpena egiten jarraituko dugu.
 

 

 

Fiskalitatea aberastasuna banatzeko benetako tresna izan dadin ere M28an denok Bilbora

Gaur, hilak 18, fiskalitateari buruzko txostena aurkeztuko du LABek komunikabideen aurrean. “Burujabetza eta justizia soziala” izenburudun txostenean Europa eta Hego Euskal Herriko politika fiskalaren azterketa egiten da. Fiskalitatea aberastasunaren banaketan eragiteko bide garrantzitsuenetako bat da, zentzu honetan Ainhoa Etxaide, LABeko Idazkari Nagusiak adierazi du fiskalitatea aldatzea borondate kontua dela.

Maiatzaren Lehenean esan genuen moduan prekarietatearen aurkako borroka gure agendaren erdigunean kokatu dugu. Egoera aztertu eta dinamika oso bat jarri dugu martxan. “Hain zuzen ere prekarietatearen atzean bi arrazoi daude, alde batetik lan munduaren egoera eta bestetik fiskalitatea. Sortzen den aberastasuna ez banatzeko antolatuak eta diseinatuak daude” azaldu du Etxaidek. Beraz prekarietatea gainditu nahi badugu bi borroka nagusi ditugu: lan eskubideak berreskuratzea lan mundua berrantolatuz eta politikak aldatzea benetako erreforma fiskala eginez.

LABeko Idazkari Nagusiaren hitzetan “ez da bidezkoa eta ezta bideragarria ere langileok bikoitza ordaintzea”. Langileen esku geroz eta bitarteko gutxiago dago, beraz diru bilketaren joera txikitzera joango da. “Honen aurrean egitura fiskala aldatzea aldarrikatzen dugu, besteak beste progresibitatea aplikatuz eta zerga zuzenen pisua handituz”. Aberastasuna banatzeko helburuarekin presio fiskala handitu eta iruzur fiskalari aurre egitea ezinbesteko ikusten dugu.

Guzti hau bideragarria da Europako bataz bestekotik hurrun bait gaude. Ez hori bakarrik, kontzertuak ematen dituen aukerak baliatuz, posible ere bada. Etxaideren iritziz “borondate kontua da. Beraz borondate politikoa ez dagonean erabakien aldaketa behartu egin beharko dugu”. Zentzu honetan mobilizazioa indartzera goaz eta horretarako hitzorduak ez dira faltako. Maiatzaren 28an Bilbon egingo dugun mobilizazio nazionalean aberastasunaren banaketa aldarrikatuko dugu.

 

 

Beste esperientzietatik ikasten jangeletako gure eredua sortzeko

LABeko jangelak gure eredua sortuz batzordea, gure Platera Gure aukera dinamikarekin batera Frantziako Isère departamendura joan dira ikastetxeetan aplikatzen duten eredua gertutik ezagutzeko asmoz. Bost egunez, maiatzaren 18tik 22ra, ikastetxeetako jantokietako elikadura eta eredua aztertuko dituzte.

LABen proposamenean agertzen den bezala jangeletako gaia konplexua da eta arlo batean erabaki bat ezarriz gero beste batean eragiten du. Horregatik, bisita honen bidez elikadura politika publikoaren berri jaso, jangelari dagozkion heziketa proiektuak aztertu eta lan horietan aritzen den pertsonalaren egoera laborala ezagutu nahi dugu.