2025-12-24
Blog Page 1047

LABek Bilboko Ingeniaritza Goi Eskola Teknikoan Ertzaintza sartu izana salatzen du

0

Atzo arratsaldean, Herri Unibertsitatea ekimenaren baitan, ikasleak itxialdia egiten ari zirela sartu zen Ertzaintza Bilboko Ingeniaritza Goi Eskola Teknikoan, Dekanoak deituta. LAB UPV/EHUko Idazkari Orokorrarekin jarri da harremanetan Bilboko eskolan gertatutakoa salatzeko eta errepikatu ez dadin exijitzeko. Gertaera hau onartezina da eta argi izan behar du Errektoreak, jakin dakienean beste hainbat ikastetxetan arazorik gabe garatzen ari den ekimena dela Ertzaintzaren presentziarik gabe.
 

HERRI UNIBERTSITATEA
Martxoak 14, 15 eta 16
Hezkuntza kritikoa SORTZEN

 

Bihar kalean izango gara heriotz istripua salatuz



Gehiengo Sindikalak atzo Ondarroan lan istripu baten ondorioz izandako azken heriotzen inguruko irakurkeka plazaratzeko agerraldia eskaini du. Era berean, hemendik aurrerako mobilizazioak iragarri dituzte sindikatuek. Bestalde eta ezer baino lehen Ibon Zubiela, LABeko Lan Osasuneko arduradunak, doluminak eta elkartasuna helarazi nahi izan dizkie sindikatu guztien izenean hildakoen sendi, lagun eta lankideei.

Oraindik gertakarien inguruan dugun informazioa mugatua izanik ere gehiengo sindikalak gertatutakoa argitzeko ikerketa burura eraman dadila exigitzen du, baita ardurak zehaztu daitezela ere.

Zubielak gogorarazi du urtea hasi denetik 14 direla lan istripu baten ondorioz hildako langileak. Sindikatuon ustez heriotz istripu hauek ez dira kasualitatea, lan baldintza kaskarren, prebentzio neurri eznahikoen edo mantenimendu faltaren ondorio dira. Beraz, neurri egokiak hartuz gero ekidin daitezke.

Hemen bildu garen sindikatuak aspalditik ari gara prebentzio lanetan honelako istripuak gerta ez daitezen, baina baita ere istripuak gertatzen direnean kalera irten eta salatzen ere. Beraz atzo Ondarroan gertatutakoaren harira, eta orain arteko ibilbideari jarraituz, bihar gehiengo sindikala kalean izango da heriotz istripu hau salatzeko. Bi orduko lanuztea egingo dugu, 11.30etatik 13.30etara. Bestalde 12:30etan manifestazioa abiatuko da Ondarruko Zaldupeko zubitik.

{module[178]}

 

 

 

Euskal Enplegu Publikoaren Legearen proiektua atzera botatzea eskatu dugu Parlamentuan

Atzo LABeko Zerbitzu Publikoetako Federazioaren ordezkaritza bat Gasteizko Parlamentuan izan zen Jaurlaritzak prestatu duen Euskal Enplegu Publikoaren Legearen proiektuaren inguruan dituen iritziak eta proposamenak azaltzeko. Bertan, arrazoiak azaldu aurretik eta ondoren, proiektu hori bertan behera uzteko eta herritarrek eta langile publikook behar dugun Euskal Lege baten negoziazioa berriz hasteko eskatu genuen.

Proiektuaren zioen azalpenean jasota dagoen bezala, Jaurlaritzaren proposamena orain arteko legeen, dekretuen eta jurisprudentzia berrien bilduma bat da, Estatuan diseinatutako EPOE-EBEP delakoaren ildo beretik doana. LABek adierazi duen bezala, nabarmena da Enplegu Publikoaren lege berri baten beharra, baina bestelako edukiez gain diseinua bera ere ezberdina behar du, kanpotik ezarritako muga eta inposiziorik gabekoa, eta benetan parte-hartzailea.

Edukiaren inguruan, Jaurlaritzak "modernitatez" jantzi nahi duena kalitatezko sektore publikoa eraisteko neurri atzerakoienak dira. Horrela:

• Zuzendaritza profesionala delakoak agintekeria eta kontrol ideologiko handiagoa ezarriko luke egituretan.
• Lanbide karrerarako eta ordainsari sistemarako proposamenek langileen indibidualismoa eta elkar-lehia ekarriko luke, non eta langileen arteko kolaborazioak egundoko garrantzia duen zerbitzu publikoetan.
• Aukera berdintasuna, are gehiago emakumeena promoziorako, urratuago geldituko litzateke.
• Lanpostuak hornitzeko garaian enpresa pribatuen malgutasun basatia zabaldu nahi du sektore publiko osora, bide batez pribatizazioari ateak are gehiago zabalduz.
• Urte hauetako guztietako euskalduntze planek kale egin dutela garbi gelditu denean, akats berdinean sakontzen da, aurrera begirako bidea baino, atzera begirakoa hartu da.
• Negoziazio Kolektiboaren eskubidea ukatuta jarraituko luke. Jaurlaritzak oso garbi utzi du proiektuaren lanketan zein Mahai Orokorrean zein begirune eskasa dion langileriaren parte hartzeari.
 

Gauzak horrela, LABek XXI. mendeko euskal jendartearen eta langile publikoen beharrak asetzeko Enplegu Publikoaren Euskal Lege berria planteatzen du:

• Zerbitzu publikoak sendotzeko eta bermatzeko helburuarekiko koherentea.
• Negoziazio kolektiborako eskubidea errespetatu eta garatuko duena.
• Langileen parte hartzea, horizontaltasuna, demokratizazioa eta talde lana sustatuko duena.
• Barne promoziorako eta motibaziorako aukerak sustatuko dituena.
• Zerbitzu publikoak euskaraz funtzionatzea bultzatuko duena.
• Aukera berdintasuna bermatuko duena.
• Kudeaketa merkantilista eta pribatizatzailearen ordez zerbitzu publikoen kudeaketa komunitarioa sustatuko duena, alegia, zerbitzu publikoen gaineko kudeaketa publikoa baina ez soilik Administrazioarena baizik eta langileon eta herritarren parte hartzea eta kontrolaren filosofia eta praktika sustatuko duena.
 

Laburbilduz, lege proiektu atzerakoi honi ez, baina bestelako lege propio aurrerakoi bat definitzeari bai. Jar gaitezen mahai baten bueltan, LABek badu bere eredua, beste batzuena entzun eta beste batzuekin adostasunetarako heltzeko prestutasuna ere badu, baina has gaitezen hasieratik; alde bakarreko inposizioaren bidea alde batera utzita, has gaitezen lege honen eraginaren pean gauden eragileok nork bere eredua azaltzetik eta hortik aurrera adostasunak eraiki ditzagun. 
 

 

 


Nafarroak aldarrikatzen duen aldaketa lantokietara eraman behar dugu

Botere politiko eta ekonomikoen ahotan krisiak susperraldiari lekua utzi diola entzuten dugu, baina langabezia, prekarietatea eta pobrezia egoerak ez du hobera egiten. LABen iritziz egoera hau errotik aldatu beharra dago eta horretarako aukerak badaude Nafarroan. Aldaketa politiko eta sozialaz gain aldaketa lan-zentroetara eraman behar dela aldarrikatzen dugu LABetik. Aldaketa posible da eta horretarako martxoaren 19an kalean izango gara "Aldaketa lantokietara" lelopean. Ekimenaren azalpen guztiak mahaigaineratzeko Ainhoa Etxaide, LABeko Idazkari Nagusia, eta Igor Arroyo, Nafarroako Bozeramaleak agerraldia eskainiko dute gaur LABen Iruñeako egoitzan 11:00etan.

{module[607]}
 

 

 

Azken heriotz istripua salatuko dugu bihar Ondarroan, lan istripu gehiagorik ez!

Bihar, hilak 16, gehiengo sindikalak deituta azken heriotz istripua salatzeko paroa eta manifestazioa egingo dugu Ondarroan. "Lan istripu gehiagorik ez! Prekarietatea hiltzailea" lelopean hildakoen sendi, lagun eta gertuko guztiei elkartasuna adieraztearekin batera, enpresarien inmunitatea eta explotazioan oinarritutako ereduak heriotza eta miseria baino ez dakarrela salatu eta egoera aldaketzeko neurriak exijituko ditugu.

Paroa goizeko 11:30etatik 13:30etara izango da eta manifestazioa 12:30etan abiatuko da Ondarruko Zaldupeko zubitik.

LAB eta ELA sindikatuon agerraldia
Gaur LAB eta ELA sindikatuok atzoko istripuen balorazioa egiteko agerraldi bateratua egingo dugu LABeko Bilboko egoitzan goizeko 11:00etan.
 

 

 

Urtea hasi zenetik 14 langile hil dira lan istripuz

Gaur, hilak 14, Ondarroan dagoen Santa Klara izotz enpresan gertatutako kalderaren leherketarenondorioz gutxienez bi langile hil dira. Heriotz istripu honetako hildakoetako bat LABeko delegatu eta militantea da. LAB sindikatutik, lehenik eta behin, elkartasuna adierazi nahi diegu hildakoen sendi, lagun eta gertuko guztiei. Modu berean gogor salatu nahi dugu heriotz berri hauekin, gutxienez Euskal Herrian, urtea hasi denetik 14 langile hil direla.

Osasuna galtzea edo lan istripuak, ez dira laneko ezaugarriak, lan eredu jakin baten emaitza ankerra baizik. Ekidin ziteken emaitza. Lan istripuak patronalak lan egiteko orduan ezartzen dizkigun baldintza eta lan egiteko moduen ondorio dira.

Non daude patronaletako arduradunak heriotz berri hau salatzeko eta ez hitz antzuekin zorigaiztoaz hitz egiteko? Zein aldaketa eta zein pausu emateko prest daude egoera eta eredu hau geldiarazteko?

Langileok, bizi ahal izateko egiten dugu lan eta ez, saiakera horretan bizia galtzeko. Baina gaur egungo eredu honek miseria eta heriotza besterik ez dakar langile klasearentzat. Neurri zorrotzen falta, enpresarien inmunitatea eta explotazioan oinarritutako ereduak heriotza eta miseria baino ez dakar.

Ondorengo orduetan burutuko diren protesta elkartaratzeetan parte hartzeko deia egiten du LAB sindikatuak, guztion artean, langile zein jendartean odolhuste hau geldiarazi dezagun.
 

 

 

Altxa #m17|an Lanbide Heziketako prekarietatearekin amaitzeko!

0


Datorren martxoaren 17an, Ikasle Abertzaleak, Ernai gazte antolakundeak eta LABek deituta, baterajotze nazionala egingo dugu Lanbide Heziketan ikasten ari diren gazteek bizi duten egoera larria azaldu eta gutxi batzuen interesak asetzeko gazte askoren hezkuntza eta praktikaldiak prekarizatzen dituztela salatzeko.

LANBIDE HEZIKETAko ikasleok lan munduan eta praktikaldietan pairatzen dugun egoera ezaguna da guztiontzat eta askotan salatu izan dugu. Krisiaren aitzakiarekin patronala bere abantailazko posiziotik, esplotazio eredu gupidagabea inposatzen ari da, gazteak kaltetuenak garelarik (enplegu prekarioa eta aldibaterakoa, kontraturik gabe, langabezia altua…). Sistema honek gazteak prekarietatera eta pobreziara kondenatu nahi gaitu, gure etorkizunaz erabakitzeko aukera lapurtuz, edota enplegua lortzeko emigratzera behartuz.

Lanbide Heziketetan ikasten ari garen gazteok bizi dugun egoera oso larria da. Gutxi batzuen interesak asetzeko gutako askoren hezkuntza eta praktikaldiak prekarizatzen dituzte, ikasle akritiko, sumiso eta sistema esplotatzaile honen biziraupena bermatzeko tresna bilakatuz.

Egoerari buelta eman behar zaiola, eta emango diogula argi daukagu: horregatik martxoaren 17an egingo den baterajotze nazionalean, hainbat neurri har daitezela exijituko dugu: Bilboko kaleetatik Iruñera, edota Laudioko kaleetatik Tolosara. Helburua, praktikaldiak duindu eta hezkuntza patronalaren eta esku pribatuen logikaren arabera antolatu ordez, gazte eta langileon mesedetara egotea izanik.

• Lanpostu desberdinetan formazio integrala jasotzea. Praktikaldiak hezkuntza prozesuaren parte dira eta ez enpresetan lanpostuak gurekin kubritzeko. Ikasteko eta gure formazioan sakontzeko egin behar ditugu praktikak, beraz lantokian gure errotazioa eman behar da lanpostu desberdinak ezagutu eta hauetan trebatzeko. Eta noski, gure praktikaldiak ezin dira izan enpresek egin beharreko kontratazio berriak aurreztu eta gurekin betetzeko. Gure lan praktikak ez dira lanpostuak ordezkatzeko.

• Gure praktikak ezin zaizkigu koste bilakatu. Horregatik, praktika garaietan egin beharreko bidaiak eta lanpostuaren erruz etxetik kanpo bazkaltzeko egoerari erantzun behar zaio. Hau da, bidaia eta dieten ordainketa ezin dira ikasleon gain geratu.

• Esan bezala, praktikaldia hezkuntza prozesuaren baitan ulertzen dugu. Honek ez du kentzen lantokiko beste langile bat bezala produzitzen ez dugunik. Eta soldatarik izango ez bagenu ere, gure lan orduak segurtasun sozialean kotizatu beharko lukete.

Martxoan kaleak hartzeaz gain, praktika guneetan burutzen ari garen enpresen balorazioa eta zerrenda beltzak ere gure lan eta praktika baldintzak hobetzera begira presio mekanismo bat izan behar dira, enplegu eta hezkuntza sailek patronalari mesede egin baino, ikasleon eta oro har langile eta herri sektoreon aldeko politikak sustatzeko eta prekarietatearekin amaitzeko.

Honengatik guztiagatik aterako gara martxoaren 17an kalera: kapitalaren mesedetan eta herritarron baldintzen prekarizazioan sakontzen duen erreforma bat gehiago ez dugulako onartuko, baina gaur egun ditugun baldintzak ere ez! Beraz, deia egiten diogu Lanbide Heziketetako ikasle orori, aldarrikapen hauek aurrera eraman eta herritik eta herriaren mesedeetara egingo den eredu baten eraikuntzan pausuak emateko!

Martxoaren 17an kalera!
Altxa, prekarietatearekin amaitzeko!!

 

 

PREMAP zigortuko dute Portugaleteko Asti Leku Ikastolan lan arriskuen legea ez betetzeagatik

0

LABek, lan osasunean ematen den prekarietatearen aurka egiten ari den kanpainan, hezkuntza enpresetan diharduten prebentzio zerbitzu batzuen jardunaren segimendua egin du. Lan honetan antzeman dugu zerbitzu batzuk ez dutela egoki betetzen laneko arriskuen prebentzio legea. Batik bat, behin eta berriz ez dela bete langileen osasunaren zaintza. Horren ondorioz, ez dira onartzen gaixotasun profesionalak, ez eta hauek eragindako minak ere. Horrela, patologiek okerrera egiten dute.

LABen ustez, ez betetze hori oso larria da, langilea gaixo egonda ere, lan egin behar izaten duelako, eta ondorioz, gaixotasunak okerrera egin ohi duelako. Honez gain, neurri zuzentzaileak bideratzea galarazten du, hauek kaltea urritzera eta balizko gaizkiagotzeak eragoztera bideratuko liratekeelarik.

Antzeman dugun azken adibideetako bat Portugaleteko Asti Leku Ikastolan eman da. Zarata handien arriskupean diharduen lagun batek hipoakusia (entzumen galera) jasan du. Osasunaren zaintzaz arduratzen den PREMAPek osasun azterketak egin ditu; txostenetan ere jaso zuen hipoakusia kasua eman zela eta haren jatorria lanean zegoela.

Bitxia bada ere, langilea lanerako gai izendatu zuen. Horrela, enpresak saihestu egin zuen langilearen egoera hobetzeko helburuarekin bidera zitekeen edozein aldaketa.

Zabarkeriaren zabarkeriaz, ez zuen bete laneko gaixotasunaren susmoa jakinarazteko protokoloa. Horrek eragin zuen langile horrek zarata jasan behar izan zuela, eta horren ondorioz, gorreriak okerrera egin zuela.

Beharbada, PREMAPeko zaintza zerbitzuan diharduen pertsonal sanitarioak Gaixotasun Susmoen Protokoloa bete ez izana, beste ez betetze baten eraginez gertatu da. LABek horri ere oso larria deritza. Alegia, berariazko azterketez arduratzen den pertsonal sanitarioa ez dela laneko medikuntzaren espezialitatearen jabe, eta horrela, berriro ere ez du betetzen legea.

Osalanek zigor-akta jaso du honen harira, LABen ekimenez. Ez betetze, arduragabekeria eta utzikerien katea faltsuan itxita gera ez dadin lortuko dugu.

Enpresa jokatzen ari den eginkizuna ere agerian laga nahi dugu, huraxe baita osasun-laguntza mutualitatearekin kontratatzen duena, eta egiten duen kontrola zorrotza izan behar da gai honetan, beste batzutan izaten denaren antzerakoa, adibidez, absentismoaren gaian. Dena dela, kasu jakin honetan, kontratatu den mutualitatearen arduragabekeriaren ondorioa izan daiteke.

LABek berriro berrogeialdian jartzen du Gizarte Segurantzaren Lan-istripu eta Gaixotasun Profesionalen Mutualitateen eginkizuna. Gizarte Segurantzaren erakunde laguntzaile hauen eginkizun nagusia laneko gertakizunak kudeatzea da: lan istripuak eta gaixotasun profesionalak.

Mutualitateak eta enpresak egin duten falta larri piloa zigorrean amaituko da, norbaiten osasuna kaltetuz. Ezin dezakegu onar osasuna honda diezaguten.
 

 

 

Berta Cáceres-en erailketa salatzeko elkarretaratzea Bilbon

0


Lenca herri indigenaren lider eta nekazal mugimenduaren, justizia sozialaren eta ingurumenaren defendatzaile sutsua zen Berta Cáceres pasadan martxoaren 3an erail zuten. Gaur, martxoak 14, Bilboko plaza Zirkularrean elkarretaratzea egingo dugu bere heriotza salatu eta berak ingurumenaren eta eskubide sozial eta laboralen defentsan egindako lana goraipatzeko.