2026-09-11
Blog Page 1068

ACB errentagarria zen eta da

0

Denbora badoa eta Sestaoko altzairutegiak itxita dirau. Enpresak esaten zigun haren plana maiatzaren 31 baino lehen onartu behar zela, larrialdi atzeraezina zegoelako bezeroei eskariak emateko. Hara ba, larrialdiak larrialdi, uztailak 28 dituen honetan altzairutegiak itxirik dirau.

Enpresak proposatu zuen plan bera CCOOk eta UGTk bere egin bazuten ere, baldintza hori betetzea ez da nahikoa izan lantegia zabal dezaten. Diotenez, horrez gain, beharrezkoa gertatuko da ere erakundeen laguntza ekonomikoa. Iadanik ez dute aipatzen Txinaren dumpinga eta argindarraren tarifa. Igarotzen den egun bakoitzeko, gero eta agerikoa egiten zaigu gezur handi batez ari garela. Hori adierazteko honakoan oinarritzen gara:

1.- ACB ZENBAKI POSITIBOETAN DAGO.
Gaur egun, oinarrizko altzairu bobinaren prezioa Europako merkatuan 430 bat €/tonakoa da. Oinarrizko altzairu bobina ekoizteko prezioa ACBn, 2016ko urtarrilean, 387 €/egunekoa zen. Hortaz, + 40 €/tonako marjina positiboa dugu.

Honez gain, esan, gaur egun, ACBk dituen eskarien erdiak (%50a) balio erantsi handiko altzairu bereziak ekoizteko direla, eta haren prezioak merkatuan 900 €/tona gainditzen duela. Mota horretako bobina bakoitzak 200 € baino gehiagoko marjina positiboa du.

Horrela, eskariak baditugu eta gure kostaprezioa merkatuan dagoen salmenta prezioaren azpitik badago, zergatik jarraitzen du geldirik? Ez dago inolako justifikaziorik geldirik jarraitzeko.

Are gehiago, berresten dugu enpresak nahita eusten diola egoera honi.

2.- ENPRESAREN PLANA EZ DA INOLAKO PLANA.
Enpresak agertu duen planak berresten gaitu lehen esandakoan: ACB errentagarria zen eta da. Egitasmo hau astakeria hutsa izateaz gain, lan eskubideei dagokienez, industria ikuspegitik, ez du ez hanka ez bururik. Ez dute proposatzen inbertsiorik, ez eta ekoizpen prozesuan aldaketarik, ez ezer. Altzairutegia itxi aurretik ekoizten ziren 55.000 tona baino, 12.000 tona ekoiztera mugatzen ziren soilik, non %12a bakarrik (1.500 tona) balio handiko altzairuak ziren. Enpresaren iritziz, lehen ez bagina errentagarriak, nola demontre izango gara plan honekin? Zein datutan oinarritzen da enpresa? Ez dago seriotasunik!

Beraz, Sestaoko altzairutegia lehenbailehen abiaraz dadila eskatzen dugu. Utz diezaiotela gezurrak esateari! Bazter ditzatela xantaiak! Erreala izango den etorkizuneko egitasmoa behar dugu. Enpresa batzordeak landu zuen eta erakundeen babesa jaso zuen industria planak mahai gainean dirau. Arcelor Mittalek ez badu altzairutegi honen alde egin nahi, lehiakorra ez dela ulertzen duelako, argi eta garbi esan dezala eta, bidenabar, azaldu dezala zergatik orduan ez duen salgai jarri nahi, lekua utziz egun nahi duenari.

Azkenean altzairutegi hau itxiko balitz, erakundeak, eta batik bat Eusko Jaurlaritza, egoera honen erantzunkideak izango dira ere.

 

 

 

Euskal preso eta iheslariak etxera!

Gaur, hilak 28, Deba bailarako azken ostegunetan egin ohi dugun bezala, euskal preso eta iheslarien eskubideen alde eta etxean nahi ditugula aldarrikatzeko kalean izan gara. Gaurkoan Debako hondantzan mobilizatu gara.
 

 

 

Araiako NESTLÉ lantokiko hitzarmenaren negoziazioa blokeo egoeran

0

Araiako NESTLÉ lantokiko enpresa komiteak enpresa-hitzarmena berritzeko negoziazio prozesua blokeo egoeran dagoela salatu dute. 2015eko ekainaren 10ean abiatu zen negoziazioa desbloketu asmoz mobilizazio ezberdinak iragarri dituzte. 

Aipatu negoziazioa 2015ko ekainaren 10ean abiatu zen. Sindikatuen Plataforman barne biltzen diren gairik aipagarrienen artean, ondorengoak daude:

– Hitzarmenaren deskuelgearen aurreko blindajea
– Ontziratze saileko langileen lan osasuna
– Interinoen kontratuak
– Soldata igoera

Hainbat bilera burutu ondoren, negoziazio prozesuaren blokeo egoera nabaria da. Egoera larriagotu delarik, langileria pairatzen ari garen informazio eza eta zalantzak kontutan hartzen baditugu. Izan ere 2016ko urriaren 1tik aurrera enpresa Froneri Iberia, S.L. izendatzera pasatuko baita.

MOBILIZAZIO DINAMIKA
Hasteko, asteazken (uztailak 27) honetatik aurrera eta astea amaitu arte, elkarretaratzeak burutuko dituzte enpresaren aurrean “Bidezko hitzarmen baten alde eta lan baldintza duin batzuen alde”. Eta hurrengo astetik aurrera, ordu beteko lan uzteak burutuko dituzte hiru txandetan.
 

 

 

Negoziazio kolektiborako euskal esparruaren defentsan berresten gara


ELA eta LAB sindikatuek agerraldi bateratua egin dugu gaur, Donostian. Joan den uztailaren 22an Eusko Jaurlaritzak, Confebask eta CCOO eta UGTek sasi-gizarte elkarrizketarako mahaian sinatutako akordioa salatu eta haren larritasunaz ohartarazi dute bi sindikatuetako bozemaleek.

Pasa den astean Jaurlaritza, CONFEBASK eta CCOO–UGTk, hilzorian zegoen elkarrizketa sozialeko mahaia berpizteko borondate argia erakutsi dute. Bi akordio egin zituzten, bata negoziazio kolektiboari buruzkoa eta bestea elkarrizketa sozialaren instituzionalizazioari buruzkoa. Bata eta beste lotuak daude.

Garbiñe Aranburu, LABeko ekintza sindikaleko eta negoziazio kolektiboko idazkariak gezurtatu egin du akordioen helburua negoziazio kolektiboko esparru propioa babestea denik, “hori gezur borobila da”, adierazi du, “CONFEBASKek ez du euskal esparruko negoziaketak babesteko egitura akordiorik nahi”.

Argi geratu da egon diren bi saiakeratan. “Bietan xantaia egiten saiatu da eta euskal esparrua babesteko asmoa aitzakia hartuta, negoziazio kolektiboan indar posizio hobeak eskuratzen saiatu da. CONFEBASKek euskal langileen prekarietatean sakontzeko jarraitzeko akordioa nahi zuen eta lortu du, beti horretarako prest egon den gutxiengo sindikalarekin eta JAURLARITZAren laguntza paregabearekin”.

“Zinikoa” izan da, berriz, CCOO eta UGTk erakutsitako jarrera. Aranburuk gogoratu bezala, “hemen, bertako hitzarmenen salbatzaile gisa agertzen diren bitartean, Madrilen euskal esparrua erasotzen baitute”.

Akordioaren benetako helburuez galdetuta, Aranburuk hiru asmo nagusi salatu ditu:

“Jaurlaritzaren aldetik argi geratu da erabat patronalaren aldeko hautua egin duela, langileen gehiengoaren interesak alde batera utziz. Euskal langileei iruzur egin die. CONFEBASKekiko menpekotasun jarrera du, eredu eta proiektu ekonomiko neoliberal berbera babesten dute”.

LABentzat akordo honekin egiten duten apustua argia da, “prekarietatean sakondu baino egingo ez duen lan harreman eredu baten aldekoa, estatuko eredu berbera”, zehazki, eta ildo horretatik Aranburuk ohartarazi du “lan kostuen etengabeko merketzean” oinarritzen den lan harreman eredua baten alde egitea ez datorrela bat berrikuntza eta balio erantsian oinarritzen den garapen ereduarekin.

Helburu horretan aurrera egiteko erditik oztopoak kentzeko “bidezidorra” topatu nahi izan dute, gutxiengo sindikalarekin horrelako akordioak eginez, “negoziazio kolektiboa erabat desitxuratuz, hitzarmenak gutxiengoan sinatuz eta gehiengo sindikala baztertzeko erabakia muturreraino eramanez”.

Gogor salatu dugu gaurkoan erabakia, “erabaki erabat antidemokratikoa”, LABen irudiko. Eta ondorio larriak izango dituena, gainera, elkarrizketa soziala erakundetzeko asmo argia azaldu dutelako. “CCOO eta UGTren babesa eta menpekotasun jarrera finantzaketa bidez erosteko modua baino ez da”, adierazi du LABeko bozemaleak.

Honen aurrean zer? Hori da orain erantzu beharreko galdera: Negoziazio kolektiborako euskal esparruaren defentsan berresten gara eta hitzarmenen desblokeoaren aldeko apustua egiten dugu (ez edozein hitzarmen, edukiak dituzten hitzarmenak, beti ere).

Amaitzeko, Aranburuk alderdi politikoei eskaria egin die, beren jarrerak argitu ditzaten, “Lan Harremanetan geratzen ari dena ez delako patronal eta sindikatuen arteko lan arazoa, arazo politikoa baizik.

Jaurlaritzak egin du, patronalaren alde egin ere, argi eta garbi.
 

 

Bilboko igerileku publikoak, arrisku larria bai instalazioetako erabiltzaileentzat zein subkontrataturiko langileentzat

LAB sindikatutik Bilboko igerileku publikoetan jasotzen ari den egoera eta arazoak salatu nahi ditugu, zehazki beroa dagoen egunetan ematen diren aforoen gainditzeen ingurukoak, hau salatzen den lehen urtea izan ez arren, ezer gutxi egin bait da arazoa konpontzeko.

Aurreko uda ostean, Bilbao-kirolakek instalazio bakoitzean aforoa kontrolatzeko gailuak ezartzea erabaki zuen, baina gailu hauen funtzionamendu kaskarrak ez du laguntzen une-oro dauden erabiltzaileen zenbatekoaren datu erreala. Gainera, eguzkia-hartzeko gunean bainua hartzerakoan baino aforo askoz handiagoa ezartzen da, ezinezkoa izanik eguzkia-hartzeko gunean dauden pertsona guztiak ez direla bainua hartzeko gunera pasatuko kontrolatzea. Sorosleen eginkizuna igerian ari den jendearen segurtasuna bermatzea izan behar da eta ez igerilekurako sarbidea kontrolatzea, ezinezkoa bada igerilekuko aforoa une-oro kontrolatzea.

Adibide bezala, Errekaldeko instalazioetako eguzkia-hartzeko gunean 1074 pertsonetako aforoa dago ezarrita, igerilekuan bertan 454 pertsonetakoa. Nabaria den bezala, Bilbao-kirolakek sorosleengan uzten du erantzukizun osoa 620 pertsona horiek bainatzera sar ez daitezen. Ezinezkoa da kontrol zehatza ematea instalazio hauetako sorosle gutxi batzuekin, beraien lana ez delarik aforoa kontabilizatzea.

Era berean, Bilbao-kirolak-eko igerilekuak ez daude prestatuak egungo eskaerari aurre egiteko, beroa dagoen egunetan Artxanda, Errekalde eta Txurdinagako igerilekuetan batez ere egoera oso larria izanik eta San Ignacio zein Zorrotzako instalazioetan aforoa kontrolatzeko inolako gailurik ez egoteak sortzen dituen arazoengatik.

Egoera larriagotu egiten da Uztaila eta Abuztuan murrizketengatik itxitako instalazioak direla eta, Bilbao-kirolak-ek subkontratatutako sorosle asko langabe gelditzen direlarik, gainontzeko zentroetan lanez gainezka dauden bitartean.

Beraz, LABetik langile hauek jasaten duten egoeraren salaketa nabarmendu nahi dugu, arrisku larria izanik bai instalazioetako erabiltzaileentzat zein subkontrataturiko langileentzat, beraiengan jartzen bai da erantzukizun osoa. Bilbao-kirolak-i exijitzen diogu, subkontratatua duen enpresaren eta instalazioen arduradun bezala, neurri efektiboak har ditzan sorosleek beraien lana egin ahal izateko eta horrela erabiltzaileen segurtasuna bermatu ahal izateko.
 

 

 

Kudeaketa unitatea, gai toxikoa Osakidetzan

0

IRITZIA
Edurne Agirre, Osakidetzako LABeko arduraduna eta Latxe Uranga, Usansoloko ospitaleko LABen ordezkaria

Autonomia Elkarteetan Kudeaketa Klinikoko Unitateak sortzeko asmoz Gobernu espainiarra Dekretu bat prestatzen ari zela adierazi zuen aurreko urtean LAB sindikatuak, eta Kudeaketa Klinikoko Unitate (KKU) horiek osasungintzaren pribatizazioan urrats bat zirela ohartarazi genuen. Bada, ekainaren 28an, Osasungintzako Mahai Sektorialean sindikatuoi aurkeztu ziguten Dekretu proposamen bat, non bi gai arautzen diren: batetik, Erakunde Sanitario Integratuak (ESI) delakoen egituraren antolaketa eta, bestetik, KKUen sorrera eta funtzionamendua.

Hortaz, lantokietan antolaketari dagokionez bi elementu berri ezartzen ditu Osasun Sailak: Erakunde Sanitario Integratuak (ESI) Lehen Arreta eta Arreta Espezializatua elkartzen dituzten egiturak dira eta ekonomia-finantza zein kudeaketa aldetik autonomia dute. Kudeaketa Klinikoko Unitateak (KKU) berriz, pertsona, teknologia eta azpiegitura multzoak elkartuko dituzte, eta zentro bakoitzeko gerentziarekin sinatuko den kudeaketa-klinikoa kontratu baten baitan izango dira. Aipatu beharra dago ESIak 2011. urteaz geroztik Osakidetza osoan ezarri direla, osasungintzako alde sozialarekin inolako adostasunik gabe. LABen ustez, ESIen sorrerak Arreta espezializatuak Lehen Arreta xurgatzea ekarri du. Baina ESIez gain, Osakidetzak komenigarria deritzon lekuetan KKUak ezarri nahi ditu. KKU mota desberdinen artean, badira ESI batzuetako zerbitzuak Osakidetzarekin hitzarmenak dituzten ospitaletako zerbitzuekin bat egiten dituztenak. Hau da, ospitale pribatuekin. Gainera, Dekretuak garbi adierazten du nortasun propioa izango duten Zerbitzu Erakundeak sortu ahal izango direla, eta begibistakoa da elkarren artean lehiatuko diren mikroenpresak bihurtuko direla. Dekretu honen bidez, Osakidetza euskal osasungintza publikoarentzako erabat toxikoa den kudeaketa enpresarial eredua inposatzen ari dela salatzen dugu LAB sindikatutik.

Baina, nola funtzionatzen du KKU batek? Osasun Sailak KKU delakoei aurrekontu batzuk transferitzen dizkie, helburu batzuk lortzearen truke. Helburu hauek ez dira lotuta izaten populazioaren osasunean eragiten duten faktoreekin (ingurumena, lana, faktore sozialak…). Aitzitik, osasun baliabideen kontsumoa (diagnostiko-probak, espezialistenganako deribazioak, ospitalizazioak, farmazia…) murrizteko helburua izaten dute. Kudeaketa Klinikoko Unitateetan profesionalen eta unitateen arteko lehia sustatzen da, eta pizgarriekin saritzen dira ezarritako helburuak lortzen dituzten KKU horietako langile sanitarioak. Kudeaketa Klinikoko Unitateetako zuzendaritzak arrunki langile fakultatiboz osatuta egoten dira, nahiz eta erizaintzako pertsonalari ere parte hartzeko aukera ematen zaion. Horregatik, pastelaren banaketan parte hartu ahal izatearen truke, 2013an Sindikatu Medikoak eta Erizaintza Sindikatuak (SATSE) «Osasun Sistema Nazionalaren iraunkortasun eta kalitatearen aldeko Ituna» sinatu zuten.

KKUen benetako interesa zein den erakusten duen beste froga bat: Sindikatu Medikuen Estatu Konfederakundearen agiri batean adierazten da unitate horietan parte hartzeko atxikimenduak borondatezkoa izan behar dela, baina borondatezko parte-hartze honek pizgarriak behar dituela, pizgarri hauek ekonomikoak izan behar direla, eta kopurua ezin dela izan 12.000 euro baino txikiagoa, hilero mediku bakoitzeko. Nola geratuko da osasun arreta helburu ekonomizisten eraginpean badago?

EAJ alderdiak osasun alorreko murrizketak gauzatzearen eginkizuna osasun langileen gain uztea itxuragabekeria iruditzen zaigu, osasungintza publikoa errotik kutsatzen baitu. Pauso honekin alderdi jeltzaleak agerian uzten du bere jarrera neoliberal eta merkantilista, baina aurrez aurre izango gaitu osasungintza publikoa, unibertsala eta kalitatezkoaren aldeko apustua egiten dugunak. Behin eta berriz gogoraraziko diegu osasungintza ez dela beraien jabetza. Herritar guztiona da eta herri honetan bizi garen guztion arteko adostasuna behar du.

 

 

 

Estatuko Gobernuak agindu, EAJk eta PSOEk men egiten dute Gasteizko Udalean


Gasteizko Udalean EAJko Udal Gobernuak bake soziala nahi du legealdi osorako, eta patxadaz hartu dute. Gauzak horrela, urte beteko negoziaketak eta gero, forma onakin baina estatutik datozen inposaketei amen egiten dio. Hau salatzeko, Gasteizko Udaleko Langileen Batzordea langileekin batera, mobilizazioekin hasi da. 

Lortu dugu negoziazioa bi bloketan banatzea: murrizketak eta hitzarmena. Baina ez dago aurrerapauso nahikorik ez batean ez bestean.

Horregatik, Gasteizko Udaleko Langileen Batzordea langileekin batera, mobilizazioekin hasi da.

LABentzat funtsezkoak diren gaien inguruan (langileen egonkortasuna, enpleguaren sorrera eta zerbitzu publikoen eredua) bakarrik estatuko gobernuak baimentzen duena eskaintzen dute.

● Antzinatasuna modu egokian baloratzen duen LEP orokorra eskatu genuen. Baina bakarrik Madrilgo Gobernuak baimentzen dituen lanpostuak beteko direla esaten digute.

● Ez dago zerbitzurik lehengoratzeko konpromisorik, Madrilgo Gobernuak baimentzen ez duen langile kopuruaren handitzea ekartzen baitu.

● Zorraren aitortza politikoa eta bueltatzea proposatu genuen, baina Madrilgo Gobernuak ez duela “masa salariala” handitzea uzten esaten digute.

● Gertakizun profesionalak Mutuatik INSSera pasatzerik ez, Mutuei botere gehiago ematen dien estatuko legediari jarraiki.

EAJko Udal Gobernuak bake soziala nahi du legealdi osorako, eta patxadaz hartu dute. Gauzak horrela, urte beteko negoziaketak eta gero, forma onak baina estatutik datozen inposaketei amen egin.

Guzti horregatik, gaur egun sinesgarritasuna duen jarrera bakarra estatuaren injerentzien aurkakoa da LABen ustez. Are gehiago azken Espainiako hauteskundetan ateratako emaitzak ikusita. Borondate horren alde daudenek aliatu bat aurkituko dute LABen. Rajoyk eta besteek botatako apurren gainean oinarritzen den negoziazio sumisoaren aurrean, gure ekintza sindikala aurkituko dute.

 

 

 

Prekarietatean sakondu eta garapen ekonomikoa kaltetzea dakarren akordioa sinatu dute elkarrizketa sozialeko mahaian

Langileen kontrako eta patronalaren aldeko akordioa adostu dute Jaurlaritzak, Confebaskek eta CCOO-UGT sindikatuek. Gaur aurkeztu dutena ez da Akordio Interprofesional bat, horretarako gehiengo nahikorik ez baitute. Euskal esparruaren aldeko akordio bezala saldu nahi izan duten hau justu kontrakoa da, Lan Harremanetarako Euskal Esparruaren aurkako eraso zuzena, alegia.

Larria da Eusko Jaurlaritzak, Toña Sailburua buru, akordio honetan izan duen inplikazioa. Larria, euskal langileon eskubideak erasotzen jarraitzeko adierazi duten determinazioa. CONFEBASKen eredu ekonomiko eta sozial berbera babesten dute, prekarietatean sakondu eta garapen ekonomikoa kaltetzea dakarren eredua, hain zuzen ere. Egungo lan harreman ereduan sakontzen jarraitzeak desberdintasun sozialak hedatzea dakar, sortzen den aberastasuna gero eta esku gutxiagotan pilatzea. Eredu horretan ez dago balio erantsirik, herrialderik garatuenetatik gero eta gehiago urruntzea eta herri hau pobreziara kondenatzea baino ez. Patronalak eta Gobernuak proiektu bera partekatzen dute, gaur Lakuan utzi diguten argazkia ikusi besterik ez dago. Hori da harrokeria.

CONFEBASKek amesten duen eredu ekonomiko neoliberal horretan Jaurlaritzak erabateko menpekotasuna erakusten du behin eta berriz, eta bidean aurrera egiteko oztopoak erditik kentzea erabaki dute, ELA eta LABek osatzen dugun gehiengo sindikala baztertzeko erabakia muturreraino eramanez, bi sindikatuon aldeko babesa eman duten milaka langilerekiko mespretxuzko jarrera agertuz, zer eta inoiz ordezkaritza neurtu gabeko patronalaren mesedetan. Akordio hau ibilbide baten baitan ulertu behar da eta arau demokratikoen kontrako neurria da. PNVren Gobernuak ontzat emango al luke Gasteizko Legebiltzarrean gutxiengoak onartutako legeak aurrera eramatea? Gutxieneko joko-arau demokratikoen baitan pentsaezina dirudien hori da lan harremanetan egiten ari direna.

Jaurlaritzak iruzur egin die berriro euskal langileei, bere erabakiarekin Lan Harremanetarako Euskal Esparruari uko egiten baitio. LABetik alternatiba horren aldeko apustuan eta defentsan berresten gara, hamaika proposamen egin dugu bide horretan (azkena pasa den ekainean), prekarietateari aurre eginez, Lan Harremanetarako eta Babes Sozialerako Euskal Eredua eraikitzeko. Patronalaren aldarrikapenei aurre egingo dien alternatiba planteatzen dugu, enplegu duina sortzeko eta aberastasuna banatzeko, besteak beste.

Lehendik ere legeek emandako aukera guztiak eskura zituen CONFEBASKek prekarietatean hedatzen jarraitzeko. Orain, beste opari bat egin diote, egiten ari den horretan jarraitzeko zilegitasuna eta babesa emanez. Larria da, oso larria. Orain dela urte batzuk, beren ametsik gozoenetan ere ez zukeen patronalak horrelako urrats bat posiblea zenik pentsatuko.

CONFEBASKek ez ditu bertako hitzarmenak blindatu nahi. CONFEBASKek ez du negoziazio kolektiborako marko propioa nahi. Negoziazio kolektiboa erabili nahi du lan harreman eredu antidemokratikoan sakondu eta prekarietatea hedatzeko. Hori oso argi geratu da Akordio Interprofesionalak negoziatzeko eginiko bi saiakeretan (2011 eta 2013 urteetan). Bertako hitzarmenak blindatzearen truke euren indar posizioa hobetu nahi izan dute, lehenengoan derrigorrezko arbitraia ezarriz eta bigarrenean hitzarmenen desblokeoa bere neurrira eginez. Uko egin izan diote bertako hitzarmenak blindatzeko egitura-akordio bati, 2013ko saiakeran oso argi geratu zen.

Akordio honen larritasuna aintzat hartuta, Toña sailburuaren dimisio eskaeran berresten gara. Bistan denez, patronalaren bidelagun nagusiena Eusko Jaurlaritza da. Eta CCOO eta UGT ere ondoan ditu, aspalditik patronalaren morroi. Ez dute langileei eskaintzeko alternatibarik eta edozein akordio da ona haientzat. Tamalez, prekarietatea hedatzen laguntzeko aliatu paregabeak bilakatu dira. Madrilen hemengo negoziazio esparruak erasotzen ari diren sindikatuak hemen hitzarmenen salbatzaile moduan agertzea zinismo hutsa da.

Aurrerantzean ere LABetik emango ditugun urrats guzti-guztiak prekarietatea borrokatzeko izango dira. Oso argi dugu, bide horretan mobilizatzen eta aliatuak bilatzen jarraituko dugu, prekarietatearen kontrako edukiak izango dituen negoziazio kolektiboaren alde. Borroka indartuko dugu eta oztopo argi bat izango gara akordio onartezin horren bidean.

Euskal Herrian, 2016ko uztailaren 22an

 

 

 

LABek euskal preso politikoen etxeratzea aldarrikatzeko mobilizatzen jarraitzen du


LAB sindikatuak deituta mobilizazioa egin dugu gaur Gasteizen, euskal preso politikoen egoera salatu eta preso, errefuxiatu nahiz deportatuen etxeratzea aldarrikatzeko.

Euskal Herriak espainiar zein frantziar Estatuekin irekia duen gatazka politikoa gainditzeko bidean lehentasunezko afera da hau, auzia ahalik eta lasterren konpontzea alegia, presoak, errefuxiatu eta deportatuak herrira, lantokietara, familiara, azken batean, etxera itzuli behar dute.

Larriki gaixo diren presoen egoera salatu behar dugu. Eta dispertsioak dituen ondorio larriak, orohar, presoetan ez ezik, familia, lagun eta ingurukoetan; isolamenduak dakartzak ondorioak, eta finean, oinarrizko giza-eskubidek etengabe urratzen dituen espetxe politika bera.

Giza eskubideen ikuspegitik eta gatazkaren konponbideari begira, dispertsioarekin amaitu eta euskal preso eta iheslarien etxeratzea aldarrikatzen dugu. Etxean nahi ditugu, aske nahi ditugu, eta horren alde lanean jarraituko dugu, lantokietan zein kalean, euskal preso politikoak etxera ekartzeko.