IRITZIA
JOXEAN URKIOLA y CARLOS RUIZ
LAB-Pentsiodunen Arloko kideak

Pentsionistek populazioaren %25 osatzen dute jada. Dirudienez, gutxi —ezer ez esatearren— axola dio datu honek hau EAJri, milaka pentsiodunek pairatzen dituzten arazoetatik ihes egiteaz gain eztabaida hau Eusko Legebiltzarrean burutzearen aurka agertzen baita.

Beste behin, EAJko buruek hauteskunde garai hauetan irudi adeitsua eskainiko digute herritarren parte handi batentzat, miseriazko pentsioak jasotzen dituzten eta gehien behar dituztenean sendagaiak ordaindu behar dituzten milaka pertsona horientzat dituzten asmoak ezkutatzen dituzten bitartean.

Kanpainan ezkutuan gorde nahi dute ezezkoa esan diotela 1.080 euroko gutxieneko pentsio ezartzeko proposamenari. Gizarte Segurantza eta Babes Sozialeko Sistema Propioa eta 1.080 euroko pentsio minimoaren aldeko Herri Ekimen Legegilearen aurka agertuta, agerian geratu da EAJri bost axola zaizkiela pertsona heldu eta pentsionisten arazoak.

Ez dute pentsioen gaia eztabaida publikoan egoterik nahi, ezta euskal pentsionisten gehiengoak pentsio duin bat kobratzearen aurka daudela jakiterik ere. Europako Karta Sozialean agertzen diren irizpideen arabera Euskal Herrian pentsio duina 1.080 eurokoa izango litzateke, pentsionistek aldarrikatzen duten moduan. Pentsiodunen %50k hilean 800 euro baino gutxiago irabazten dute, horien artean milaka alargun daude.

Ezkutuan gorde nahi dute ere EAJren apustua pentsioak pribatizatzea —parte handi bat behintzat— eta pentsio plan ez publikoen alde egitea —langile guztiengana iristen ez direnak— dela.

Euskal Herrian pentsio minimoak ziurtatuko dituen Sistema Propio bat, Estatukoarekiko ezberdina, onartzea eta gehien irabazten dutenei diru kutxa publikoan kotizatzea ekidin dute. Hori da Urkulluk defendatzen duen “burujabetza partekatua”, behin eta berriz burujabetza errealari eta herritarrek erabakitzeari ezetz esaten dion bitartean.

Soldatapean lan egiten dugunok Gizarte Segurantza, langabezia eta formakuntza profesionala ordaintzen ditugu. Enpresek, kontingentzia arruntak, laneko istripuak eta gaixotasun profesionalak, langabezia, formakuntza profesionala eta Soldatak Bermatzeko Funtsa ordaintzen dituzte, baina ez dute denek hilabete amaieran irabazten duten guztiaren arabera ordaintzen. “Tope” batzuk daude eta hauek baino gehiago irabazten dutenek ez dute diru kutxa publikoetan kotizatzen gehiago irabazi duten horregatik. Honela kotizatu ez duten hori, gerora, pentsio oso onak beraiei bakarrik ziurtatuko dizkien pentsio pribatuetara bideratu dezakete. 

Kutxabankeko presidentearen adibidea bezalakoek agerian uzten dute sistema honek gehien irabazten dutenei eta hauen enpresei egiten diela mesede. Villalabeitia jaunak, 800.000 euro gordin irabazten ditu urtean, bere ordainsaria %73 igo ostean, benetan irabazten duenaren arabera ordainduko balu 4.233,28 euro ordaindu beharko lituzke bere kontzeptuengatik, baina 231,26 euro baino ez ditu ordaintzen. Kutxabankek ere 20.599,78 euro ordaindu beharko lituzke, baina 1.125,37 euro ordaintzen ditu. Villalabeitiak diru kutxa publikoetara bideratzen ez duen diru hori pentsio pribatuetan inbertitu dezake. Urte batean, 281.717,16 euro sartu gabe geratzen dira diru kutxa publikoetan langile horiengatik.

Imajinatzen duzue zenbat diru sartuko litzateken diru kutxa publikoetan langile guztiek eta beraien enpresek errealki irabazten dutenaren arabera kotizatuko balute, topeak kenduz?

EAJk ez du pentsioen inguruko eztabaidarik nahi hauteskunde kanpainan, ezta PP-PSE-Podemos bezala estatuko markoa defendatzen duten indar politikoek ere. Estatuko kontu bat dela eta kutxa bakarra ezin dela suntsitu diote, ahaztuz euskal langileek kutxa bakar horretara ondoren jaso ez duten diru asko bideratu dutela. 

Horregatik, gaur inoiz baino beharrezkoagoa da, ahotsa altxa eta pentsionista, langile, ikasle eta herritar oro, duintasunez bizitzeko eskubidea ukatzen digun Estatuaren menpe jarraitu nahi dugun edo hemen hilabete amaierara iristea ahalbidetuko digun pentsio publiko duinaren artean erabakitzeko hitza hartzera deitzea.
Pentsioak ere hauteskundeetako eztabaidan, kalean, egon behar dute. Nahikoa da politiko batzuei biziarteko pentsioak “oparitzea”, hauek ezezkoa bozkatzen dutenean pentsionisten gehiengoak pentsio duinak jaso ahal izateko. Bitartean sendagaiak erostera ere behartuak daude.

Hemen, orain eta etorkizunerako, pentsio publiko eta bizitza duina ziurtatuko dizkigun Gizarte Segurantza eta Babes Sozialeko Sistema Propioa erabakitzeko garaia da. Eztabaida beharrezkoa da.